 |
ARDI SALTOKARIA
Geure artean bizi da
piztia bizkorra,
egunaz eta gabaz
dantzari askorra:
Nai oean dagoala
ume lotiakaz
nai eskatzean egon
atso tximurragaz.
Gaztaña kolorea
musturra zorrotza
zankak luzeak, eta
arpegia motza:
atsoak nai gazteak
zoramendia dau
agertuten danean
piztia zital au.
Atso batek daroa
eskua garrira,
eta diño barreka
besteai begira:
Ondo igarrita daukat
piztiori zer dan,
ardia dala berak
dinost orain ankan.
Zeinbat Abe Maria
bere bakarrean
galtzen dituz atsoak
ardien atzean!
Ardia atrapatea
ezta izaten errez
noizik beinean batxu
artuten da nekez.
Emakumeak daukaz
gitxi asko garrian
onelako piztiak
beroaldi guztian:
nai aragi tximurrak
euki, nai gordinak
ardien musturkadaak
guztiz dira minak.
Ardia atrapateko
lenego gauzea
da minagaz igortzi
atzamar parea,
lodia taurrengoa
txistuz bete barik;
ez atzamar guztia,
puntea bakarrik.
Eskua sartuten da
eskuma alderditi,
atorrea ta gona
guztien azpiti;
baldin ezker-aldera
eldu bada ardia:
baina ezkerra, badauko
eskuman tokia.
Eskua eroaten da
sabel goieneti
bai eta sarri askotan
mokorren ganeti,
atzamarrak iminten
ardien ganean
biortuteko laster
bien bitartean.
Eztau gozoagorik
atsoak eztirik
ardi lodi bat baino
eskuan bizirik:
eleuskeo ardiari
itxiko bakean,
alper atorra utsagaz
gelditu soinean.
Ondo ondo biortuta
ardi dantzaria
iminten da gaisoa
kentzeko bizia,
amantalean edo
oialtxu-ganean,
ezpan bekoa dala
agin bitartean.
Orkoro bietako
atzazal-artean
puskatuten da ardia
memento batean:
atzazaletan loirik
geldituten bada,
mokor baten ganean
gonan kenduten da.
Ardiak ilten dira
asko ta geiago;
baina agaitik eztagoz
udan gitxiago:
batera ernarituten
direalako emea,
sortuten dan alaba
ta onen alabea.
|
 |