Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994

 

 

Hiru begirada

 

      Nik ez dakit zein edertasun mailekoa izango genuen Judit ederra. Bere edertasuna txantxetakoa ez zela badakigu. Bere edertasunari nik nolabait antzematen diot. Izan ere, gaur gure kaletan barrena dabiltzan zenbait emakume bikain ikusi ezkero, Judit txairoari antzematea ez da zaila eta.

      Judit apain eta urrin-jario, Holofernesen zelai-dendara sartu bezain laister, buruzagiaren soin-gogoa edertasunak xahutua gertatu omen zen. Maitasun azkonkada ziztagarri izan zitzaion, bat-batekoa. Ziztakadak, ordea, ez zion onik ekarriko, irrits-maitakeriak buru argienak lainotu egiten baititu. Eta Holofernesek bere etzategi bikainean zetzala, errezel-mehe eta itzalkarien ehun astunak inguru, urrin-zilarrontziakjarioka, emakume bulartsuaren eskuetan bere buru lepo-egina utzi zuen.

      Antzerkian ageri zaigu Holofernes urredun sandaliaz jantzitako betuliar ederraren oin beteginetatik begiak nekez jasotzen soin-zebar, emakumearen gerriraino, bular eta begietaraino, zoramenak hartua, begi likitsak gorputz ederrari josiak eta bere beroa irrika.

      Itzalean odolustutzen den mesopotamiar-buruzagiaren soin lepoeginak eta besoz luzatuta agiri den Juditen irudiak, betetasun guztiz ederreko margokia eratzen digute, beso beltzarana, ninibetar iZkilu-gizonaren buru moztua ile kizkurretik eutsirik dakarren beso ederra.

 

Iradi-Tar Adaro. “Soinez eder, gogoz areago,
Judit, biblitar «pampiresa»”, Euzko Gogoa

 

Ele neumatikoak
Jose Maria Larrea

Pamiela, 1994