Bi kate
Aitak, bihurtu zenean etxerat, aurkitu zuen bere semea eskas; haren galtzea baino min gehiago zuen bere jauntzien galtzeaz. Abiatu zen bere semearen ondoan. Frantses atera zitzaion bera biderat animo saindu batekin eta erran zion:
— Hobeki naiz Jainkoarena ezen-ez zurea. Hura da bakarra zerbitzatu nahi dudana. Ez duzu zeren kondatu gehiago ene gainean.
Aitak ihardetsi zion:
— Hola bada, bihur iezadazu ene dirua eta zato apezpikuaren aitzinerat zure zuzenei uko egiterat.
Frantses gogotik erori zen aitaren nahirat. Agertu zenean apezpikuaren aitzinerat, utzi gabe aitari mintzatzeko astirik, kendu zituen soinean zituen arropak eta bihurtu zizkion bere aitari guziak; ez zuen deus ere begiratu beretzat baizik gorputzean zekarkien zilizioa eta ile latzeko atorra. Erran zion bere burasoari:
— Orai arteraino deitu izan zaitut Ğene aitağ, hemendik aitzinat fidantzia gehiagorekin erranen dut: Gure aita zeruetan zarena.
Apezpikuak atsegin hartu zuen Frantsesen egiteko moldeaz, besarkatu zuen amultsuki eta igorri zuen San Damienerat emanik bere benedizionea.
Ordu hartan, Frantsesek hogoi eta bort urte zituela, hautsi zituen alegeraki munduarekin lotua zedukaten lokarri guziak eta abiatu zen mortuan barna.
Bernard Larreguy, Testamen Zaharreko
eta Berriko Historioa, 1777