www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ERAKUSALDIA

 

Ematen dira Mezako sakrifizio izugarriaren berriak, eta adirazten da, zeñ, galdua dagoan asko Kristauren sinistea gai onetan.

 

        Lenbiziko Komunioaren prestaeran erakutsi zitzatzun, gaztea, Mezaren entzun-bide erraza. Baña zabartu zera bearbada, orduan erakutsi zitzatzuna arretaz egiteko, eta beiñ baño geyagotan egon zera Mezatan modestia, eta begiramentu gutxirekin. Au gerta ez dakizun aurrera ere, eman nai dizkitzut gaur Mezako sakrifizio izugarriaren berriak. Ondoren ukituko det, zeñ galdua dagoan asko Kristauren sinistea gai onetan. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gure Jaungoikoa da gauza guzien Asiera, eta iturburua, eta on guziaren Emallea, eta aintzakotzat ezagutzen degula agertzeko, eskeñi bear diozkagu geren doayak. Munduaren asieratik egin zuen au gure lenbiziko gurasoak, eta ezaguera oneko oen umeak. Lege zarrean siñalatuak zeuden txit sakrifizio asko Jaunaren onran, eta Salomonek, bukatu zuanean Jerusalengo Eliza, eskeñi ziozkan Jaunari beste sakrifizioen artean ogei, ta bi milla zekor, eta eun, eta ogei milla arii. Eskeñi ziozkala, diot, ez nolanai, baizik iltzen zirala Legeak agintzen zuan eran. (Lib. 2.º Paralip. c. 7.°). Anziñako sakrifizio oen artean, izan zan bat, Melkisedek zeritzan Salengo Erregek eskeñi zuana orain esango dedan denboran. Abrahan irten zan beiñ gerrara bere illoba Loten alde: garaitu zituan bost Errege; irten zitzayon bidera Melkisedek Salengo Errege, eta Apaiza, eta Jaunari eskerrak emateko, eskeñi zion Jaun berari, ogi ta ardoaren sakrifizioa, eta au izan zen Mezaren anz, eta iduria. Sakrifizio oek guziak aditzera ematen zuen, Jesusek gurutzean igaro bear zuan eriotza, eta beragatik aitu bearrak ziran iltzen zanean Jesus.

        Etorri zan Munduaren Salbatzallea. Ostegun Santu arratsean arkitzen zan gugatik bere bizitza emateko bezperan, eta ekusten zuan bukatzen zirala laster leneko sakrifizio guziak, eta beraren Lege berriak eskatzen zuala sakrifizioren bat. Orregatik arrats artan bertan, leneko sakrifizio guzien lekuan ipiñi zuan Mezako sakrifizioa. Berak esan zuan lenengo Meza, eta eman zien Apostoluai, eta oen ondorengo Apaiz guziai, Mezako sakrifizioa eskeintzeko, eskua. Me oraiñ egin dedana, egizue zuek ere nizaz oroitzen zeratela, esan zien: Hoc facile in meam commemorationem (1.ª ad Corint. c. 11). Urrutitik begiratu zion Dabidek Jesus onari, sakrifizio au eskeintzen ari zala, eta esan zuan: zu zera betiko Apaiza, Melkisedeken anzera sakrifizioa Aita Betikoari eskeintzen diozuna: ark alabaña eskeñi zion Jaunari ogi, eta ardoaren doaya: Tu es Sacerdos in aeternum secundum ordinem Melchisedec (Psalm. 109).

        Mezako Sakrifizioa, nondiknai begira dakiola, da Misterio guziz izugarria. Au ezagutzeko, begira Krisiaua, nor dan sakrifizio au eskeintzen duana? Nori, eta zer eskeintzen zayon? Zer aditzera ematen digun Sakrifizio onek? Nor dala, uste dezu Sakrifizio au eskeintzen duana? Meza esaten duan Apaizak eskeintzen du, egia da, eta au bearbada izango da bekatuz betea: baña onek Sakrifizio au egiten duanean, itzegiten du Jesusen izenean, eta esaten ditu, Jesusek ostegun santu arratsean esan zituan, itzak berak. Orregatik Mezemalle Nagusia, eta Sakrifizio au eskeintzen duan Apaiz lenena da Jesus bera. Nori eskeintzen zayo Sakrifizio au? Eskeintzen zayo Jainkoari bakarrik; bestela izango lizake Jainkoari zor zayon onra Jainko ez danari ematea, eta idolatria esaten zayon bekatu itsusia. Zer eskeintzen zayo Jaunari Sakrifizio onetan? Eskeintzen zayo Jesus bera Jaungoiko, eta gizon egiazkoa. Au da Jaunaren bildots gugatik gurutzean il zana bera. Eta zer aditzera ematen ote du Sakrifizio onek? Aditzera ematen digu Jesusen gurutzeko eriotza. Ozta Apaizak esaten ditu Konsagrazioko itzak, Jesusen gorputza jartzen da ostian, eta odola jartzen da kalizan, eta aditzera ematen da, nola odola berezi zan gorputzetik, eta il zan Jesus. Eziñ il diteke Jesus: piztu zan alabaña beiñere ez iltzeko, eta alaere konsagrazioko itzak ezpata baten eran berezitzen due odola gorputzagandik, dio S. Zirilok: Gladio verborum sanguis separalur a corpore. Emendik Meza esaten dan aldi guzietan nolerebait berritzen da Jesusen gurutzeko eriotza. Ostia konsagratuan Jesusen gorputza ezezik beraren odola, anima, eta Jesus guzia an daude, ez ordea konsagrazioko itzen indarrez, baizik zeren gorputz bizia jartzen dan, eta gorputz biziak berekin daramazkian odola, eta anima ere. Begira orain, Kristaua, zeñ Mysterio izugarria dan Mezako Sakrifizioa. Aingeruak arriturik daude Mezako denboran, dio S. Juan Krysostomok: Stupent Angeli. Sagarako denboran jatxitzen dira Zeruko Aingeru, eta Serafiñak beren Jaun, eta Erregea adoratzera. Ala esaten digue S. Anbrosiok, eta S. Zirilok: eta jartzen dira batzuek auspez, bezteak Apaizari laguntzen. Ala ekusi zituan S. Eutymiok.

        Sakrifizio izugarri au eskeintzen zayo Jaunari, bebenikbein, eman al ditekean onrarik andien, eta garayena berari emateko. Munduaren lenengo denboretatik eskeñi zitzaizkan Jaunari doai, ofrenda, eta Sakrifizioak; baña doai oek aide batetik Jaunak berak emanak ziran, eta bestetik Jaunaren Anditasunari begiraturik, etziran bera onratzeko diña. Orregatik ipiñi zuan Jesusek Sakrifizio bat, non eskeintzen zayon Jaunari beraren diñako doai bat, au da Jesus bera Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, Aitarekin guzian berdiña. Eskeintzen zayo urrena, egin dizkigun ontarte, eta mesedeen eskerrak emateko. Eskeintzen zayo irugarren lekuan, beraren aserrea palakatzeko, eta gure, eta lagun urkoen bekatuen barkazioa iristeko. Eskeintzen zayo laugarren lekuan, gure, eta Purgatorioko animen bekatuen zorrak ateratzeko: eta atzenean bekatutik aldegiteko, eta bizitza onean irauteko bear ditugun, lagunza ugariak iristeko. Orra Kristaua Mezako sakrifizio izugarriari dagozkan berriak. Dakuskun oraiñ, zeñ galdua omen dagoan Kristau askoren fedea gai onetan.

 

 

§ II.

 

        Izanik Mezako sakrifizioa esan dan bezala, Misterio añ andi, eta miragarria: eta izanik adirazi ditudan gauz oek gure siniste, eta fedeak erakustea dizkigunak, ala ere dirudi, Kristau askok sinisten ez dituela egia oek, edo beintzat obretan agertzen ez duela Misterio oni dagokan siniste, edo fedea. Au ezagutzeko, begira Kristaua, zer gertatzen dan Mezaren aurretik, eta zer gero.

        Zer gertatzen ote da Mezaren aurretik? Batzuek ez dira etxetik irteten mugonean, eta ala irten bearrean, ibilliko dira etxeko arazoetan Meza utsegiteko perillean. Besteak bidean egongo dira asteko eleak, eta beleak irabiatzen. Batzuek Eliz-inguruko etxeetan geratzen dira berri biltzen Mezaren arduragabe; besteak aizearen kontrako sendagaya artzen. Batzuek zimiterioan bertan pipa artzen asiko dira; besteak arreo ta ederkoren alabanzak esaten ariko dira Meza asia izan arren. Zer esango det ostatuetan Meza nagusiko denboran iskanbillan egoteaz?

        Baña goazen aurrera. Baldin Mezaurrean au gertatzen bada, zer modestia, zer jayera, edo deboziorekin enzungo due onelakoak Meza Santa? Sar zaite, Kristaua, Eliza batzuetan, zer ekusiko dezu? Ekusiko dezu, gizonak geratzen dirala korupe, eta zokoetan, eta Arzayak Platika asitzen badu, onelakoak egongo dira erausian, aldean daudenak arriturik uzten dituela. Zer marka due oek? Demonioaren marka, Jesu-Kristok dionez: Vos ex Patre Diabolo estis. Ekusiko dezu, gizonak, eta emakumeak, mutillak, eta neskatxak nastuak arkitzen dirala Mezatan. Anziñako denboran gizonak sartzen ziran ate batetik, eta emakumeak bestetik Elizara, eta bereziak zeuden: baña oraiñ leku batzuetan, batezere erri andietan, guzia da naspilla. Ekusiko dezu, erri batzuetan emakumeak lotsa gutxirekin Mezatan daudela gorputz utsean, indiolloak dirudiela, eta bearbada batzuek esertzen dirala gizonen alkietan. Ez da au San Paulok erakusten diguna, dionean, emakumeak estalkiarekin egon bear duala (1.ª ad Corint. 11). Badira zenbat estalki txit sareak, edo lasayak darabiltzkienak, eta au ere ez da ongi. Ekusiko dituzu zenbait gizon galtzak belaunetan lotu gabe, eta txupa edo amilla soñean sartugabe Mezatara datozela. Ez lirake Obispo Jaun baten aurrera atrebituko era onetan, eta atrebitzen dira Errege guzien Erregeren aurrera? Ekusiko dituzu gizon lo daudenak Mezaren erdian, eta platikan. Ekusiko dezu, Meza bukatzen dan bezala, asitzen dirala emakumeak ixilmadatuak elkarri egiten, eta bearbada Aldareari atzea emanik. Esan zadazu oraiñ, Kristaua, zer siniste, edo federekin datoz onelakoak Mezako sakrifizio izugarrira? Ay! gauza samiña da, baña egia, onelakoak edo galdu duela fedea, edo galtzeko perillean daudela.

        Zuek, gazteak aldegizue onelako lagun gaiztoetatik: oitu zaitezte, mugonean etortzera, gogora ekartzen dezuela, zertara zatozten: eta gero egizue lenbiziko Komunioaren prestaeran erakutsi zitzatzuena. Onela ondasun andiak aterako dituzue Mezako sakrifiziotik, eta uste izan dezakezue iristea betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa