Lan onik ez
Etxeratu ziren zazpiak gogo ilun eta mintzul ibilki. Etxeko jaunaren morroin zaluaren eskutan utzi zituzten euritakoak, burutakoak, soin-gainekoak eta berriz ere etzan ziren sofa edo ohe-apaletan; gazteenak kadiretan jarri ziren zaldizka. Baina hutsegin hori zela zio, hainbateko etsiak hartu zituen guztiak non ez baitzuten gehiago nehoren hiltzeko gogorik ez ahalik. Beren langintzaren uzteko beharrean aurkitu ziren zorigaiztoko gizeraileok eta bertze bedera bilatu zuten. Bata pertzegile egin zen eta bertzea oskigile; bata apez eta bertzea auzapez; bosgarrena suge-zoratzaile egin zen eta, seigarrena hobi-zulatzaile. Baina nehoiz ere ez ziren beren langintza berriotan etxekotu eta ondore onik ez zitzaion batari ere agitu. Zazpigarrenak, aldiz, guztien gehien eta buru izanik, zaharregiz ez zuen langintza berririk ediren: handik goiti eskean ibili zen, gosez ez hiltzeko doia nekez irabazten zuela, lehen gizalepoen inguruan xederaren egozteko hain trebe ziren eskuok paseatzale bihotz-gogorrei hedatuz, egun guztian.
Jon Mirande, Zazpi gizeraile