www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Parnasorako bidea
Eusebio Maria Azkue
1896

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Parnasorako bidea, Eusebio Maria D. Azkue (R.M. Azkueren edizioa). Astuitar Moldagintza, 1896

 

aurrekoa hurrengoa

GABA

 

Betor iluna laster,

Ama loarena;

zeruko baltsamua

pena guztiena:

datorrela beragaz

geure artera loa

zerututen mundu bat

erruki bakoa.

 

Gorputza lo badago,

arimea orduan

isil dago ta pozik

gorputzan barruan:

ilda dago gorputza

gero biziteko...

nok euki lei gogoa

iratzartuteko?

 

Munduan beti dago

gizona amesetan:

gabaz zorakerian

ta egunaz benetan.

Betor mundura loa

eta ames zoroak:

bizitza nekatuten

bitarte gozoak.

 

Iagiten da goizean

gizon nekatua

iaso ezinik egunaz

il-arteko adua;

nekez igaroten dau

ta atsegin bakoa;

adiskide bat barik

inora badoa.

 

Iagiten da eukitsua

egurdi-inguruan

gauza asko dituzala

alduta buruan;

beti pobrea legez

zerbaizten begira,

baina biotzak inos

aseten eztira.

 

Betor gaba ta orduan

pobre ta eukitsuak

loan izango dira

bardinak bitzuak;

eta euki lei pobreak

loa gozoago,

izanarren bere oia

askoz gogorrago.

 

Egunaz da biotza

beteten eztana,

itxaso bat ondorik

topau etxakana.

Betor iluntasuna

ta loa beragaz,

geu iminten bakean

geure biotzakaz.

 

Atsakabak iatorkuz

egun-sentiagaz

eta botaten dituz

ilunak loagaz.

Iluntasun maitea

gizonen zoria:

zuk ekarri zenduan

munduan gloria.

 

Ames gozo guztien

ateko aingerua

munduko zorionak

dauken giltzerua!

erdu mundura laster

izarrez beterik,

gizonak ataraten

naigaben menperik.

 

Argia baino askozaz

da zarrago iluna

ta iluna da ames-loa

ekarten deuskuna:

deungea iluntasunak

ikaratuten dau,

ta ilun barik erreko

litzate munduau.

 

Eskribauak, izanik

erruki bakoak,

gabaz izaten dira

besteak lakoak;

ta aurkituko elitzate

gabaz borrerurik,

ezpalego munduan

inon Medikurik.

 

Betor gau izartsua

bere estalkiagaz,

bardinduten munduan

zorra diruagaz:

ta ekarri bei laguntzat

lo gozo biguna,

biziak bardin dauken

aberastasuna.

 

aurrekoa hurrengoa