www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIURREN ONEN
IRUGARREN EGUNERAKO
ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Scrutemur vias nostras &.

 

Birjiña txit Santa &. Lendabiziko Platikan bezala.

 

        Konfesio onaren prestaera da Bederatziurren onetan billatzen deguna. Bi gauza eskatzen ditu prestaera onek: bata da gure bekatuen examina, edo gogora ekartzea, eta au egin diteke edo azkeneko konfesiotik, edo konfesio gaiztoak asi ziran denboratik: eta bigarren examina-modu oni geyago begiratuko diogu egun oetan lenengoari baño. Konfesio onaren prestaerak eskatzen duan, bigarren gauza da, gure bekatuakin galdu degun Jauna billatzea, eta beragana gure biotzak biurtzea, egindako bekatuen damuarekin, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoarekin: baña ez dira gure biotzak Jaunagana bear dan eran biurtzen, fedearen argiarekin gogora ekartzen ezpadira damubide egokiren batzuek. Bi gauz oek itz gutxian adirazi zituan Jeremiasek, esan zuanean: begira degiegun gure bide, eta ibillerai: Scrutemur vias nostras eta billa dezagun gure Jauna, eta biur gaitezen beragana: Et quaeramus, et revertamur ad Dominum. Onetarako bigarren egunean examina egin genduan Jaunaren Legeko bigarren Aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean: eta ondoren fedearen argiarekin begiratu genduan, Nola egin, eta nolako doayakin ornitu, eta apuindu zuan Jaunak gizona, eta zer gertatu zan. Gaurko examina izango da Jaunaren Legeko irugarren Aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean. Urrena begiratuko degu, lenengo lekuan, nola Jaunak gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko, agindu zuan bidaltzea bere Salbatzallea, eta nolako eresi, edo ansiarekin eskatzen zuen anima onak onen etorrera. Bigarrena, denborak bete ziranean, zer gure alde egin zuan Trinidade guziz Santak. Emendik erraz ezagutuko degu alde batetik Jaunaren Ontasun baztergabea, eta bestetik gure eskergabekerien itsustasuna. Asi gaitezen.

 

 

§ I.

 

        Begira degiegun gure bide, eta ibillerai, esaten digu Jeremiasek: Scrutemur vias nostras: au da examina egitea, eta gaurkoa degu Jaunaren legeko irugarren Aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean. Oek ongi ezagutzeko, eskatu degiogun Espiritu Santuari bere lagunza, esaten diogula:

        Atoz, o Espiritu Santua, atoz beartsuen gurasoa, atoz doayen emallea: argi ezazu nere adimentua, nik nere utsegiteak ezagutzeko: mugi ezazu nere biotza, oen gañean damutzeko eta aurrera bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko. Zoaz oraiñ Jaunaren Legeko irugarren Aginte, edo Mandamentura.

        1. Irugarren Aginte, edo Mandamentuak dio: festak, edo jai egunak santifikatzea. Festak nork santifikatzen ditu? Meza osoa enzunda, lanik premia gabe egiten ez duanak. Mandamentu onetara biurtzen dira Elizaren gañerako Aginteak ere. Begira bada, nola, eta zenbat bider utsegin dezun, irugarren Aginte oni dagozkan gauzetan, gaizki konfesatzen asi ziñanetik.

        2. Begira, denbora artatik oraindaño zenbat bider geratu zeran Mezarik enzun gabe, enzun bear zan egunetan, eta enzun zentzakeala? Ezin enzun dezakeanak ez du onetan bekaturik; baña gauz ona da orduan obra onen batzuek egitea Mezaren lekuan.

        3. Begira, Meza enzun gabe geratzeko perillean jarri ote zeran, dala mugonean etxetik irten gabez, dala bidean erausian egonaz? Zenbat bider? Asko Eliz atarian egoten dira izketan, eta Meza asia izan arren, arretarik ez due ipinizen, Elizan sartzeko.

        4. Begira, Meza enzun gabe joan ote zeran beste erriren batera, barrenak esaten dizula: etzerala ara joango Meza enzuteko denboran. Jauna, beartua nengoan joatera, eta errian Meza enzuten geratu baninz kalte andia etorriko zitzayen gurasoai. Kalte andia etortzeko perilla danean, ez da bekatu kanpora joatea, Meza utsegingo baliz ere; baña gutxitan, izan oi dira kalte andien perillak, errian Meza enzun arren.

        5. Begira Meza enzun izan dezun modestiarekin, eta zertan zauden oartua zaudela? Jauna, batzuetan Mezako denboran inguratzen, eta nekatzen naue gogorazio gaiztoak: bekatu ote da au? Ez, baldin arretarekin sayatzen bazera, zeregandik ayenatzeko gogorazio oriek. Lenbiziko Komunioko liburuak asko lagunduko dizu Meza ongi enzuten. Jauna, batzuetan Meza enzun det, jokorako kartak nerekin ditudala. Ez da au ere bekatu, baldin gañerakoan arretaz enzuten badezu; baña ez dirudi ongi jokorako kartakin Mezatara joatea.

        6. Begira, bizitu ote zeran, Meza nagusi, Errosario, bezpera, eta Jaunaren Itzagandik igesi zere alperkeriaz. Ez det esan nai, gauz oetako bakoitza utzitzea dala berez bekatu larri, edo mortala; baña gauz oetan ardurarik ez duana, batezere gaztea, laster bekatuz beteko da.

        7. Begira, enzungabe utzi ote dezun Mezaren parte, edo puskaren bat? Zer, eta zenbat bider. Epistola bukatu artekoa, eta era berean Apaiza Komulgatzen danetik Mezaren bukaerañokoa utzitzea ez da bekatu larria askoren iritzian, baldin gañerakoa enzuten bada ongi.

        8. Begira, jai osoetan lan debekaturik, egin ote dezun premia estu gabe: zer lan, zenbat denboran, zenbat bider?.

        9. Begira, astegunean egin zintzakean lanak igandean, edo jai osoan egiteko asmoarekin utzi dituzun? Jauna, ez dit etxekoandreak utzi nai, astegun, eta jai erdietan nere abarka, eta soñeko zarrak adabatzen, eta zer nai du, nik egitea? Era badezu, zoaz beste etxeren batera: eta ezpada onetarako erarik, egon zaite Konfesorearekin. Nagusi, ta etxekoandreak, etzaiteztela izan, añ gogorrak morroi, eta neskameakin.

        10. Begira, aragirik jan dezun, jatea debekatua dagoan egunetan? edo Buldarekin jan ditekeanean, otordu batean jan dezun aragia, eta arraya? Aragia jan arren, ez da debekatzen olio-gauzak jatea otordu artan, baizik debekatzen dana da aragia, eta arraya otordu batean jatea.

        11. Begira, urte oroko konfesio, ta komunioa egingabe geratu zeran gaiztakeriaz, edo nagitasunez. Badira zenbait guraso, zazpi, zortzi, eta bederatzi urte dituen aurrak bidaltzen ez dituenak ez Meza enzutera, ez konfesatzera, eta berak etortzen ote dira? Asko dira galde oek gazteentzat: baña zarrak, guraso, nagusi, eta etxekoandreak gogora ekarri bear ditue beste asko gauza. Goazen orain ekustera, nola Jaunak gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko, agindu zuan bidaltzea bere Salbatzallea, eta nolako eresi edo ansiarekin eskatzen zuen anima onak onen etorrera. Urrena denborak bete ziranean, zer gure alde egin zuan Trinidade guziz Santak.

 

 

§ II.

 

        Aditu zenduan, Kristaua, azkeneko aldian, nola gure lenbiziko gurasoak autsi zuen Paradisuan Jaunaren Aginte, edo Mandamentua, jaten zuela ango arbola baten fruta debekatua. Aditu zenduan gañera zeñ era negargarrian geratu ziran Adan, eta Eba, eta aekin batean gu guziok. Bota zituan Jaunak betiko Paradisutik, eta geratu ziran jana, edana, eta janzia beren nekearekin billatu bearrean, eta eriotzaren mendean. Galdu zuen Zuzentasun, edo justizia orijinalaren doai miragarria. Doai onekin gizonaren gura guziak pake gozo batean zeuden; baña au galdu zuen bezala, altxa ziran guziak, eta geroztik beti gerran daude ala borondatearen kontra, nola eren artean. Emendik dator oek ezi nai dituanaren nekeak. Emendik etxeetan, errietan, eta Erreñuetan aserreak, eta gerrak. Galdu zuen Jaunaren grazia, eta adiskidetasuna, eta Zerurako eskubide guzia ala, berentzat, nola guretzat, leneko egunean esan nuan eran. Itxi ziran Zeruko ateak, eta zabaldu zuan infernuak bere eztarritzar izugarria. Zer egin al zezakean gizonak bekatuaren mendetik ateratzeko bere burua; eta bere umeak? Ezer ez, zeren Jaunaren lagunza gabe ez gurera gai, edo gauza Jesus bat esateko ere bear bezala: Ala esaten digu S. Paulok, eta Adanek bere bekatuarekin galdu zuan Zeruko laguntzak artzeko bidea. Nork bada aterako zuan gizon galdua bekatuaren osiñetik? Aingeruren batek? Baña gizonak sagar bat jateko atsegiñagatik utzi zuan bere Aita ona, eta bidegabe onen itsustasuna añ andia zan, non neurri guziak igarotzen zituan, edo beintzat gizonaren, eta Aingeruen alegin guziak ezer etziran bekatu onen barkazioa iristeko. Nork bada neke izugarri onetatik aterako zituan gure lenengo gurasoak, eta aekin batean gu? Nork Jaunaren Ontasun baztergabeak baizik? Aserratua zegoan Jauna gizonaren eskergabekeriarekin? baña ekusten zuan, Luziferrek Jaun beraren gorrotoz, eta gizonaren onrak eziñ ekusiz, janerazo ziela bere gezurrakin sagar debekatua, eta utzi zituala bekatuz beteak, eta betiko su, eta garren artera amiltzeko zorian, eta etzuan nai Luzifer berearekin irtetea, eta esan zion sugeari, eta sugeagan Luziferri: Madarikatua izango zera: nik gerra bizia ipiñiko det zurekin andre baten artean: andre ark bere semearen bidez zapalduko du zure burua: Inimicitias ponam inter te, et mulierem... ipsa conteret caput tuum. Itz oetan agindu zuan Aita Zerukoak bidaltzea munduaren Salbatzallea, edo bere Seme bakarra, gizon galdua Zeruko bidean ipintzeko. Semeak bere gañean artu zuan gure Erospen, edo Redenzioko Obra Andia, eta Espiritu Santuak bere doayakin gure animak edertzea, eta apaintzea. Baña au guzia Jaunaren ontasunak gure alde asmatu bazuan ere, denbora luzeak joan bearrak ziran gauza miragarri oek gertatu ordurako: eta gaizki zeuden gure lenbiziko gurasoak, eta gisa berean gaizki egon bearrak ziran oen umeak, baldin Jaunak prestatzen espazien bekatutik irteteko, eta bizitz ona egiteko bideren bat. Egin zuan au ere Jaunaren ontasunak. Begiratu zien Salbatzalleak denboraz gure alde igaroko zituan neke-oñazeai, eta gurutzeko eriotzari, eta erabaki zuan gizonari ematea bekatutik irteteko, eta bizitz onari jarraitzeko, bear diran Zeruko indar, eta laguntzak. Era onetan Salbatzallea etorri baño len biur zitekean bekataria Jaunagana, eta bizi zitekean beraren adiskidetasunean, Adan, Eba, Noe, Abrahan, eta beste asko bizitu ziran bezala. Baña Salbatzallea etorri, eta Zerura igo zan artean etziran idiki Zeruko ateak, ez Adanentzat, ez beraren umeentzat, eta Jaunaren grazian iltzen ziranen animak geratzen ziran Abrahanen linboan, Salbatzalleari itxedoten. Orra, nola Jaunaren Ontasunak prestatu zion gizon galduari Zerurako bidea.

        Bazetozen, eta bazijoazen mendeak edo denborak mendeen ondoren: eta oska zegozkan Jaunari Patriarkak, Profetak, eta anima onak, bidal zezala agindu zuan Salbatzallea. Esna ezazu, Jauna, esaten zion Dabidek, zure esku guzialdun ori, eta atoz: Excita potentiam tuam, et veni (Psalm. 79). Bidal ezazue, Zeruak, deadar egiten zuan Isayasek: bidal ezazue aspaldi ansia andiarekin itxedoten gauden inz gozoa; eta eman bezee odeyak agindua dagoan justua: Rorate Caeli desuper, et nubes pluant justum. (c. 45). Beste batzuetan deitzen zioen Salbatzalleari berari, eta erregutzen zioen, zetorrela arren lenbaitlen. Erregu oek Eliz Ama Santak ipiñi zituan zazpi kantatxotan: eta kantatzen ditu eguerriren aurreko egunetan.

        Lenengoan otsegiten dio Salbatzalleari era onetan: O Sapientia! O Aita Betikoaren Jakiundea! Aitaren adimentutik betiraundean sortu, edo jayo ziñana eta betikotasunetik betikotasuneraño gauza guziak argiro ekusten, eta sendoro, baña denbora berean gozotoro prestatzen dituzuna: atoz, betiko bizitzaren bide ederra guri erakustera: Veni ad docendum nos viam prudentiae.

        Bigarren kantan esaten dio: O Adonai! edo nere Jauna! Israeltarren giaria! Moisesi lar erazekiaren garrean agertu zintzaizkana, eta Sinaiko mendian Legea eman zeniona: atoz zure beso indartsu ori zabaldurik: atoz, gure Erospen, edo Redenzioko obra andia egitera: Veni ad redimendum nos in brachio extento.

        Irugarren kantan esaten dio: O radix Jese! edo Jeseren sustray, edo erroa! Dabiden odoleko alsuma ederra! Zu zera, jende guziai Zerurako bidea erakusteko zauden siñalea: Qui stas in signum populorum. Arriturik geratuko dira, zu ekustean, Erregeak: eta jende guziak gurtuko zaizkitzu, edo adoratuko zaitue, ta eskeñiko diskitzue beren otoiz, eta erregu umillak. Atoz, bekatuaren, eta etsayaren mendetik gu ateratzera: ez arren luzapenik artu: Veni ad liberandum nos: jam noli tardare.

        Laugarren kantatxoan esaten dio: O Clavis David! et szeptrum domus Israel? O Dabiden giltza, eta Israelko etxearen urrezko zigorra! Jesus da, Zeruko ateak munduari idiki, edo zabaldu ziozkan giltza, Dabiden odoletik jayoa: orregatik deitzen zayo Dabiden giltza. Jesus da gañera bere Elizan, edo fedunen bilkuyan Errege guzien Errege, guzien buru, eta Apaiz nagusia, eta beragatik esku, eta aginte guzia duana: orregatik izendatzen da Israelko etxearen zigorra, ez nolanai, bazik Erregeai dagotena: Sceptrum. Esaten dio bada Elizak: O Dabiden giltza! eta Elizaren urrezko zigorra! Zu zera etxe onetako ateak idikitzen dituzuna, eta ez ditu iñork ere itxitzen: Zuk itxitzen dituzu, eta ez ditu iñork ere idikitzen: atoz, eta atera ezazu bekatuaren lizean lotua, eta eriotzaren gau illunean datzana: Veni, et educ vinctum de domo carceris, sedentem in tenebris, et umbra mortis.

        Bostgarren kantatxoan dio: O Oriens! O Aitaren betiko argiagandik jayotzen zeran argitasuna! O birtute guzien eguzkia! atoz, eta argi itzatzu eriotzaren gau illunean dautzanak: Veni, et illumina sedentes in tenebris, et umbra mortis.

        Seigarren kantan, esaten dio: O Rex gentium! O jende guzien Erregea! egarri andiarekin guziak ekusi nai zaituena. Israeltarrakin, eta beste jende guziakin Eliza bat egiten dezun eskiñarri miragarria! Atoz, atera ezazu bekatuaren mendetik, lur pixka batekin moldatu zenduan gizona: Veni, et salva hominem, quem de limo formasti.

        Azkeneko kantan esaten dio: O Emmanuel! Izen au ematen dio Isayas Profetak Salbatzalleari, eta esan nai du: Jaungoikoa gurekin. O Manuel! gure Errege, eta lege-emaillea; jende guzien uste, eta esperanza, ta Salbatzallea! Expectatio gentium, et Salvator earum: atoz, gure Jaun, eta Jaungoikoa, bekatutik, eta animaren eriotzatik gu ateratzera: Veni ad salvandum nos, Domine Deus noster!

        Orra nola oska egon zitzaizkan Jaunari Patriarkak, Profetak, eta anima onak, etorri zedin lenbait len gizon galdua Zerurako bidean ipintzera. Erregu oekin urrikaldu zan Jauna guzaz: eta lau milla urte, edo geyagoren buruan erabaki zuan munduaren Salbatzallea bertatik bidaltzea. Dakuskun oraiñ, zer gure alde egin zuan Trinidade guziz Santak.

 

 

§ III.

 

        Aita Zerukoak, gure Erospen, edo Redenzioko obra andia asitzeko, bidaldu zion Birjiña txit Santari S. Gabriel Aingerua, eta aditzera eman zion, argan Espiritu Santuaren obraz gertatuko zan, Misterio arrigarria: eta orra, zer gisatan Aita betikoaren ontasun baztergabeak prestatu zuan gugatik bere Seme bakarra emateko bidea. Ainbesteraño maite izan ginduan, dio S. Juanek, non eman zuan bere Seme bakarra.

        Eta zer egin etzuan Trinidadeko bigarren Personak gure alde? Bere gañera artu zuan gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko egiteko andia. Ozta Birjiña txit Santak eman zuan bere baimena, egin zan gizon beraren Sabelean Espiritu Santuaren obraz. Gauz arrigarria! Trinidadeko bigarren Persona Jaungoiko egiazkoa aragiz janzia! Obra onen anditasuna ezin aditzera eman dezakeala gizonaren mingañak, dioe Elizako guraso batzuek, eta betiraundetik oraiñ daño egin dan gauzarik andiena dala, esaten digue besteak. Agertu zan mundura: ogei ta amairu urte igaro zituan gizonen artean Zerurako bidea erakusten, ala itzez, nola obraz. Sendatu zituan eriak, piztu illak: eta etzion iñori ontarte, eta mesedea baizik egin. Alaere etzuan munduak ezagutu nai izan bere Salbatzalletzat. Atzenean guganako onginai, eta amorio geyegiz, dio S. Paulok, eman zuan gurutzean bere bizitza: Propter nimiam charitatem. Bere eriotzarekin garaitu zuan, gizona bekatuan amilderazo zuan etsai galgarria, egin zuan gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko bear zana, edo Jaunaren aserreak eskatzen zuana. Ipiñi zituan zazpi Sakramentu, edo zazpi iturri graziaren ur gozoa gure animetan ixurtzeko, oen artean Aldareko Sakramentu guziz miragarria, gurekin eta gure artean bizitzeko, eta bere ondasun guziak guri emateko. Prestaturik era onetan gauza guziak, piztuta berrogei garren egunean biurtu zan bere Aitagana, eta orduan idiki ziran Adanen umeentzat, ainbeste milla urtez itxiak egon ziran Zeruko ateak. Berekin eraman zituan Adanegandik orduraño izan ziran anima on guziak. Ekusten dezu, Kristaua, zer gure alde egin zuan Trinidadeko bigarren Personak?

        Eta au guzia asko ezpaliz bezala, jatxi zan Zerutik irugarren Persona, edo Espiritu Santua ere, Jesusek egin zuan obra andia bukatzera. Bete zituan Apostoluak bere doayez: edertzen, eta apaitzen ditu animak Sakramentuetan: alaitzen ditu Zerurako bidean gogotik ibiltzeko, eta geratu da Elizan, jakin bear diran gauza guziak erakusteko. Orra, zer gure alde egin, eta egiten duan Trinidadeko irugarren Personak ere.

        Aditu dezu, nere Kristaua, nola Jaunak, gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko, agindu zuan bidaltzea bere Salbatzallea, eta nolako eresi, edo ansiarekin eskatzen zuen anima onak onen etorrera. Aditu dezu, denborak bete ziranean, zer gure alde egin zuan Trinidade guziz Santak. Atozea oraiñ, eta au guzia guri ongi nayez egin badu Jaunak, zer Ontasuna izango da beregan? eta zeñ eskergabekeria itsusia izango da, Ontasun baztergabe onen kontra egin ditigun adiña bekatu egitea: Noizbait, noizbait zentza gaitezen, eta biur gaitezen beragana, Jeremiasek esaten digun bezala: Revertamur ad Dominum. Bizi gaitezen beraren lege garbiak erakusten digun eran, eta emango digu ainbeste kostarik prestatu digun betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa