 |
GUDUA, GOSEA TA IZURRIA
Trumoiak ots egin dau,
eta oinaztarria
dator geure ganera
ikaragarria:
Gudua!!! eta zer da
munduan gudua?
geuk merezi dogun
Iaunen gorrotua.
Luzbelek birututa
Kerubin okerra
geure Iaungoikoari
egin eutsan gerra:
ta Migelek goituta
bere andikeria
betiko da infernuan
deungen nagosia.
Andikeriagaiti
dira beti gerrak;
baina anditxuak asko
izanik ta okerrak,
alperrak ezpalira
lekuan lekuan,
elitzate eregiko
gudarik munduan.
Munduan dagozalez
onak eta txarrak,
gizon deungak eztira
gudetan bakarrak;
onak bere badira
maitasun bakoak,
bai ta zoroak bere
nai izatezkoak.
Galdu gura badabe
okerrak fedea
eta Iaunak emonik
daukagun legea:
orduan on guztiak
guztiak batera
urten deiela armakaz
deungak galdutera.
Gizon guztiok gara
Iaun onen semeak,
ta alkar maite izateko
dinosku legeak;
baina alkar ilten badabe
gizon nekatuak
eskatuten badabe
euren pekatuak.
Agaiti eztau gudea
laster amaituten,
pekatu andia arin
ezta garbituten:
guduak galtzen dituz
luzaroko erriak
matsdui ederrak legez
augustuko arriak.
Gudua da Afrikako
Simoun gorria lez,
txingortuten dabena
ukutuezkero artez;
da uriola, lura ta abe
dana daroiana:
gizon ta ontzi irunsten
daben urakana.
Eta guduak dakaz
beragaz batera
gosea ta izurria
errien ganera:
biak dira oinaztarri
ziur ta gogorrak,
gizonak onduteko
Iaunaren ziorrak.
Goseak itxiten dau,
andia danean,
luzaroko negarra
errien ganean.
Ondo sartuten bada
erri baten plaga-au,
ilten dau nekatua,
aberatsa nekau.
Nekatua ozta ozta
bizi da bakean,
ta zelanbiziko da
gudua ganean?
Guduak kentzen deutso
al daben apurra
ta goseagaz gero
io bear dau lurra.
Ikusizuz umeak
zaman indar barik,
artoa eskatuteko
agoak zabalik:
atzak atzen tartean,
arat txisiluan
lenago iaten eben
betiko lekuan.
Lora zabaldu bako
landara bigunak,
zapaldu dituzanak
leien oin astunak:
ordu deungan onentzat
asi zan gudea
mats eldu eztanentzat
lez urrilgo aize errea.
Lengo begi ain biziak
daukez ilundurik
ta gorputzak goseak
deutsez azurturik:
euren biotzak eztau
odolik artuten
eta artzen eztabena
eztau biurtuten.
Berrogei taupadaka
minutu batean...
ta orain? ... gelditu dira
ogeta amarrean...
ta orain? ... begietara
eldu da lausoa...
ta orain? ... gelditu dana
ioan da gaisoa...
Nok Amen naigabea
esan lei berbakaz?
ze pena da bardiña
Ama onen penakaz?
Gosea!! ta goseak
ilda seme-alabak!!
nok igaroten dituz
alango atsakabak?
Begi biak zabalik
odol biurturik;
belaun bien ganeti
ezin zutundurik;
biotzak bularreti
igasi gurarik...
Iausi da martiria!
eztauko arnasarik...
Aitak orduan egin
eban garraisiak...
eztau inos entzuten
persona biziak...
gero... barreka asi zan
ta dantzan bere bai...
zoraturik egoan...
begira gorpuai...
Eriotzean leia
iausi zan etxe atan .
Urtarrilean legez
Norteko landetan...
goseak zoraturik
etxeko katuak,
aginakaz laskitu
ebazan gorpuak...
Aberatsa goseak
eztau bildurtuten
baina izuriak deutso
biotza leituten:
Aizea izaten dan lez
izurri-zaldia
bardin atrapaten dau
pobre nai eukia.
Etxe nagosi baten
sartuten danean
estu dagoz kanpoan
ikusiartean
Medikua ekarten da
gaisoen aurrera,
komediante ona legez
egiten papera.
Gaitxak eukiagaiti
pisua kintalez
eztau egia esaten
ospitalean lez;
eta azkaneraartean
eztauko usterik
aginduteko Elizan
dagoan gauzarik.
Nosbait urteten deutso
lotsa-bildurragaz:
luzaro dagoalez
kalentureagaz...
ain txarra egon ezarren...
berak uste badau...
arimako gauzetan
apurtxu bat pentsau...
Ezta artza sutuago
basoan egoten
fusilleko baleak
dabenean ioten;
gizon siniste bako
laster ilgo zana
sutu zan baino, etzunda
arimea eukana.
Esan zituzan fede
santuen gauzetan
zeinbat irakurri eban
deungen liburuetan:
dino, oraingo Elizean
seme eztala bera...
gaitxa gelditu barik
doa... baina aurrera.
Ezin zanean goitu
gaitxaren pisua
ekarri zan etxera
Abade maisua...
gor egin zan gaisoa
Abadean berbai;
arimako gauzarik
ezeban entzun nai.
Gaisduna gelditu zan
laster berba barik
agoan ezin ebala
artu botikarik:
bere pentsamentuan
zer igaroten zan,
ezin eban gaisoak
agoagaz esan!
Abadearen berbak
lenengo guztiak
suz bete zituezan
gaisdunen begiak:
geroago ikusi zan
sua amatau zala
ta azkanean euretan
pintau zan itzala.
Begiak itzaldu ta
asi zan biurka
oian estalkiari
gogor atximurka:
egin eban gedar bat
ikaragarria
betiko!... ta au esan da
galdu eban bizia...
Hospitale Santuko
zokondo batean
dago Frailetxu zar bat
gaisdunen artean:
ezta aberatsa, ez gitxi
Fraile mesakoa
ezpada agura argal bat
pobre ta legoa.
Bere begiak daukaz
zerurantz begira
bere berba guztiak
zerukoak dira:
ber minak dirudi
zeruko klarina,
Iaunaren alabantzak
kantetako egina.
Ezeutsan erasoten
gaitxak berba txarrik,
alper igaroteko
ezeukan indarrik.
Gaiso-zain egoana
len burlaz ta barrez
biotza samurtu ta
asi zan negarrez.
Ain esan zituzan
berba gozo ta onak
ze etzirean ikusten
an lengo gizonak;
ezpada pekatari
eukenak damua
Iaungoikoa eukelako
ain iraindua.
Abade Iauna ebilen
baterik bestera,
legoak asi ebana
ondo amaitutera:
zirudian kurtzean
Kristo Iaugoikoa
damuari idigiten
ate zerukoa.
Areriotasuna
geure gizaldian
dago Frailientzako
Europa guztian:
onek esan gura dau
eztala guzurra
On barrien eskuan
dagoala lurra.
Onekaiti Iaunari
orduan ta beti
erregututen eutsan
biotz biotzeti.
Deunga guztiakaiti
ostiral santuan
eskatuten da Elizan
mesako kantuan.
Ezaldituz ain pozik
artuten barri onak
erruagaz kartzelan
dagoan gizonak,
entzun zituzan baño
Fraileak barriak
ia ezeutsala iraungo
ordu bat biziak.
Ordu betean bere
enaz ni biziko?
eta gero zerura
Zugana betiko?
esan eban pozagaz,
ta asi zan negarrez:
Fedea eukan andia
kristinau ona lez.
Konfesau zan negarrez,
fedearen suak
ataraten eutsazan
negar-anpuluak:
Iauna ikusi ebanean
asi zan kantetan
ta al ebenak egozan
belaunen ganetan.
Gelako Medikua
isil ta geldirik
egoan arrituta
Frilea ikusirik
eta esan eban armiñ,
ai zeure zoria!
daukazulako ziur
betiko gloria.
Gomuta zaite nigaz
Iaunaren aurrean...
ta negar-anpuluak
eukazan urrean:
erantzun eben danak:
ta nigaz bere bai
bai, bai... erantzun eutsen
legoak guztiai.
Baina au esanda laster
mutu gelditu zan
zeinbat gauza ta ze onak
len esan zituzan:
denporea ioaian,
ta zeinbat geroago
ainbat eukan gorputzak
indar gitxiago.
Ezpanak erabiltzan
inos lotu barik
geure Iaungoikoagaz
berba egin gurarik:
etzirudian gaiso
ilten egoana
ezpada guraso bat
ikuste doiana.
Iauna betiko... esan
da eldu iakan loa...
betikoa... bai; baina
lo guztiz gozoa.
Alan itxiten dituz
gorputzeko penak:
Iaungoikoan bidean
ondo dabilenak.
|
 |