www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN ERAKUSALDIA

 

1. Adirazten da lenengo lekuan, zer dan beldurrezko damu edo Atrizioa.

2. Urrena, nola au sortu dezakegun gure biotzetan.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan bigarren gauza da, egindako utsegite, edo bekatuen damua. Eskatzen ditu damu onek lau doai. Lenengoa da Zerutikakoa, edo Sobrenaturala izatea. Bigarrena, barrendik, edo biotzetik jayoa izatea. Irugarrena, bekatu larri, edo mortal guzietara zabaltzen dana. Laugarrena, kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea: esan nai det, alako eran, eta añ benaz damutu bear zayola bekatariari, Jaunari egin diozkan bidegabeaz, non nayago lukean, edozeñ kalte, eta gaitz gertatu balitzayo, ezen ez bekatuan erortzea.

        Lau doai oek dituan damu au da bi gisatara. Bata da beldurrezkoa, eta berekoya, eta deritza Atrizioa, eta onen gañean izango da gaurko Erakusaldia. Aditzera emango det, lenengo lekuan: zer dan beldurrezko damua, edo Atrizioa esaten diogun au? Urrena, nola au sortu dezakegun gure biotzetan. Enzun, Kristaua, arreta andiarekin.

 

 

§ I.

 

        Zer ote da beldurrezko damua, edo Atrizioa esaten diogun au? Au da damu bat biotzean sortzen dana, lenengo lekuan, zeren gauza guziz itsusia dan, Zerurako egiñ, eta bere semearen odol preziotsuaren kostuz erosi ginduan Jaunaren kontra altxatzea, eta bekatu egitea. Bigarrena, zeren bekatu larria egitean, galdu degun Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, eta deretxa guzia. Irugarrena, zeren bekatu larri bakoitzarekin irabazi ditugun betiko su, eta garrak, edo infernuko penak. Laugarrena, zeren Jaunak guganako urrikimentuaz deitzen digun bekatutik irteteko, eta eskeintzen digun gure eskergabekeria guzien barkazioa, Jesusen eriotza, eta merezimentuak bitarteko dirala. Gauz oetatik edozeñ gogora ekarririk, sortzen dan damua da beldurrezkoa, eta berekoya, eta deitzen zayo Atrizioa. Beldurrezko damua da au, zeren sortu oi dan betiko bizitza galtzeko, eta betiko su, eta garren artean erortzeko beldurrez. Gañera Atrizioa deritzan damu au da berekoya, zeren biotzak sortzen duanean, bere on, eta egitekoari bakarrik begiratzen dion. Damu onek uts-utsik, ez dio bekatariari emango graziaren apaindura ederra, baña prestatzen du, au iristeko, Konfesioko Sakramentuarekin batean, dio Trentoko Konzilioak (ses. 14 cap. 4 de Paenit.) Onena da, konfesiorako prestatzen geranean, ongi gogora ekartzea ala beldurrezko, nola onezko damuaren bideak, eta benaz damutzea, gure Aita onaren kontra egiñ ditugun bekatuaz.

        Badirudi, onenbesterekin igerri bear lukeala Kristauak, zer gisatan molda ditekean Atrizioa deritzan damu au biotzean sortzeko; baña uste det geyenakiñ gertatzen dala, nekazari baten semeari gertatzen zayona, Aitak soro-lanak egiteko modua erakusten dionean. Etxaurreko soro andi au maneatu bear dezu garia ereiteko, esaten dio semeari. Lenengo lana da larrak, eta zorkotzak kentzea, eta soroaren ertzak ederki atxurrarekin garbitzea: gero layatu, eta aretu bear da. Atzenean sasoi onean ereiñ bear da azia: baña azia botatzen da aretu baño lentxeago. Aditzen du semeak au guzia; baña nola lan oek egitera oitua ez dagoan, eztaki nola ekiñgo dion lanari. Artzen du Aitak berekiñ: eramaten du sorora, eta arida Aitarekin batean lanean; eta len eziñ ongi aditu zuana, gero erraz aditzen, eta egiten du. Au bera, edo onen anzeko gauza bat egiñ bear da zurekin, Kristaua, ikasi dezazun, nola molda zaitezkean beldurrezko damu, edo Atrizioa sortzeko. Atoz nerekin.

 

 

§ II.

 

        Egin dezu, Kristaua, zure bekatuen examina? Sortu nai dezu oen beldurrezko damu, edo Atrizioa? Ipiñi itzazu bada animaren begien aurrean, damu oni dagozkan bide egokiak, fedeak erakusten dizkigun eran, eta oek ukitu dira asieran. Damu bide oen artean lenengo lekuan aitatzen du Trentoko Konzilioak bekatuaren itsustasuna (ses. 14 cap. 4 de Paenit.) ez ordea zerez dezun argitasunarekin igerritzen dezuna, baizik fedeak erakusten dizuna, egiñ dezagun kontu zeren gauza guziz itsusia dan, Zerurako egiñ eta bere Semearen odol preziotsuaren kostuz erosi ginduan Jaunaren kontra altxatzea, eta bekatu egitea. Egin det bekatu, esan dezakezu Jaunaren aurrean: Peccavi. Egin det bekatu eziñ konta al bider, ni Zerurako egiñ, eta bere Semearen odol preziotsuarekin erosi ninduan Jaunaren kontra: Peccavi. Esan det, itzez ezpada, obraz: ez det jaun au serbituko: au da Jaun onek Jeremiasen autik gure kontra agertzen duan espadasun andia. Autsi dezu, dio, nere Legearen uztarria, urratu dituzu nere Aginteen edeak, eta esan dezu: ez det Jaun au serbituko: Confregisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti non serviam (Jerem. 2.º). Nere anima, ez da au eskergabekeria guziz itsusia? Luzifer, Jaunaren grazian zegoan bitartean, eguzkia baño ederragoa zan; baña leku eman zion antuste, eta soberbiaren bekatuari, eta bereala amildu zan betiko su, eta garren artera; eta nork ezan, zeñ itsusi, eta nazkagarria geratu zan? Santa Katalina Senakoari agertu zion Jaunak Deabruaren itsustasuna, eta ainbesteraño izutu zan, non esan oi zuan, naiyago zuala oñ utsetan, eta ikatz erazekiz ezarritako bidean munduaren bukaeraraño ibilli, ezen ez berriz Demonioa ekusi. Eta nondik datorkio Demonioari onenbeste itsustasun? Egiñ zuan bekatu artatik. Eta antuste, eta soberbiaren bekatu batek au egiñ bazuan Aingeru añ ederragan, zer egiñgo ez due zugan, Kristaua, ainbeste bekatuk? Zeñ itsusi, eta nazkagarria etzera egongo Jaunaren begietan?

        Peccavi: Egin det bekatu, esan dezakezu: eta galdu det Jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia. Au da Atrizioa sortzeko bigarren bidea, fedeak bakarrik erakusten diguna; fedeaz kanpora alabaña ez da animako graziaren, eta Zeruko bizitza doatsuaren berririk. Galdu det bai benikbeiñ Jaunaren grazia. Ay! eta baziñaki, nere anima, zeñ andia dan graziaren doai au! Si scires donum Dei? Zuretzat doai au irabazteko, etorri bear izan zuan lurrera Trinidadeko bigarren Personak, eta kosta zitzayon bere bizitza ematea. Doai onek animan sartzen dan unean bertan, ayenatzen ditu bekatu guziak; piztutzen du bekatuan illa zegoan anima, eta apaintzen du Zeruko birtute, eta doayakin. Orregatik deitzen dio Jesu-Kristok eztayetako soñekoa: Vestem nuptiatem. Eta doai au galdu dezu añ erraz? Doai onek gizona egiten du Jangoikoaren Seme, eta adiskide, Jesu-Kristoren Senide, Espiritu Santuaren jaureki, eta Zeruaren jabegai. Eta doai au galdu dezu bekatuaren atsegiñ apur bategatik? Peccavi: egiñ det bekatu, eta galdu det gañera betiko bizitza doatsua: galdu ditut betiko atsegin-kontentuak, eta itz batean galdu det nere Jaungoikoa. Au egiñ dezu nere anima, eta etzera damuz, eta negarrez desegingo? Peccavi: egin det bekatu, eta zer irabazi det? Zer atera dezue, orain lotsatzen zaituen bekatu orietatik, esaten digu S. Paulok? Quem ergo fructurn habuistis in illis, in quibus nunc erubescitis? Zer? betiko su, eta garrak: betiko pena, eta oñazeak baizik? (Eta oek dira, Kristaua, Atrizioa sortzeko irugarren bidea.) Jatxi zaite bada, nere anima, gogorazioz, edo pensamentuz oñaze aen toki izugarrira, gero jatxi etzaitezen betiko. Zer dala uste dezu toki ura? Ura da Demonioaren, eta bere serbitzarien lize izugarri bat, non betikotasun guzian egon bearrak diran oñazez lertzen. Ura da beti sutan dagoan labe ikaragarri bat, beñere itzaliko ez dana: eta bekatariak berak izango dira ango egurra, eta ikatza. Ura da sufre erazekiz irakiten dagoan ainzira, edo putzu bat, non Satanas, Ante-Kristoa, eta bekatuaren erakusleak egon bearrak diran betiraunde guzian. Ura da neke, eta pena guziak onaren kutsurik gabe diran lekua. Au guzia, eta geyago aditzera eman digu Eskritura Santan. Ara amiltzen dira biraugilleak, eta umeak ongi azitzeko arretarik ez duenak. Ara amiltzen dira, edanari, eta alperkeriari ederretsirik, etxeaz, zorraz, eta beste egin bideaz azturik bizi diranak. Ara amiltzen dira, lagun urkoai bekaturako bidea ematen diezenak, dala itzez, dala ezkonzaren ustearekin, dala bestela. Ara amiltzen dira, bekaturako bideak, etxeak, eta lagun gaiztoak, ibillera lotsagarriak utzi nai ez dituenak. Ara amiltzen dira irabazi debekatuetan, eta besteren gauza biurtu naigabe bizi diranak. An daude oñazez lertzen, adiaz eta orroaz.

        Gaitz-erdi lizake, noizbait bukatu bearrak balira neke oek: baña ez dira beñere bukatuko. Joango dira urteak urteen ondoren, eta etzate puskarik txikiena ere kenduko. Galde Luziferri, galde Kaini, galde an arkitzen diran guziai. Luzifer munduaren asieratik andago, eta asieran daude aren oñazeak. Sei milla urte badira Kain ara jatxi zala, eta ez dira batere arindu aren nekeak. Milloika joango dira urteak, eta ez dira gutxituko. Ezagutuko due au an dauden, eta egongo diranak: Oroituko dira, nola beste asko, bearbada bekatari andiagoak, Zerura joan zirala, zeren garai onean zentzatu, eta biurtu ziran Jaunagana, eta ay! esango du doakabeak: ni emen, eta beliko! betiko, betiko! Betiko au izango da ar bat, animari ozka bezala beti ariko zayona, eta beñere ilko ez dana. Kendu naiko du beregandik, baña eziñ duala ekusirik, asiko da birauka bere gurasoen, eta lagunen kontra. Gutxi da au: madarikatuko ditu Zeruko Santuak, Aingeruak, eta Birjiña txit Santa bera. Madarikatuko du atzenean Jaungoikoa ere. Bukatu naiko du bere burua eta otsegingo die aitz, eta mendiai: amildu zaitezte nere gañera, eta ler nazazue: Cadite super nos: baña alperrik, zeren iges egingo duan eriotzak aetatik, dio S. Juanek: Mors fugiet ab eis (Apoc. 6). Ekusten dezu, nere anima, zer irabazi dezu zure bizitza lotsagarriarekin? Eta au guzia ezaguturik ez ote zera zure Jaunagana biurtuko?

        Peccavi: egiñ det bekatu nere Aita guziz urrikaritsu, edo Miserikordiatsuaren kontra! Begira, nere anima, arreta onarekin, nolako urrikaltasuna dan zure Aita onena, eta nola deitzen dizun beregana. Au da atrizioa sortzeko laugarren bidea. Eroiri zan Adan bekatuan: galdu zuan Jaunaren grazia, ala guretzat, nola beretzat: eta ainbesteraño urrikaldu zan guzaz Jauna, non eman zuan bere Seme bakarra, gu Zerurako bidean ipintzeko: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret (Joan 3). Egiñ zuan Dabidek bekatu, eta beragana biurtu zan bezala, barkatu zion. Magdalenak bere ergelkeri, ta janziera arroakin eman zuan asko bide bekaturako. Joan zan Jesusen oñetara, eta barkatu zion guzia. Ebanjelioko Seme ondatzallearekin au bera egiñ zuan. Biurtu zion, galdu zuan graziaren apaindura ederra, eta egiñ zuan festa andi bat. Ez du mingañik Dabidek Jaunaren urrikimentu, edo Miserikordia alabatzeko. Batzuetan dio, Jaunaren Miserikordiaz betea dagoala lur guzia: Misericordia Domini plena est terra. Besteetan esaten digu, Zeru guzien erpiña baño gorago igotzen dala Miserikordia onen anditasuna: Magnificata est super Coelos Misericordia tua. Jaunaren Miserikordiak kantatuko ditut betikotasun guzian: Misericordias Domini in aeternum cantabo (Psalm. 32, 56 et 88). Jaunaren Miserikordiaren anditasun au ezagutzeko asko dezu, nere anima, zurekin egiñ duanari begiratze utsa. Zenbat bider bidaldu zintzakean betiko su, eta garren artera? Zenbat bidaldu ditu ara zuk baño bekatu gutxiago egiñ zuenak, eta bearbada zure lagun batzuetan bekatuan izan ziranak? Eta zuri itxedon dizu, eta arkitzen zera zere utsegiteak zuzentzeko eran. Nondik zuri onenbeste ontarte, eta mesede? Jaunaren Miserikordiari eskerrak, galdu ez geranean, esan dezakezu Jeremiasekin: Misericordiae Domini, quia non sumus consumpti (Tren. 3). Ta au guzia gutxi baliz bezala, besoak zabaldurik deitzen dizu, eta zure eskergabekeria guzien barkazioa eskeintzen dizu. Ez det nai, dio, bekataria galtzea, baizik nigana biurtzea, eta nere grazian bizitzea: Nolo mortem impij, sed ut convertatur, et vivat. Bekataria nigana biurtzen dan unetik aztuko naiz egiñ dizkidan eskergabekeria guziaz (Ezech. 18 et 33). Nere anima, ez dezu ekusten nolakoa dan zure Aitaren urrikimentu, edo Miserikordia? Ez dezu aditzen, nola deitzen dizun? Zoaz bada beragana, eta esan zayozu: O nere Aita maitagarria! zeñ andiak diran zure Miserikordiak! eta zeñ izugarriak nere eskergabekeriak! Zu zera nere Ongille eziñ andiagoa. Zu zera nere zori ona, eta doatasuna! Zu zera niri ongi nayez zere Seme bakarra lurrera bidaldu zenduana. Zu zera beraren eriotza, eta merezimerituak bitarteko dirala, bekatuak barkatzen dituzuna konfesio onaren bidez. Zu zera Zeruko graziaren, eta doayen Emallea. Sinistu det au guzia zuk esan, eta Eliz Ama Santak erakutsirik, eta Zugana nator Zure Urrikimentu, edo Miserikordiaren uste, edo esperanza osoarekin. Ai nere Ongille Andia! Zure kontra altxa ni ainbeste bider! Zure kontra egiñ nik ainbeste bekatu! Il banintz lenago! Artzen det asmo osoa, ez geyago bekaturik egiteko, bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko.

        Orra, Kristaua, zerdan, eta nola sortu dezakegun gure biotzetan beldurrezko damu, edo Atrizioa. Sasoi onetara datorrenean biotza, esan dezakezu zeregan: Nere anima, eta zuretzat, izanik zu añ eskergabea; zuretzat añ ona, eta maitagarria izan bada zure Aita Zerukoa, zer ontasun, edo maitagarritasuna izango da beregan? Eta beregan duan maitagarritasun oni begiraturik sortzen dezun damua izango da onezkoa, edo Kontrizioa. Saya gaitezen, Kristaua, gure bekatuen damu egiazkoa sortzera eta bizitza berri on bat egitera, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa