ANDRA BATEN ADISKIDETASUNAK
Lenengo zatia
Senarra bere naibagak esaten
Ni naz gizon bat senartzat ona
emazteak dinostanez:
bera emaztetzat obea balitz
ondo biziko gintzakez.
Nik ikusten dot gurean sarri
erriko Eskriba zikina;
ill bear neuke, baina bildur naz
bota enaien orti itxina.
Nik entzuten dot Don Timoteo
botikario gaztea
isil-ostuka ioaten dala
ikusten neure emaztea.
Drogosoa da morroskotzarrau,
drogea da bere lana,
drogak saldu ta orain bizi da
drogan izateko azkana.
Nik ikusten dot Mediku Jauna
geurera sartuten sarri,
eta egoten naz neure emaztea
gaisotu etedanez larri.
Eztau eukiten gaitxik, baina bai
iateko gogorik eza;
alperren gaitxa, sartzen dabena
bizi moduan naieza.
Nik entzuten dot Maisua bere
dodala gizon laguna:
ona dirudi ta baketsua,
baina da mozorroduna.
Nik ikusten dot Organistea
sarri dagoana ordirik
barre ta burla neure emazteagaz
eta inos bere ez geldirik.
Artuten dituz noizik beinean
txitximurkada zoliak
ta larriago, zeinbat geiago,
iminten dituz begiak.
Nik entzuten dot Sakristautxua
iai-domeka-arratsaldetan
egoten dala neure emaztegaz
memento mei kantetan.
Ni ioaten naz gabaz etxera
biotz-iluntasun barik;
baina emazteak eztan eukiten
afalduteko gogorik.
Lodi bizi, ian barik inos,
ez afaldu neure aurrean;
emakumeak maien ordeaz
azpirak daukez urrean.
Kontau daidazan neure emazteak
daukazan adiskideak,
gero iminteko euren arteti
ataretako bideak.
Eskribaua, ta Don Timoteo,
(Mediku Jauna kontau lei)
eta Maisua ta Organistea
ta Sakristaua dira sei.
Sinistu ezin lei andra eskonduak
euki leiela gogorik,
erabilteko bere inguruan
sei gizon andi zororik.
Asten naz sarri gedarrez, baina
ezteust lotsarik artuten
eta iotea makileagaz
etxat gogoan sartuten.
Oraindino etxat etxean iaio
ezbai erdiko semerik,
eta emaztea kendu bear dot
au iazoteko biderik.
Eukiten badot beste ile bitan
oraingo bizimodua,
kanpa-tokiko soka bategaz
urkatuko dot burua.
Bigarren zatia
Senarra bere atseginak esaten
Len izurrez beterik
neukan bekokia
eta naibagazkoa
zan neure zoria;
baina lenganik ona
egin dau bira bat,
eta atseginezkoa
gaur zorionez daukat.
Eskribau baso-oilarra
Fede gangarduna,
gaur ezta neure emaztean
etxeko laguna;
irakatsi neutsanik
idi-zil bategaz
ez ioateko ausora
oialarra lez egaz.
Orain esaten dabe
Botikarioa
emazteak deustala
bere arerioa:
arpegirik eztauko
nunbaist drogosoak
len legez ereiteko
berba ain zoroak.
Zegaiti egoala
bein gurean pozik
sartu nintzan etxera
izilik ortozik,
iminten zaldunari
amatau ta argia
paper koipatsuagaz
arpegi barria.
Doan etorten iatan
Medikua etxera
eta bear ebalez
zerbaist alogera,
artu neban gogoa
arima guztiti
emoteko egun baten
sari ona atzeti.
Beste iru gizonegaz
sartu neutsazan nik
azumbre ta erdi ur gazi
errenkura barik;
ta zan irakasteko
bearr ezebana
ikusketan ibili
gaitxik eztaukana.
Egun baten ioiala
Maisua kanpora
ate bat iausi iakan,
ta astuna lepora:
bere birao gorriak
ta neure santzoak
imini eiebazan
berbetan atsoak.
Organisteru zoro
moskor-artzailea,
eta geurera etorten
bategaz zalea;
ilun-antz baten preso
bakar ta ilunetan
giltzpean sartu neban
txantxetan-benetan.
Igas ioiala gero
leiotxu bateti
ausi iakan besoa
ukondo-ganeti,
ta orduan irten eutsen
Fa kortxea baltzak
armoniaz beteten
mokorrean kaltzak.
Sakristau txiribiri
gizon-antzekoa,
ta Eleizako nagosi
pulpitupekoa,
egoala geurean
beste iaietan lez
io zirean su-kanoak
ta surik inon ez.
Beste bein zirean io
batuteko erria;
eta laster nastau zan
erririk erdia.
Sakristaua etzalako
bietan igitu
multa andi bi pagau
ta gelditu zan kitu.
Len ebezan andreak
nigaz afaldu nai;
orain afaldu ez eze
postrea bere bai:
len ezkeutsan berbarik
egiten alkarri
eta orain beti gagoz
bat barri, bi barri.
Orain enaz egoten
etxeti kanpora
Ave Marietatik
ordu laurden gora:
eta neure emazteak
poz ta txalo ioten
urteten deust atera
gau onak emoten.
Sartu deutsat buruan
izaten dala errez
maiterik bizitea
eskon-barritan lez;
senar-emazte izan ta
nai badabe biak,
betibai-lirean lez
beti eskongeiak.
Neskak egoten dira
eskondu baino len
lagunan begiai
atsegina emoten:
baina eskondu ta laster
euren aleginak
iruditeko maite
eztira bardinak.
Mutila eskonduten da
neska maiteagaz
eta laster bizi da
emazte atsoagaz.
Izan bedi emaztea
neskatan zana lez,
ta eztau egon bearko
bakarrik negarrez.
Apaindu bedi gorputza
neska gaztetan lez
ta eukiko dau gizona
zoratu ta pozez:
egin bei kontu dala
bere nobioa
eta etxake amaituko
lengo amodioa.
Lengo erlastar guztiak
iges egin dabe,
eta bake bakean
orain itxi nabe;
oraindino ezpadira
sustraiti zuzendu,
betoz, ze bakit zelan
erlastarrak kendu.
|