www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da, Konfesioak berritzea, edo Konfesio jenerala ez dala, askok uste duen bezeñ, neke andiko gauza.

Urrena, ongi egiten danean, ekarri oi dituan ondasunak.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan, lenengo gauza da examiña: au da egindako utsegite, eta bekatuak gogora ekartzea. Batzuetan examina egiten da azkeneko konfesiotik, eta onen gañean itzegin det lenago. Beste batzuetan egiten da aurtasunetik, edo geroagotik, konfesioak berritzeko premiak eskatzen duan eran, eta onetarako modua erakusten du lenbiziko Komunioaren liburuak, eta are obeto igerriko du au premia duanak, Konfesorearekin lenago gai onen gañean itzegiten duala. Azkeneko Erakusaldian ekusi genduan, nola Konfesioak berritzea izan ditekean batzuentzat kaltetsua, beste batzuentzat txit ona, eta bestentzat premiazkoa, Zerurako bidean jartzeko. Oen artean izan oi dira batzuek añ jakiñezak, eta landugabeak, non uste duen, konfesioak berritzea, edo konfesio jenerala egitea dala gauz añ gaitza, edo neke andikoa, non aditze utsak ere izutzen dituan. Emendik dator, onelakoak bekatuan oatuak, eta Zeruaz etsiak bezala bizitzea. Au da etsayaren sarea, eta orregatik bekatari oentzat itzegin nai det gaurko Erakusaldi onetan. Aditzera emango det, konfesioak berritzea, edo konfesio jenerala ez dala, askok uste duen bezeñ neke andiko gauza. Aditzera emango ditut urrena, ongi egiten danean, ekarri oi dituan ondasunak. Enzun bekataria, arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Nor oroituko da bere denboran egin dituan bekatu guziaz? Eta nork esan guziak? Ez da au nere buruarentzat egindako lana. Onela itz egiten due bekatari batzuek, baña osotoro engañatzen dira. Au zuk argiro ezagutzeko, Kristaua, asko dezu begiratzea, zertara zauden beartua gai onetan.

        Zure bekatuen artean asko, eta geyenak dira benialak. Ona da oek ere aitortzea edo konfesatzea, baña ez da premiazko gauza, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala: zeren benialen barkazioa Konfesioaz kanpora, beste era askotara iritsi ditekean. Eta era onetan asko arintzen da Konfesioak berritzeko nekea.

        Bekatu larri, edo eriozkoak alegiñean gogora ekarri bear dituzu, eta zere biotzean arkitzen dituzun eran aitortu, edo esan bear dituzu. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak (ses. 14 cap. 5 de Paenit). Emendik atera ezazu, Kristaua, Konfesioak berritzea, edo Konfesio jenerala egitea askoz errazago dala, bekatuaz oroitzeko bururik ez daukeela dioen orientzat besteentzat baño, zeren gauza txit nabarben, eta andiak ez, beste guziak aztu zaizten. Atera ezazu gañera, ezpazera ongi oroitzen, zer gertatu zitzatzun, baña zerbait izan zala gai onetan, edo artan, asko dezula au esatea.

        Bekatu larri, edo mortalak aitortu bear dira beren zenbatezkoarekin alegiñean; esan nai det, ez dala asko esatea: egiñ det bekatu onelako Mandamenturen kontra, baizik esan bear da egiñ det bekatu Mandamentu onen kontra: onenbeste bider gogo, edo pensamentu utsez, onenbeste bider obraz, gisa onetan, edo artan: onetarako gauza bearra da zenbatezko au al dan eran gogora ekartzea. Demagun, eziñ oroitu zerala, onelako bekatu egiñ zenduan, edo ez, eta zabuan bezala zaudela egiñ nuan, ez nuan: esazu au, eta asko da. Demagun gañera, etzerala ongi oroitzen, onelako, edo alako bekatu egiñ zenduan, edo ez, baña etziñagoa zaudela bayetzkora: esazu au, eta asko da. Ezagutzen badezu examinan, Mandamentu baten kontra egiñ dituzula onenbeste, edo ainbeste bekatu, egin dezagun kontu zortzi juramentu gezurrezko, zortziak esaitzu, ez banaka baizik batean, baña zenbat ezagutu dituzun ainbeste, ez geyago, eta ez gutxiago. Ezagutzen ezpadezu, zenbat diran Mandamenturen baten kontra egindako bekatuak, baña bai gutxi gora bera, esaitzu gutxi gora bera onekin, eta asko da au.

        Askotan gertatzen da, bekataria ez oroitzea, zenbat bider erori dan Mandamenturen batean, zeren denbora luzean bizitu zan gaizki Mandamentu aren kontra, eta nola oroituko da, zenbat bider erori zan gogoz, edo pensamentuz, zenbat bider itzez, zenbat bider obraz, zenbat bider zabarkeriaz, eta zenbat bider jakiñ bear ziran gauzak jakiñgabez? Neke da onelakoak zenbatezkoa ezagutzea gutxi gora berarekiñ ere. Asko engañatzen dira onetan: aztutzen dira bearrenaz, edo egindako bekatuen damu egiazkoa sortzeaz; gau, ta egun ari dira zenbatezkoa billatzen: berotzen ditue buruak, eta jartzen dira zentzua galtzeko perill andian. Felipe bigarrenaren jauregiko zaldun batek artu zuan asmoa bere konfesioak berritzeko: igaro zituan amabost egun examina egiten: alegin guziarekin aritu zan kontu ateratzen, zenbat bider utsegin zuan Mandamentu bakoitzean, baña alperrik. Egin zuan bere konfesioa; baña nola esan etzuan, zenbat bider erori zan Mandamentu bakoitzean, alako kezka, eta illuntasunak inguratu zuen, non bularretik sartu zion bere buruari ganibeta, eta il zan; baña izan zuan denbora ezagutzeko bere utsegitea, eta sosegaturik il zan. Orra, zer dan zenbatezkoaren billa geyegi batek bere burua nekatzea. Badira beste batzuek gai onetan neke andirik ez duenak, eta zer esaten duen ongi begiratugabe, eunka, eta millaka bekatuak botatzen dituenak. Galdetu zion Aita Kalatayudek bati: Zenbat juramentu gezurrezko egin dituzu? Eranzun zion: Zortzi milia, eta lareun? Zenbat birau bota dituzu? Bederalzi milla, eta bost eun. Nork sinistuko die onelako bekatariai, examiña ongi egiñ, eta onela eranzuten duela? Emendik ateraezazu, Kristaua, ez dezula zere burua geyegi estutu bear, zeren bekatu larrien zenbatezkoa eziñ arkitu dezun: eta ez dezula nolanai esan bear: Onenbeste, edo ainbeste milla. Jauna, esango didazu: Nola bada bear bezala, eta bear adiña examiña egingo du denbora luzean gaizki zizitu danak, zenbat bider erori dan eziñ gogora bazayo? Ara nola. Lenengo lekuan: begira ongi, zenbat urtean gutxi gorabera gaizki bizitu zeran? Bigarrena: denbora orretan astean, edo illean bataz beste zenbat bider erortzen ziñan obraz, zenbat bider itzez, eta pensamentuz? Irugarrena: denbora orretan igaro ote ziran illa beteren batzuek bekatura gabe, zeren erarik izan etzan, edo zeren bizitza ontzeko asmo-erdiren batzuek izan zinduan. Laugarrena, seigarren Mandamentuaren kontrako bekatuetan, begira, aideakiñ, ezkonduakiñ, beste estadutakorekiñ ezer gertatu dan, eta zenbat bider, bekatu oek alabaña berezi bear dira besteetatik. Era onetan egiñ dezakezu examiña, zenbatezkoaren ondoren burua galdu gabe.

        Jauna, dio oraiñ urliak: ni oroitzen naiz, noizbait Mandamentu batean gaizki bizitu nintzala, baña eziñ gogora zat, zenbat denboran iraun zuan nere bizitza gaiztoak. Atozea, eta etzera oroitzen, denbora ori luzea, edo laburra izan zan? Oroitzen naiz, Jauna, igaro nuala denbora puskaren bat bizitza gaiztoan, baña eziñ esan dezaket geyago. Atozea, eta oroitzen zera, orduan egindako bekatuaz? Oroitzen naiz, Jauna, egiñ nituala denbora artan onelako, edo alako bekatu zenbait aldiz, baña ez naiz oroitzen zenbat bider. Jauna, esango du sandiak. Onenbeste urte dira, egiñ nuala nik konfesio jenerala: esan nituan ordurañoko nere oitura gaiztoak, eta sayatu naiz bizitza onari jarraitzera: baña askotan gertatzen zat, sermoyak aditu ondoan kezka etortzea: onelako, edo alako bekatu esan ote nuan? Atozea, eta etzinduan esan astean, edo illean gertatu zitzaizkitzun gauzak? Eta ez dezu ekusten, bekatu aetan sartua zegoala ori ere? Utgiezu bada kezka oriei. Besterik lizake, gogorako balitzatzu; esan zinduan oitura gaiztoetan sartu etzan, bekatu nabarbenen bat. Ta ala baliz ere, Konfesio jenerala egiñ zenduanetik urte asko igaro badira, esanzat utzi dezakezu. Jauna, esango du berendiak: nik egiñ nuan Konfesio jenerala, aurtasunetik asita oraiñ lau urterañokoa, nere, eta konfesorearen ustean ongi: baña sermoi, edo dotrinak aditzen ditudanean, gogoratzen zat, nik egiñ nuan onelako gaiztakeria, eta eztakit konfesio jeneralean esan nuan, edo ez. Ez oroitzea esan zenduan, edo ez, ez da asko, gauza zarrak irabiatzen ibiltzeko: eta eman dezakezu esantzat: eta askori debekatu bar zate osotoro lena berriz, eta berriz lena erabiltzea. Atozea, nola oroituko zera, zer; eta nola esan zenduan oraiñ iru, edo lau urte?

        Ekusten dezu, bekataria, konfesioak berritzea, edo Konfesio jenerala egitea, ez dala askok uste duen bezeñ neke andia? Ekusten dezu, buru gutxi daukanak errazago egiñ dezakeala, zeren egindako bekatuen erdiak, edo geyago osotoro aztu zaizkan? Utzi itzatzu bada aitzakiak, eta egizu, Zerurako bazera, nai, ta nai ez egiñ bearrean zaudena. Ukitu ditzakun oraiñ konfesioak berritzeak, ongi egiten danean, dakartzian ondasunak.

 

 

§ II.

 

        Ondasun oen artean lenengoa da ezagutzea bekatariak, zeñ eskergabea izan dan bere Jaun, eta Aita onarentzat. Ekusten du, egiñ zuala Aita onek Zerurako, eta Adanen bekatuarekiñ galdu zuala arako esku guzia. Ekusten du, utsegite au desegiteko, Aita Zerukoak bidaldu zuala lurrera bere seme bakarra; seme au egiñ zala gizon, eta bere bizitzaren kostuz irabazi zuala guretzat Zerurako eskua. Ekusten du, Aita onen kontra egiñ dituala ainbeste eskergabekeri itsusi. Emendik argiro ezagutzen du, nor, eta nolakoa izan dan bere Jaunarentzat. Konfesio bakoitzean ere nolerebait ezagutzen zuan au; baña askoz obeto konfesio jeneralean; zeren begien aurrean jartzen zaizkan bere denbora guzian egiñ dituan bekatu itsusi guziak. Orduan arriturik geratzen da, eta dio: Hau guzia egiñ nik! eta alaere itxedon dit nere Aita onak, Zerurako bidean jarri nadin! O Ontasun, eta urrikimentu paregabea!

        Bigarren ondasuna da, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko, asmo sendoak artzea. Gertatzen da Konfesioak berritzen dituan bekatariarekin, gazte jokalari batekin Erreñu onetan gertatu zana. Etxe aberats bateko semeak ederretsi zion jokoari. Jokatu oi zuan txartelez, mayean dirurik ipiñi gabe. Aitak geyegi nai zion, eta galduaren txartelak zetozenean, bereala ematen zuan dirua. Egun batean galdu zituan semeak amabi milla dukat, eta irabazleak bidaldu zion Aitari txartela, eta onek esan zuan: Amabi milla dukat galdu ditu nere semeak? Ez ditut pagatuko, bera ezpadator, eta kontatzen ezpadu dirua. Joan zan semea, eta esan zion Aitari, bere onra zijoakiola, galdu zuana pagatzean. Aitak erakarri zituan ogei, ta lau diruzorro, bost eun dukatekoa bakoitza. Zabaldu zuan dirua mai baten gañean, eta arriturik geratu zan semea. Au guzia jokatu det nik? esan zuan. Erantzun zion Aitak: Bai ene seme, eta laster gera gisa onetan hospitalean. Orduan esan zuan semeak: emen betiko bukatzen dira neretzat kartak: ez geyago jokorik. Eta nola esan, ala egiñ zuan. Au bera gertatzen da bekatariarekiñ, prestaera onarekin konfesio jenerala egiten duanean. Len etzan izutzen, bere bizitzari azaletik begiratzen zionean; baña konfesio jeneralean ekusten ditu bere bekatu guziak pilla batean bilduak, eta arriturik dio: Non zebillen nere burua, onenbeste bekatu itsusi egiñ nituanean? Ez geyago bekaturik, ez, Jaunaren lagunzarekin.

        Irugarren ondasuna da, bekataria askotan geratzea barrengo alaitasun, eta poz andi batekiñ; uztendu alabaña lertzeko zorian zedukan, bekatuen karga astuna. Ala zion batek konfesio jenerala egiñ ondoan. «Deritzat, zion, neregandik bota dedala karga bat eziñ irozo nuana, eta lertzeko zorian nendukana. Berrogei, ta amar urteren denbora luzean munduak eman dizkidan atsegiñ guziak utsa dira, oraiñ neregan daukadan, atsegiñ, eta gozotasunaren aldean».

        Atzenean Aita Zerukoak berriro artzen du onelako bekataria bere semetzat, apaintzen du bere semeari dagozkan soñeko, eta doai ederrakiñ, Ebanjelioko seme ondatzallea bezala, eta Zeruko Aingeruak egiten due festa andi bat. Au guzia aditzera emana utzi zuan Jesu-Kristok berak.

        Aditzen dezu au guzia, konfesioak berritzeko premian zauden, bekataria? Etzaitezela bada izan sorra, eta gorra: zoaz zere Aita onagana, txit ongi, eta gozotoro artuko zaitu: aztuko da zure eskergabekeriaz, eta zu nor bazera, emango dizu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa