www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Parnasorako bidea
Eusebio Maria Azkue
1896

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Parnasorako bidea, Eusebio Maria D. Azkue (R.M. Azkueren edizioa). Astuitar Moldagintza, 1896

 

aurrekoa  

EGIAREN ISPILUA

 

Abadea da gaurko egunean

gizon guztien morroia,

bere buruan darabilena

martirioen koroia.

 

Egun guztiak Fraileentzako

dira orain aratuzteak,

guzur-iantzita doiazalako

ausora ioten ateak.

 

Osagileak eztau izan nai

gizona baino geiago;

eta mundua zorakerian

negarrez iasoten dago.

 

Letraduak gaur dira kantari

belarri-zur, baina itsuak;

eta aldatuten dabe tonua,

zelan soinu egin diruak.

 

Aiuntamentu guztietan gaur

dago Sekretarioa,

Alkate Iaunen andikeria

puztuten daben auspoa.

 

Gaurko maisuak mundutar utsak

ta munduari salduak,

argi gitxiko lanternak dira

odai-artean galduak.

 

Arotzik asten iatanean gaur

legeak doan salduten,

itanduten dot, nor ibili da

arotzak alan landuten?

 

Iostun dendari gizon-antzeko

magal-arteko morroiak,

balio dabe gaur izateko

erriko kezken botoiak.

 

Narru-dendari zapataria

da gaur Iauna ta Don Krispin:

uien sundea kendu lei; baina

narruen atsa ez ain arin.

 

Katu kristinau batiatuak

tabernan salduten dira,

eta kristinau eztireanak

nok-ian an dagoz begira.

 

Etxagun andi gazte zoroak,

diru ta lurren galtzailak,

kokotzat daukez eta zorotzat

euren guraso batzailak.

 

Itxas-gizonak iakiturian

inor ez lango erraldoiak!

dakielako esan deutsean

lur-erbesteko masoiak.

 

Ze gizon modu da urlia Iauna?

itanduten zan lenago.

Gaur esaten da, ondasunetan

Don Fulano zelan dago?

 

Euskera berbaz gaur dakiana

ezta bizkaitar noblea,

ezpada sasi-karramarroa

kantabro otsoen lobea.

 

Amorea ta Fede Santua

eztagoz oin eginetan:

len biotzean; baina gaur daukez

sustraiak geure minetan.

 

Orain-artean etzan ikusten

geure Iaun maitegarria;

baina agertu dau bere burua

eta da merkataria.

 

Zabaldu dira mundu guztiti

goibelarritzar zatarrak,

eta gitxitu zori txarrean

gizon artezen batzarrak.

 

Barritsuenak gaur dira onenak

ta baketsuak ezer ez;

onen egunak ioan zirean

ta bizi dira gaur nekez.

 

Orain dirua daukan guztia

da gizaldiko gizona,

prestu iakitun guztirakoa,

arteza guztiz eta ona.

 

Ezta gizona diru bakoa;

da elor arantza latzena,

lengo munduko mukur gogor bat

argirik ezin leiena.

aurrekoa