www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ukitzen dira lenengo aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Onetarako azkeneko aldian itz egin nizuen Jaunaren legeko lenengo agintearen gañean. Gaur ukituko ditut aginte onen kontra erraz gertatu ditezkean utsegiteak. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        1. Begira, dotrina ikasteko, eta erakusten dituan gauzak ongi aditzeko, saiatu ote zeran? Baña nola saiatuko ziñan Jaunaren itzagandik igesi ibilli bazera? Emen itz bat gurasoai. Gurasoak, egizue alegiña, umeak eskolara bidaltzeko, ongi ikasi dezeen dotrina; bestela zerok, eta umeak biziko zerate, zeren animak betiko galtzeko, perill andian: eta ez esan, ezin bidalduko dituzuela, zeren Elizatik urruti bizi zeraten; urrutian, eta aldean bizi diranak alabaña guziak daude beartuak, zerurako jakin bear diran gauzak ikastera, eta au egiteko biderik errazena da aurrak eskolara bidaltzea. Jauna, etxean ere erakutsi diteke dotrina; baña nola erakutsiko du ez dakianak? Eta jakin arren, erakusteko betarik, edo gogorik ez duanak? Gañera urte oro gertatzen da neke andi bat morroi berriakin. Nagusi batzuek ez dira oroitzen morroi, eta neskameai dotrina galdetzeaz, eta nola ikasiko due, ezpadakie? Elizan, eta eskolan ez due ikasiko, zeren etortzeko erarik ez duen geienak. Etxean ere nekez ikasiko due, zeren edo erakuslerik ez duen, edo mendian denborarik geiena igarotzen duen. Bitatik bat gurasoak, edo ez artu morroi, edo neskamerik, edo ikaserazo bear diezue dotrina.

        2. Begira, ikasi dezun, nola molda zaitezkean zure bekatuen damu egiazkoa sortzeko. Au eztakianak, zer egingo du, iltzeko perillak artzen badu eremu batean bakarrik, edo erakuslerik bage? Onezko damu, edo kontrizioa sortzeko, itzak bederik dakizkianak zerbait egin dezake Jaunaren lagunzarekin, baña zer egingo du itzak ere ikasi ez dituanak?

        3. Begira sarritan egin dituzun Akto fedekoak? Dotrina ongi dakianak sarritan egingo ditu Akto fedekoak, oarkabean ere; baña dotrinarik eztakianak ez du ezer egingo zuzen. Au bera diot esperanzaren gañean.

        4. Begira, fedeko gauzaren bat ukatu dezun, dala bakarrik zaudela, dala lagun artean, egin dezagun kontu: ez da Purgatoriorik: au da Luteroren herejia: argi-olatak alperrik ekarten dira: au ere herejia da: zeren fedeko gauza da, Mezarekin batean Jaunari batek bere doaiak eskeintzea obra ona eta laudagarria dala, eta ala egin izan da Elizaren lenengo denboretatik, eta S. Karlos Borromeok dio, gorde bear dala usanz eder au, eta utzi bada, alegiña egin bear dala bere oñera biurtu dedin. Gañera, baldin edozeñ beartsuri ur pixkabat ematea obra ona bada, zer izango da Meza Santuan bakoitzak bere doaitxoak Jaunari eskeintzea? Ez duanak zer eskeñi, eskeñi begio bere biotza. Jauna, orrelako gauzen gañean ez due ezer esaten guk enzun ditugun Predikariak. Enzun esatera noana: nik ez det zer sartu besteakin, baizik nere egin-bidea da herejia ekarri dezakeen erausiak ez utzitzea dagoten ateleka eman gabe. Goazen aurrera: fedeko gauzaren bat era onetan ukatzen duana geratzen da exkomiku nagusiaren azpian, eta barkazioa iristeko salatu bearko du bere burua Obispo Jaunaren aurrean, eta ark agintzen diona egin bearko du: eta Inkisizioa jartzen bada bere oñean, Konfesoreak esango dizu zer egin bear dezun.

        5. Begira, fedeko gauzaren bat, osotoro ukatu ez, baña dudan ipiñi ote dezun: Bekatuen barkazioa iristeko gauza bearra ote da konfesioa? Bekatu larria ote da seigarrengo lizunkerietan ibiltzea? Ote da infernurik? Gauz oek gogora etortze utsa ez da bekatu larria, baldin oartzen zeranean aienatzen badituzu, edo artarako alegiña egiten badezu; bestela izango da herejia.

        6. Begira, etsi ote dezun Jaunaren urrikaltasunaz. Au da Kainen, eta Judasen bekatu txit itsusia. Jauna txit andiak, eta ezin konta al dira nere utsegiteak: atozea, eta eztakizu askoz andiagoa dala Jaunaren ontasuna? Eztakizu nai det esate utsarekin gauza guziak ezerezetik egin zituela? Eriak sendatu, itsuak argitu, illak piztu zituala? Etzabiltzala bada txorakeri orietan; utzi itzazu bekatuaren bideak, biur zaite biotz osoz Jaunagana, eta guzia barkatuko dizu.

        7. Begira, uste izan ote dezun Zerua, zere aldetik obra onik egin, eta Mandamentuak gorde bage? Au da Luteroren herejia.

        8. Begira bekatuaren bideetan bizitu zeran esaten dezula zeregan: gaztea naiz oraiñ, azkeneko denboran utziko ditut gaiztakeri oek. Au da uste, edo esperanza zenzugabea. Atozea, eztakizu markatuak dauzkala Jaunak gure bizitzako mugak? urte, ta egunak? Beraz muga oek igarotzen baditugu, ez degu denbora geiago izango Job Santuak dion bezala. Laburrak dira, Jauna, dio Job Santuak; gizonaren egunak, eta zugan gordea dago, zenbat diran beraren bizitzako illak (Job Cap. 14): ipiñi diozkatzu gizonaren bizitzari zerorrek dakizkitzun mugak, eta ezin oetatik igaro diteke.

        9. Begira, bekaturako bide, eta perill urkoetara sartu zeran, edo aetan bizi zeran, esaten dezula zeregan, uste det gordeko nauala Jaunak bekatutik. Au ere uste, edo esperanza zenzugabea da; zeren Jaunaren mirari gabe ez da bekatutik gordeko perill urkoan jartzen dana bere naiez; gañera perillean jarzea bera bekatu da. Atozea, zere naiez sartzen bazera karobi erazeki batean, naiko dezu gorde zaitzan Jaunak erre gabe?

        10. Begira sarritan egin dituzun karidadezko Aktoak? Gai onetan bizitz onean diardunak, sarritan egingo ditu, oarkabean ere, dala Meza enzutean, dala Nere Jesu-kristo Jauna esatean: alaere onena da berariaz egitea fede, esperanza, eta karidadezko Aktoak, eta au egiten degu jai-arrasaldeetan dotrina esan-ondoan, eta jai-erdietako Meza nagusietan. Gaizki bizi danak ez oi du karidadezko aktorik egiñ oi, mingañez zerbait esan arren, zeren biotzik ez duan bekatua, ta bekatuaren bideak osotoro uzteko.

        11. Begira, Jainkoari bakarrik zor zaion onra eman diozun lurreko gauzaren bati. Au da idolatria. Adanen umeak, ujaldeen ondorengo denboretan, aztuaz joan ziran Jainko egiazkoaz, eta Jainkotzat onratzen zituen, batzuek eguzkia, ta izarrak, besteak beste edozeñ gauza, eta gauza oen anz, eta irudiak egin oi zituen urrez, zillarrez, arriz: eta oei ematen diegu idoloen izena. Ez da izan, zion Zizeronek, fede gabea bazan ere, jende añ basati, eta ezigaberik, non eta ezagutu ez duan bai dala Jainkoa, eta au aditzera ematen zuen idoloak berak; oek onratzen zituenak alabaña sinisten zuen egi au, idoloak, eta Jainko etziran gauzak onratzen bazituen ere. Aspaldi aztu ziran anziñako idoloak, Jesusen lege ederrak alabaña zabaldu zuan jainko egiazkoaren ezaguera. Alaere agertu dira denbora oetan gizon arro jakintsuen ustez puztuak, eta erausi ditue ezin esan ditezkean zenzugabekeriak. Batzuek, eren gura gaiztoak ez garaitzeagatik, eta infernuaren beldurrez, esan digue ez dala Jainkorik: onelako zenbait izan dira gure auzoan, baita Kadizen, eta Madriden ere; baña oek dira mundu guziaren desonragarriak eta aintzakotzat autan dabiltzan. Beste batzuek gure auzoan Jainkotzat artu zuen arrazoia, eta aintzakotzat onratu zezeen jendeak, andetan erabilli zuen kalez kale onen idoloa; badakizue nolakoa? Arritu zaitezte Zeruak! emakume zikin-limuri bat Jainkotzat erabilli zuen era onetan. Ez da gure artean malla onetaraño igo zenzugabekeria, baña eztakit zer gertatuko zan, Jaunaren guganako onginai, eta urrikaltasunak gorde ezpagindu: Jaunaren urrikimentuari eskerrak, galdu ezpagera osotoro esan dezakegu Jeremias Profetarekin: Misericordiae Domini quia non sumus consumpti (Tren. 3.).

        12. Begira, gurutzeari gorde diozun dagokan begiramentua? Gurutzean il zan Jesus guri onginaiez, eta atera ginduan bekatuaren mendetik. Gurutzea da Jesusen anz, eta iduria, eta beragatik onratu bear degu. Etsaiak iges egiten du gurutzeagandik, zakurrak burua autsi dion, makillagandik iges egiten duan eran; eta guk ez degu onratuko gurutze santua? Onetarako, gurutzea egitean, egin bear degu ongi. Bigarrena, ez dira egin bear gurutzeak karkau, eta toki zikiñetan. Irugarrena, ez dezazuela artu ielsozko Santo Kristorik, zeren erraz puskatzen, eta farragarri geratzen diran. Atzenean obietan, eta oñpean dabiltzan gauzetan ez ipiñi gurutzerik. Anziñatik debekatua dago au.

        13. Begira, Jaunaren etxe, eta itz Santuari gorde diezun dagoten begiramentua. Ongi da, nere Kristaua, Elizako zokoetan sartu, eta erausian egotea? Ongi da Jaunaren itza adirazten danean lotan jartzea? Ongi da, arretarekin enzun ordean, ezertan ez artzea Jaunaren itza? Eztakizu, au dala, etsaiak bere taldekoai ipintzen dien, marka? Jainkoarena danak enzuten du beraren itza, dio Jesu-Kristok; argatik zuek enzuten ez dezue, zeren Jainkoarenak etzeraten: Qui ex Deo est, verba Dei audit: propterea vos non auditis, quia ex Deo non estis.

        14. Begira, aztinanz, edo sorginkerietan sinistu dezun. Aztien izena ematen zate, lurpean ezkutaturik dauden, gauzak ekusten dituela esan oi dan, aek. Ez da onelako gauzak etsaiaren lagunza gabe ekusi ditzakeanik. Alaere ibilli oi dira zenbait aztien, edo sorgiñen otspena duen atso gezurtien billa, lurpeko ondasunak, edo bestela ezkutatu zaizten gauzak arkitzeko. Au da zorakeri andia, eta Obispo Jaunari, edo inkisizioari aditzera eman bear zaiona; baña nola gauz oek gertatu oi diran ez jakiñean, ez dira gaztigatzen iñora. Kristaua, utzi itzatzu zorakeri oek.

        15. Begira, zakurraren adia, edo ezkillaren ots illuna adituta, esan dezun: laster ilko da norbait. Nork sinistu dezake, onelako zenzugabekeriak aditzen dirala erri askotan? Zakurrak, eta ezkillak ez due ezaguerarik, eta ezin adirazi dezakee orrelako gauzarik. Gañera Jainkoak beregan gorderik daukan gauza da noiz ilko dan bakoitza.

        16. Begira, gaitzen batetik zere burua gordetzeko, edo ona iristeko baliatu ote zeran artarako egokiak ez diran moduaz, ez berenez, ez Jainkoagandik, ez Elizagandik. Au da gauza debekatua, eta Obispo Jaunari, edo Inkisizioari aditzera eman bear zaiona. Onelako gauz asko ez jakiñean egiten omen dira. Ara oetatik batzuek. Urliak norbaiti gaitza kentzeko, edo arintzeko, artzen du ur bedeinkatua iru onzitatik, eta edanerazten dio. Sandiak ezkondu nai luke: aditu du, amorio belarraren autsakin beretuko duala nai duana, eta ematen diozka bati: zenzugabekeriak dira gauz oek. Suerte ona iristeko, bizitz onaren belarra baizik ez da arkitzen. Urliak uste du, etxetik irtetean atsorik arkitzen badu, ez duala egun artan gauz onik izango, eta biurtzen da etxera. Ala egiten omen zuan Tyko Braek, gizon txit jakintsua bazan ere. Sandiak dio, Meza bukatzean liburua geratzen bada idikia, Elizan dauden sorgin guziak geratuko dira dauden tokian, igitu ezin ditezkeala. Urliak ez diozka ollakolkari ipiñi nai arraultzak bat goiti baizik, zeren uste duan, txita gutxi jaioko dirala, parez ipintzen bazaizka. Sandiak ardura andiarekin gordetzen du, ostiral Santuz jaio zaion arraulza, urte artan suagandik gordetzeko etxea; beste batzuek ez omen due maiean jarri nai, amairu lagun badaude an. Uzten ditut beste onelako farragarrikeri asko. Eztakit, onelako zorakeriarik usatzen dan emen, baña baliz izango litzake sorginkeria, eta bekatu. Asko da.

        Orra, nere Kristaua, lenengo agintearen kontrako bekatuak. Gorde dezagun Jaunaren lege Santa leialki, eta emango digu, agindu digun, betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa