www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Parnasorako bidea
Eusebio Maria Azkue
1896

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Parnasorako bidea, Eusebio Maria D. Azkue (R.M. Azkueren edizioa). Astuitar Moldagintza, 1896

 

aurrekoa hurrengoa

IOANE BEKOERROTAKO
ETA KONZE GANBURUKOA

 

San Agustin-gau baten

bakar ta illunetan

oillarra asten danean

lenengo kantetan,

morrosko eder bat ioan

Bakioti gora

arnasa estua sarri

etorkala agora.

 

Zeloen lurrunagaz

biotza azaldurik

ta arimako ispiluak

penaz ilundurik:

begi baltz len argiak

eukazan ilunak;

etaberen urratsak

zirean astunak.

 

Burua betetua

gomuta bategaz

inos bere ezeban nai

aldatu bestegaz:

arnasea artuteko

bere surzuloak

zirudien olako

sutegiko auspoak.

 

Ioane Bekoerrotarra

Gamizen iaioa

zan Gaztelugatxera

ioian morroskoa:

Adonis lango ederra

ta guztiz isila,

alboerri guztietan

lenengo mutila.

 

Nai palankan nai dantzan

nai bola-iokoan

Bekoerrota langorik

bat bere ezegoan:

ta inori mesede bat

egin bear bazan,

Ioane lenengo beti

an agertuko zan.

 

Merindade guztiko

udako lorea

ta neskarik geienen

ames-amorea

ioian bakar bakarrik

aga biurturik

ezelan kendu ezinik

zeloak bururik.

 

Urte bi zan eukala

mutilak erretan

bere biotz samurra

amore-garretan,

eta etzan eisetuko

biotzik onena

ikusiezkero aurrean

Kontze galantena?

 

Kontze Ganburutarra

Markaidako argia,

ogei urte lenago

mundura etorria,

eun orriko larrosa

usain gozokoa,

Kupidon arnaseak

ukutu bakoa.

 

Idara andra goikoak

Paisen aurrera

etzirean ioango

Kontzegaz batera.

Galantasunagaiti

eukan ezizena,

len esan dodaz legez,

Kontze galantena.

 

Ioanek Kontze galanta

atara eban dantzan

iolas-arrats-dei baten

Larrauriko plazan:

ta etzituezan euki

isilik begiak

bada ulertu zirean

ondo gazte biak.

 

Ezagutu eban Ioanek

dantza-bitartean

ezagutu ezebana

inos bere artean:

ezineuki leiela

zoriontasuna

gizonak ezpadauke

gogoko laguna.

 

Ta Kontze galantena

gogoratu iakan:

ta ordukoa lenengo,

maitetasuna zan:

ta Ioane bere Kontzen

sartu zan gogoan,

ta bere begietan

ezagun egoan.

 

Egun atati gora

iai-arratsaldetan

ikusten eben alkar

ta sarri goizetan:

zeinbat eta alkarregaz

egon sarriago,

maitetasuna egin zan

ainbat andiago.

 

Aitak maitetasun au

igarri ebanean

egia iakiteko

gauza aren ganean,

bota eutsan ausoko bat

mutilari esaten

Markaidara elduteko

domeka-goiz baten.

 

Ioan zan Bekoerrota

Ganburun etxera

luzapenik ezeukan

epaia entzutera...

laster irakurri eban

Kontzen begietan

eingeru ona ebilela

euren urratsetan.

 

Barreka egoan Aita

gaztean suagaz,

ta esaten eban baietz

beti buruagaz;

ezpanakaz izan zan

azkanengo baia

baina buztan bategaz

egoan epaia.

 

Au zan itxarotea

barri emon artean

bere anaia aukanari

Mexiku-aldean,

onek bialduko eban

Norteko bideti

dotea lobeantzat

ta zerbaist ganeti.

 

Kontzek ta Bekoerrotak

lenengo orduan

ikusi zintuezan

biotzak zeruan:

baina alper domekan zan

Agustiko eguna

arin maite bientzat

eldu zan iluna.

 

Iolas guztietara

ordurik aurrera

ibilten zan mutila

Kontzegaz batera,

ta egozanean biak

berbaz alkarregaz

eguna estalduten zan

txoria lez egaz.

 

Urte bik iges eben

egur me-garra lez

ta osabea ezekien

bizi bazan edo ez;

onek ezeukalako

munduan aiderik

ezpada burdinazko

kutxea gorderik.

 

Au baretaldi au zan

iraupen bakoa

San Martinen udatxu

zoroa lakoa:

ekaitz-aizea etorren

baraldi-atzean;

eguna datorrenez

izarrak batzean.

 

Ganburu bizi zana

Mexiku-lurrean

etorren bere errira

ta egoan urrean:

baina agindu ezebanez

aurreti albistarik

agertu zan Markaidan

inok iakin barik.

 

Eztituz bildurtuten

geiago lukiaka

ama barik dagozan

oilasko txikiak;

ta eztau ikaratuten

otsoak geiago

urte beteko artxoa

bakarrik badago,

 

ikaratu zan baino

Kontze galantena

ezagutu ebanean

osaba zarrena:

ezin biotz-taupadaak

isildu ebazan

eta gelan sartuta

negarrez urtu zan.

 

Ta andia biurtu zan

lenengo ikarea,

ezagutu ebanean

ebilen zarea:

eskonduteko laster

bera osabeagaz

ordituta bere Aita

diru-sundeagaz.

 

Nos edo nos autortu

zirean agurak

ta egozanez bakarrik

etxean irurak;

Kontzek erantzun eutsen

anae zar biai

laguntzat ez ebala

Matusalenik nai.

 

Eukiarren osabeak

zisku urrez betea,

Gamizen egoala

biotza berea,

Bekoerrota maitea

berbea iagoten

ta Kontze laztanari

gizon itxaroten.

 

Etzirean agurak

au entzunda mindu,

eta obato neskea

nai eben astindu.

Euki gura dabenak

surrakaz bakea

inos bere eztau bear

astindu lazkea.

 

Nok esan lei mutilan

biotzen larria,

iragarri eutsenean

eskontza barria?

Iges eutsan egunak

gertu zan muturik

ta iausi zan arati

gorputza leiturik.

 

Alan egon zan geldi

ogeta bi orduan

eriotzea eukala

biotzen bornuan:

ogeta bi orduetan

egon zan linboan;

eta arek igarota

purgatorioan.

 

Berrogei egunean

zubila sutan lez

maitetasunan suak

euki eban negarrez:

ez emakumak legez

osasun onagaz,

ezpada oian etxunik

barruko suagaz.

 

Oinen ganeratu zan

argal da bigunik

gorputza ezin eukirik

luzaro zutunik

San Agustin eldu zan

eta ioan nekez

promesa betatuten,

erromerian ez.

 

Biotzeko suagaz

negarra begian

itoten inkesaka

gau ta egun guztian,

astegun nai iai-egun

erdi zoraturik

bizi zan Kontze ederra

etxean sarturik.

 

Ioanek au ezekian

ez giza gaisoak

ta eroiazan orduak

pozgarri bakoak.

Atsagoten iarrita

bide-muna baten,

biotzen keia asi zan

agoti botaten.

 

Kontze! eskonduten zara,

lirio biguna;

ta senargeia dozu

piper zar minduna,

zisku zarra daukana

lotuta dirua,

oilanda bat iruntzi

nai daben mirua!

 

Senargeia da zarra

zu zara gaztea;

negu erkina senarra

ta udea emaztea.

Satanasek eukala

nunbaist olgurea

burlaz eskondu aleban

lenengo agurea.

 

Ezeukia artzen dozu

diruz atsitua,

eztaukana arimarik

ezpada dirua.

Kenduezkero dirua,

zer dozu osabea?

arimea erretako

su bako labea.

 

Aberatsa itxi dozu

dirurik bakoa,

dirudun putzak baino

biotz obakoa,

dirurik eztauko ta

burua urkatu lei,

baina bere biotza

diruz ordaindu al-lei?

 

Artuizu, zisku ederra!

dirua senarra

eta kontularitzat

egura gangarra:

esaten deutsunian

berba gozoren bat

agin bat botako dau

estulka saritzat.

 

Alper egongo zara

berari begira

zelo amore bakoak

agertuko dira;

eta igaroko dozu

zeure bizitzea

agure dozula

beti gerizea.

 

Agureak ezteutsu

biziten itxiko

ezpada bere ondoan

iosita betiko:

eta iaioten bada

etxean semea

entzun bearko dozu

eztala berea.

 

Eskondu zaitez Kontze,

indianoagaz

ta ondo biziko zara

bere usain-atsagaz;

agurea ilgo dan lez

zu baino lenago,

ziur izango zara...

atso bat geiago.

 

Zutunduta ioan zan

Gaztelugatxera

ta eguna amaitu barik

artez Gamizera:

gaba igaro zanean,

goizean goizeti

ioan zan Markaidara

txakurren atzeti.

 

Aranburun ausoan

iakin eban zelan

agurak euken Kontze

erdi-ilean gelan,

itxi barik inori

etxean sartuten;

alper Kontze gaisoa

ioian astinduten.

 

An gelditu zan Ioane

egun ail-artean

itanduta iakiten

gauzak bitartean;

eta iakin ebazan

gauza asko ta itzalak

egin zituezanak

agura zitalak.

 

Eztira, ez azkortuten

katamots-uleak

kentzen deutsazanean

abiati umeak

ezta Afrikan sututen

Leoitzar emea

ikusten badau ilik

ondartzan semea,

 

Ioane eixetu zan baino

kurruka-suagaz

bere Kontze maiteen

oenak iakinagaz,

ta botoa egin eban

biotz biotzeti

ataretako Kontze

aguren menpeti.

 

Zeru-sabai urdina

izartu zanean

egoan Bekoerrota

makila-ganean,

ioten Kontze galantan

leio-ertzeko zura;

Kontzek otsa entzun eban

etzan lez logura.

 

Leiora agertu iakon

gelako txoria

zeruko atera legez

barruko gloria,

ta alper ilargi barik

gaba zan iluna,

laster ezagutu eban

kanpoko laguna.

 

Zelan iruditu leiz

maite sendo biak?

eztagoz Txinan bere

kolore ain biziak.

Ordu bat igaro eben

alkarregaz berbaz

ta gelako txoriak

urten eban egaz.

 

Eta agurak egozan

errenkura barik

batek bere ezeukala

Kontzen gomutarik:

onek eta maiteak

alkarren besoti

igaro eben Mungia

urien kanpoti.

 

Pozik ioazan biak

Maurolati gora

elduteko goizean

goizeti Bilbora:

ergalak egozanez,

bide ondoan sarri

geldituten zirean

arnasa-oska larri.

 

Alan da guzti bere

goizeko bostetan

egozan Begoñako

Eleizako atetan:

ara sartu zirean

mesa bat entzuten,

eta gero Bilbora

arnasea artuten.

 

Gosaldu ta apaindurik

amar da erdietan

euren Iaun-ordeagaz

egozan berbetan:

iakin ebazanean

euren naigabeak

gogoz zin egin eban

Bizkai-Iaun-ordeak.

 

Irakatsiko eutsela

Markaidako agurai

eta onekaz batera

gizontxu guztiai:

ez berba emon ez eze

bein emon ezkero,

betatu bear dala

laster edo gero.

 

Bizkaiko Iaun-ordean

emazte andreagaz

Kontze gelditu eizan

pozgari andiagaz;

eta senargei ederra

kaleak aratuz

Batxi-pekatunera

ioan zan ostatuz.

 

Agura biak iagi

zirean beti lez

eta ioan zan Aita

Kontzen gelara artez:

an egoan tokia

geldi ta garbirik

baina ezeban ikusi

barruan txoririk.

 

An zirean aguren

ule-tirakadaak,

ta auso guztietako

bare-karkaisadak!

ezeben entzun gura

berba pisutsurik;

eta egia igarteko

ezeuken bururik.

 

Negar ta paristakaz

bein gora, bein bera

ebiltzazan atso bi

zarrakaz batera;

ta alan ebiltzazala

laurak alkarregaz

alkatea eldu iaken

agindu bategaz.

 

Uts barik ioateko

biaramonean

Bilbora anae biak

itzaltasunean

agintari onari

emoten aurpegi,

ta goizeti pausoak

leiezala eregi.

 

Au esan da ioan zan

geiagorik barik

entzun ezeitearren

zorakeriarik:

Eldu zan geldi geldi

gaba ta aparia

atso biak bakarrik

ian eben guztia.

 

Zer etezan edo etzan

biak gogoketan

igaro iaken gaba

ezer bere ezetan:

goizeko argitasuna

agertu zanean

urten eben etxetik

zamari-ganean.

 

Ioanek ondi ekianez

zer iazoten ioian,

etzan belura-artean

etzunda egon oian:

ezpabere goizeti

iagi ta ioan zan

itxaroten agurai

Begoñako plazan.

 

Batxi-pekatunean

amarretartean

bildurra ebilen zoli

aguren artean:

Bekoerrota barreka

egoan entzuten

zar-kontu gatza bakoak

eta gosalduten.

 

Nosbait ioan zirean

irurak batera

Bizkaiko-iaun-ordean

epai-toki-aurrera

Agurak bildurragaz

buruak makurrik,

eta Ioane ezebala

bildurren apurrik.

 

Ezebazan bildurtu

Baltasar ta andiak

geiago, esku ta letrak

orman ikusiak,

egin ebazan baino

Markaidako okerrak

bere iribarreaz

Kontze galanteanak.

 

Ezekien zer-esan

euren aitzakitzat;

ezeuken minik bere

orduan laguntzat:

baina autortu zirean

euren pekatuak

ta aurrera eroateko

eukezan asmuak.

 

Edo izango zan Kontze

loba ta izekoa

edo leku santuan

beti lupekoa:

eta Ioane ilten bazan

naibagaz esota?

mesa bi ataraezkero

agur Bekoerrota.

 

An agertu zirean

atsiturik erruz:

baina orregaiti bere

neskean erreguz;

emoteko osabeak

izan zan epaia

bi mila eskudo, ta Aitak

etxea ta maia.

 

Egin zan egiunea

gazteen pozera;

osabean asmoak

botata lurrera.

Aita gizagaisoa

kontura iausi zan

zeinbat bidebageko

gauza egin ebazan.

 

Bear zan lez egozan

Aita ta alabea,

baina alan ez egoan

onen osabea:

aserratuta egoan

bere buruagaz

ezebalako naia

egin diruagaz.

 

Deiak bota ta, Bilbon

eskondu zirean

buztartuta ibilteko

munduko bidean;

etorria izanarren

Kontze baserriti

Iaun-ordea izan zan

lagun bere alboti.

 

Iru egun igarota

geure eskonbarriak

ezin agur eginik

zizpuruka biak,

ta minak berba barik

egozan aitza lez

euren ongilean

begira negarrez.

 

Kontze bidean bere

zizpuruka ioian

ta senar maitea

beragaz eroian.

Gizon iakutun batek

eukan esanea:

emakumen negarra

geiena da aizea.

 

Eskonbarri maiteak

agura biakaz

bizi zirean pozik

euren orduakaz;

baina euren osabea

bizi zan urtuten

ta aragiak eukazan

azur biurtuten.

 

Beti beti ikustea

Kontze ta gizona

etzan, egia esanik,

zartzaro-gei ona;

ta betiko eragonak

urak arria lez

zulotu eutsan biotza

ekinen ekinez.

 

Asko makalduten zan

asterik astera

ta ezeban ekarri nai

osasuna atzera:

egin eutsen agur bat

munduko ondasunai,

obato adituteko

arimako gauzai.

 

Il zan, lurpetu eben

kristinau ona lez

ta andra asko egon zirean

elizan negarrez;

txilin-soinua izan zan

ta gori goria,

aberatsena legez

luze ta zolia.

 

Amaituteko laster

ezeukezan penak

sei egun igaro, ta

Kontze galantenak

egin eban seme bat

lodi ta bizkorra

Ama lez ederra, ta

Aita lez gogorra.

 

Sarri errezetan eutsen

il zan aideari

edo egia esateko

bere diruari.

Eta etzan igaroten

—esan barik— gaba:

euki izan baleuz Kontzek

bederatzi osaba!

 

aurrekoa hurrengoa