www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Parnasorako bidea
Eusebio Maria Azkue
1896

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Parnasorako bidea, Eusebio Maria D. Azkue (R.M. Azkueren edizioa). Astuitar Moldagintza, 1896

 

aurrekoa hurrengoa

BERTSOLARI EDO KOBLAKARIA

 

Erdu zerura bertsolaria

goiazan biok batera,

au baino obea beste mundu bat

an goian bilatutera.

 

Gizon andia da emen urrea

eta ezer-eza kobrea:

Trumoi sikua iakituria,

daukana bada pobrea.

 

Egia biloiz iantzi bakoak

igas dau gaur gizarteti.

Erdu; goiazan bertsolaria,

bera ioan dan bideti.

 

Bakizu zer dan, bertsolaria,

geure mundua munduan?

da ontzi bat Iaunak imini ebana

itxaso baten barruan.

 

Zerua dago loraz beterik

eguzkia ilten danean,

eta bakoitza da mundu eder bat

geure munduen ganean.

 

Geure munduan ezta aurkituten

bardintasunik legean;

onek egiten oi dabezanak

eztagoz euren menpean.

 

Goiazan egaz, bertsolaria,

negarrik eztan mundura;

lenak ta orainak atsakabarik

emon eztaben lekura.

 

Geure bizia da emen aizea

odai baltzagaz nastean;

geure ganera, ai! dakazana

asko oinaztarrak aldean.

 

Egon gaitezan odai ganeti

beko mundura begira.

Au da sagar bat, eta gizonak

barriz txikiak baino eztira.

 

Eta biraka dabil mundua

eguzkiaren tornuan,

eta ilargia gelditu barik

beko munduen bornuan.

 

Ilargia da mundu txiki bat

bekoa legez iluna,

ta eguzkari bira egiteko

bere betiko laguna.

 

Bere erdiantzat beko mundua

da mundu iluna ta argia;

baina ezta egoten onen aurrean

ilargiaren erdia.

 

Bardin bardinak izaten dira

bertako urtea ta eguna;

iru zatitik bi dira argiak

beste zati bat iluna.

 

Goiazan urrun, bertsolaria,

ze andia dogu zerua;

bilatu artean geldituteko

maitetasunen lekua.

 

Bilatu daigun nun estaldu dan

igas ioan dan egia;

a gelditu dan munduan dago

guk bear dogun guztia.

 

An ezta egongo biotz sikurik

ez deunga okerrik nagosi;

an ezingo da inor galtzeko

guzur-lege bat erosi.

 

Osagilarik an ezta egongo

inor ilteko drogakaz;

eta ilten badau inor gazterik

lurpetuko da beragaz.

 

Igarriko da iakituria

kolore bizarrekoan,

guzur-iakintsu lotsa bakoak

silauko dira lepoan.

 

Legeak ondo iagongo dira

ta an ezta egongo izurririk,

ta ez botikako atsagaz inoiz

gizonik gaitxez beterik.

 

Emakumeak izango dira

gizonen lagun emeak,

etxeko gauzaak ondo erabagi

eta ondo azteko semeak.

 

Bilatu dogu, bertsolaria,

geuk bear dogun lekua;

beste batera bagoaz inoiz,

geurea izango da errua.

 

Deiguzan bertso gozo ta leunak

geure arimako suagaz

beti egoteko naibagaz barik

kantetan zitareagaz.

 

aurrekoa hurrengoa