www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da, lenengo lekuan, zer dan onezko damu, edo Kontrizioa, eta nolako doayak eskatzen dituan?

Urrena, zeñ miragarria dan damu onen indarra bekatuak ayenatzeko?

Atzenean, nola sortu dezakegun gure biotzetan onezko damu, edo kontrizio osoa?

 

        Konfesio ona egiteko bear dan bigarren gauza da egindako utsegite, edo bekatuen damua, eta da bi gisatara. Bata da beldurrezkoa, eta berekoya, eta deritza Atrizioa. Onen gañean izan zan azkeneko Erakusaldia. Bestea da Onezko damu edo kontrizioa, eta onen gañean itzegin nai dizut gaur, Kristaua. Aditzera emango dizut lenengo lekuan: zer dan onezko damu, edo Kontrizio osoa, eta nolako doayak eskatzen dituan? Urrena, zeñ miragarria dan damu onen indarra bekatuak ayenatzeko? Atzenean, nola sortu dezakegun gure biotzetan onezko damu, edo Kontrizio osoa? Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Onezko damu, edo kontrizioa da damu bat biotzean sortzen dana, zeren, Ontasun eta Maitagarritasun baztergabea dan, Jaunaren kontra bekatu egin degun. Deitzen zayo Onezkoa, zeren damu au sortzeko bidea dan ez beldurra, baizik Jaunaren Ontasun, eta Maitagarritasun bazterrik, eta neurririk ez duana.

        Onezko damu, edo kontrizio osoak eskatzen ditu sei doai, bekatuak ayenatzeko. Lenengoa da Zerutikakoa, edo Sobrenaturala izatea. Zerutikakoa, zeren Espiritu Santuaren lagunz, eta graziarekin sortu beardan. Zerutikakoa gañera, zeren jayo bear duan fedeak erakusten digun damubidetik, eta au da, Santo Tomasen iritzian, Jaunaren Ontasun, eta Maitagarritasun bastergabea. Ez degu guk ezagutzen Jaunaren Ontasuna beregan dan eran, baña ezagutu dezakegu egin dituan obra miragarrietan ispillu batean bezala. Obra oek batzuek dira, gizonak berez duan argitasunarekin ezagutu ditzakeanak, eta argitasun berarekin igerri dezake, zeñ On, eta Maitagarria izango dan gauz oen Egillea. Ekusten dituzu Zeru eder oriek gau argi batean. Ekusten dituzu Eguzkia, eta izarrak. Ekusten dituzu lurrean loreak, arbolak, abere edo ganaduak, urre, ta zillarra. Nork egin zituan gauz oek, diozu Isaias Profetarekin: Quis creavit haec? Eta zerez dezun argitasunak erantzuten dizu, gauz oek guziak egiñ zituala Jaunak. Orduan diozu zeregan: Gauz oek añ onak, eta ederrak badira, zeñ ona, eta ederra, edo maitagarria izango da oen Egillea? Nai, ta ez guziz ona, ederra, ta maitagarria. Eta Ontasun onen kontra egindet nik bekatu ainbeste bider? Damudet biotz guzitik, Ona nola zerez dezun ezaguerarekin igerritzen dezun, guziz On, eta maitagarria dala Jauna, zeren ala aditzera ematen diguen ekusten ditugun gauzak berak. Ontazun gisa onetan ezagutuari begiraturik sortzen dan damua onezkoa edo kontrizioa da, ez ordea Zerutikakoa, eta fedearen ezagueratik datorrena, baizik gerenez degun argitasunagandik jayotzen dana: ona da damu au, eta lagun dezake bear dan damura igotzeko; baña ez da gai, edo gauza bekatua ayenatzeko biotzetik, ez eta Konfesio ona egiteko ere.

        Beste obra batzuek dira, gerenez degun argitasunarekin ezin ezagutu ditzakegunak, eta fedearen argiak bakarrik erakusten dituanak. Onelakoak dira: Jaunak egiñ ginduala betikotasun guzian berarekin batean Zeruan doatsu izateko: Adanen bekatuarekin galdu genduala Jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia: Utsegite au zuzentzeko, jatxi zala Zerutik Trinidadeko bigarren Persona, egiñ zala gizon: itz batean gure Erospen edo Redenzioari, eta Sakramentuai dagozten Misterioak. Obra oen berririk eztaki gizonak, berez duan argitasunarekin, Platon, Aristotoles, eta Zizeron baño jakintsuago baliz ere; baña Misterio oek ezagutzen ditu fedearen argiarekin, eta emendik ateratzen du Zeñ On, eta Maitagarria izango dan beregan, guri Ongi nayez Misterio miragarri oek egin dituan Jauna: eta fedearen argiarekin ezagutzen dan Ontasun baztergabe au da Onezko edo Kontrizio osoaren bidea.

        Onezko damu, edo kontrizio osoak eskatzen duan bigarren doaya da barrendik, edo biotzetik jayoa izatea. Irugarrena, bekatu larri, edo mortal guzietara zabaltzen dana. Laugarrena, kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea, esan nai det, alako eran, eta añ benaz damutu bear zayola bekatariari Jaunaren Ontasun baztergabearen kontra egiñ dituan bekatuaz, non nayago lukean edozeñ kalte, eta gaitz gertatu, eta gertatzen balitzayo, ezen ez Jaunaren Ontasun miragarriaren kontra bekatu egitea, Bostgarrena doaya da aurrera bekaturik ez egiteko, eta egiñak konfesatzeko, asmoa. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Alperrik negar egingo du bekatariak, eta alperrik kolpe andiak emango diozka bularrari, ez du bekatuaren barkaziorik iritsiko, ezpadu aurrera bekaturik ez egiteko, eta egiñak konfesatzeko asmorik. Seigarren doai, edo kondizioa: batzuen iritzian onezko damu, edo kontrizio osoak eskatzen du aurretik, edo denbora berean akto karidadezkoa: baña geyenak erakusten due, onezko damu, edo kontrizio osoa bera dala akto karidadezkoa, edo berekin daramala Jaungoikoaganako onginai, eta amorioa; eta dana dala gauz onen gañean, onezko damu, edo kontrizioa sortzen bada, doktrinak erakusten duan eran, berekin du Jaungoikoaganako amorioa, eta au aditzera ematen due itz oek: Eta zergatik amatzen zaitudan gauza guzien gañetik. Orra nolako doai, edo kondizioak eskatzen dituan onezko damu, edo kontrizio osoak. Dakuskun oraiñ, zeñ miragarria dan damu onen indarra, bekatuak ayenatzeko.

 

 

§ II.

 

        Onezko damu, edo kontrizioa, egindako bekatuak konfesatzeko asmoarekin, añ prestua, eta indar andikoa da bekatuaren kontra, non, biotzean sortzen dan unean bertan, ayenatzen dituan bekatu mortal guziak, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala (ses. 14 cap. 4 de Paenit.). Demagun Indietako bazter batetik etortzen zakula balsamo bat illak piztutzen, eta gaitz guziak ayenatzen dituana. Esangidazu, Kristaua, ez lizake miragarria izango balsamo au? Jakizu bada, balsamo au baño askoz miragarriagoa dala onezko damu, edo kontrizio osoaren balsamoa. Damu onek ayenatzen ditu animako gaitz guziak, eta piztutzen ditu illak, baita bekatuan ustelduak zeuden bekatariak ere. Zer geyago? Apaintzen du anima graziaren janziera ederrarekin: birtute, eta doayez betetzen du: eta egiten du Jainkoaren seme, eta Zeruaren jabegai. Au guzia aditzera ematen digu bekatari askorekin gertatu danak. Egin zuan Dabidek bekatu, ez nolanai, baizik Uriasen emaztearekin, eta illerazo zuan Urias. Nathan Profetak Jaunaren agintez begien aurrean ipiñi zion Dabidi bere bekatu itsusia: ezagutu zuan Erregek bere gaizki egiña, eta esan zuan: egin det bekatu: Peccavi Domino. Alako damuarekin esan zuan au, non bereala barkatu zion Jaunak (2.° Reg. c. 12). Au bera gertatu zan Santa Maria Magdalenarekin. Santa Maria Magdalena zan Lazaro, eta Martaren senidea. Il zitzaizten gurasoak, eta bakoitzak artu zuan gurasoen ondasunetatik zegokana, eta Magdalenak beste ondasunen artean artu zuan Magdalako etxe, edo gaztelua. Zan berez bizia, txit ederra, eta bere griña nagusia zuan bere burua apaintzea, eta gero ezkutari asko bera ekustera, eta losentxatzera joatea. Egin zuen Lazarok, eta Martak alegiña, Magdalena modestiaren muga barrunbean idukitzeko: baña alperrik. Aspertu zan senideen atelekaz, eta joan zan Magdalako gaztelura. Ez da gogora ekarri besterik, zer bizimodu izango zan, Magdalenak bere gaiñ, esan oi dan bezala, eta bere erara jarririk, egingo zuana. Apaindurak, ergelkeria, jolasa, eta bere anzeko buruakin egotea, eta ibiltzea zan aren atsegin guzia, eta laster zabaldu zan inguruan esanmesa, eta usai txarra. Jesus zebillen Betsaidan, eta Magdalena bizi zan lekutik ez urruti bekatariai Zerurako bidea erakusten. Joan zan Magdalena ere Jesus aditzera, ez noaski bizitza berri-ona artzeko asmoarekin, baizik Jesusez esaten ziran gauza miragarriak obeto jakiñ nayez. Ozta aditu zuan Jesus, ezagutu zuan bere bizitza gaiztoa: eta itz bakoitzak arpoi baten eran igaro zion biotza. Itzegin nai zukean Jesusekin: aditu zuan, bazkaldu bear zuala Simon Fariseoaren etxean goimallako gizon askorekin. Etzan egun egokia Jesusekin itzegiteko: baña ainbesteraño estutzen zuan bere bekatuen oroipenak, non erabaki zuan Jesusengana joatea, munduak egingo zituan erausi, eta isekai begiratu gabe. Sartzen da bazkal tokian: eta bazkaldar guziak begira zeudela, jartzen da Jesusen oñetan: umantzen ditu negarrez, eta gañera, leku aetan usatzen zan eran, ganzutu zituan balsamoz. Arriturik zegoan Fariseoa, eta beregan zion: Profeta baliz gizon au, jakingo luke, nor, ta nolakoa dan oñak malkoz garbitzen diozkan emakume au, eta ez lioke alderatzen ere utziko. Ezagutu zuan Jesusek Fariseoak gogoan zerabillen guzia: aditzera eman zion, beste asko gorputzeko gaitzak sendatzeko zetozkion bezala, emakume ura animako gaitzak sendatu nayez etorri zitzayola, ez nolanai, baizik Jaungoikoaganako onginai, eta amorioz betea: eta beragatik barkatzen zitzaizkala asko bekatu: Quoniam dilexit multum. Biurtzen da Magdalenagana, eta esaten dio: Barkatuak daude zure bekatuak: Remittuntur tibi peccata. Zoaz pakean (Luc. 7). Ekusten dezu, Kristaua, zeñ miragarria dan onezko damu, edo Kontrizioak, bekatuak ayenatzeko, duan indarra?

        Baña ez du egia au, Ebanjelioko seme ondatzallearen ipui gozoan bezeñ ederki, Eskritura Santak aditzera ematen. Fariseoak erausi asko egiten zituen Jesusen kontra, eta oen artean bat zan, zeren biguiñegia zan bekatariarekin, eta beiñ baño geyagotan berakin jaten ekusi zan. Orregatik aditzera eman nai izan zien, zeñ andia zan Aita Zerukoak beragana biurtzen dan bekatariarekin duan ontasuna, eta onetarako esan zien seme ondatzallearen ipuya. Aita batek zituan bi seme, eta gazteenak eskatu zion etxetik zegokana: eta Aitak bereala eman zion. Gure seme ergela joan zan urrutietara, eta zuan guzia ondatu zuan emakume-zurrian. Leku aetan sartu zan gosete andi bat, eta gure gazte ergela arkitzen zan ezer gabe. Jarri zan etxe batean morroi, baña nagusi añ prestuezarekin, non ipiñi zuan txerri zai. Goseak igaroa bizi zan, eta pozik jango zitukean, zerriak jaten zituen azakirtenak ere; baña etziozkan iñork ematen. Ekusirik era onetan bere burua, esan zuan beregan: Zenbat langillek nere aitaren etxean naroro, edo ugari jaten due ogia? Abundant panibus? Ta ni emen arkitzen naiz goseak erkitua, eta illtzeko zorian: Ego autem hic fame pereo. Zer egiñ al dezaket? Zer, ezpada nere Aitagana joatea. Joango naiz bada, eta esango diot: Aita, egin det bekatu Zeruaren aurrean, eta zure kontra: ez naiz zure semearen izena, eta onra izateko diña; baña ar nazazu zure langilleen artean bederik. Au gogoan igarota, abiatzen da Aitaganonz. Urrutitik ekusi zuan Aitak, nola beraganonz abiatu zan semea: urrikaldu zan: irten zitzayon bidera, eta semeak bere zentzugabekeria aitortu baño ere lenago eman zion laztan estu bat, eta artu zuan bere etxean. Asi zan semea bere bekatua aitortzen; baña Aitak, igaroaz aztua zegoanaren eran, agindu zuan, ekarri zegioela len zuan, eta semeari zegokan soñeko ederra, au da graziaren janziera: eman zegioela eraztuna, au da karidadearen birtutea: ekarri zegiozkeela oñetako berriak: oek dira Zerurako bidean ongi ibiltzeko laguntzak. Illerazo zuan zekor gizen bat: deitu zituan auzoak, eta soñulariak, eta egiñ zuan fest andi bat: zeren zion: il zan nere seme au, eta piztu da: galdu zan, eta arkitu da: Mortuus erat, et revixit. perierat, et inventus est (Luc. 15). Orra Jesu-Kristok berak Fariseoai esan zien ipui gozoa. Ipui, edo parabola onek adirazten digu Aita Zerukoaren ontasun baztergabea. Adirazten digu gañera, onezko damu, edo kontrizio osoak ayenatzen dituala bekatuak konfesioa baño ere lenago, seme ondatzallearekin gertatu zan bezala: egia da, beti geratzen dala beartua bekataria, bere bekatuak aitortzera, edo konfesatzera. Emendik atera ezazu, Kristaua, zeñ andi, ta miragarria dan onezko damu, edo kontrizioaren indarra. Goazen oraiñ ekustera, nola sortu dezakegun gure biotzetan onezko damu au.

 

 

§ III.

 

        Egiñ dezu, Kristaua, zure bekatuen examina? Eta sortu nai dezu onezko damu, edo kontrizio osoa? Damu au sortzeko bidea da Jaunaren ontasun, eta maitagarritasun baztergabea, fedearen argiarekin ontasun oni, eta beraren kontra egindako bekatuai begiratzen diegula. Jarri zaite bada Jaunaren aurrean, eta saya zaite era onetan.

        Egiñ det bekatu, esan dezakezu, eziñ konta al bider nere Jaunaren kontra: Peccavi. Nor dala uste dezu, nere anima, zuk bekatu egitean utzi dezun Jaun au? Fedeak erakusten dizu, Jaun au dala zu ezer ezetik atera, eta Zerurako egiñ zinduana. Fedeak erakusten dizu, Adanen bekatuarekin galdu zenduala Jaunaren grazia, eta Zerurako esku guzia. Fedeak erakusten dizu, zure Aita Zerukoa ainbesteraño guzaz urrikaldu zala, era onetan gu galduak ekusirik, non gu Zerurako bidean ipintzeko, bidaldu izan zuan lurrera bere Seme barkarra. Ala esaten digu S. Juanek: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret (Joan. 3). Fedeak erakusten dizu, Trinidadeko bigarren Persona, Aita betikoaren Seme bakarra, eta Jaungoiko egiazkoa gizon egin zala Birjiña txit Santaren Sabelean Espiritu Santuaren obraz, eta graziaz. Eman zuan gugatik gurutzean bere bizitza, eta irabazi zuan guretzat Jaunaren grazia, eta Zerurako zuzen, edo eskua. Au egiñ ondoan piztu, eta igo zan Zerura. Amatu ninduan, eta eman zuan nigatik bere burua, dio S. Pablok: Dilexit me, et tradidit semetipsum pro me (Ad Galat, c. 2). Fedeak erakusten dizu, Jaun onek, biurtzen bada beragana bekataria biotz osoz, gozotoro artzen duala, len ekusi degun bezala: Ez det nai dio, bekataria galtzea, baizik nigana biurtzea, eta nere grazian bizitzea (Ezech. 33). Nigana biurtzen dan unean bertan aztuko naiz egiñ dizkidan eskergabekeri guziaz (Ezech. 18). Fedeak erakusten dizu, guri graziaren doai, eta janziera ederra emateko, ipiñi zituala zazpi iturri edo Sakramentu, graziaren ur gozoa beti ematen ari, eta beñere agortzen ez diranak, oen artean batayokoa, bekatu jatorrizko, edo orijinala barkatzeko. Sakramentu onekin barkatu zizun lenengo gurasoetatik datorkigun bekatua: apaindu zinduan graziaren soñeko ederrarekin: egiñ zinduan bere Elizaren ume, eta ipiñi zaitu betiko bizitza iristeko eraz betea. Nondik zuri onenbeste ontarte, edo mesede? Zenbat utzi ditu Jaunak batayorik, eta federik ez duen bazterretan? Zenbat batayo gabe iltzen dira batayoa duen errietan ere? Eta zu bizi zera batayoko Sakramentua arturik Jesu-Kristoren legean. Ekusi zuan Jesus onak, graziaren soko ederrarekin batayoan apaindua geratu baziñan ere, arkitzen ziñala gaitzerako makurtua, eta eroriko ziñala bekatuan: eta ipiñi zuan beste Sakramentu bat, illak piztutzen dituana: au da Konfesioko Sakramentua. Fedeak erakusten dizu, utzi zigula beste Sakramentu bat, Komuniokoa deritzana. Gugatik bere bizitza gurutzean emateko zegoan bezperan gañez egiñ zion guganako onginai, eta amorioak, eta ipiñi zuan Sakramentu miragarri au, gurekiñ bizitzeko, eta guri emateko bere gorputza, bere odola, eta bera dan guzia. Izanik gure Jaungoikoa guzialduna, edo Omnipotentea, alaere eman duan baño geyago eziñ eman zezakean: izanik guziz jakintsua, etzuan jakiñ, zer geyago guri eman: eta izanik guziz aberatsa, etzuan izan zer geyago eman, dio S. Agustiñek. Esan zadazu oraiñ, nere anima: au guzia guri ongi nayez egiñ duan Jaun au zeñ On, eta maitagarria izango da beregan? Eta nork amatuko ez du Jaun au? Baña ay! Jaun au amatu bearrean, altxa gera ainbeste bider beraren kontra, eta itzez ezpada, obraz esan degu: ez det Jaun au serbituko: Dixisti: non serviam. Au da Jaunak berak Jeremiasen autik agertzen duan espa andia. Nere anima! Au egiñ guk Aita añ On, eta Maitagarriaren kontra, eta ez gera damuz, eta negarrez beragana biurtuko? O Ontasun neurririk, mugarik, eta bazterriz ez dezuna! Zeñ berandu ezagutu zaitudan! Amatzen zaitut zure Ontasun orri begiraturik: eta amatzen ditut zure izenean nere lagun urko guziak. Damu det: O Ontasun miragarria, zu ofendituaz! Il banintz, eta iltzen banintz bekatu egiñ baño len! Artzen det asmo osoa, ez geyago bekaturik egiteko, bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko.

        Orra, nere Kristaua, zer gisatan sortu gentzakean onezko damu, edo kontrizio osoa, Oitu gaitezen fede, esperanza, karidade, eta kontriziozko afektoak egitera, eta Sakramentuak prestaera onarekin artzera, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa