ESKONTZAAK BASERRIAN
Baserrietan eskonduteko
etxaguntzara semea
euki bear da sasi-letradu
guztiak dauken lemea,
ta ez atzeratu diruagaiti
bein artuezkero temea.
Zaurituezkero baserritarrak
maitetasunan arantzak,
euren biotzen zauritasuna
erakusten dabe dantzak:
ain ziur ta argi zein urietan
labankerizko arantzak.
Mutil gazteak esaten deutse
euren maitasuna neskai,
onek emoten dabe baietza
pozez beterik mutilai:
ta ordurik gora neke gogorra
iatorke lepora biai.
Neska bakoitza doa iluntzean
ta ez mutillaren besoti
onek ezarten deutso besoa
erregu barik lepoti
eta alan doaz etxeragino
biderik urrunengoti.
Buztartuta alan doaz guztiak
laztan-mosuka bidean
berrogei bidar alkarri esaten
noiz eskonduko direan;
baina neskeak egon gura dau
uda atan buru librean.
Mutilan Aitak esaten deutso
neskatilean Aitari
nai badeutso emon diru zati bat
lagun etxaguntzeari...
berak daukala zer edo zertxu
emoteko semeari.
Mila nekegaz egiten dabe
diru ta etxean tratua
eta artzen dabe bakoitzak bana
ardao baltzezko katua,
albait ondoen igaroteko
euren bizi nekatua.
Gauza erreza ezta baserrietan
musikurik egotea
baina guztiak dira maisuak
egiten soka-dantzea,
soinugarria beterik bada
ardao zarragaz botea.
Alan zapatu-gau baten doa
senargei ona gerturik
ardao ta guzti lagunanera,
zein dagoan apaindurik
amar orduak emon dabela
ezin kenduta bururik.
Ateko ots batek esaten deutso
mutila eldu dala atera:
poz andiagaz eroaten dau
bere Aita ta Aman aurrera
ta ardaoa edanda goizera-artean
bakarrik dagoz batera.
Eta egun atan Abade Iaunak
asten dituz euren deiak;
eta dabilzaz estegurako
batuten alde guztiak,
eta iostunez beteten dira
eskongeien etxe biak.
Neskatileak artuten dituz
emon da mutil zoroak
euritako bat, urrezko ebillak
ta urrezko errosarioak;
idunerako kurtze bat eta
oriak belarrikoak.
Bilbon barruan erosten dituz
pozarren emaztegeiak
mutilantzako terziopeloa
eta urre-botoi andiak,
eta sedazko garriko ederra
lodi daukazana ariak.
Zapatu baten lagun askogaz
doaz goizean goizeti
neska guztiak andrageiagaz
isildu barik aurreti,
eta mutilak senargeiagaz
santzoka nesken atzeti.
Eskongei biak egoten dira
abadearen aurrean
lotsaz beterik, baina neskea
begi biakaz lurrean
eta esateko gero baietza
eztauko minik urrean.
Itanduten dau Abade Iaunak
baldin eskondu nai badau
ta ezin esan lei begiratu ezik
bizirik badago neska au;
baina azkanean buruak bere
nai dabela erakusten dau.
Gosalduteko gertuta dauke
etxera doiazaneko
berakasopa ta okela errea
aginak bizkortuteko:
ta ogi bikaina ta ardao zuria
esteak berotuteko.
Egonezkero baserrietan
esteguetan ogia
gatz bako okela eta ardao baltz
edo txakolin gorria,
estegukoak egoten dira
iruntzi ezinik zoria.
Aide bakoitzak aginduten dau
edo garia edo artoa,
eskon-barriak bizi daitezan
beti dabela Paskoa,
ogia iaten edo berorik
sutan erreko taloa.
Urrengo eguna da Domekea
goizerik eta gaubera
eta egun atan ekarten dira
eskondu danen etxera
idi-burdiak eta arreoa
estegukoen aurrera.
Orduan dira barri barritan
atsagon bako traguak,
gazteen zirri, atsoen mirri,
ta agura zarren kantuak,
ta eskon-barrien pozgarrirako
kantu ta dantza-soinuak.
Illun-antzean guztiak doaz
bakoitza bere lekura
gabon-arte beti zarra zarra
ardao-orde edaten ura:
ta eskon-barriak elduten dira
eurak nai eben zerura.
|