www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Parnasorako bidea
Eusebio Maria Azkue
1896

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Parnasorako bidea, Eusebio Maria D. Azkue (R.M. Azkueren edizioa). Astuitar Moldagintza, 1896

 

aurrekoa hurrengoa

ESKONTZEA

 

Eldu zanean doña Pepita

Bragas bizi zan errian

Abadeagaz eta Marigaz

egon zan egun guztian

etxe-barruan, gauza guztiak

igaroten memorian.

 

Domekia zan urrengo eguna

ta ioan zan mesatara:

don Juan de Bragas Pepita baino

len ioan zan Eleizara,

ta alkarren adi egon zirean

aitu barik altarara.

 

Ezeban uste ikusi ebala

galantagorik zaldunak

alper buruan eukazan asko

neskatilak ta alargunak:

doña Maria bakar bakarrik

eta a zirean lagunak.

 

Orduan bere doña Maria

don Iuanek eban gomuta,

—dama galanta, zeinen damua

ariman eukan sartuta!—

—eta euki ebana bear zanean

bear etzanez aztuta!

 

Mesea amaitu baino lenago

biotza azi iakan berez

bere Marian lengosinea

a dama ederra etezanez:

burua okerra eukan gorputzak

biotza erabilen artez.

 

Urreratu zan etxerantzean

doña Pepita ederrari,

eta esan eutsan: nos etorri zan

onra emoten erriari;

eta beretzat izango zala

lagun egin dameari.

 

Erantzun eutsan doña Pepitak

ez artuteko nekerik

bada egoala atsegin barik,

eta naibagaz beterik;

lengosina bat il iakalako

Ameriketan gazterik.

 

Gogo azalduten ebilela, ta

bere naibagak aztuten;

eta zaldun bat ilteagaiti,

betiko ezpazan ostuten;

baina atarako ezebala nai

inor bere lagunduten.

 

Zalduna egoan dama ederrari

dudaz beterik begira;

su-koloreak urteten eutsen

nai ezebala arpegira:

baina barruko gogo ta asmoak

iakiten errez eztira.

 

Iru minuto igaroezkero,

Bragasek dama ederrari

esan eutsazan berbak emonak

bere lengosineari

zeinek ez eban astirik izan

itxaroteko berari.

 

Baina Maria guztiz maitea

il zala leku urrunean

ezebalako nunbaizt bornuan

inor euki gaitx-unean

ta ordurik ara biotza eukala

gaiso bakartasunean.

 

Atan amaitu zan lenengoko

gazte bien berba-aldia

baina don Iuanek atrapau eban

laster amodio andia

eta lengoa baino andiago

zan biotzeko zauria.

 

Pepitak berba gozotxuakaz

sututen eban geiago:

bada minagaz Maria baino

izaten zan labanago:

baina asmo txarrik zundau ezkero

aitza baino gogorrago.

 

Don Iuan gaisoa egon zan laster

amoreagaz suturik;

eta damea zan lez arria,

egiten iakan bururik;

ta alan beragaz eskondutera

erabagi zan itsurik.

 

Damean ordez etzan aurkitu

eskonduteko bainarik

ezpada izango zala eskontzea

eguna zabaldu barik

igaro ezleien doña Pepitak

erbeste-errian lotsarik.

 

Zapatu baten ioan zirean

Abadea ta Maria

albotikoak ta mutila,

isilik garda guztia

agertu barik eguzkiaren

zeru goienera argia.

 

Don Iuan batu zan beti betiko

doña Maria lenagaz:

eta besoti ioiazan biak

inos ez lango pozagaz:

emakumean izena ioian

garbirik eskontzeagaz.

 

Etxean sartu zireaneko

Maria gelan sartu zan,

nundi urten eben dama eder biok

bardin iantzirik ta batsan

eta gizona etean asi zan

zeineri eskua emon eutsan.

 

Abade Iaunak arilduta eukan

mataza naste guztia,

eta esan eutsan nor zan Pepita

eta nor andra barria,

zeinek ondo eukan irabazita

orduan eukan zoria.

 

Isil isilik don Iuan egoan

bere artean gogoketan

baina Mariak euki ezebalez

inos errurik ezetan:

ezagutu eban orduan zala

zorioneko benetan.

 

Urrengo astian etxeratu eban

semea doña Mariak

eta beragaz sartu zirean

etxean zori guztiak:

adierazoten dagozan legez

urrengo kanta eder biak.

 

aurrekoa hurrengoa