www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ukitzen dira Jaunaren Legeko bigarren Agintearen kontra gertatzen diran bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian itzegin nuan Jaunaren legeko bigarren agintearen gañean, eta gaur ukitu nai nituke aginte onen kontra gertatu oi diran utsegiteak. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        1. Begira, Jaunaren, Birjiña txit Santa, eta Santuen onraren kontrako itzen batzuek esan, edo isekaren batzuek egin dituzun? Jaunaren izen Santua edo ez esan edo esazu begiramentu andiarekin. Au bera diot Birgiña txit Santaren, ta Santuen izenaren gañean. Urrengo itz oek oraiñ ez datoz gaizki, gero utzi ditezke. Ez det ezer esan nai gerra onetan Elizako janzi, Sakramentu, gurutze, eta imajiñakin egingo ziran bidegabeaz; bada Jaunak begiratu digu urrikaltasun andiarekin: igaro da ekaitzik andiena, eta guri dagokigu Jauna onratzea oraindaño baño obeto.

        2. Begira, juramentuak egin izan dituzun gezurraren gañean, edo gezurraren beldur, edo enura; edo dudarekin? Zenbat urtean izan dezun oitura au? astean, edo illean zenbat bider egin dituzun?

        3. Begira izan ote dezun oitura esateko: Nere animan gezurraren gañean? Juramentutzat artzen zenduan, edo ez? Aurrak ez artu oitura au, eta artu duanak utzi beza.

        4. Begira justiziaren aurrean egin dezun juramentu gezurrezkorik? eta emendik kalteren bat etorri zaion lagun urkoari?

        5. Begira, izan ote dezun juramentuak sarritan egiteko oitura, egiazkoak dirala aitzakiatzat arturik? Sarritan juramentuak egin, eta beti egiarekin? Neke da. Geienetan gertatuko da juramentuak egitean zuk ez begiratzea, egiaren, edo gezurraren gañean egiten dituzun, eta au da bekatu larria. Sarritan juramentu egiten duana beteko da bekatuz, eta aren etxetik ez da irtengo nekea, esaten digu Espiritu Santuak: Vir multum jurans implebitur iniquitate, et nom discedet a domo illius plaga (Eccli, 23). Gaurdanik arrezazu, juramenturik premia gabe ez egiteko asmoa, ez eta egiaren gañean ere. Nik diot, esaten digu Jesu Kristok: Nik diot, ez egin juramenturik iñolaere, baizik esazue bai edo ez uts-utsik: Ego autem dico vobis, non jurare omnino: sit autem sermo vester est, est, non on (Math, 5).

        6. Begira, izan ote dezun, juramentu diran itzak esateko oitura, egiaren, edo gezurraren gañean itzegiten dezun begiratu bage, egin dezagun kontu: Ala Jainkoak salba nazala: emendik mugi ez nadilla, Deabruak naramala, au onela da edo ez da. Oitura au geienak dioenez bekatu larri, edo mortala da. Oitura au uzteko neurri egokiak artu nai ezpaditu, ezin Sakramentuak artu ditzake.

        7. Begira egin ote dituzun juramentu birauakin nastuak, aditzera ematen dezula gauza gaiztoren bat egiteko asmoa, egin dezagun kontu: Deabruak naramala, urliari ezpadiot burua ausitzen. Bekatu larriak izan oi dira juramentu oek, naiz gauza gaiztoa egiteko asmoa izan dezala juramentugilleak, naiz ez. Alako asmorik ezpadu, juramentua izango da gezurrezkoa; eta alako asmoa badu, izango da gauza gaizto andiaren gañean.

        8. Begira izan ote dezun auzokoai, edo beste lagun urkoai birauak botatzeko oitura? Zenbat denboran izan dezun oitura ori? Astean edo illean zenbat bider botako zinduan gutxi gora bera? Zenbat bider biotzetik, eta zenbat bider bestela? Oitura au duenak nekez osotoro uzten due, zeren onetara saiatu nai ez duen. Santa Franziska Erromatarrak, itz alperra esaten zuan bakoitzean, mingañarekin garbitzen zuan gela erratzarekin bezala, odola zerioneraño: eta sendagai onekin joango lirake birauak botatzeko gogoak. Azkeneko itzaldian esan nuan, idi, bei, ta abereai birauak botatzea ez dala berez bekatu larria; baña Kristauaren auan gaizki dirudi, eta utzi bear da. Esan nuan gañera, birauren bat botatzea, edo gai txikian, edo gaitz opa etzaiola, lagun urkoari, ez dala bekatu larri, edo mortala: au nola aditzen dan guraso, eta umeentzat, gero esango da.

        9. Begira noizbait esan dezun lagun urkoaren kontra: niri eman dizkidan nekeak etorriko al zaizka berari ere, ez geiago, eta ez gutxiago: Amen. Zenbat denboran bizitu zera sasoi orretan? Jakizu gaizki bizitu zerala denbora orretan guzian; eta berritu bear dituzu bitarte orretan egindako konfesioak. Jauna, baliaki nolako txarkeriak egin zizkidan urlia orrek. Atozea, eta zerren ark gaizki egin duan, zuk ere egin bear dezu? Zergatik ark Jaunaren kontra bekatu egin duan, zuk ere egin bear dezu? Baña goazen aurrera.

        10. Begira, zure gurasoari, edo gurasoen ordekoari biraurik bota diozun, eta zenbat bider? benaz, eta biotzetik, edo bestela? Eriotzaren pena ipiñi zion Jaunak onelako umeari: Qui maledixerit Patri, vel matri morte moriatur (Lev, 20). Jauna, bota diozkat gurasoari onenbeste birau, zeren gogaiterazo ziran bere errierta; eta gogortasunarekin, baña etziran biotzetik. Atozea, eta aditu zituan gurasoak? Eztakit aditu zituan, baña aditu zitzakean. Birau oriekin beraz utsegin zenduan, eta ez gutxi gurasoari zor diozun onra, eta begiramentuaren kontra, biotzetik bota ezpazinduan ere.

        11. Begira, senarrari, edo emazteari biraurik bota diozun, eta zenbat bider?

        12. Begira, izan ote dezun zure ume, eta mirabeai birauak botatzeko oitura? Eztanda egingo al dezue. Deabruak eramango al zaitue gogaikarriok. Zenbat denboran izan dezu oitura au? Astean, edo illean zenbat bider gertatzen zan ori? Jauna, ez niezten biotzetik esaten. Alaere bekatu larrian bizi oi dira onelako gurasoak, zeren ematen diezan oitura gaiztoa ikasteko bidea.

        13. Begira, zure umeai sarritan deitzen diezun Deabru, edo Demonioaren izenarekin. Deabrua, edo Demonioa esatea uts-utsik ez da berez bekatu larri, edo mortala, baña gurasoak ume, eta serbitzariai sarritan otsegiten badie Deabru, edo Demonioaren izenez: ator Demonioa, abil Deabrua, oa Demonioa, zer ikasiko due ume, ta mirabeak? Zer onginai, eta begiramentu izango dieza oek? Erri andi batean arkitu zuen aur bat negarrez, etxerako bidea galdurik. Galdetu zioen: Norena zera? Eranzun zuan: Deabrurena. Nola deritza zure Aitari? Deabrua. Zeñ da zure etxea? Deabruarena. Orra, zer datorren gurasoen onelako oitura gaiztotik.

        14. Begira, boto, edo promesaren batekin agindua egin gabe zauden zabarkeriaz. Ez dezazula egin emendik aurrera promesarik, konfesorearen baimenagabe.

        15. Begira, urliarekin nai bezala ibiltzeagatik egin ote dezun promesaren bat Lezora, Aranzazura, edo Herniora joateko? Jakizu promesa oek ez duela balio, eta balio ordean, dirala bekatu txit itsusiak, blasfemiara biurtzen diranak, zeren bekatuarekin nastutzen diran ibillerak Jaunari agradatzen balitzaizka bezala agintzen diran.

        16. Begira, atera ote dituzun Mezak, eman limosna, edo Jaunari erregutu diozun urliak izan ez dezan suerte ona, edo iritsi ez dezan eraren bat. Blasfemiara biurtzen da bekatu au ere.

 

* * *

 

        Ongi begira giezu, Kristaua, bigarren aginteak debekatzen dizkigun gauz oei: eta oraindañoko utsegiteaz damutu gaitezen biotzetik. Bizi gaitezen aurrera Jaunaren lege Santak erakusten digun eran, eta emango digu, agindu digun, saria, edo betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa