www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMASEIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO
BOSTGARREN AGINTEARI DAGOKANA

 

Ukitzen dira, gizonak gorputzaren aldetik duan,
bizitzaren kontra gertatu oi diran, bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian asi ninzan Jaunaren legeko bostgarren agintearen gañean itzegiten. Aginte onetan Jaunak dio: Ez dezu iñor ilko: Non occides, eta dotrinan esaten degu: Bostgarrena iñor ez iltzea: eta azaldu nituan itz oek. Au egiñ ondoan bereala aditzera eman nuan, zer egin bearrak geran bostgarren Agintea gordetzeko. Esan genduan orduan, bi bizitza dituala gizonak, gorputzarena bata, eta animarena bestea: eta gaur ukitu uste ditut, gorputzaren aldetik duan, bizitzaren kontra gertatu oi diran, bekatuak. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        1. Begira, Kristaua, benaz, edo ziñez amatu ote dituzun zure lagun urkoak, oen artean zure etsaiak? Au agintzen digu Jaunak, esaten digunean: amatuko dezu zure lagun urkoa zere burua bezala: eta Jesusek dio gañera: Nik esaten dizuet: maite izan itzazue zuen etsaiak (Math. 5). S. Joanek beste aldetik esaten digu: bekatuan illa dagoala, bere lagun urkoa amatzen ez duana: Qui non diligit, manet in morte (Joan. 5).

        2. Begira, opa izan ote diozun zure etsai orri Zerua, eta arako bidean on izango duan guzia, dala osasuna, dala onra, eta beste edozeñ ondasun? Au opa ezpadiozu, ez da zugan lagun urkoetarako onginai, eta amorio egiazkorik, eta bizi zera bekatu larrian: Qui non diligit manet in morte.

        3. Begira sarritan egin ote dituzun lagun urkoetarako onginai, eta amoriozko Aktoak? S. Pedrok esaten digu, elkarrekin bizi gaitezela beti onginai, eta amorioan: Mutuam in vobismet ipsis charitatem continuam habentes (1 Petri 4). Orregatik erakutsi digue gizon jakintsuak, lagun urkoetarako onginai, ta amorio onek irauteko, sarritan berritu bear dala, karidadezko Aktoak egiñaz. Eta ona zergatik au erakusten dan goiz arratsetako jaieran. Egia da bizitz onean diardunak sarritan berritzen duala onginai au Aita gurea, eta Santa Maria esatean, baita beste denbora askotan ere.

        4. Begira, zure biotza prest egon ote dan, zure etsaiari on egiteko, zere kalte andi bage dezakezunean? Au agintzen digu Jesus onak esaten digula. Nik esaten dizuet, egin degiezuela aldezuen ongia gorrotatu zaituenai ere: Befefacite his qui oderunt vos (Math. 5). Eta S. Juanek dio: ez ditzakula amatu lagun urkoak itz utsakin, baizik obraz (1 Joan. 3). Sasoi onetan bizi bear du Kristauak, Santo Tomasekin guziak erakusten diguen bezala; bestela ez da egiten konfesio onik. Sasoi onelakoan bizitu ote zera, Kristaua?

        5. Begira, prest egon ote dan zure biotza, etsaiari barkatzeko egin dizkitzun txarkeri, ta bidegabeak, eta benaz, edo ziñez barkatu ote diozkatzun? Au egiten ezpadegu, nola esaten diogu gure Aita Zerukoari: Barka zaizkigutzu gure zorrak, guk gure zorduani barkatzen dieztegun bezala? Barkatzen ezpadiezue zuek lagun urkoai, ez dizkitzue zuei ere barkatuko Aita Zerukoak zeren bekatuak, esaten digu Jesu-Kristok. Erri batean norbaiti txarkeri, ta bidegaberen batzuek egin bide ziozkan besteren batek, eta txit sumindua geratu zan. Geroztik diosala ere etzion gogotik egiten. Gaixotu zan, eta arturik Sakramentuak, il zan. Lurrari emateko aurrean, asi zan Apaiza kantatzen Parce mihi, Jauna barka gidazu. Aldarean zegoan Santo Kristoak eranzun zuan; ez, ez diot barkatuko, zeren orrek barkatu ez dion etsaiari: Non parcam. Zenbaiti esango ote die Jesusek eriotzako orduan?

        6. Ukitu ditugu, etsaiari zor diogun onginai, eta amorioa izan bagez, egiñ oi diran bekatuak. Oraiñ ukitu bear ditugu etsaia gorrotatuaz egiten diranak; baña lenago gogoan arritzatzu esatera noan gauz oek. Lenengoa lagun urkoari opa izatea gorputzaren gaitza, ez aren gaitzagatik, baizik bekatua, ta bekatuaren bideak utzi ditzan, ez da au bekatu zerren aren animako onari begiratzen zaien, eta au andiagoa dan gorputzaren osasuna baño. Bigarrena: hereje edo erreñua, ta fedea galdu nai duanari zentzatu nai ezpadu, opa izatea eriotza, ez aren gaitzagatik, baizik erreñua, eta fedea galdu ez dezan, ez da bekatu. Irugarrena, batek bere buruari eriotza opa izatea, bekaturik geiago ez egiteagatik, ez da bekatu; baña ez da emengo neke piska, eta naigabe apurrakgatik asi bear eriotzari deitzen, eta prest egon bear degu emengo nekeak, Jaunak nai duan bitartean, igarotzeko. Laugarrena, lenbait len Jaunaren edertasun neurririk ez duana, ekusi naiez, bizitz onetatik irten nai izatea, ez da bekatu. Ala egarri andiarekin nai izan due Santu askok, oen artean Dabidek: eta S. Pablok. Begira orain, Kristaua, gorrotoaren puzoia biotzean gordea ote daukazun zure aide, auzo, edo beste lagun urkoren baten kontra? Zenbat denboran? Utzi etzazu osotoro, Zerura nai badezu. Lagun urkoa gorrotatzen duana, gizon-erallea da, dio S. Juanek: Omnis, qui odit fratrem suum, homicida est (Joan 5).

        7. Begira gaitzik opa izan diozun, esaten dezula: niri eman dizkidan egunak berari ere etorriko al zaizka. Amen. Bai, Jauna. Atozea, eta andiak ote ziran zuri eman zizkitzun neke, et naigabeak? Bai, Jauna, andiak eta asko. Beraz gorroto andian, eta bekatu larrian bizitu zera. Jauna: ez diot nik, niri berak egin didan adiña gaitz baizik opa izan. Baliaki nolako mentua dan. Kristaua, zure lagun urko orrek bekatu egin du zuri naigabe oriek ematean, eta zuk ere bai beste ainbeste opa izatean. Eztakizu gaitzari gaitzarekin eranzutea bekatu dala? Jesus onak amatu zituan bere etsaiak, oen artean gurutzean illerazo zuenak ere bai: eta agintzen digu, elkar maite izan dezagula, berak gu maite izan gaituan eran.

        8. Begira, lagun urkoaren gaitzaz poztu ote zeran, zeregan esaten dezula: Jainkoak barka degidala, ondo egin zaio. Bekatu mortala da au, gaitz, edo kalte andiaz poztutzen bazera. Au bera diot, lagun urkoaren onaz naigabetzen bazera. Baña begira, Kristaua, etsaiaren, aide edo auzoaren berri onak aditzean, asi liteke esnatzen zure barrunbean illuntasun, eta naigabea, eta era berean poza, lagun urkoarentzat berri gaiztoren bat datorrenean. Au ez da bekatu, oartzen zeranean altxatzen badezu Jaunagana biotza, esaten diozula: Jauna, opa diot urliari Zerua, eta arako bidean on izango duan guzia. Baña gorrotoan dagoanak ez du onelako alegiñarik egiten, eta uura bezala edaten ditu gorrotoaren bekatuak.

        9. Begira, prest bizitu ote zeran, era datorrenean, aldezun txarkeria lagun urkoari egiteko? Onelako asko izan oi dira errietako Jauntxoen, errenteroen, eta beste zenbaiten artean. Ez nik gorrotorik, esango due, baña biotzean ezkutatua daukee, txingarra auspean egon oi dan eran: Esan dezala azeriak milla bider: ez nik geiago ollorik; baña era datorkionean egingo du bere lana. Eta ona askorekin gertatzen dana gorrotoaren gañean.

        10. Begira, zure etsaiaren tatxak agertu dituzun, edo gustoz aditzen egon zeran? Tatxak andiak, edo txikiak ziran? Tatxak agertze onek aditzera ematen du, ez dala itzali gorrotoaren sua. Onelakoentzat ez da alako txerrebet-soñurik, nola dan lagun urkoaren tatxak esatea, ta aditzea. Jauna ordea gauza barreatuak, eta gure artean jakiñak ziran. Demagun, ala zirala, alaere bekatu larria da, tatxa aek etsaiagan arkitzeaz atsegin artzen bada.

        11. Begira, len diosala egiten diezunai, ukatu diezun gorrotoan zauden ezkero? edo aek diosala eginda, eranzun bage utzi dituzun? edo muzinka egin diezun? Zenbat bider?

        12. Begira, zure etsaiaren kontra bota dituzun birauren batzuek? Zenbat bider benaz, edo ziñez, zenbat bider bestela? Batzuek ez ditue ezertan artzen birauak, egin dezagun kontu: Demonioak eramango al au: ez al aiz bizirik etxerako; baña etsaiaren kontra esaten diranean, bekatu larriak izan oi dira, eta nolanai bota ditezela, oitura desegiteko alegiña egin bear da.

        13. Begira, etsaiaren kontra Mezak atera, edo argi erazekiak ipiñi dituzun Santuren baten aurrean, edo Jaunari erregutu diozun? Gorrotoaz gañera bada onetan beste bekatu itsusi bat, eta da obrazko blasfemia, aditzera ematen da alabaña, agradatzen zaiola Jaunari Mezak,argi, ta erreguak berari eskeintzea fin gaiztorako.

        14. Begira, ibilli ote zeran borroka edo makilka, zere buruari, eta lagun urkoari kalte andia egiteko perillean? Zenbat bider?

        15. Begira, zere erausi edo edanak ematen dizkitzun irudipenakin galerazo ote dezun lagun arteko pakea? Zenbat bider, eta zenbat lagunekin?

        16. Begira, edarietara oitu zeran, osasuna galtzeko perillarekin? Edanean igaro zeran ezaguera galtzeraño? Zenbat bider?

        17. Begira, aur jaioperriak zerekin, edo iñudearekin eratzo ote dituzun itotzeko perillarekin? Baña gai onen gañean itzegin nizuen laugarren Agintean.

        18. Begira, zere buruari opa izan diozun eriotza, zeren etxeko, edo kanpokoak naigaberen bat eman dizuen? Badu bada Jaunak, esan dezu nere diña leku: urari emango diot nere burua, esaten due batzuek. Esaera oek benaz, edo ziñez esango balira, bekatu larriak izango lirake, zeren gaitzik andiena era onetan batek bere buruari nai dion Jaunaren borondatearen kontra. Utzi bear dira onelako txorakeriak, eta igaro bear ditugu emengo gurutze, ta samintasunak Jaunaren izenean, eta gure bekatuen zorrak ateratzeko: gauza bearra da au, Jaunak agintzen dizkigun betiko ondasunak iristeko, S. Pablok esaten digun bezala (Ad Hebr. c. 10).

        Orra, Kristaua, gizonak gorputzaren aldetik duan, bizitzaren kontra gertatzen diran, edo erraz gerta ditezkean utsegiteak. Oroi gaitezen, zer erakutsi digun Jesus onak gai onetan ala itzez, nola obraz: oroi gaitezen testamentuan bezala utzi zigula Aginte au: elkar amatzea, berak gu amatu gaituan bezala: Ut diligatis invicem sicut dilexi vos. Egin dezagu au, eta emango digu, agindurik daukan, saria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa