www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Itzegiten da bekaturako bide, eta perill urkoen gañean.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan irugarren gauza da, bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Iru doai, edo kondizio eskatzen ditu asmo onek, eta dira: asmo osoa, bekatu guzietara, larrietara beintzat, zabaltzen dana, eta eragillea izatea. Asmo eragillearen izenez aditzen degu asmo bat, bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera, Neurri oen artean lenena da bekaturako bide, eta perill urkoak utzitzea. Gai onen gañean esan nuan zerbait azkeneko bi Erakusaldietan; baña askok bekaturako bide, eta perill urkoak ez ditue aintzakotzat artzen, bekatu txit itsusiak gertatzen ezpadira, eta aurrera dijoaz konfesio gaiztoetan, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, eta eragillea sortu gabez. Orregatik gaur itzegiñ nai dizuet bekaturako bide, eta perill urkoen gañean, ezagutu dezan bakoitzak, onelako perillean arkitzen dan, edo ez, eta artu dituan bizitza onaren neurri egokiak. Enzun arretaz, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Mundu au guzia, ongi begiratzen bazayo, ekusiko da bekaturako bidez, eta sarez betea. Zoaz lagun artera, zoaz bakardadera, zoaz noranai, guzia perillez betea dago, dio Leonek: Plena omnia periculis, plena laqueis. Geyenak, edo beintzat asko bekaturen baten sarean atxituak dauzka etsayak, eta alaere kezkarik gabe bizi dira, zeren igerritzen ez duen, nola dauden, edo zeren saretik irten nai ez duen. Orregatik gauza bearra da Kristauari adiraztea, zer, eta zenbat gisatara dan bekaturako bide, eta perilla.

        Bekaturako bide, edo perillaren izenez aditzen da artarako bidea ematen duan edozeñ gauza: eta emen gogoan arritzatzu bi gauza. Lenengoa: bekatuaren izenez ez dezu aditu bear obrazkoa bakarrik, baizik gogoz edo pensamentuz, itzez, eskuz, eta edozeñ gisatan egiten dana. Emendik atera dezakezu, gazte ergelak gaitzeronz kolokatzen asitzen diranetik zentza ditezen artean, bizi oi dirala bekaturako sareak eotzen dabiltzan leku guzietan, ala berentzat, nola beste askorentzat. Ez dira bearbada erortzen azkeneko bekatuan; baña gañerakoaz ez due ardura andirik. Bigarrena: bekaturako bide, eta perilla izan diteke, ez seigarren Mandamentuan bakarrik, baita beste Mandamentuetan ere. Ala batzuentzat edaria saltzen dan tokira joatea izan oi da orditzeko, edo etxekoai naigabe andiak emateko bide, eta perill andia; beste batzuentzat jokoa; batzuentzat saldu-erosia; besteentzat alperkeria: eta besteentzat beren estadu, eta bizimoduan dituen eginbideaz azturik bizitzea. Orra, nola edozeñ Mandamentutan arkitu ditekean bekaturako bide, eta perilla.

        Bide, eta perill au bata da urrutikoa, eta deitzen zayo onela, zeren beregandik urruti daukan bekatua, eta gutxitan amilderazo oi duan artan. Ekusten dezu gizon, edo emakume bat ongi janzia: ekuste au uts-utsik, edo beste salsagarrigabe, bekaturako bide, edo perrill urrutikoa da, eta etzaude onelako perilletatik igesegitera beartua; bestela irten bearrak giñake mundu onetatik, S. Pablok zion bezala (1.ª ad Corint. 5).

        Bekaturako beste bide, eta perilla da bitartekoa, au da ez osotoro urrutikoa, eta ez urkoa, baizik bien artekoa. Demagun, urlia urte beteren barrunbean erori dala sandiarekin eskuka jolas itsusietan lau, edo bost bider, eta bizi dirala etxe batean biak, edo elkar erraz topatu dezakeen tokian. Edozeñek dakus perill au ez dala osotoro urrutikoa, eta beste aldetik ez dirudi guziz urkoa, zeren gutxitan erori dan. Bekaturako bide, eta perill bitarteko oek batzuetan kalte geyago dakarde, perrill argiro urkoak diranak baño: zeren oei adiña ardura, eta arretarekin begiratzen etzaten, eta laster azitzen, eta perrill urko biurtzen dira. Zer egiñ bear da onelako bekatariarekin? Gizon jakintsu batek dio, lenengo aldian eman dagikeola absoluzioa, baldin bekaturako bidea uzteko itza benaz ematen badu; baña urrengoan etzayola eman bear, ezpadu bekaturako perilla utzi, edo bizitza obetu.

        Irugarren bekaturako bide, edo perilla da urkoa. Deitzen zayo urkoa, zeren bide edo perill onetan jartzen dana, edo dagoana sarritan erori oi dan, edo beintzat erortzeko perill andia dan, sayets guzietara begiratu ezkero. Demagun jai egunetan biltzen dirala an, edo emen mutillak, eta neskatxak. Aritzen dira denbora puska batean jokoan, baña ondoren, edo bitartean izan oi dira izketa loyak, keñada lotsagarriak, edo beste jolas gaiztoak. Onelako bilgui, edo batzarreetara joatea da bekaturako bide, eta perill urkoa. Onelako etxeetan gertatzen dana bera gerta diteke, festara, triskara, eta lagun gaiztoetara joatearekin. Itz batean: alde guzietara begiraturik, bekatuan erortzeko perill andia badezu, orduan zuretzat izango da bekaturako bide urkoa.

        Bekaturako bide, eta perill urkoa batzuetan da borondatearen kontrakoa, esan nai det, naita ere eziñ batek utzi dezakeana, beinzat kalte andigabe. Sartzen due bat karzelan, gerra onetan askotan gertatu dan eran, gizon edo emakume gaiztoen artean: sarritan eragiten diozkee bekatu-mota asko. Bekaturako bide, eta perill au urkoa, baña borondatearen kontrakoa da, zeren naita ere, eziñ onela dagoanak aldekiñ dezakean. Arkitzen da bestea bere gurasoen etxean, eta etxapean du bekaturako bide, eta perill urkoa: alde guzietara begiraturik ez bera, ez beste urlia irten diteke etxetik, onran, edo beste ondasunetan kalte andiak etortzen ez dirala. Bekaturako bide, edo perill urko au ere da borondatearen kontrakoa, zeren kalte andigabe eziñ utzi dezakean, utzi nai izan arren, esandan bekatariak. Galdetu oi da, zer egiñ ditekean onelako bekatariarekin, konfesatzera datorrenean? Batzuek erantzuten due, absolbitu ditekeala lenbiziko konfesaldian, baldiñ damuaren, eta bizitza ontzeko asmo osoaren siñale onak agertzen baditu, eta prest arkitzen bada bear diran sendagayak artzeko. Artzen du era onetan absoluzioa, baña ez du obetzen bizitza, eta ez du sendagayak artzeko arretarik ipiñi. Orduan etzayo absoluziorik eman bear, bekaturako bidea utzi gabe. Beste batzuek S. Karlos Borromeorekin erakusten due, lenbiko konfesaldian ere etzayola absoluziorik eman bear, komuniorako estutasun andiren bat ezpada.

        Bekaturako beste bide, edo perill urkoa da borondatezkoa. Deitzen zayo onela, zeren ala nai izatera, kalte andi gabe utzi dezakean bekatariak: eta onelakoak izan oi dira geyenak. Gerta diteke, gauza bat gaiztoa ez izatea, eta alaere urliarentzat, edo sandiarentzat bekaturako bide, eta perill urkoa izatea. Ezkonza, eta errietako karguak berenez onak dira, baña askorentzat izan oi dira bekatuan bizitzeko perill urkoa. Orregatik aldegiñ bear degu guretzat perill aundia dakarten gauzetatik.

        Bekaturako bide, eta perilla urkoa izateko, ez da gauza bearra sarritan bekatuan erortzea, era, eta denbora egokia danean erortzen bada bat. Urtean beiñ da iñuteria, eta urtean beiñ izan oi dira errietako festak; eta alaere denbora oek askorentzat dira bekaturako bide, eta perill urkoak. Gañera gerta diteke bekaturako bide, eta perilla izan diteke norbaitentzat urkoa artean bekatuan erori ezpaliz ere, baldiñ sayets, edo alde guzietara begiratuta,perill andia bada. Jose anziñakoa, Jakob Patriarkaren semea, etzan etxekoandriarekin bekatuan beñere erori, baña zegoan etxean bizitzea, izan zitekean bekaturako bide, eta perill urkoa, zeren orpoz orpo zerraikion etxekoandrea bekatu eragiteko. Orregatik aren atzaparretan utzi zuan kapa, eta iges egiñ zuan etxetik. Au bera egiñ ber due serbitzariak, naiz mutillak, naiz neskatxak, dauden etxean bekaturako bide, eta perill andia badue. Galdetu oi da, bekaturako bide, eta perill urkoan arkitzen bada bat, eta kalte andigabe utzi lezakeala utzi gabe badijoa konfesatzera, absolbitu ditekean, lenengo aldian bederik? Bayetz dioe, eriotzako orduan, baña nola orduan ere? Bekaturako bidea esanmesagabe eziñ bota badite bereala. Baña gauza barreatua danean, aurrena kendu, edo bota bearda bekaturako bidea, eta gero da Sakramentuak ematea. Onelako estutasunaz landara, edo kanpora, etzayo absoluziorik eman bear, bekaturako bide, edo perilla utzi, edo bota dediñ artean, S. Karlos Borromeok dionez.

        Bekaturako bide, eta perill urkoan dagoanak konfesioan aitortu beardu, zer perillean arkitzen dan. Egizu kontu, zuretzat arako festa aetara joatea, triskan, edo danza-sartzalle ibiltzea izan dala jolas itsusietarako bidea, eta oraingo konfesaldian erori zerala zenbait aldiz jolas oetan. Jolas oek konfesatzeaz gañera esan bear dezu, Jauna: neretzat festa artara joatea, triskan ibiltzea, edo urliarekin aua zabaldurik bakarrik egotea izan da bekaturako bidea. Era onetan Konfesoreak igerriko du, nondik, eta nola datorren zure gaitza, eta ipiñiko dizu sendagaia bear dan tokian: ezagutuko du gañera, nolakoak izan diran leneko konfesioak. Baña zer gertatzen da askotan: ezkutatzen du bekatariak bere zauriaren sustraya; sendagayak ipintzen zaizka azaletik; geratzen da bere oñean sustraia, edo bekaturako bidea, eta ez da sendatzen eria.

        Orra, Kristaua, zer, eta zenbat gisatara dan bekaturako bide, eta perilla, eta emendik erraz ezagutu dezakezu, artarako bide, eta perill andian zauden, edo ez. Ezpazera arkitzen onelako perillean, bizi zaite ernai, aurrera ere kate onelakoan zere burua ez ipintzeko; bestela erraz engañatuko zera; ala gertatu zitzayon Dabidi. Baña bekaturako bide, eta perill urkoetan nastua bazaude, ez dago konfesio onik bide oek uzteko biotzik ezpadezu. Urra itzatzu bada kate oriek, solve vincula: arrezazu bizimodu on bat, eta onela iritsi dezakezu oraindañoko utsegiteen barkazioa, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa