www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAZPIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO
BOSTGARREN AGINTEARI DAGOKANA

 

Ukitzen dira, gizonak animaren aldetik duan, bizitzaren kontra egiñ oi diran utsegite, eta bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Jaunaren legeko bostgarren agintea izanda azkeneko bi itzaldien gaia. Aditzera eman dizuet Aginte onek esaten diguna, eta zer egin bear degun Aginte bera gordetzeko. Aditzera eman dizuet gañera, bi bizitza dituala gizonak, bata gorputzarena; eta onen kontra egiten diran bekatuak ukitu nituan leneko egunean. Beste bizitza da animarena. Au da animako graziaren doai miragarria. Doai bat bekatu larri guziak aienatzen dituana, eguzkiak gauaren illuntasunak aienatzen dituan eran. Doai bat anima edertzen, eta apaintzen duana, ezin guk ongi aditzera eman gentzakean eran, eta Jesu-Kristok berak deitzen dio eztaietako soñekoa edo janziera: Vestem nuptialem. Apaindura au guri eman naiez, Zerutik lurrera jatxi izan zan Trinidadeko bigarren Persona, gizon egin zan, eta gurutzean eman zuan bere bizitza. Ainbeste kosta zitzaion Jesus onari gizonak animaren aldetik duan bizitza! Au onela izan! eta alaere ezer balio ezpalu bezala begiratzen zaio animako bizitzari? Au onela izan, eta billatzen dira ainbeste bide, lagun urkoen animak iltzeko? ez dirudi beste gauzari, ezpada elkar artu duela Luziferrek, gizonak, eta emakumeak, Jesusi ainbeste kosta zitzaion, animako bizitza galerazteko lagun urko guziai. Nai dezu, Kristaua, ekusi, zer utsegite, eta bekatu egin oi diran lagun urkoaren animako bizitzaren kontra? Enzun arretarekin.

        1. Begira lenengo lekuan, aurra galtzeko perillean jarri zeran zere gaiztakeriaz? Au da aurrari denbora, ta kolpe batean bi bizitza kendu nai izatea, gorputzarena bata, eta animarena bestea. Ote da emen aurren onelako erallerik? Ez det sinisten.

        2. Begira, aurra galduta, edo galdu gabe, utzi dezun bataio gabe munduaren beldurrez, edo zerren denbora gutxikoa dan? Au da gogortasun izugarria. Jauna, egun gutxi izan zezakean. Atozea, ta animarekin bazegoan? eztakigu, noiz Jaunak aurrari ematen dion anima. Batzuek dioe, aurrak sortzen danean bertan artzen duala anima; besteak dioe geroxeago au gertatzen dala: besteak berrogeigarren egunean, mutilla bada, eta larogeigarrenean, neskatxa danean. Orregatik batzuen iritzia da, aurra galtzen danean, bataiatu bear dala, denbora gutxikoa izan arren, bataioko itzak esaten dirala gis-onetan: Bataiorako gai bazera, nik bataiatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Itz oek esateko denboran bota bear zaio ura. Beñ baño geiagotan aditzera eman det au, baña alaere era bada, onena da dakianari deitzea, bestela gerta liteke Bonaparteren bataioak baño geiago balio ez izatea.

        3. Lagun urkoaren animari bizitza kentzen zaio beste gisa batera ere. Nola uste dezue? Ematen zaiola bekaturako bidea, oña, edo lagunza, baita gure egin bideai eranzuteko zabarkeriaz ere. Era onetan lagun urkoaren anima iltzea, edo iltzeko bidea prestatzea da eskandaloa esaten zaion bekatu izugarria. Eta au nola gertatzen dan ezagutzeko.

        Begira, izan ote dezun aragizko itzak esateko oitura lotsagarria? Zenbat denboran, egunean, edo astean zenbat bider? Oitura au duanak anima asko ilko zituan, eta beartua dago oek aleginean bide zuzenean ipintzera, bizitza berri on bat egiten duala, eta osotoro uzten duala oitura lotsagarri au. Badira gizonezkoak, eta badira emakumeak ere añ nazkagarriak gai onetan, non zerrietegietan iduki bear lirakean, eta ederki izango litzake, zerriai lepoan ipiñi oi zaten apaindura ipintzea. Españako legeak agindua daukee, onelako au lasaidunai azoteak ematea, eta erritik botatzea. Eta baldin beti zerbait izan bada munduan, zer izango etzan gerrako denboran? Aditu det, gerrariak erri batzuetan neskatxai nai duena aditzera emateko, paperetan erdarazko itzak euskeraz ipiñi dituela, eta neskatxak ere saiatu dirala erdarara, eta eiaka dijoazela gerrarien eskolara. Ez da basoetan oterik oei su emateko?

        4. Begira, izan dezun oitura lagun urkoari keñada, edo beste modu itsusiak egiteko, batzuetan mutillak mutillai, eta besteetan neskatxak neskatxei?

        5. Begira, onestidadeari ez dagokan bezala, egon, edo ibilli ote zeran etxean, edo kanpoan lagun urkoari bekaturako bidea emateko perill andian? Au gerta diteke lenengo lekuan, mutillak igeri ibilliaz leku agirietan, edo jendea dabillen tokietan. Bigarren lekuan, emakumeak gobada jotzeko, jartzen dirala era lotsagarrian bear bada mutillen aurrean: era berean ginga, edo gerezi gañetan gañean jartzen dirala gaizki dirudian eran, mutillak begira daudela. Zer esango det goiko tokiak estalki bage erakusteaz? egia da, gure errietan ez dala lasaikeri txit andirik ekusten; baña alaere noizean beñ agertu oi dira moda farragarri batzuek. Ez da denbora asko ekusten zirala emakumeen bular-inguruan ustai andi batzuek. oekin utsune andia geratzen zan, eta au betetzeko bear bide zuen gaitzeru bat zatar. Beste batzuek ipintzen omen ditue gorontza txit motxak, zertako? goiak zinzilika ipintzeko. Besteak ipintzen omen ditue lepokoak, baña orratzik bage eta guzia estaltzen ez duela. Ez det esan nai gauz oek guziak dirala bekatu larriak, baña malla txikia dirudianetik andiagora erraz igarotzen da.

        6. Begira, urliaren, eta sandiaren ixil-mandatuak egin dituzun, dakizula aen artean gauz onik ez dala. Badira zar doakabe batzuek elze zarra dirudienak: elze zarra sukaldeko zokoan egongo da denborarik geienean: alaere ederki serbitzen du, etxe batetik bestera sua eraman bear danean; eta au bera gertatzen da zenbait atsorekin: serbitzen due mandatutxoak egiteko gazteai.

        7. Begira, urliari laudatu ote diozkatzun bere ibillera giaztoak, esaten diozula: orain da zure denbora: txorakeri andia da amamen artean lizuntzen egotea: ederki egiten dezu unore ona igarotzean. Ah! losentxari madarikatua! Deabruaren eskola-maisua, eta bekaturako zuzia.

        8. Begira, lagundu ote diozun norbaiti gauza gaiztoan, egin dezagun kontu lapurrerian edo beste bekaturen batean? Onelako gauz asko gertatu da denbora oetan.

        9. Begira iñori eman diozun orditzeko biderik? Ekusten dezu zure auzo, aide, edo adiskidea on dan adiña, edo geiago kargatua, eta asitzen zatzaizka berriro edateko bidea ematen, esaten diozula: Urlia, pitxerditxo bat ardo edan bear degu elkarrekin. Itz gozoa dek ori, erantzuten dio besteak. Asitzen dira edaten, eta geratzen da, bata erdi-ukitua, eta bestea zagi egiña. Noren kulpa da au? Zurea, zeren zuk edateko bidea eman diozun, dakizula nola zegoan ordurako.

        10. Begira, orduaz kanpora ardoa, edo edari txuria saldu dezun, dakizula urliak, edo sandiak gaua igaro nai duela nonbait jokoan, eta gaiztakerian?

        11. Begira orditzeko perill andian, edo zorian daudenai ematen ote diozun ardoa, edo edari txuria? Zenbat bider? Jauna, eta nola biziko gera, salgai daukagun edaria ematen ezpadiogu bere diruarekin datorrenari? Atozea, eta bizi nai dezu lagun urkoaren animaren kostuz? Eztakizu, anima ori kosta zitzaiola Jesu-Kristori bere bizitza gurutze batean ematea? Eta zuk añ erraz kendu nai diozu Jesusi ainbeste kostako anima? Jauna, eta nor bizi urliarekin, ukatuko balitzaio, eskatzen duan, edaria? Nor bizi urliarekin diozu? Atozea, ilko ote zaitu? Ez det uste, Jauna; baña andiak izango lirake aren espa, eta erausiak. Jakizu bada ez dala ori asko, zuk lagun urkoari orditzen laguntzeko.

        12. Begira zure etxean izan oi diran neskatx, eta mutillen billerak, edo batzarreak jokatzeko, eta denbora atsegiñ onean igarotzeko aitzakiarekin? Batzarre oek kendu bear dira, zerren len, edo gero bekatu asko ekarriko duen, kentzen ezpadira. Ez da gauza jakiñagorik au baño: zoaz munduaren edozeñ aldetara, zoaz Franziara, zoaz Italiara, zoaz Nafarroara, Gaztelara, eta noranai, eta toki guzietan esango dizue, arren eta emeen bilkuiak, edo batzarreak ez duela ondoren onik ekarten. Jauna, ordea gure etxera datozenak ongi bedeikatua bezalakoak dira. Ongi: beragatik etzate utzi bear elkarrekiko billera oriek egiten, zerren asieran ogi bedeikatua zana, laster galduko dan edo katuren batek mutxikatuko duan, perilletik kentzen ezpada. Orra, Kristaua, nola lagun urkoaren anima sarritan iltzen dan, ematen zaiola bekaturako bidea, oña, edo laguntza. Bada animak iltzeko beste modu bat, eta da gure eginbideai erantzuteko zabarkeria. Orregatik begiraldi bat eman bear diegu, alde onetatik gertatzen diran, animen eriotzai ere.

        13. Begira zer alegiña egiñ dezun gaizki bizi dan lagun urko ori bide onean sarrerazteko? Egiñ dezakezula, ez egitea alegiña, da zabarkeri bat, lagun urkoaren anima iltzen duana, eta len illa badago eriotzaren azaparretan uzten duana. Jauna, eta zer egiñ bear da bada onelako gauzaren bat gertatzen danean? Jesu-Kristok erakusten diguna. Lenengo lekuan itzegiozu berari bakarrik, dio Jesu-Kristok: Corripe eum inter te, et ipsum solum. Au asko ezpada, itzegin giozu baten, edo biren aurrean: Si te non audierit, adhibe tecum adhuc unum, vel duos. Atzenean asko ezpada bigarren ateleka au ere, orduan aditzera eman giozu bekatariaren gañean agintea duanari: Quod si non audierit eos, dic Ecclesiae (Math. 18). Jauna, ni ez naiz egokia, urliarekin ori egiteko. Bakarrik itzegiten badiot, edo isekaz asiko zat, edo aserratuko zaio nere kontra. Iñoren aurrean itzegiten badiot, esango du nere kontra edozeñ gauza. Atozea, eta ezin balia zaitezke orretarako egokia danen batez? Egizu bada ori. Baña begira, baldin Konfesoreaz baliatzen bazera, itzegin giozu konfesioaz kanpora. Alegiña gai onetan egitea guziai dagote, baña batez ere guraso, nagusi, ta etxekoandreai, Alkate, Konfesore, eta animen kargudunai.

        14. Begira erriko agintearekin, edo karguarekin egon zeran bitartean alegiñean eragotzi dituzun, bekaturako bidea dakarten jokoak, etxeetako egoera debekatuak, lapurrerian dabiltzanen ibillerak. Era berean erriko ondasunak iru, edo lauren artean partitzea, beste berdin arzekoak duenak, dagotena artu gabe geratzen dirala: onelako modu itsusiak edo ontzat eman, eragotzi litzakeela, eragozteko alegiña egin ez duen kargudunak, beren gañ ditue kalte oek guziak, ala animakoak ,nola beste ondasunetakoak. Baña uste dezue onelako kargu dunak oker oek zuzentzeko biotzik izango duela? Ez sinistu orrelako gauzarik. Sinisten det nik, dio predikari andi batek, lenagokoak sulizean, edo infernuan daudela, eta oraingo zabarrak ere ara joango dirala.

        15. Begira, guraso, edo etxeko burua, izan ote dezu bear dan arreta, eragozteko ume, eta mirabeai bekaturako bide, ta perilletara joatea? Au egin ezpadezu, zu zera anima orien erallea.

        16. Begira, ezkontzeko itzak emanik dauden zure ume, edo mirabeai utzi diezun ezkutariarekin beren erara egoten, adituari ez aditu, eta ekusiari ez ekusi egiten diozula? Baña onen gañean itzegin nuan laugarren Agintean, baita guraosen bizitza onaren gañean ere.

        17. Begira, zabarra izan ote zeran, zure guraso, eta aurrekoai Meza, argiolata, eta obra onakin laguntzeko, lenbait len Zerura joan zitezen? Ala izan bazera, zu zera basoko piztia guziak baño gogorragoa, eta esker gaiztoagokoa, eta kendu, edo eragotzi diezu betiko bizitza doatsua iristea iritsi bear zuen bezeñ laster. Asko degu.

        Aditu dezu, nere Kristaua, zenbat gisatara gertatzen dan lagun urkoen animak iltzea, batez ere eskandaloa deritzan bekatuarekin. Ala ere, zerorrek dakutsu, ez duala munduak ezertan artzen animak era onetan iltzea. Nork sinistu lezake au, ezpaliz guziok ekusten degun gauza? Kentzen zaizka Jesu-Kristori bere bizitzaren kostuz erosi zituan animak, eta saltzen zaizka Luziferri. Betiko bizitza doatsurako Jaunak egin, eta ederki prestatu zituan animak, erbestetzen dira Zerutik, eta betiraunde guzirako amilderazten dira betiko su, eta garren artean eta bekatu izugarri au ez da ezertan artzen? Ai! dio Jesusek! munduaren zori gaiztokoa eskandaloagatik! Ai! eskandaloa ematen duanaren doakabea! Obe zukean errotarri bat lepotik zuala itsasoan ondatu baliz, ezen ez era onetan animak iltzea. Zer egin al dezakegu bekatu izugarri oen barkamentua Jaunagandik iristeko? Zer ezpada Dabid Santuarekin Jaunagana biotz osoarekin biurtzea eta damuz otsegitea: Nere Jaungoikoa! andia da, eta andia neurri, ta mugarik bage zure Urrikimentua: urrikaldu zaite nizaz, zure urrikimentuaren anditasunari dagokan eran: Secundum magnam Misericordiam tuam. Ez da asko au, bekatu onen barkazioa irsiteko, bear da gañera animetan egin ditugun kalteak desegitea alegiñean baña desegingo dira, ezpadakigu noraño zabaldu diran kalteak? Zuk bati eman diozu bekaturako bidea, ark erakutsi die bide gaiztoa amarri, amarrak millari, eta oek au bera egiten ari dira, eta eztakizu noiz bukatu dan zuk erakutsi zenduan bide okerra. Gañera, zugatik bekatuan erori ziranetatik asko galdu ziran bear bada betiko, eta deadar egiten due zure kontra su-lize, edo infernutik, nola kalte oek desegingo dituzu? Ez da erraz, baña Dabid Santuak erakutsi zigun, zer onetarako egin bear degun, eta da bizitza berri-onarekin irabaztea Jainkoarentzat al ditugun animak. Jauna, esaten zion, barka gizkidatzu, nere lagun urkoak nigatik egin dituen bekatuak: nik erakutsiko dieztet bekatariai zure aginteak, eta zugana biurtuko dira gaiztoak: Docebo iniquos vias tuas, et impii ad te convertentur. Egin dezagun au guziok, onela iristeko gure utsegiteen barkazioa, eta betiko Zerua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa