www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

1. Ematen dira Konfesioko Sakramentuaren berriak.

2. Urrena aditzera emango dira Sakramentu onek dakartzian ondasunak. Emendik aterako degu, zeñ gauza bearra dan, Sakramentu oni dagozkan gauzak gazteai ongi erakustea.

 

        Azkeneko bi Erakusaldietan itzegiñ dizut, Kristaua, Aldareko Sakramentu guziz miragarriaren gañean. Sakramentu au ongi artzeko prestaerak eskatzen du, beste gauz askoren artean, gure animak garbitzea Konfesioko Sakramentuarekiñ. Orregatik Konfesioaren gañean itzegiñ uste det betaz, eta naroro. Gaur aditzera emango ditut, lenengo lekuan, Konfesioko Sakramentuaren berriak. Urrena Sakramentu onek dakartzian ondasunak. Enzun arretarekiñ.

 

 

§ I.

 

        Gure Salbatzalle Jesus maitagarriak ipiñi zuan lenengo lekuan batayoko Sakramentua, eta onek barkatzen digu bekatu jatorrizko, edo orijinala, arako gure lenengo gurasoetatik datorkigun bekatu ura. Batayoan bertan Espiritu Santuak apaintzen du anima graziaren soñeko ederrarekin, eta ematen diozka fede, esperanza, eta karidadearen birtuteak, eta gañera bere doayak. Atzenean markatzen du Jesu-Kristoren artaldeko markarekiñ, beraren gudari, edo gerrari izan dediñ. Ekusten zuan Jesus onak, etsai trebe, eta leyatuak zituala Kristauak bere kontra, nola diran Demonioa, mundua, eta aragia, eta oek garaitzeko sendotu nai izan zuan beste Sakramentu batekiñ, eta au da Konfirmazioa.

        Gu nor izatera, etzan Konfesioko Sakramentuaren bearrik, zeren batayo, eta Konfirmazioan eman zizkigun grazia, birtute, eta doayakiñ, eta Komunioko Sakramentuaren janari, eta edari miragarriarekin garaitu gintzakean animaren etsayak, eta gorde gentzakean graziaren bizitza. Baña ekusi zuan Jesus onak, zeñ makurtuak geunden gaitzerontz, eta banakaren batzuek ez, beste guziak eroriko zirala bekatuan, eta galduko zuela graziaren soñeko ederra. Urrikaldu zan guzaz, eta Zerura igotzeko zegoan denboran, sartu zan Apostoluak kouden tokira, eta itzegin zien era onetan: «Nere Aitak ni bidaldu ninduan eran, nik ere bidaltzen zaituet zuek: asnasarekiñ aizeman zuan Apostoluen alderonz, eta esan zien: Arrezazue Espiritu Santua: Accipite Spiritum Sanctum: Zuek barkatzen dieztezuenen bekatuak barkatuak izango dira, eta bertatik barkatzen zaizte: Quorum remisseritis peccata, remiltuntur eis. Eta zuek barkatugabe uzten dieztezuenenak, barkatugabe geratuko dira: Et quorum retinueritis retenta sunt (Joan. 20)». Itz oetan utzi zion Jesusek bere Elizari Konfesioko Sakramentua: eman zion bekatuak barkatzeko esku miragarria, ez norinai, baizik Apostoluai, ta oen ondorengo Apaizai. Au da fedeak erakusten, eta guziok sinisten degun egia, eta besterik esatea da herejia.

        Sakramentu au ipiñi zuan Jesu-Kristok batayoa ezkero egiñdako bekatuak barkatzeko: arterañokoak alabaña barkatzen ditu batayoak. Bekatuak batzuek dira eriozkoak, edo mortalak, besteak benialak. Bekatu eriozko, edo mortala, da esatea, egitea, edo nai izatea zerbait Jaunaren legearen kontra gauza larri, edo pisuan. Bekatu beniala da esatea, egitea, edo nai izatea zerbait Jaunaren Legearen kontra gauza ariñ, edo txikiren batean, edo da bekatu eriozko, edo mortalean erortzeko prestaera, eta bidea: eta Konfesioko Sakramentuak badu indarra bekatu oek barkatzeko, esan al baño andiagoak, eta itsusiagoak balira ere.

        Bekatu benialak batzuetan arkitzen dira bekatu eriozko, edo mortalakiñ batean, eta orduan ez dira bekatu benialak barkatzen, Konfesioko Sakramentuarekin, edo onezko damu, edo kontrizio osoarekin baizik. Beste batzuetan bekatu benialak arkitzen dira berak utsik, edo mortal gabe, zeren Jaunaren grazian dagoala bat, erortzen dan bekatu benialen batzuetan. Bekatu benial oen barkazioa iritsi diteke bi gisatara. Iritsi diteke benikbeñ Konfesioko Sakramentuarekin, bear dan damuarekin aitortzen dirala. Iritsi diteke gañera bekatu benialen barkazioa Konfesioko Sakramentuaz kanpora, Elizak artako ipiñirik dauzkan erregu, eta gauz onakiñ. Gauz oek ipintzen ditue, batzuek geyago, besteak gutxiago, eta dotrinako gure liburutxoak dakartzianak dira bederatzi. Lenengoa Meza entzutea: bigarrena Komulgatzea: irugarrena Konfesio jenerala edo Ni bekataria; laugarrena Obispoaren bendizioa: bostgarrena ur bedeikatua: seigarrena ogi bedeikatua; zazpigarrena; Aita gurea esatea: zortzigarrena Sermoya entzutea; bederatzigarrena Jaunari barkazio eskatuaz bularra jotzea. Bederatzi oez gañera dakartzie batzuek limosna, eta urte oro Aita Santuak bedeikatu oi dituan Agnus, edo bildotsaren argizagizko iduriak.

        Baña gai onetan engañatu etzaitezen, Kristaua, gogoan arrezazu esatera noana. Lenengoa: bekatu benialak ere ez dira barkatzen, biotzean sortzen ezpada oen damua, edo damuaren indarra duan mugidaren bat. Demagun Meza entzutean, komulgatzean, ur bedeikatua artzean, esnatzen dala zugan Jaungoikoaganako amorioaren sua, eta alako sasoyan jartzen dala zure biotza, non gogorako balitzaizkizu egiñ dituzun bekatu benialak, gorrotoz begiratuko zeñiekeen. Jaungoikoaganako amorio onek barkatuko dizkitzu zure bekatu benialak, edo guziak, edo beintzat gorrotoz begiratuko zeñiekeen aek. Demagun gañera, Ni bekataria esaten, edo sermoya enzutean, alako eran damutzen zatzula, Jaunaren kontra egin dituzun bekatuaz, non gorrotoz begiratuko zeñiekeen bekatu benialai ere, oez oroitu ezkero. Au asko izango lizake, bekatu benialen barkazioa iristeko, baña ez nolanai, baizik zure biotzeko sasoyaren neurrian. Bigarrena, esan diran bederatzi gauzak ez due berenez indarrik bekatu benialak barkatzeko, baña egokiak dira Jaungoikoaganako amorioa, edo bekatuen damua sortzeko, eta orra zergatik ipintzen diran, bekatu benialak barkatzeko diran gauzen artean. Irugarrena, oitu zaite, Kristaua, fede bizi: eta jayera andiarekin gauz oek egitera. Atzenean, oitura txit ederra da fede, esperanza, karidade, eta onezko damua sarritan sortzea, alegiñean zabaltzen dala damua bekatu guzietara. Baña biur gaitezen Konfesioko Sakramentura, eta dakuskun, zer ondasunak berekiñ dakartzian.

 

 

§ II.

 

        Lenengoa da bekaturik andienak ere barkatzea, ez beiñ bakarrik, baizik bekataria beardan prestaerarekin dijoan guzian. Izan ziran hereje batzuek, zenbait bekatu itsusi eziñ Elizak barka ditzakeala, zeraustenak. Izan dira beste batzuek, beiñ bakarrik barka ditzakeala esan diguenak, baña fedeko gauza da, Konfesioko Sakramentuak beiñ, ta berriz, eta askotan barkatzen diola bekatariari edozeñ bekatu, ongi prestatua badago.

        Bigarren ona da barkatzea bekatuai zegoten betiko pena, aldatzen duala geyenetan, emen, edo Purgatorioan denboraz igaro, eta bukatuko dan nekean. Gerta diteke bekatari bat biurtzea Jaunagana biotz añ prestatuarekin, eta damu añ biziarekin, non iritsi lezakean bekatuen, eta oei dagoten pena guziaren barkazioa ere. Ala uste degu, iritsi zuela Santa Maria Magdalenak, eta S. Pedrok. Baña gutxitan gertatuko da, bekataria damu añ andi, ta prestuarekin Jaunagana biurtzea. Gañera bekataria bekatuen erortzen dan unean bertan, geratzen da Zerutik erbestetua betiko, baña Konfesio onak barkatzen dio pena au.

        Irugarren ondasuna da, animari biurtzea bekatuarekin galdu zuan, graziaren soñeko ederra, eta onekin batean birtute, eta doai asko. Ongi konfesatzen dan bekatariarekin egiten du Aita Zerukoak Ebanjelioko seme ondatzallearekin egiñ zuana. Eman zion pakezko musua: agindu zuan, eman zekiola len zuan janziera ederra: Stolam primam. Agindu zuan gañera, ekarri zegioela karidadearen eraztuna, baita Zerurako bidean ongi ibiltzeko, oñetako ederrak ere. Au bera egiten du bekatariarekin, ongi konfesatzen danean. Añ ederra uzten du graziaren apaindura onek bekatariaren anima, non eziñ adirazi dezakean gizonaren mingañak. Bildu bedi kristalezko onzi eder batean eguzkiak, izarrak, berjeretako loreak, urre, zillar, perla, eta diamanteak duen edertasun guzia. Ipiñi bedi gero onzi au eguzkitan, zeñ eder emango luke? Jakizu bada, Kristaua, edertasun au guzia ezer ez dala, grazian dagoan animaren aldean.

        Konfesioko Sakramentuak dakarren laugarren ondasuna da, berriro egitea bekataria Jaungoikoaren ume, edo seme, ta adiskide: Jesu-Kristoren senide: Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza, ta Zeruaren jabegai. Jaungoikoaren Seme; ez izatez, baizik zeren aintzakotzat artzen dan Jaunak. Ekusi ezazue, norañoko onginai, eta amorioa guganonz agertu duan Jaunak, bada eman digu bere semeen izena ezezik, izatea ere; dio S. Juanek: Ut filij Dei nominemur, et simus. (c. 3) Jaungoikoaren adiskide. Au aditzera eman zien Apostoluai Jesu-Kristok, esan zienean: Emendik aurrera ez dizuet esango nere serbitzariak, baizik nere adiskideak (Joan. 5). Egiten du gañera Jesu-Kristoren senide; Aita baten umeak alabaña senide dira eta Jesu-Kristo da gure Aita Zerukoaren Semea, izatez, edo naturalezaz, eta Aitarekin guzian berdiña. Orregatik S. Pablorekin esan dezakegu, Jesu-Kristo dala gure Senide nagusia (Ad Rom. 8). Atzenean egiten du bekataria Espiritu Santuaren bizileku, eta Eliza: ala esaten digu S. Pablok. Eztakizue, dio; eztakizue, zuen gorputz oriek dirala Espiritu Santuaren Eliza? An nescitis, quoniam membra vestra templum sunt Spiritus Sancti? (1.ª ad Corint. 6). Espiritu Sanutak edertzen, eta apaintzen du Jaunagana biurtzen dan anima bere doayakin: geratzen da beragan bere Elizan bezala; eta giatzen du Zerurako bidean. Emendik atera ezazu, Kristaua, zeñ gauz itsusia dan Espiritu Santuaren Eliz ori bekatuz zikintzea, zuk zikindu dezun eran. Atozea, izango zenduke ausardia, Aldareko Sakramentua dagoan onzia loyez betetzeko? Eta ori gertatu balitzatzu, etzenduke oraiñ negar egingo? Eta eztakizu, zure gorputz ori, Jaunaren grazian zeundenean, zala onzi eder bat, non arkitzen zan Espiritu Santua bere Elizan bezala? Eta alaere izan dezu ausardia, gorputz ori bekatuz loitzeko? Len esan det, Konfesioko Sakramentuak egiten duala bekataria Jaungoikoaren Seme; eta au asko da ezagutzeko, denbora berean egiten duala Zeruaren jabegai, edo heredero, S. Paulok esaten digun bezala (Ad Rom. c. 8).

        Konfesioko Sakramentuak badakartzi beste ondasun asko ere; baña geyegi luzatuko nintzake, guziak adirazi bear banitu gaur. Bakarrik ukitu nai det, Sakramentu onek askotan ekarri oi duan animako pake, eta sosegu gozo bat, Trentoko Konzilioak esaten digun bezala (Ses. 14 cap. 3 de Paenit). Espiritu Santuaren frutuen artean bigarrena da Pakea, eta zazpigarrena Espirituko gozoa, edo atsegin garbi bat, munduak ezagutzen ez duana. Gizonaren biotza asaldatzen due bere gura, eta griña txarren bagak: ekiten dio gaur gura batek, bigar besteak: eta oek ukatuaz, eziaz, ilduratuaz, ez bestela, datorkio animari barrengo pakea, eta onetarako laguntzen dio Konfesioko Sakramentuak.

        Ekusten dezu, Kristaua, nolako ondasunak dakartzian berekiñ Konfesioko Sakramentuak? Eta ez da gauza negargarria Kristaurik geyenak ondasun oek guziak galtzea? Batzuek, zeren igesi dabiltzan Sakramentu onetatik, besteak zeren beren aldetik egin bear lukeen prestaera egiten ez duen. Ea gazteak, au gerta ez dediñ zuekin ere, jarraitu degiogun asi degun lanari gogotik: zuek artuko dituzue era onetan Sakramentuen ondasunak ugari, eta gero betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa