www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ukitzen dira, jaunaren Legeko irugaren Agintearen kontra gertatu oi diran, utsegite, eta bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian itzegin nizuen Jaunaren Legeko irugarren Agintearen gañean, Eliza Ama Santak adirazten digun eran. Gaur ukitu uste ditut Aginte onen kontra gertatzen diran, utsegiteak. Enzun arretaz.

 

* * *

 

        Aginte oni eranzuteko lenengo lekuan bear dan gauza da Meza osoa, eta ongi enzutea.

        1. Begira bada, geratu ote zeran, eta zenbat bider jai egunean Mezarik enzun bage zere kulpaz? Enzun ezin dezakezunean, ez da bekatu. Ala gertatu oi da gaixo daudenakin, eta kalte andiarekin baizik ezin enzun dezakeenakin.

        2. Begira, zenbat bider jarri zeran, Meza gabe geratzeko perillean, batzuetan garai onean etxetik irten gabez, besteetan bidean erausian geratuaz. Asko geratzen dira ostatuan, eta Meza asitakoan irteten dira pipa auan duela. Beste batzuek Elizaren aldeko etxeetan biltzen dira, eta egongo dira asteko elaberriak irabiatzen: besteak Eliz-atarian bertan idi, eta beien adarrak laudatzen.

        3. Begira, Meza enzun gabe joan ote zeran beste erriren batera, zeregan esaten dezula: ez naiz bearbada ara iritsiko Meza enzuteko garai onean? Kalte andirik izango ote zenduan, Meza enzuten errian geratuta? Kalte andiaren beldurra bazan, orduan etzan bekaturik, baña gañerakoan etzaitezela orrelako perillean jarri.

        4. Begira, Mezako denboran egon ote zeran modestia, ta modu onean? Edo ala egon bearrean, denbora igaro ote dezun erausian, edo begi arroak darabitzkizula batari, eta besteari begiratzen? Denbora luzean, edo laburrean? Zenbat bider?

        5. Begira, zure gogoa Mezako denboran, zere naiez iduki dezun munduko zorakerietan? Denbora luzean, edo laburrean? Zenbat bider?

        6. Begira, iñoiz enzun ote dezun Meza bataren erdia, eta bestearena beste erdia, zeregan esaten dezula, bi erdirekin molda diteke osoa? Ez aurrera orrelakorik egin.

        7. Begira, zure ume, morroi eta neskameai eragotzi ote diezun meza jaiegunetan enzutea, etxeko arazoen aitzakiarekin, eta zenbat bider?

        8. Begira jai osoetan lan debekaturik egin, edo eragin ote dezun premi estu bage? Zenbat denboran, eta zenbat bider?

        9. Begira, astegunean egin zintzakean lanak jaierako utzi ote dituzun berariaz? jaierako gurdi-maneratzea, jaierako abarkak jostea: jaierako gizonaren, eta umeen soñekoak adabatzea?

        10. Begira, zure morroi, eta neskameari ukatu ote diezun abarkak josteko, eta soñeko zarrak adabatzeko denbora astegun, eta jaierdietan? Jauna, gauz oetarako denbora eman ezkero noiz egingo dira etxeko lanak? Noiz? Bear dan denboran, beste etxe askotan egin oi diran bezala. Gañera, zergatik ez dieztezu egiten zerorrek ume eta mirabeai lan oriek astegunetan? Jauna, eragin ditzakee kanpoan lan oriek? Eta zerekin pagatuko due jostuna? Beretik pagatzen badu, zer soldata geratuko zaio? Naiko dezu zure arto, edo gariarekin pagatzea? zenbait etxetan seme, alaba, edo mirabe izatea baño, obe lizake idi, bei, edo asto izatea; oei alabaña gaixotzen badira, ardura onarekin begiratzen zate, tresnak urratzen bazaizte, adabatzen zaizte.

        11. Begira, izan ote dezun, Meza nagusi, errosario, eta bezperetatik iges egiteko oitura lotsagarria? Badakit gauz oetako bakoitzak etzaituala beartzen bekatu larriaren azpian: badakit, Mez osoa enzun, eta lanik premia gabe ez egitea agintzen dizula Eliz Ama Santak; baña denbora berean ezin ukatu diteke, asko Kristau dirala jakin bear dituen gauzak ez dakizkienak, eta are geiago, jaiak alperkerian igarotzen baditue, amilduko dirala bekaturen batzuetan edo gogoz, edo itzez, edo bestela. Zer izango da bada oez, jaietan iges egiten badue Meza nagusi, errosario, bezpera, dotrina, eta obra onetatik?

        12. Begira, Meza nagusi, errosario, eta bezperen denboran idukitzen dituzun gizonen batzuek edanean, jokoan, edo lasaikerietan? Emen gogora ekarri ditzakezu gañera Eliz Ama Santaren beste Aginteen kontrako bekatuak, baña ez naiz oetan geratzen, zeren Elizaren bost Aginteen gañean itzegin uste dedan geroago. Egin dezagun alegiña, oraindañoko utsegiteen damua sortzeko: gorde ditzakun ongi, Jauna onratzeko auturik dauden egunak, onela iristeko beraren bendizioak emen, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa