www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Adierazten da Jaunaren Legeko irugarren Agintea, Eliz Ama Santak erakusten digun eran.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian asi giñan Jaunaren legeko irugarren agintea azaltzen. Ekusi genduan orduan, onratu bear degula gure Jaun, eta Jaungoikoa ez biotzez, eta barrendik bakarrik, baita kanpotik ere. Ekusi genduan gañera, nola au egin izan zuen anima onak lege naturalean, au da, munduaren asieratik letraz ezarritako legea Jaunak eman artean. Ekusi genduan atzenean, nola au egin zuen lege zarraren denboran. Etorri zan Jesus Munduaren Salbatzallea, eta guri ongi naiez eman zuan gurutzean bere bizitza. Ordutanik aitu ziran lege zarreko zeremoniak, jaiak, Sakrifizio, eta doaiak, baña etzan aitu, eta ezin aitu zitekean, gure Jauna onratzeko degun, egin-bidea. Aitu zan larunbataren jaia, baña geratu zan Jauna onratu bearra, baña zer egunetan, eta nola au egin bear zan, etzuan erabaki Jesusek, baizik utzi zuan Apostoluen, eta Elizaren eskuetan: eta oek larunbataren lekuan, autu zuen igandea; igandean alabaña asi zan munduaren obra andia: igandean piztu zan Jesus, igandean jatxi zan Espiritu Santua Apostolu Santuetara, eta igandean barreatu zuen Apostoluak Jerusalenen Jesu-Kristoren legea. Igandeaz gañera Apostoluak, eta Elizak ipiñi zituen beste jai asko, batzuek osoak, besteak jai erdiak. Etzan asko guk Jauna onratzeko, onetarako egunak siñalatzea, erakusten ezpazitzakun egun oetan egin bear deguna. Orregatik agindu zuan Elizak, enzun dedilla Meza, eta ez dedilla egin lanik premia bage, osoa bada jaia. orra zer dan Jaunaren legeko irugarren agintea, Eliz Ama Santak erakusten digun eran. Galdetzen da dotrinan: Zein da irugarren agintea? Eranzuten da: jai egunak santifikatzea. Jaiak nork santifikatzen ditu? Meza osoa enzun, eta lanik premia gabe egiten ez duenak. Gaur ekusi bear degu, lenengo lekuan, zer egin bear degun, aginte oni eranzuteko. Urrena, Meza osoa enzun, eta lanik ez egite utsa asko ote dan Eliz Ama Santak gugandik nai lukeana egiteko? Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        Irugarren agintea da jai egunak santifikatzea. Onetarako lenengo lekuan bear dana da Mez-osoa enzutea. Beartuak daude au egitera, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartu diran Kristau guziak.

        Enzun bear degu bada, nere Kristaua, Meza osoa: emendik bere naiez, edo kulpaz utzitzen badu batek Mezaren zati, edo puska andi bat, egiten du bekatu larri, edo mortala. Baña noiz esango ote da, puska andia dala utzi dana? Ez dago onetan gauz erabakirik, baña askoren iritzia da Mezaren asieratik Epistola bukatu artekoa ez dala gauz andia, eta era berean Apaizaren Komunioaz geroztikakoa. Gertatzen da zenbait aldiz, Mez osoa enzuteko erarik ez izatea batek, baña bai puska bat. Orduan enzun bear du puska au.

        Ez da asko Mez osoa nola nai enzutea, baizik enzun bear da ongi, au da modestiarekin, eta zer egiten degun oartuak gaudela. Baldin Mezako denbora igarotzen bada erausian, lotan, edo batari, ta besteari begiratuaz, nola enzungo du onelakoak ongi Meza? Emen emakumeai itz bat. Ekusi dezue gerra onetan, nola andre arrotzak jartzen ziran gizonen alkietan, eta gizartean: gaizki da au, eta beragatik Eliz Ama Santak beti nai izan du, emakumeak bereziak egotea, ez gizartean: orregatik emakumeak sartu oi ziran Elizan berentzat Elizak markatzen zien atetik, eta ate au zaitzen zuan Diakonisa, edo serore batek: eta gizonentzako atea zaitzen zuan Eliz gizonen batek. Ekusi dezue gañera zenbait erri anditan, nola emakume batzuek apaindura andiakin indiolloak bezala estalkirik bage jartzen diran Elizan: au ere gaizki da, eta S. Paulok dionaren kontra. Egia da emengo emakumeak ez duela onenbeste zorakeria agertu, eta laudagarriak dira alde onetatik; baña beste arrotz txoraska oriek aienatu bear lirake Elizetatik.

        Atzenean txit ongi dirudian gauza da bakoitzak bere erriko Elizan Meza nagusia enzutea, era badu. Bere erriko Elizan diot. Anziñako denboran bakoitzak bere Elizan enzun bear zuan Meza, eta Apaizak Meza asi bear zuanean, otsegiten zuan, ote zan beste Elizakorik: baldin kanpokorik bazan, bidaltzen zuen bere Elizara. Esan det gañera bere erriko Elizan Meza nagusia enzutea, era badu. Ezin guziak Meza nagusira etorri ditezke, zeren etxeak iñor gabe ezin dautezkean; baña era duenak etortzea ongi dirudian gauza da; Meza nagusietan alabaña biltzen da erri bakoitzeko artaldea bere arzaiarekin Jauna alabatzera, beraren itza enzutera, eta ekusia dago zeñ ongi dirudian onelako Meza enzuteak. Gañera, Kristauen artean asko dira, edo Zerurako jakin bear diran gauzak ez dakizkienak, edo bekatuaren zingiradietatik irten nai ez duenak: onelakoentzat premiazko gauza da dotrinak, eta Jainkoaren itza enzutea, eta au iritsiko du Meza nagusietan. Baña zer gertatzen da? Premiarik andiena duenak iges egingo due Meza nagusietatik, eta goiz-Meza nolerebait ekusita ezkutatuko dira zuloren batean.

        Mez osoa enzutea gauza bearra da esan dedan bezala, bekatu larriaren azpian. Alaere bekaturik gabe utzi diteke zenbait aldiz. Lenengo lekuan, ezin, naita ere, enzun dezakeanean. Ala gertatzen da karzeletan dauzkeenakin, eta era berean itsasoan dijoazenakin. Bigarrena, gaixo, edo ongi sendatu gabea dagoanean bat. Irugarrena, heria zaitzen daudenak, besterik ezpada au ongi egin dezakeanik. Laugarrena, aur txikiak nori utzi ez duenak. Bostgarrena, izen onean bizi dan emakume batek, Meza enzutera irtetearekin galdu bear badu bere izen ona. Seigarrena, ezpadu soñekorik, eta lotsa andian bere burua ekusi bear badu, Meza enzutera joanda. Egia da, jende arlotea soñeko zarrakin ekusi arren, ez dala iñor miretsitzen. Zazpigarrena, kalte andi bage Meza ezin enzun badezakezu. Zorzigarrena, emakume aurregin berriak utzi dezakee Meza denbora puska batean. Birjiña txit Santak Elizara joatea utzi zuan eran. Lege zarrean emakume aur-egin berriak ezin sar zitezkean Elizan, garbiturik gera zitezen artean. Birjiña txit Santak etzuan zer ekusirik lege onekin; sortu zuan alabaña bere Semea Espiritu Santuaren obraz, eta egin zuan bere garbitasunaren kalte bage. Alaere berrogei egun igaro zituan Elizara bage. Orregatik Kristauen legean ere emakumeak, aurra eginda, egon oi dira denbora puska batean Elizara bage. Gai onetan gorde dezakee onzat emana dagoan usanza. Bederatzigarrena, etxe urrutietan bizi diran zarrak, eta aurdun diran emakumeak, eguraldi txarretan, batez ere neguan ez daude nere ustez beartuak Mezatara etortzera, geienetan beintzat; baña zuzen joateko gai onetan onena da Arzaiarekin, edo Konfesorearekin egotea, eta ark esaten diona egitea, ezin alabaña emendik neurtu ditezke ongi gauza guziak. Jauna, eta orduan Mezaren lekuan beartua egongo ote naiz obra onen batzuek egitera, nola diran errosarioa esatea, liburu onak irakurtzea, Akto fedeko, esperanza, ta karidadezkoak egitera? Ez, Elizaren aginteari uts-utsik begiratzen diogula, gizon jakintsu askok erakusten diguenez; baña nola beti gauden beartuak gure Jauna onratzera onena da, Mezatara ez datorrenak obra onen batzuek egitea, edo jaiean bertan, edo beste egunetan. Ala erakusten digue gizon jakinsu zenbaitek. Goazen oraiñ jai osoak santifikatzeko bear dan bigarren gauza.

 

* * *

 

        Nork santifikatzen ditu jaiak? Galdetzen du dotrinak: eta eranzuten du: Meza osoa enzunda, lanik premia bage egiten ez duenak. Baña lan guziak ez dira berdiñak, ez debekatuak.

        Lanak batzuek dira animaren, edo espirituaren aldetik datozenak. Onelakoak dira irakurtzea, eskribitzea, kantatzea, soñua jotzea. Gauz oetan animarena da lanaren geiena, eta berenez ez dira debekatuak jai egunetan ere; baña debekatzen ditu Elizak oetatik batzuek, egin dezagun kontu: Tribunalera deitzea, testiguai juramentu artzea, sentenziak ematea.

        Beste lan batzuek dira, gorputzaren nekea berezkiro eskatzen duenak, nola diran laian, edo atxurrean egitea, jostea, eunak eotzea. Lan oei deitzen dieza morroi, ta neskameen lanak. Oek debekatuak daude irugarren aginte onetan, baldin ezpada gauz oetakoren bat egiteko usantza, Elizak ontzat emana. Ala ekusten da erri andietan, erretzen dala ogia, iltzen dirala arakaiak, eta ez da au debekatzen premiari begiraturik.

        Badira beste lan mota batzuek, ez morroi, ta neskameenak bakarrik, baizik guziak egin oi dituenak, nola diran bidez ibiltzea, naiz oñez, naiz zaldiz, naiz gurdiz: era berean jana maneatzea, sua piztutzea: eta ez dago debekatua gauz oek egitea Kristauen artean, Juduen artean debekatuak izan arren. Baña emen gogoan arritzatzu, Kristaua, orain esatera noan gauz oek. Lenengoa: bidez ibiltzea, naiz oñez, naiz zaldiz ez dago debekatua irugarren agintean, gizon jakintsu geienak, edo alde aldean guziak erakusten diguenez; baña gaizki dirudi premia gabe eizera, edo arranzara joatea, Meza nagusia, eta bezperak esaten diran denboran. Bigarrena, askoren iritzian idi, eta mando kargatuakin jai osoan bideari ekitea debekatua dago, baña len asitako bideari jarraitzea egin diteke zeren bestela kalte andia izango litzakean ostatuetan geraturik egotea. Irugarrena, ekusten det, gure okin gaixoak asto kargatuakin jai osoetan ere irteten dirala alduen tokira ogi saltzera, eta ez naiz atrebitzen bekatutzat ematera, zeren ez duen bizitzeko beste modurik, eta beste aldetik ontzat emana bide dago usanz au. Debekatuak dira nondik naiak, edo feriak: alaere leku batzuetako premiari begiraturik ematen due Obispo Jaunak baimena, egunen batzuetan feriak egiteko. Debekatua dago gañera dendak idikiak idukitzea jai osoetan, baña ez da bekatu saltzea jateko, eta edateko bear diran gauzak; eta era berean denda itxia dagoala, egun oro bear diran gauzak, egin dezagun kontu zapatak, galzak, galzerdiak saltzea. Jai osoetan lan debekatuak egitea berez bekatu da, eta bekatu ez nola nai, baizik larri, edo mortala ordu bitik aurreratxo lana egiten bada, askok erakusten diguenez.

        Lanak, berenez debekatuak izan arren, egin ditezke batzuetan bekaturik bage, lenengo lekuan: kalte andiaren perilla danean. Bigarrena, baldin asteko nekearekin beretzat, eta umeentzat bear duana ezin bildu badu batek, orduan bere Arzai, edo Konfesorearen iritziarekin lana egin dezake batek ixilik. Irugarrena, gurasoak, nagusi, edo etxeko andreak premi estuan agintzen badizue lanen bat, egin dezakezu bekaturik bage; baña badira nagusi, eta etxeko andre batzuek añ anima bageak, eta herenkoiak, non bortxatzen dituen mirabeak lan debekatuak egitera. Mirabeak irten zaitezte lenbait len orrelako etxeetatik, eta onetarako erari ezpada bereala, zaute konfesorearekin, eta egizue erakutsiko dizuena. Laugarrena, erri batzuetan badira usanz ontzat artuak daudenak gai oentan, eta orduan usanzari jarritzea lan egitean ez da bekatu. Ala erri batzuetan Meza nagusi, eta bezperen denboraz landara, edo kanpora, amuarekin arranzan ibiltzea, eta era berean eizean, ez oi da gauz anditzat artu.

 

* * *

 

        Meza osoa enzun, eta lanik premia gabe ez egitea asko da irugarren Mandamentuaren kontra bekatu larririk ez egiteko, geienak erakusten diguenez; ez ordea Eliz Ama Santak gugandik nai lukeana egiteko; nai du alabaña guk emengo arazoak alde bat utzirik, jai egunetan guk gure animak garbitzea, obra onetan, eta Jaunaren alabanzetan egun oek igarotzea. Orregatik ipiñi ditu bezperak, errosario, dotrina, eta beste usanz on asko eta Eliz Ama Santak nai duana egin bearrean, jaiak igarotzen badira, animak galerazten, eta lizunkerietan: iges egiten bada jaunaren Itza enzutetik, errosario, bezpera, eta obra onetatik, zer esan diteke onela jaiak santifikatzeaz? Eta miretsiko gera Jaunak nekeren batzuek bidaltzeaz? Miretsi gaitezen beraren ontasun geiegiaz. Zentza gaitezen nozibait, eta gorde ditzakun beraren jaiak zintzoro, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa