www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO ZAZPIGARREN,
ETA AMARGARREN AGINTEEN GAÑEAN

 

Adirazten da zer debekatzen, eta zer agintzen duen.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian ukitu ziran seigarren, eta bederatzigarren aginteen kontra gertatu oi diran bekatu, munduak ezertan artzen ez dituanak. Igaro gaitezen oraiñ zazpigarren, eta amargarren aginteetara.

        Jaunaren legeko aginteen artean azkeneko zazpiak biurtzen dira batera, eta au da amatzea lagun urkoa geren buruak bezala. Aginte au zazpien sustraia bezala da, eta sustrai au gordetzen duanak, gordeko ditu guziak, S. Paulok dionez: lagun urkoa biotzetik maite duanak alabaña opa dio Zerua, eta arako bidean bear, eta on izango duan guzia: eta ez dio ezertan ere kalterik egingo; eta egiten badio, adirazten du, ez duala amatzen biotzetik lagun urkoa.

        Lagun urkoen artean lenengo mallan ipiñi zituan Jaunak gurasoak, eta esan zuan: Onra ezazu zure Aita, eta Ama, luzaro bizi zaitezen zure Jaun, eta Jaungoikoak emango dizun lurraren gañean. Lagun urkoaren ondasunen artean andiena, eta geiago nai duana da bizitza, eta Jaunak esaten digu bostgarren agintean: Ez iñor ill: Non occides. Lagun urkoaren beste ondasuna da garbitasun, edo kastidadearen apaindura ederra, eta ezkondua bada, bere bizilagunarekin pakean bizitzea: orregatik seigarren agintean debekatzen ditu aragiaren lizunkeri guziak, eta bederatzigarrenean besteren bizilagunaganako naikunde gaiztoak. Emendik igerri dezakezu, Kristaua, lagun urkoari ongi nai dionak ez diola atsegin lizunetarako biderik emango, eta aren bizilagunari ez diola gerrarik emango. Igerri dezakezu gañera, munduan gai onetan usatzen diran losentxak dirala egiaz gorroto andiak. Lagun urkoak, emen bizi dan bitartean, gauz asko bear ditu jateko, edateko, eta beste premiak estaltzeko: eta oetan kalte egiten dionak ez du egiaz amatzen. Orregatik zazpigarren Agintean esaten digu Jaunak: Non furtum facies: ez dezu ezer ostuko. Ekusten dezu, Kristaua, zeñ neurri ederrak artu dituan Jaunak, guk elkar amatzeko, eta lagun urkoari kalterik ez egiteko? Jaunaren Aginte oek gordeko balira ardura onarekin, bakoitza bizi liteke bere pakean duan zatiarekin; baña Adanen umeak aztu dira beren Jaun onaren Legeaz, eta bete da mundua gaiztagiñez. Gaurko itzaldiaren gaia izango da Jaunaren legeko zazpigarren agintea amargarrenarekin batean. Aditzera emango det, zer debekatzen, eta zer agintzen zakun bi aginte oetan. Enzun, Kristaua, arreta onarekin.

 

* * *

 

        Zazpigarren agintean esaten digu Jaunak: Ez dezu ezer ostuko: Non furtum facies. Au egiñ oi da geienetan ixilka, eta orregatik esaten da lapurreta; baña egiten bada jabeak ekusten duala, eta beraren borondatearen kontra, orduan bekatu itsusiagoa da, edo obeto esateko bekatu bi dira, bata, zeren artzen dan besteren gauza jabeak nai ez duala, ta bestea, zerren begira badago, bortxatzen dan edo indarrez eragozteko, edo lotsaz ixilik uzteko. Iru gisatara gertatzen da ostutzea, dotrinak dionez. Lenengo lekuan; artzen, edo kentzen dala besteren gauza jabearen borondatearen kontra. Bigarren lekuan, idukiaz besteren gauza jabeari biurtu gabe: egin dezagun kontu erriari, auzo, edo beste lagun urkoari zor zaiona eman gabez. Onelako zabarkeriak gertatu oi omen dira lenengo mallako andikien artean ere, eta joaten dira beste mundura oetako batzuek, zorrai erantzun gabe. Aginduko dioe jabegaiari, paga ditzala, eta onek egingo du aurrekoak egin zuana, eta artzekoduanak botako diezte birauak birauen gaiñ. Orra zer datorren zorrai ez erantzutetik. Irugarren lekuan gertatzen da ostutzea asmo, edo gogo utsez. Artzen dezu asmoa, urliaren, edo sandiaren gauzaren bat ostutzeko, baña ez dezu ostu: alaere autsi dezu zazpigarren agintea, asmoz edo gogoz. Ez dago erabakia, zenbat gai bear dan bekatu larrira iristeko; baña emen erakusten danez lau erreal ostutzea izango da bekatu larria: eta gutxiago ere asko adiña izan diteke, baldin gauzaren jabeari kalte andia badatorkio. Badira zenbait, lapurrerian bizi diranak; eta ostutzen duen gauza bakoitza andia ez izan arren, bizi dira bekatu larrian, zeren prest arkitzen diran era onetan bizitzeko, eta gai andira gutxika bederik igarotzeko.

        Zazpigarren aginteak debekatzen du bigarren lekuan gauzen saldura, goieneko prezioa baño geiagoan, eta era berean erostura beenekoa baño gutxiagoan. Baldin legeak ipiñia badauka ongi gauzaren baten prezioa, gorde bear da au; eta au bera aditzen da, kandelan markatu bada prezioa. Baldin ezpadu gauzak prezio jakiñik, saldu eta erosi bear dira gauzak, dabillen prezioan, eta au izan oi da iru mallatan, nola diran beenekoa, bitartekoa, eta goienekoa, eta ez da oetatik irten bear gauzak saltzean, eta ez erostean. Onetan egiten dira beartsuakin gauz oker aso, zerren beren premiak estutzen, eta beartzen dituan, danean dala gauza ematera, edo artzera. Jauna, eta atez ate dabiltzan janziera usatuakin, edo denda zokoetan autsak, eta sitsak ukiturik zeuden gaiakin, zer prezio eskeñi diteke? Geienen iritzia da, onelako gauzak galtzen duela atez ate erabiltzearekin irutatik bat. Baña begira, artoa, garia, eta beste onelako gauzak, erraz eroslea izan oi duenak, artu bear dira dabillen prezioan gizon jakintsu askoren iritzian. Demagun, urlia arkitzen dala langilleentzat otordua ipiñibearrean, artzen du zakuan artoa, edo garia, eta badijoa bakallaua, sardiña, eta olioaren billa; zergatik onelakoaren arto, edo gariari etzaio eman bear dabillen prezioa?

        Zazpigarren aginteak debekatzen du irugarren lekuan neurri, eta pisuan tranpa egitea. Neurrian, egin dezagun kontu txikitzen badira, ongi betetzen ezpadira, beatza potoan sartzen bada, apar andia altxerazten bada, edo neurria garbitu gabe tortikaz, edo liaz betea badago. Era berean tranpak egiten dira pisuan, egin dezagun kontu: baldin alde batera errazago erortzeko eran ipintzen bada: beatzarekin poliki ukitzen bada: ogi erregabea erretzat, tabakoa, illea edo garia urez iztatzen bada. Gauz oek tranpa itsusiak dira Jaunaren begietan: Abominatio est apud Dominum pondus, et pondus: statera dolosa non est bona (Prov. 20): eta onela gaizki eramana biurtu bear da, Konfesoreak bakoitzari erakutsiko dion eran.

        Zazpigarren aginteak debekatzen du laugarren lekuan, gauza mota bat beste mota txarrago batekin nastutzea, eta saltzea, nasketarik ezpaliz bezala. Nastuko baliz mota obearekin, egin dezagun kontu Estellako ardoa Peraltakoarekin, orduan ez du erosleak kalterik, Estellakotzat ematen badioe; baña nastutzea Peraltako ardoa sagardoarekin: beste edozeñ ardo urarekin: aguardienta ur, piper, edo beste gauzakin: ogia garagar, edo zikirioarekin, oek dira tranpa debekatuak, baña denbora oetan usatu omen diranak.

        Zazpigarren aginteak debekatzen du bostgarren lekuan gauza tatxa duna, tatxarik ezpalu bezala saltzea: egin dezagun kontu: urliak nai luke idi-uztarri bat, bearrerako azkarra, eta gogotsua, eta zuk ematen diozkatzu idi ustel bi, gezurrez betetzen dezula. Sandiak billatzen du ezna bei on bat, umeai eta etxekoai, eznea bederik emateko: eta zuk ezneduna baliz bezala saltzen diozu, eznerik batere, edo gutxi duana, au bera egiten due beste batzuek, gaitzen bat duan idi, edo beia saltzen duala, alako gauzarik ezpaliz bezala. Tranpa oek debekatuak dira, eta geiegi eraman dana, ta kalteak ondu bear zaizka erosleari.

        Zazpigarren, eta amargarren aginteak debekatzen due seigarren lekuan, usura esaten zaion bekatu itsusia, au da epetan gauza emateagatik, ematen dan baño zerbait geiago kentzea, dala dirutan, dala garian, artoan, edo ganaduetan. Ezaguera zuzenak berak erakusten du, epetan gauza emateagatik ezin kendu ditekeala ezer, eta Jesu-Kristok argiro esaten digu, epetan gauza ematen dezuenean, emazue geiago artzeko uste gabe: Mutuum date, nihil inde sperantes. Ala sinisten, eta erakusten due Katolikoak. Emendik atera ezazu, Kristaua, nolakoa egongo dan mundua gaurko egunean, bada dioenez ez due askok dirurik, gari, arto, idi, ta beirik epetan ematen, eman dan baño geiago artzeko usterik ez dala.

        Atzenean zazpigarren, eta amargarren Aginteak debekatzen digue besteren izan, edo ondasunen kutizia. Bide onez gauza bat nai izatea, ez da bekatu; baña bai bidegabe, eta modu gaiztoz nai izatea. Dakuskun oraiñ, zer agintzen zakun bi Aginte oetan.

 

* * *

 

        Bi aginte oek, beste gauz askoren artean, agintzen digue, besteren gauza biur dakiola jabeari. Ez dago bestela Zerurako biderik, eta au egiteo biotzik ezpada, eziñ artu diteke Sakramenturik. Onelako bati agindu zion Aita Kalataiudek, biur zitzala gaizki eramanak, eta zijoala gero absoluzioa artzera. Asko bide zan zor zuana; alaere bildu zuan, ta joan zan absoluzioaren eske; eta esan zion Konfesoreari: Aita emen dakart zizku onetan: ez det biotzik nere eskuz ateratzeko, atera begit berorrek. Orra nolako nekeak diran gaizki artua, edo idukia jabeari biurtzeko. Agintzen digue bigarren lekuan, izan gaitezela lagun urkoakin urrikaritsuak; bestela elkortzen, eta gogortzen da biotza. Itsasten zate emengo gauzai olagarroa aitzari itsasten zaion eran eta ez du biurtu bear duana biurtuko. Atzenean ipiñi bear degu biotza ez emengo gauzetan, baizik Jaunagan, eta ez digu ukatuko bear deguna. Ez ibilli kezketan jateko, edateko, eta janzitzeko bear dezuenaren gañean, esaten digu Jesu-Kristok. Begira airean dabiltzan egaztiai. Ez due oek ereiten, eta aletegietara ezer biltzen; eta alaere zuen Aita Zerukoak bazkatzen ditu guziak. Begira kanpoetan jaiotzen diran lili, edo lirioai: ez due oek eren buruak apaintzeko ardatzean egiten, eta alaere Salomon bere jakiunde guziarekin etzan oek bezala apaindu. Eta gaur bai, ta bigar ez diran, edo surtara botatzen diran belarrai onela begiratzen badie Aita Zerukoak, zenbatez obeto begiratuko dizue zuei? Utzi bada kezka oriek; ez ibilli galdeka: zer jan, eta zer edango degu, eta zerekin estaliko gera? Galde oek fedegabeak egiten ditue: badaki zuen Aita Zerukoak gauz oen bear zeratela. Billa ezazue lenengo lekuan Zeruko Erreñua: gorde itzatzue ongi Jaunaren Aginteak, eta emango dizue bear dezuen guzia, egiten dezuela zeren aldetik, egin bear dana: Et haec omnia adjicientur vobis (Math. 6, et Luc. 12). Egin dezagun bada, nere Kristauak alegiña gure gauzak zuzentzeko; billa dezagun gure Aita Zerukoa, eta emango digu emen bear deguna, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa