www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIURREN ONEN
ZAZPIGARREN EGUNERAKO
ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Scrutemur vias nostras &.

 

Birjiña txit Santa &. Lendabiziko Platikan bezala.

 

        Konfesio onaren prestaera da Bederatziurren onetako gure lan andia. Bi gauza eskatzen ditu prestaera onek. Bata da gure bekatuen examina, edo gogora ekartzea, eta au egin diteke edo azkeneko konfesiotik, edo konfesio gaiztoak asi ziran denboratik: konfesio gaiztoak egin dituanak alabaña berritu bear ditu oek, eta ezin ongi berritu ditezke andik onera egindako bekatuak gogora ekartzen ez dirala. Bigarrena da, gure bekatuakin galdu degun Jauna billatzea, eta beragana gure biotzak biurtzea, egindako bekatuen damuarekin, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoarekin; baña ez dira gure biotzak Jaunagana biurtzen bear bezala, fedearen argiarekin gogora ekartzen ezpadira damubide egokiren batzuek. Bi gauz oek itz gutxian adirazi zituan Jeremiasek esan zuanean: Begira degiegun gure bide, eta ibillerai: Scrutemur vias nostras: eta billa dezagun gure Jauna, ta biur gaitezen beragana: Et quaeramus, et revertamur ad Dominum. Onetarako azkeneko bi aldietan examina egin genduan Jaunaren legeko bostgarren Aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean: eta ondoren itzegin genduan illondoko kontu-ematearen gañean. Gaurko examina izango da Jaunaren legeko seigarren, eta bederatzigarren Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean. Urrena itz egingo det munduaren azken-kontuetako egun andiaren gañean, eta ukituko det, noiz, ta zertako izango dan egun andi au, eta zer siñale aurretik ekusiko diran. Enzun Kristaua, arreta andiarekin.

 

 

§ I.

 

        Begira degiegun gure bide, eta ibillerai, esaten digu Jeremiasek: Scrutemur vias nostras. Eskatu degiogun onetarako Espiritu Santuari bere lagunza, esaten diogula.

        Atoz, o Espiritu Santua, atoz beartsuen gurasoa, atoz doayen emaillea: argi ezazu nere adimentua, nik nere utsegiteak ezagutzeko: mugi ezazu nere biotza, oen gañean damutzeko, eta aurrera bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko. Zoaz orain, Kristaua, Jaunaren legeko seigarren, eta bederatzigarren Mandamentura.

        1. Jaunaren legeko, seigarren Mandamentuak dio: Aragizko bekaturik ez egitea. Izan dira, eta badira hereje batzuek, ezkonduakiko bekatua bakarrik debekatua izatea, nai lukeenak: baña gure siniste, edo fedeak erakusten digu, debekatuak dirala ezkonzaz osterontzeko atsegin lotsagarriak. Izan dira, eta badira uste duenak, gogo, eta biotzean, kanpora agertu gabe, igarotzen diran gura gaiztoak ezertan ez dauzkeenak, oen artean Juduak, eta hereje batzuek; baña barrunbeko bekatu oek debekatzen ditu bederatzigarren Mandamentuak dionean: Besteren emazterik ez kutiziatzea. Mandamentu onek argiro ez du izendatzen besteren emazteaganako gura txarrak baizik, baña fedeko gauza da, debekatzen dirala garbitasunaren kontrako gura guziak, eta egia au ukatzea izango lizake herejia. Begira bada, Kristaua, nola, eta zenbat bider utsegin dezun bi Mandamentu oen kontra.

        2. Begira izan ote dezun garbitasun, edo kastidadearen kontrako gogorazioai, oartu ezkero, leku emateko. Oartzen zeranean, bereala alegiña egiten badezu, gogoa gauz onetara aldatzeko, Jaunagana biotza altxatzeko, edo Birjiña txit Santari erregutzeko, ez dezu bekaturik batere, asma al ditezkean gogoraziorik itsusienak inguratuko bazindue ere. Baña kentzeko alegiña egin bearrean, poztutzen, goixatzen bazaude, edo deseatzen badezu, gogorazio gaistoak animaren begien aurrean ipintzen dizuna, orduan bekatu egiten dezu.

        3. Begira, len gertatutako bekaturen bat gogora etorrita, egon ote zeran zeregan poztutzen zerala? Zenbat bider?

        4. Begira, len egindako bekaturen bat gogoan daukazula, egon ote zeran atsegin artzen, orduan bertan gaiztakeri artan bazenbiltza bezala? Zenbat bider?

        5 Begira, urlia, edo sandia gogora ekarririk, zeregan igaro dezun arekin bekaturen bat egiteko naya, esaten dezula zeregan: ark nai balu, aserratuko ezpaliz? edo bestela: bidea emango balit, beartuko banindu?

        6. Begira, gogorazio gaiztoak, eta bearbada ondoren gorputzaren suak etorririk, oartu ezkero, egon ote zeran zabarturik, edo aek ayenatzeko arretarik ipiñi gabe? Zenbat bider? Diot oartu ezkero, zeren oartu zaitezen bitartean ez dago bekaturik.

        7. Begira gaizki bizitu ziñan denbora artan sarritan joaten ziñan festara, eztayetara, auzerrietara, edo neskatxak, eta mutillak biltzen ziran lekuetara, eta zenbat ekusten zinduan, beste ainbesterekin atsegin gaiztoetan ibilli-naya etorri oi zitzun? Onelakoakin gertatzen da, denda eder bat ekusten dabillenari gertatu oi zayona, edo ekusten dituan gauz eder guzien zalea etortzea.

        8. Begira, urliarekin, edo sandiarekin egon ote zeran, dakizula, arekin egotea bakarrik zuretzat dala gogorazio gaiztoai leku emateko perill andia?

        9. Begira, zure begiak erabilli ote dituzun, bekaturako bidea dakarten, gauzak ekusten, dala bakarrik zaudenean, dala zere senide, edo beste lagunakin? Zenbat bider mutillakin, eta zenbat bider neskatxakin?

        10. Begira, gazte apainduai berariaz, eta luzaro begiratzen egon zeran? Era onetan llilluraturik, eta txoraturik dagoana, perill andian jartzen da gogorazio gaiztoai leku emateko. Orregatik esaten digu Espiritu Santuak: Emakume apainduagandik ken begiak: Averte faciem tuam a muliere compta (Eccli. 9). Eta gizonezkoentzat Espiritu Santuak emen diona, aditu bear da emakumeentzat ere, zeren aua zabaldurik mutill apinduai begira badaude luzaro, bekaturako perill andian arkitzen diran. Ala gertatu zitzayon Ebari gaitzarekin-onaren jakiundeko arbolari begiratuaz.

        11. Begira, zelatan ibilli ote zeran, ekusi bear ez lirakean gauzak ekusi nayez? Zenbat bider? Badira gizonezko batzuek añ marisak, eta guzia ekusi nai duenak, non zelatatzen dituen emakumeak, jantzitzen, eta eranzitzen diranean, gobada jotzera dijoazenean, eta arbola gañetan dabiltzanean. Ez da gutxiago gertatuko emakumeakin.

        12. Begira, abereak elkarganatuak dabiltzanean, premia gabe egon ote zeran begiratzen, gogorazio gaiztoai leku emateko perillean? Zenbat bider? Gurasoak, ez ditzatzuela bidaldu gazteak onelako perilletara.

        13. Begira, izan ote dezun ipui zikiñak, batezere gazteen aurrean esateko oitura? Zenbat urtean? astean, edo illean zenbat bider? Badira zar batzuek, gazteai gaiztakeria erakusteko maisu andiak, Satanasek bere ordekotzat errietan ipiñirik dauzkanak. Oek beren ipuyakin idikitzen diezteza gazte zoroai begiak gaitzerako, eta emendik jayotzen dira nortaki zenbat bekatu. Onelako zar madarikatuak egon bearrak dira infernuaren beenean, Luziferren sufrezko ainzira erazekian.

        14. Begira, izan ote dezun batari, eta besteari bekaturako bidea emateko oitura, zertan dagoan jakiteko? Jauna ez nuan gauza gaiztoa egiteko asmorik, baizik jakin nai nuan bastearen gogoko berri. Ah madarikatua! eta ez dezu ekusten, au dala lagun urkoari animako puzoya ematea?

        15. Begira, urila, edo sandiari bekaturako bidea eman ote diozun, ez argiro, eta itz lotsagarriakin, baizik gañetik ederki txurituakin, aditzera ematen diozula zure gogo gaiztoa? Onelako itz gañ-txurituak kalte geyago egiten due aziera ona duenen artean.

        16. Begira, zere burua laudatu ote dezun lagun artean, esaten dituzula onekin, edo arekin egindako bekatuak? Onelakoak gutxienez egiten ditu iru bekatu: lenengoa, zeren poztutzen dan gauza gaiztoaz. Bigarrena, zeren lagunai erakusten dien bekaturako bidea. Irugarrena, zeren galtzen duan lagun urkoaren izen, edo fama. Ark uste du, ixilik dagoala zurekin gertatua, eta zuk anima galeraztea gutxi baliz bezala, kentzen diozu bere onra. Noiz, edo nola kalte oek desegingo dituzu?

        17. Begira izan ote dezun aragizko izenak esateko oitura? Zenbat denboran? astean edo illean zenbat bider? Bada zapo-mota bat dabillen lekuan lerdearekin puzoya uzten duana. Ala dira onelako oitura itsusia duenak, beren puzoya zabaltzen due etxeetan, bideetan, soroetan, eta alde guzietan. Españako Errege Felipe bigarrenak agindu zuan, etzezala iñork ere esan, ez kantatu itz desonestorik, ez gauaz, ez egunaz kale, plaza, eta bideetan: eta aginte au autsitzen zuanari eman zegizkiola eun azote, eta bota zedilla erritik. Lege onek agintzen duana egingo baliz, ez lirake izango diran adiña au urde. Begira gurasoak gai onetan: ez etxean artu oitura au duan langillerik: eta ez iduki morroi, eta neskame itz zikiñak esaten dituanik.

        18. Begira, egon ote zeran itz loi desonestoak aditzen, aldegin zentzakeala, eta ezin aldegin bazentzakean, kopeta beltz ipiñi dezun? Au egin bearrean, farraz bazaude esaten diran gauz itsusiak aditzen, Begira daudenak usteko due, agradatzen zaitzula itzegite aek.

        19. Begira izan ote dezun batarekin, eta bestearekin musuka, eta laztanga ibiltzeko griña txarra, ala ezkonduakin, nola ezkongayakin? Zenbat denboran, eta astean, edo illean zenbat bider?

        20. Begira, orrelako ibillerak izan diran mutillen edo neskatxan artean, esan nai det mutillak mutillakin, eta neskatxak neskatxakin?

        21. Begira, izan dezun oitura keñada itsusiak egiteko? Zenbat denboran, eta illean zenbat bider? ala ezkonduai, nola ezkongaiai?

        22. Begira, izan ote dezun ukitze itsusiak egiteko, dala zere buruarekin, dala besterekin, mutillak mutillakin, eta neskatxak neskatxakin? edo abereakin? Asko da: bada ez ditut ukitu nai gañerako gauza nazkagarriak. Goazen oraiñ munduaren azken-kontuetako egun andiaren gañean zerbait esatera.

 

 

§ II.

 

        Gizonak, iltzen dan unean bertan, ematen ditu bere bizitza guziko kontuak, eta au da bakoitzaren juizioa. Onen gañean itzegin nuan azkeneko aldian. Baña etorriko da beste egun andi bat, zeñean Aingeruak, eta gizon guziak leku batera bilduko diran, mundu guziaren aurrean kontuak ematera. Au da munduaren azken-kontuen egun andia. Gure siniste, edo fedeak Kredoan erakusten digun egia da au, eta Katoliko guziok sinisten degu, diogunean: Andik etorriko da biziak, eta illak juzgatzera. Oraiñ begiraldi bat eman bear diegu egun andi oni dagozkan gauzai, batzuei bederik, eta len esan dedan eran, ukituko det: Noiz, eta zertako izango dan egun andi ura, eta zer siñale aurretik ekusiko diran. Asi gaitezen.

        Gure Salbatzalle Jesus maitagarriak itzegin zien Apostoluai munduaren azkeneko egun andiaren gañean: eta S. Pedrok, Santiagok, S. Juan eta S. Andresek galdetu zioen, noiz gertatuko ziran esan zituan gauz aek? Eranzun zien: zeñ egun, eta zer orduz gertatuko ziran, etziakiala iñork ez eta Zeruko Aingeruak ere (Marc. 13) Beraz badakigu, Kristaua, etorriko dala Jaunaren egun andi ura, baña ez dakigu, noiz izango dan.

        Baña zertako da egun andi au, baldin gizonak illondoan bereala ematen baditu bere bizitza guziko kontuak? Asko gauzatarako. Lenengo lekuan, ekusi dedin, nolako jakiundearekin gobernatu duan Jaunak mundua. Ekusten ditugu munduan gauz oker asko. Ekusten ditugu batzuetan onak neke, eta naigabe andien azpian, eta gaiztoak eraz, eta onra andien artean bizi dirala. Ekusten degu, Katolikoen errietan ugari erziten dala Jaunaren Itzaren azia, eta geyena, edo ernetzen ez dala, edo aranzen azpian, edo oñpean galtzen dala: eta denbora berean ekusten degu, munduaren alde asko, daudela gure lege Santaren argitasun gabe: eta arriturik diogu, Nola gertatzen dira gauza oek? Egun andi artan bada Jesusek mundu guziari begien aurrean ipiñiko dio, zeñ era miragarrian gobernatu duan mundua: eta nondik, eta nola datozen ekusten diran gauz okerrak. Orduan munduko jakintsuak geratuko dira zer esan ez duela.

        Egun andi ura izango da bigarren lekuan, eman dakion Jesus Jaungoiko gizonari Aingeru, eta gizonen aurrean, zor zayon, eta ainbeste bider ukatu zayon, onra. Munduaren asieratik ari da Luzifer bere lagunakin Jesu-Kristori onra kentzen, Juduak etzuen ezagutu nai izan beren Salbatzalletzat: eta illerazo zuen gurutzean. Herejeak ere ez due onratu nai izan. Baña egun andi artan Luziferrek, eta Aingeru gaiztoak ere nai, ta nayez ezagutuko due Jaungoiko, eta gizon egiazkotzat, eta gurtuko zaizka, edo adoratuko due belaunikaturik, S. Pablok dion bezala (Ad Philip. 2). Juduak ekusiko due, nola datorren Zerutik gurutze eder bat aurretik duala: asiko dira negarrez, eta adiaz, eta adoratuko due munduaren Salbatzallea bezala, eta au bera gertatuko da hereje, eta gaiztoakin ere: mutuen eran egongo dira guziak, dio Dabidek: Omnis iniquitas oppilabit os suum (Psalm. 106).

        Egun andi ura izango da irugarren lekuan, mundu guziaren aurrean onratuak izan ditezen onak, eta lotsaz beteak gaiztoak. Onen artean asko dira, lagun urkoak Zerurako bidean ipiñi dituenak, dala beren bizitza onarekin, dala erakutsiaz jakin bear ditugun gauzak. Oen artean Apostoluak, beste Elizako Maisu, eta animen onerako nekatzen diranak. Oek erein zuen azi ona, eta il ziran, onen erroak noraño zabaldu diran ekusi gabe. Gaiztoak, beren animak galtzea gutxi baliz bezala, ari dira lagun urkoenak bekatuan amilderazten, eta Jesu-Kristoren erreñua gutxitzen. Oek ereiten due azi gaiztoa, eta iltzen dira, norañoko kalteak etorriko diran jakin gabe. Ill ziran Lutero, eta Kalbino: oen herejiak badirau Alemanian, Franzian, Inglaterran, eta beste toki askotan, eta eztaki iñork zenbat milloi anima galdu, eta zenbat galduko diran bi hereje oekgatik. Au bera gertatzen da guraso zabarren bekatuakin: au bera errietan alperkeria, janzian, itzegitean, gizon, eta emakumeen artean modu ez garbiak zabaltzen dituenakin: iltzen dira, egin dituen kalteak ongi ezagutu gabe. Baña azken-kontuen egun ikaragarri artan guzia agertuko da mundu guziaren aurrean. Ekusiko dira onen neke, eta obra onak. Ekusiko dira, lagun urkoai Zerurako bidea erakusteko egin zituen alegiñak, eta oen aldean ipiñiko ditu Jesu-Kristok oek gatik Zerura ziran anima guziak. Orra, nola onratuak izango diran onak. Alai zaitezte bada Jesusen lege ederra gordetzen, eta erakusten dezuen anima onak. Baña gaiztoak, eta beren itzegite, eta modu itsusiakin animak galtzen bizi diranak, oek mundu guziaren aurrean izango dira lotsaz, eta desonraz beteak. Agertuko dira lagun urkoak bekatura kuturtzeko prestatu zituen bixkak: agertuko dira deadarka oek gatik bekatua ikasi, eta betiko galdu ziran animak, eta guziak ipiñiko ditu Jesu-Kristok gaizto anima-galgarrien aldean. !Zer desonra ez da au izango oentzat!

        Azkenean Jaunaren egun andi ura izango da gorputzak ere izan dezeen beren saria. Gizonak, iltzen danean, uzten du gorputza aurrean arren bazka izateko: eta badijoa anima irabazi duan tokira. Gorputza animaren lagun izan zan ala obra onetan, nola gaiztoetan, eta beragatik eman nai die Jaunak egun andi artan beren saria. Piztuko dira, eta betiraunde, edo betikotasun guzian izango dira animen lagunak. Doatsu, ta zori onekoak ongi bizitu baziran; baña betiko doakabeak bizitza gaiztoari jarraitu bazioen. Aditzen dezu, Kristaua, zertako dan munduaren azken-kontuetako egun andia?

        Baña zer siñale ekusiko ote dira aurretik? Siñale oek asko dira; batzuek urrutikoak, besteak aldekoak, eta oek ukituko ditut oraiñ. Siñale bata da erreñuak erreñuen kontra altxatzea, gerra, gosea, ta izurria. Siñale au esana utzi zigun Jesu-Kristok berak. (Math. 24); baña urrutikora da.

        Bigarren siñalea: geitu, edo ugarituko da gaiztakeria: eta zabartuko dira animen zai, eta kargudunak. Siñale au ere aditzera eman zuan Jesu-Kristok (Math. 24), eta urrutikoa da; bestela esan gentzake bereala bukatuko dala mundua; bada leku askotatik datozen berriak egiak badira, bekatuen ujaldeak zabalduaz dijoaz bazter, edo alde guzietara.

        Irugarren siñalea, munduaren lau alde, eta erreñu guzietan aditzera emango da Jesu-Kristoren legea. Ala esaten digu Jesu-Kristok (Math. 24). Badira leku asko, non bizi diran, nortaki zenbat, Jesusen berri gabe. Onelako asko arkitzen dira Amerikan.

        Laugarren siñalea: askok aldegingo due Eliz Ama Santagandik, eta bizi naiko due beren gura gaiztoak nai duena egiten. Siñale au aditzera ematen digu S. Pablok: Veniet discessio primum ( 2.ª ad Thesal. c. 2, et 3). Eztakigu siñale au igaro zan, edo ez; baña badakigu, erreñu askok utzi duela beren Ama ona, edo Eliza. Zergatik? Zeren ama onek erakusten duan Zerurako bidea gure griña txarrak nai lukeen baño estuagoa dan. Ay! eta zer izango ote da guzaz?

        Bostgarren siñalea: gauza guziak beren moduan aserratu, eta altxako dira gaiztoen kontra, asperturik oekin bizitzez. Illunduko da Eguzkia: odolez betea bezala agertuko da illargia, eta galduko due izarrak beren ibillera ederra. Asiko da itsasoa orroaz, Iturri, eta ibaietako urak zikinduko dira alako eran, non osasunaren galgarri biurtuko diran. Asaldatuko da aizea: ekingo die bekatariai turmoi, tximista, eta arri izugarriakin: lurrera botako ditu arbolak, etxeak, torreak. Lurra, bekatariak bere gañean idukitzez nekatua balego bezala, asiko da dardaraka: askatuko du zenbait lekutan, eta irintsiko ditu mendi eta erriak. Zulo aetako batetik irtengo da kea, eta arrabioen talde ikaragarri bat, eta oek ekingo dieza bekatariai beren ezten zorrotzakin (Luc. 21 et Apoc. 9). Erkituak eta gizonen anzik gabe ibilliko dira bekatariak, Jesu-Kristok berak aditzera ematen digun bezala: Arescentibus hominibus prae timore. Begiratuko dio auzoak auzoari, senarrak emazteari, senideak senideari, eta arrituen eran geratuko dira, elkarren aurpegi illun, eta igartuak ekustean.

        Seigarren siñalea: agertuko da Ante-Kristoa. Au S. Pablok dionez, izango da bekatuaren umea: Homo peccati (2.ª ad Thesol. c. 2): berekin izango du Luzifer, eta egingo dio Eliz Ama Santari, edo Katoliko guziai gerra txit izugarria. Egingo ditu mirari, edo milagroen iduria duen gauz asko. Arkituko ditu nai dituan ondasunak lurpean, eta itsasoaren ondoan: eta oekin engañatu, eta bereganatuko ditu asko. Altxako da Jaungoikoaren kontra: kenduko ditu Sakramentuak, eta Meza Santa. Zer geyago? S. Pablok dio, eseriko dala Jaunaren Elizan, eta Jaungoikotzat erakutsiko duala bere burua: Ostendens se tanquam sit Deus (2.ª ad Thes. 2.º). Asko izango dira gurtuko zaizkanak, edo Jaungoikoa bezala adoratuko duenak, eta onak ekusiko dira estura izugarrietan: batzuek ezkutatuko dira basoetan, besteak lurpeko zuloetan, eta guzia izango da negarra, adia, eta perilla.

        Zazpigarren siñalea: agertuko dira Henok eta Elias: Ante-Kristoaren, eta oen etorrerak aditzera emango du, ez dala arkitzen urruti azkeneko egun andia. Henok da munduaren lenengo denboretan bizitu zan Patriarka birtutetsu bat, eta Elizako gurasorik geyenak dioenez, Jaunak ezkutatu zuan gizonen artetik artean bizi zala, eta gorderik dauka azkeneko denbora estu aetarako. Au bera egin zuan Jaunak Elias Profetarekin ere (Eccli 44, et 4 Reg. c. 2). Bi gizon andi oek bada etorriko dira munduaren bukaeraren aurretik: aditzera emango due, nor dan Ante-Kristoa, eta nola bere losentxa, eta gezurrakin galdu nai dituan animak. Kenduko die bizia Henok, eta Eliasi, eta oen gorputzak iru egun, eta erdian obiragabe egongo dira Jerusalengo plazan, eta denbora onen buruan piztuko dira. Ala esaten digu S. Juanek (Apoc. 11).

        Zortzigarren siñalea: Juduak ekusirik Henok eta Elias, eta aditurik oek erakutsiko duena, ezagutuko due, Jesus zala munduaren Salbatzallea, eta biurtuko dira beragana. Ala esana utzi zuan Jesu-Kristok berak (Math. 17).

        Bederatzigarren siñalea: gauz oek onela gertatuta ere, ez dira zentzatuko gaiztoak: batzuek usteko due, siñale oek ez duela adirazten, munduaren bukaera, besteak siñale urrutikoak dirala. Izango ditu munduak bere argi-uneak, eta S. Pedrok dionez, gaiztoak galdetuko due: Non da ainbeste bider esan diguen Jaunaren etorrera (2.ª Petri c. 3). Onela bekatariak zabartuak daudela, bat batetan agertuko da azkeneko siñalea, edo suzko ibai bat alde guzietara zabalduaz joango dana. Ala aditzera ematen digue Isayasek, Dabidek, eta S. Pedrok. Orduan bekatariak asiko dira suaren igesi: batzuek sartuko dira torre, eta gazteluetan; besteak igoko dira mendi-gañetara: baña alperrik: zeren toki guzietara zabalduko dan su ura, len ujaldeak Noeren denboran zabaldu ziran bezala. Auts biurtuko ditu gizon, eta emakume guziak, ala gaiztoak, nola onak. Gaiztoak neke, eta oñaze andiak igaroko ditue; baña onak edo ez due nekerik izango, edo beren bekatuen zorrak ateratzeko diña bakarrik. Auts biurtuko ditu erriak, etxeak, jauregiak. Auts biurtuko ditu basoak, ardiak, bei ta abere guziak. Auts biurtuko ditu urre, ziliar, perla, ta diamanteak. Erreko dira, dio S. Pedrok, lurra, eta lurreko gauza guziak (2.ª Petri c. 3).

        Aditzen dezu, Kristaua, noiz, eta zertako izango dan munduaren azken-kontuen egun andia? Aditzen dezu, zer siñale aurretik ekusiko diran? Sinisten au guzia, eta alaere gure gogo, eta biotzak ipintzen ditugu emengo gauzetan? Demagun, Jaunak eramaten zaituala munduaren autspilla ura ekusteko toki egoki batera. Begiratzen diozu alde guzietatik. Zer esango dezu? Arriturik esango dezu: Au da ainbeste amatu degun mundua. Auts piska bat besterik ez izan emengo gauza guziak, eta oekgatik utzi nik nere Jaun eta Jaungoikoa? Oekgatik galdu betiko ondasunak? eta irabazi beti-betiko nekeak? Au esango zenduke noaski, munduaren autspillari begiraturik. Atozea oraiñ, Kristaua: eta orduan begiz ekusiko zendukean guzia ez dezu fedearen argiarekin ekusten gaur? Eta alaere etzera zere Jaun onagana biurtuko damuz, eta negarrez? Lenbait len egin dezagun au: bizi gaitezen beraren Lege Santak erakusten digun eran, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa