www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa  

EMEN IPIÑIKO DET BESTE ITZALDI, EDO PLATIKA BAT EZ ESATEAGATIK LENA BERRIZ, ETA BERRIZ LENA

 

Ego Protector tuus sum, et merces tua magna nimis. Genes 15.

 

        Errege bat bere erreiñuaren jabe egiten danean, juramentuarekin agindu oi zayo, leyaltasuna gordetzea, eta beraren aginduak egitea. Egun andi onetan, nere aurrak, Errege guzien Errege Jesus maitagarria zuetara etortzeko dago zuen biotzaz jabe egitera, eta nai du zuek berritzea batayoko itzak, eta oek leyalkiro gordetzea. Onetarako utzi bear ditugu beti-betiko Satanas, eta beraren langilleak, zeiñak diran munduan bizi diran gaiztoak, eta ukatu, ta ilduratu bear ditugu gure griña txarrak. Utzi bear ditugu bekatua, eta bekatuaren bideak: eta atzenean Satanasen arrotasun, eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, eta beste gastuetan, dala atsegin, eta jolasetan. Egiteko au da Kristauaren lanik andiena; eta alaitasunarekin ari zaitezten onetan esaten dizue: Ni naiz zure laguntzallea: eta zure saria izango da guziz andia. Ego Protector tuus sum, et merces tua magna nimis. Sari onen gañean itzegin nai dizuet zerbait. Enzun arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Fedeko egia da, egin zuala Jaunak gizona bera amatzeko, eta betikotasun guzian berarekin batean Zeruan doatsu izateko. Ala erakusten digu Kredoak, eta uste onekin ainbeste milloi Martirik eman du bizitza Jaunaren onran, eta ezin konta al animak iges egin due munduko perilletatik, eta ezkutatu dira eremuetan. Baña nolakoa ote da Jaunak zuentzat prestaturik daukan, sari andia? Ez da erraz guk adiraztea, ez eta ezagutzea ere. S. Pablo eraman zuan Jaunak Zerura: andik etorri zanean, etziakian zer esan, ango bizitza doatsua adirazteko, eta arrituaren eran zion: Ez begiak ekusi, ez belarriak aditu, ez gizonaren adimentuak iritsi du, nolako ondasunak prestaturik dauzkan Jaunak bera amatzen duenentzat (1 ad Corint. c. 2). Baña onenbesterekin ez degu igerritzen ongi sari onen anditasuna, eta biderik errazena onetarako izango da begiratzea, nolako bizilekua prestatu dizuen: nolako zori on, eta doatasuna gorputzarentzat, eta nolakoa animarentzat.

        Doatsuentzat Jaunak prestatu duan bizilekua dira Zeru eder oriek. Andiak dira, eta nolerebait esan diteke, ez duela bukaerarik: O Israel zeñ andia dan Jaunaren etxea! eta beraren ondasunen tokia! andia da bai, eta ez du bukaerarik (Baruch. c. 3). dio Baruk Profetak. Zer esango det beraren edertasunaz? Erakutsi, edo agertu zion Jaunak S. Juan Ebanjelistari edertasun au: eta ekusi zuana guri adirazi nayez, baliatzen da Santua emengo arri ederren, urrearen, eta zillarraren izenaz. Jarri zaite gau argi batean Zeruari begira. Ekusiko dezu, zeñ eder dirudian: eta arriturik geratuko zera, oroiturik guretzat egin dituala Jaunak onelako lekuak: baña jakizu, emendik ekusten ditugun goi eder oek ez dirala zure erri, ta bizilekuaren ataria baizik. Zoaz gorago, eta arkituko dituzu Zeruaren murallak. Amabi arri-errenkada [...]

 

NOTA. Aquí dejo de concluir el Autor.

 

aurrekoa