www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEN IPIÑI DAN,
BEDERAURRENAREN ONDOREN
EGIN DITEKE URRENGO
ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ego Protector tuus sum, et merces tua magna nimis. Genes. 15.

 

        Izugarriak dira, nere Kristaua, bederatziurren onetan aditzera eman diran egiak, batezere azkeneko egunean ukitu ziranak, itz egin genduan alabaña, bekatariak bere ibillera, eta bizitza gaiztoarekin irabazten dituan, betiko su, eta garren gañean. Aditu zenduan orduan, neke oetatik iges egin nai duanak lenbait len biurtu bear duala bere biotza bere Jaunagana, eta alegin guzia egin bear duala Jaunaren grazian irauteko: utzi bear ditu betiko bekaturako bide, eta perillak, etxe, eta lagun gaiztoak: benaz ari bear du obra onetan, nola diran Sakramentuak sarritan artzea, Jaunaren itza enzutea, dagozkan egin-bide, eta lanai arretaz eranzutea, eta Birjiña txit Santa bekatarien Ama maitagarriari jayera andi bat izatea. Zuk, nere Kristaua, ezaguturik, zeñ gauz itsusia dan gure Jaun, eta Jaungoikoa bekatuarekin utzitzea, eta zeñ ondoren samiñak datozkion emendik bekatariari, egin dezu alegiña Jaunagana biurtzeko, eta erabaki dezu esan ditugun neurri oek artzea benaz, eta arreta andiarekin, Jaunaren grazian irauteko: baña zer gertatu oi da? Banakaren batzuek ez, beste guziak bekatura biurtzea, eta bearbada len baño ere geyago bekatuaren bideetan amiltzea. Au gertatzen da, zeren alde batetik lagun gaiztoak, eta bestetik bere gura txarrak estutzen duen bekataria, eta izutzen duan beti oen kontra guda, edo gerran ari bearrak. Au bera zuri ere gertatuko zatzu, Kristaua, Zerurako bidean arkituko dituzun nekeak izutzen bazaitue. Baditu bide onek bere aldapak, baña andiagoak dita bekatuarenak. Zerurako bidean arkitzen diran nekeak arintzen, eta gozatzen ditu Jaunaren laguntzak, eta berak esaten dizu Abrahani esan ziona: Ni naiz zure laguntzallea: Ego protector tuus sum; baña bekatuaren bidean dabillenak ez du onelako gozagarririk arkitzen, eta gozagarrien lekuan arkitzen ditu aranza, eta illuntasun izugarriak. Zerurako bidean gogoz dabillenak, begiratzen dio, Jaunak agintzen dion sari andiari, eta aditzen du, Jaunak diola: Ni nerau naiz zure sari, txit andia, edo andiegia: Et merces tua magna nimis, eta alaitzen da Zerurako bideari jarraitzeko: baña bekatuaren bideetan bizi danak ekusten du begien aurrean betiko su, eta garren lize izugarria, eta ara dijoala ezaguturik, beazun biurtzen zaizka emengo atsegin guziak. Izutu etzaitezen bada zu, Kristaua, Zerurako bidean igaro bear diran nekeakin, itzegin nai dizut gaur, Jaunak zuretzat prestatu duan sari miragarriaren gañean. Enzun, Kristaua, arreta andiarekin.

 

* * *

 

        Eraman zuan beñ Jaunak S. Paulo Apostolua Zerura, eta erakutsi ziozkan ango zenbait gauza miragarri, eta andik etorri ondoan etziakian zer esan, eta arrituaren eran zion: ez begiak ekusi, ez belarriak aditu, ez gizonaren adimentuak iritsi du, nolako ondasunak, eta saria prestatu dituan Jaunak bera amatzen duenentzat (1.ª ad Corint. c. 2). Emendik igerri dezakezu, guziz andi, eta miragarria dala zuretzat Jaunak prestatu duan saria, baña are obeto au bera ezagutuko dezu, begiratzen badezu, nolako tokia prestatu dizun: nolako zori ona gorputzarentzat, eta nolakoa animarentzat.

        Nolako tokia ote da, Jaunak prestatu dizun au? Au da Zeruko Jerusalen. Erri onetan dauka Trinidade guziz Santak bere jarleku, edo tronua. Erri onetan bizi da gure Salbatzalle Jesus maitagarria, eta Birjiña txit Santa gure bitarteko, eta Ama gozoa. Erri onetan Aingeru, ta anima on guziak. Erri onetan bizi eta biziko diranak guziak izango dira Jaungoikoaren beraren Semeak: filij Excelsi, eta oetatik bakoitza munduko erregerik andiena baño andiagoa izango da.

        Erri onen anditasunak ez du muga, eta neurririk. Zori oneko bakoitzari emango zayon lekua lur guzia baño andiagoa izango da. Orregatik arrituaren eran dio Baruk Profetak: O Israel, zeñ andia dan Jaunaren etxea, eta beraren ondasunen tokia! O Israel, quam magna est domus Dei, et ingens locus posesionis ejus! Andia da bai eta ez du bukaerarik: Magnus est et non habet finem (c. 3).

        Andia dan eran ederra da erri au. Erakutsi zion Jaunak S. Juan Ebanjelistari edertasun au: eta ekusi zuana guri adirazteko, baliatzen da Santua emengo arri eder, urre, eta kristalen izenaz, ez zeren an arkitzen diran gauz oek, baizik zeren oen edertasunak laguntzen duan, igerritzeko, nolakoa izango dan Zerukoa. Jarri, zaite, Kristaua, gau argi, batean Zeruari begira. Zeñ eder, eta apaindua ez dezu ekusiko? Zer ote da zuk ekusten dezun toki eder ori? Ori ez da zure erriaren ataria baizik. Zoaz gorago, eta arkituko dituzu zure erriaren murallak, eta arriturik geratuko zera oek ekustean. Amabi arri-errenkada guziz ederrekin altxatua dago muralla au. Lenengo errenkada da jaspe añ garbia, non kristalari bezala igarotzen zayon argia. Bigarren errenkadak du Zeru-kolorea, eta S. Juanek deitzen dio Safiro. Irugarren errenkada da brasa erazekiaren anza duana,.eta deitzen dio S. Juanek kalzedonio. Laugarren errenkada da Esmeralda. Bostgarrena zurigorria, eta deritza Sardonix. Seigarrena da, Sardio deritzan, arri eder bat. Zazpigarrena da urrearen kolorea duana, eta deitzen dio S. Juanek Krisolito. Zorzigarrena da berde-anzekoa, eta deitzen dio S. Juanek: berilo. Bederatzigarrena da topazio, berde, ta oria. Amargarrena Krisofraso, urre-anza duana. Amaikagarrena jazinto, jazmin kolorea duana. Amabigarrena Amelisto, argi egiten, eta distiatzen duana alde guzietara. Arri-errenkada bakoitzak izango ditu milloika leguak, eta alaere arri osoakin egiña da: igarotzen zate batetik bestera argia, eta distiatzen due era miragarrian.

        Eta erriaren murallak añ eder, eta zoragarriak badira, zer ta nolakoa izango da erria bera? Sar zaite muralletatik aurrera. Ekusiko dezu Jaunak bere adiskideentzat egiña daukan bizi-leku miragarria. Erri au lau eskiñakoa da, dio S. Juanek: Civitas in quadro posita est: Iau alde berdiñak ditu, eta bakoitzean iru ate. Ate bakoitza margarita deritzan arri ederrarekin egiña da, ez puskaka, baizik arri osoarekin, eta ezin adirazi diteke, nola distiatzen duen amabi ate oek. Beti daude idikiak Jaunaren graziaren soñekoarekin dijoazen guzientzat. Zoaz ate oetatik barrena, zer ekusiko dezu? Ekusiko dezu, erri guzia dala urre garbi, ta kristalaren eran argi egiten duana, S. Juanek dionez: Ipsa vero civitas aurum mundum, simile vitro mundo. Ekusiko dezu, erria ezezik kale, eta plazak ere, era berean urre uts, eta garbia dirala: Et platea civitatis aurum mundum. Ekusiko dezu Jaunaren bildotsaren, edo Jesusen jarlekutik zabaltzen dala ibai bat erri guzia umantzen duana. Ibayaren alde bietatik daude bizitzaren arbolak, eta oek illoro emango ditue fruta berri, eta gozoak, añ indar andikoak, non ayenatuko litukeen eritasun guziak, eta eriotza bera ere, baldin onelako gauzarik an izan baliteke. Ekusiko dezu atzenean, erri ark ez duala eguzkiaren, illargi, eta izarren bearrik, zeren Jaunaren bildots Jesus maitagarria dan ango eguzki, eta argia: Civitas non eget sole... et lucerna ejus est agnus (Apoc. 21). Ekusten dezu, Kristaua, nolako tokia prestatu dizun Jaunak? Begira orain, nolako zori ona prestatua daukan zure gorputz orrentzat.

        Gorputza animaren laguna da, onek Zerurako bidean egiten dituan obra on guzietan. Orregatik emango dio Jaunak dagokan zori ona, apaintzen duala janziera guziz ederrarekin, eta betetzen atseginkontentu garbiakin.

        Apainduko du bai Jaunak doatsuaren gorputza janziera guziz ederrarekin, edo lau doairekin. Lenengo doaya da argitasuna. Añ argi, ta ederra geratuko da doatsuaren gorputza, non eguzkiaren eran argi egingo, eta distiatuko duan, S. Mateok dionez: Tunc justi fulgebunt sicut sol. (Math. 13). Eta S. Agustiñek dio, eguzkiak baño azkoz geyago argi egingo duala. Bigarren doaya: len ilkorra zan gorputza ez ilkor egitea. Alako sasoyan geratuko da doatsuaren gorputza, non ez beroak, ez otzak, ez puzorik gaiztoenak, ez eritasunak, ez eriotzak kalterik egingo dioen. Ala esaten digu S. Juanek: Mors ultra non erit, neque luctus, neque clamor, neque dolor erit ultra (Apoc. 22). Irugarren doaya: len añ astuna zan gorputza, añ ariña geratuko da, non begien itxi-idiki batean joan litekean noranai, gogorazioaren eran. Au aditzera ematen digu Isayasek, dionean, artuko ditue egoak arranoak bezala, egatuko dira, eta ez dira aunatuko: Asument pennas, sicut aquilae, ambulabunt, et non de ficient (Isayae 40). Laugarren doaya: añ me, ta garbi geratuko da gorpotza, non ezerk eragotziko ez dion nonnai sartzea, eta nondiknai irtetea. Ala Jesu-Kristo sartu zan Apostoluetara, oek zeuden etxeko ateak itxiak arkitzen baziran ere. Lau doai oekin apainduko du Jaunak doatsuaren gorputza. Janziera au ez da beñere zartuko, ez urratuko, eta onen aldean itsusiak dira emengo janziera guziak.

        Ez da kontentatzen Jauna doatsuaren gorputza añ argi, ta eder ipintzearekin, baizik bete, edo aseko du atsegin, eta kontentu garbiz. Zure begiak, Kristaua, nekatzen dira oraiñ, bekaturako bidea dakarten gauzai ez begiratzean; eta neke pixka onegatik emango die Jaunak sari txit andia. Ekusiko dezu Jaunaren erriko edertasun guzia. Añ andia da au, non ekusiko bagendu, ez giñake oroituko jateaz, ez edateaz, S. Bizente Ferrerrek dionez. Ekusiko dituzu ezin konta al doatsu, Eguzkiaren eran argi egingo duenak. Milloiak, eta milloien milloiak izango dira doatsu oek, eta bakoitzak Eguzkiak bezala argi egingo badu, nork esan, nolako atsegiña izango dan zure begientzat oen edertasuna ekustea? Ekusiko dezu Birjiña txit Santa Jaungoikoaren, eta zure Ama maitagarria bere Semearen aldean, añ ederra, non pozik emengo neke guziak igaro gintzakean bera ekuste utsagatik. Eta zer izango da Jesus ekustea?

        Zure belarriak, Kristaua, nekatzen dira, itz loiak, ipui desonesto, eta lagun urkoaren kontrako eleberriak aditzeko bidetik kentzen dituzunean; baña neke onegatik betiraunde guzian egongo dira atsegin, eta pozez llilluratuak bezala, Aingeruen soñu eta kantak enzuten. S. Franzisko Asis illuntasun, eta tristuraz betea arkitzen zan beiñ. Agertzen zayo Aingeru bat txerrebeta batekin, eta Santua alaitzeko, asitzen da soñua jotzen, añ gozotoro, non ilko zan pozez, utzi ezpalu Aingeruek soñua jotzea. Ez dira aspertuko zure bellarriak Aingeruen soñu, eta kanta gozoak aditzez, eta milloika joango zaizkitzu urteak, denbora-apur bat baizik ezpalira bezala. Au ederki adirazten digu Leiren Nafarroako erreñuan, gertatu zan mirari batek. Dabidek kanta batean dio: Jauna, milla urte zure begien aurrean, atzo igaro zan, eguna bezala dira (Psalm. 59 v. 41). Leireko Erlijioso batek ezin aditu zuan, zer esan nai zuen Dabiden itz oek, eta erregutu zion Jaunari, aditzera eman zegiola Dabidek itz aetan zionaren ezaguera. Konbentuaren aldean aditu zuan Karnau, edo beste txoriren baten kanta txit gozoa, eta kanta oni zerraikala, sartu zan basoan barruna. Geroago, eta gozoago zeritzan kantari. Iru ordu bezala bere ustean igaro zituan txoria aditzen. Biurtu zan Konbentura, eta arriturik geratu zan, ekusirik, etzala Konbentua lenekoa, ez eta Erlijiosoak ere. Abade, edo buru zanak galdetu zion, noiz irten zan Konbentutik? Eranzun zion: iru ordu bezala izango zirala. Galdetu zion berriz: nor zan orduan Konbentuko buru? Urlia, esan zion. Eta nola da zure izena? Esan zion bere izena. Orduan begiratu zituen Konbentuko liburuak, eta ekusi zuen irureun urte zirala, Erlijiosoak zion urlia ura Konbentu artako buru zala: eta an ukitzen zan, nola Erlijioso bat korutik irten zan, eta geroz aren berririk etzan izan. Arriturik geratu ziran guziak. Agindu zuan Abadeak, ekarri zegioela Jauna Erlijioso ari: artuta bereala il zan. Orra, Kristaua, nola milloika urteak joango zaizkitzun, Aingeruen soñu, eta kantak aditzen batere aspertu bage. Begi, ta belarriak bezala, gañerako sentiduak ere atsegin garbiz beteko ditu Jaunak. Eta onelako zori ona prestatu badu Jaunak gorputzarentzat, nolakoa prestatuko zuan animarentzat? Au da oraiñ al degun bezala begiratu bear deguna.

        Ni, ni nerau naiz, esaten dizu Jaunak; ni zure lagunzallea, ni zure sari andiegia: Ego Protector tuus sum, et merces tua magna nimis. ltz oetan Jaunak aditzera ematen dizu zure animaren zori on, edo doatasun guzia. Ozta zure anima bere Jaunagana joango da, agertuko dizu bere izate guziz eder, eta maitagarria. Agertuko dizu, nola dan Jaungoiko bat bakarra, eta denbora berean iru Persona, Aita, ta Semea, ta Espiritu Santua. Agertuko dizu, nola Semea betiraunde guzian jayotzen dan Aitaren adimentutik, eta nola Espiritu Santua datorren Aitagandik, eta Semeagandik. Agertuko dizkitzu bere edertasun, eta perfekzioak, eta munduan izan, eta izango diran Teologo guziak baño jakintsuago egiña arkituko zera. Ni naiz esango dizu, zure zori on, eta saria: Ego merces tua magna nimis. Edertasun baztergabe ura dakusanean, nolakoa geratuko da zure anima? Amatuko du biotz guzitik, eta añ sendoro, non amatzez aspertuko ez dan betikotasun guzian. Ekusiko du, edertasun baztergabe ura duala bere saria, beti-betiko, eta galtzeko perillik gabe. Emendik zure anima bete, ase, eta inguratuko due alde guzietatik, Jaunaren edertasunak bidalduko diozkan, atsegin, eta kontentuen ujolak. Orregatik esaten digu S. Juanek, erakutsi ziola Jaunak, nola beraren jarleku, edo troinutik jayotzen zan ur biziaren ibai bat: eta ibai onek aditzera ematen ditu Jaunaren edertasunagandik doatsuai datozkien atsegin ugariak. Jauna, zure etxeko ondasun, eta atsegin-kontentuen ugaritasunak aseak, eta ordiak bezala utziko ditu doatsuak, esaten zion Dabidek Jaunari: atsegiñen ujolak alde guzietatik inguratuko ditue: Inebriabuntur ab ubertate domus tuae: et torrente voluptatis luae potabis eos (Psalm.35). Orra, nere Kristaua, nolako zori ona prestatu dion Jaunak zure animari.

        Bildu itzazu oraiñ aditu dituzun gauzak itz gutxi oetara: nolako tokia prestatu dizun Jaunak: nolako zori ona gorputzarentzat, eta nolakoa animarentzat, eta ezagutuko dezu, andiegia dala Jaunak bera amatzen duenentzat prestatu duan saria: Merces tua magna nimis. Atozea, eta sari oni begiraturik, ez ote zera alaituko Zerurako bidean, Jauna amatzeko, eta serbitzeko egin bear diran gauzak egiteko? Ez ote diezu leyalki eranzungo, bederatziurren onetan egin dituzun asmo onai? Jaunari nai dakiola, onetarako lagunza ugariak guri ematea, eta guziok iristea betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa