www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, IRUGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO ZAZPIGARREN,
ETA AMARGARREN AGINTEEN GAÑEAN

 

Ukitzen dira, gauzak epetan ematena, egn oi diran usura, edo bekatu itsusiak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko iru itzaldiak izan dira Jaunaren legeko zazpigarren, eta amargarren aginteen gañean. Zerbait aditzera eman da, baña ez premiaren neurrian, eta beste gauza askoren artean, ukitukizun daude, gauzak epetan ematean gertatu oi diran usura, edo bekatu itsusiak. Oen gañean bada izango da gaurko itzaldia. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        Zer ote da Usura esaten diogun bekatu itsusia? Da epetan gauza ematea, eta ematen dana baño geiago kentzea, zerren epetan ematen dan. Au gerta diteke dirua, garia, artoa, idiak, edo beiak epetan ematen diranean. Juduak ontzat ematen due usuren irabazia, arrotzai gauza ematen badieza epetan, ez ordea heren legekoen artean. Orregatik ardura andiarekin egin bear dira igoalak Juduakin. Herejeak ere ontzat ematen ditue usurak, dirua, edo beste gauzarik epetan ematen bazate aberatsai, eta beren ondasunak ugaritzeko diru-eske dabiltzanai, baña ez beartsuai ematen zatenean. Katolikoak ez due ontzat ematen, epetan dirua, edo beste gauzarik artzen duanari geiago kentzea, ez gutxi, eta ez asko, ez aberatsari, ez beartsuari. Gutxi da au: bekatutzat ematen due Katoliko guziak, geiagoren ustearekin epetan gauza ematea ere: zerren ala erakusten digun Jesus onak. Epetan gauza ematen dezuenean eman ezazue geiagoren uste gabe, esaten digu Jesusek: Muttum date, nihil inde sperantes (Luc. 6. Alaere, nork uste izan zezakean, Judu, eta herejeak baño ere modu itsusiagoak egingo zituela Katolikoak? Etzan sinisteko gauza, baña dirudianez, ala gertatu da denbora doakabe oetan. Eta ez ote dezu au bera egiñ zuk ere, aditzen zauden Kristaua? Goazen ekustera.

        1. Begira urliari, sandiari, edo errien bati epetan eman diozun dirua, egin dezagun kontu urte beteko, edo biko, euneko seian, amarrean, edo geiagoan. Au usura garbia da. Omen dira sei illabeteko lau, sei, edo geiago onza prestatu dituenak, erdia geiago biurtzeko kargarekin, lau onzakogatik sei. Irabazi ugaria sei illabetean ateratzeko. Omen dira erriai premi estuetan dirua eman diezanak, euneko sei, edo zorzian. Berez usura da, eta aintzakotzat ematen due herejeak ere, prestatzeaz gañera eman dan baño geiago artzeko bide legezkorik ezpada. Joan diran denboretan bezala badijoaz gauzak, ollo bat epetan ematen duanak, erraz ipiñiko du astean iru arraulza pagatzeko karga nortaki alabaña ollo batek zenbat on ekarri lezakean? Jauna nik eman dedan diru arekin atera nezakean, eskatu dedana ezezik, askoz geiago ere. Atozea, eta artarako zendukan diru ori? Ez, Jauna, asko dira alabaña ugari eskeintzen duenak, eta gutxi agindua ematen duenak. Beraz ezin alde onetatik, emana baño geiago, artu dezakezu. Baña demagun, diru ura irabazirako zendukala; Ote zenduan era onik, irabazi garbi eta legezkoa ateratzeko? jakizu onelako era gutxi izan oi dala. Onelako erak izan oi ziran denbora batean Madriden, Bilbaon, Donostian, eta beste komerzioko erri andietan; baña gañerako errietan irabazian dirua ipintzeko era on gutxi izan oi da, zensoaz kanpora. Itz batera biur dezagun guzia: dirua epetan emateagatik ezer kentzea, ez da zillegi, eta besterik esatea da gure lege garbiaren kontra. Baldin, epetan gauza emateaz gañera, bada zerbait geiago eskatzeko legezko bideren bat, ori ongi begiratuta gizon jakintsuakin itzegin bear da.

        2. Begira urliari eman diozun epetan artoa, S. Juan-astean egiten, edo egingo duan prezioan, dakizula, denbora artan prezio andia, eta oraiñ baño andiagoa egin oi duala. Igoal au berez usura da. Jauna, ez nuan nik artorik saltzeko asmorik S. Juan alderaño. Ongi: ori egia bada, orduko prezioa eskatu dezakezu, baña beeratu bear dezu zerbait mermakgatik, eta gordetzeko nekeagatik. Jauna, dio besteak, egia aitortu nai det; ez nuan asmorik S. Juan artean artoa gordetzeko, baña prezio andiaren zaleak eskaerazo zidan gerokoa. Usura da bada au, eta biurtu bear dezu geiegi artua.

        3. Begira, epetan eman ote dituzun artoak urtean egiten duan preziorik andienean? Usura txit itsusia da au; ta alaere gertatu izan omen dira onelako saldura zikiñak.

        4. Begira, ereiteko garia epetan eman dezun, gero egingo duan preziorik andienean? Au ere usura da. Jauna, gari ura gordetzeko asmoan neukan S. Juan alderaño, eta kalte egiten zitzatan azaroko prezioan ematearekin. Egia ote da au? Egia bada, eska dezakezu S. Joan-asteko prezioa, baña atera bear dituzu prezio onetatik mermak, eta gordetzeko nekeak.

        5. Begira, gari irindua epetan eman dezunean, lakaz gañera egotzi diozun prezioan beste kargaren bat artzalleari, zerren epetan eman diozun? Usura, eta lapurreta da au. Jauna, era onetan ezin bizi naiteke errotan. Ezin bizi zaitezke? Irten zaite bada errota orretatik, bestela, zai, ta iriñ usuraz kargaturik ondatuko zera su eta garren lize izugarrian.

        6. Begira, dirua, edo beste gauzarik epetan eman dezun usuren usurakin? Zer ote dira usuren usurak? Ara zer. Urliak sandiari ematen diozka laureun ezkutu urte beteko epearekin, euneko ogei, ta bosten irabaziarekin, edo berbera dana laur eun ezkutugatik bost eun ezkutu biurtzeko kargarekin. Ona lenengo usura, eta au justiziaren aurrean beldur gabe eskatzeko, egiten due papera, urliak sandiari eman diozkala bost eun ezkutu urte beteko epearekin. Igarotzen da urtea: sandiak ez ditu pagatu bost eun ezkutuak. Egiten dio bigarren papera, esaten duala sandiak, artu dituala urliagandik, urte beteko epearekin, sei eun, eta ogei ta bost ezkutu. Igoal onetan laureun ezkutu dira prestatuak: eun dira lenengo urteko usurak, eta beste eun, eta ogei ta bost usuren usurak. Era onetan usuragille batek irintsi dezake edozeñ erri, eta bere lapurreta, eta irabazi lotsagarriakin amilduko da Luziferren aldera.

        7. Begira, idi, edo beiak eman ote dituzun epetan, usuraz kargatzen dezula eroslea. Ara nola au gertatzen omen dan. Zuk daukazu idi, edo bei uztarri bat: eun, eta berrogei, ta amar ezkutu balio duana, goieneko prezioa ematen zaiola. Badatorkizu urlia, eta eskatzen dizu urte beteko epearekin. Asitzen zera igoala egiten, eta diozu: epetan nere idiak eraman nai dituanak, eman bearko ditu denbora betetzen danean, eun, eta larogei ezkutu. Ona lenego usura, zerren epetan emateagatik geiago nai dan. Igarotzen da urtea: idi, edo beien erosleak ez du pagatzen agindua, eta idi-jabeak eskatzen dio, pagaburua egin dezan artean eman bearko diola urtean euneko amar, eta gañera urtean onenbeste, edo ainbeste anega-gari iru dukatean anega. Ezin sinistu det emen gertatzen dirala onelako modu itsusiak, baña asko berri txar aditu dira azkeneko denbora oetan, eta beldur naiz, zer edo zer gertatuko zala.

        8. Begira, erdira esaten dan moduan ipiñi ote dituzun beiak? Onetan ere egiten omen dira tranpak beiñ baño geiagotan. Batzuek ipintzen omen ditue era onetan: lenengo lekuan ematen zate beiai balioa. Bigarrena: artzalleak agintzen du ongitxo gobernatuko dituala. Irugarrena: oñaren, eta oñak umeetan emango dituan irabaziak erdi bana. Laugarrena: baldin oñak irabazi bearrean galtzen badu, edo iltzen bada, edo ostutzen badue, orduan beien jabeak nai du oña, edo balioa osatzea. Igoal au, dirudianez, okerra da: zerren oñak egiten duan irabaziaren erdia beretzat nai duan ezkero jabeak, era berean irozo bear du kaltearen erdia ere.

        Baña batzuek zuzenago egiten due erdirako igoal au, erdiratzen dituela irabaziak, eta kalteak, izan ditezela oek umeetan, edo izan ditezela oñean. Jauna: era orretan neuzkan bi bei: il ziran edo ostu zituen, eta erdibana irozo genduan kaltea. Baña aen umeetan geratu zan oña berritzeko diña, eta nik nai nukean ala egitea. Ongi: baña ori, ume orien erdia ez da zurea, eta beragatik ondu, edo pagatu bear diozu beiak dauzkanari, bestela ez dira izango erdirako beiak, eta irabazien laurdena baizik eziñ artuko dezu. Gai onetan igoal zikiñik ez egiteko, galde giezu, nere Kristaua, gizon zintzo, eta adituai.

        9. Begira, irabazian ipiñi dezun dirua merkatariren bategan, euneko seian. Au ontzat eman oi due, batezere itsasoaren aldeko errietan, zerren irabazien erak, eta denbora berean guzia galtzeko perillak sarritan gertatzen diran; baña erri txikietan, eta irabazi txikiak baizik, izan ez oi diran lekuetan, erraz gertatuko dira usurak onela dirua irabazirako ematen dala. Zuk, bekatu onetan ez erortzeko, gogoan arrezazu esatera noana. Lenengo gauza: Ez degiozula irabaziaren aitzakian dirurik eman, irabazirako ez, baizik bere zor, edo tranpak estaltzeko diru-billa dabillenari. Bigarrena, usuretan, eta beste saldu, eta erosi ez garbietan bizi danari ez eman ez eman dirurik: onelakoak askotan euneko eun ere aginduko dizue, eta lagunduko diezu eren bekatuetan, ematen badiezu dirua. Irugarrena: etzaitezela gauz oetan urduritua izan, baizik galde zaiezu gizon adituai, zer bekatu gabe egin dezakezun.

 

* * *

 

        Usuren bekatua zeñ itsusi, ta lotsagarria dan ezagutu nai badezu, Kristaua, begira ezazu, zer penak ipiñi dituan Elizak beraren kontra, eta nolako kastiguak bidaldu oi dituan Jaunak Usuragilleen gañera. Lenengo pena: izen gaizto, eta belzez markatua geratzea. Bigarrena, ezin artu dezake ordena nagusirik, eta Elizako errentarik. Irugarrena, eziñ artu dezake Komunio Santua, ez eta beste Sakramenturik ere. Laugarrena, eziñ eman dagikeo Eliz lurrik, eta ematen diona geratzen da exkomikatua. Bostgarrena, eziñ egiñ dezake testamenturik. Pena oek dira, usuragillea aintzakotzat ezagutua daneko; baña nola gutxi diran bekatu itsusi au gaiñ-txuritzen, edo aitzakiaren batekin edertzen ez duenak, pena oen kezka andi gabe beste Kristauen artean nasturik dabiltza; baña Jaunak noizean beñ egin oi dituan kastiguak ongi adirazten due, zeñ izugarria dan bekatu au. Ara kastigu oetatik bi.

        Ez da denbora txit asko, oraiñ esatera noana Españan gertatu zala. Nekazari batek zeukan morroi bat, eta onek, bere soldatak ardura andiarekin gordeaz, egiñ zuan bere gordairutxoa. Itsatsi zitzaion kutiziaren miñanzea, eta asi zan igoal, edo tratu zikiñetan. Batzuetan berrogei ematen zituan berrogei, ta bost, edo sei biurtzeko kargarekin; besteetan uzta-aurrean ematen zien nekazariai dirua, erosten ziela merketxo garagarra, ta garia. Onela bizi zan usuren irabazi zikiñetan. Alaere S. Franziskuaren irugarren ordenako soñekoa zerabillen, eta noizean beñ konfesatzen, eta komulgatzen zan. Egun batean komulgatu zan; begira zegoan anima on bat, eta ekusi zuan tximu itsusi bat, zebilkiola belarri batetik bestera. Itzegiñ zion anima onek modu onean, eta esan zion: utzi ote zuan bekaturen bat konfesatu gabe? Eranzun zion doakabe ark: Badakit, nere gauza guzien berri badakizula. Jakizu, galdua nagoala, eta ez dala sendagairik neretzat. Nere animak supre usaia dakar. Irabaziak, eta kutiziak galdu naue betiko, eta nere burua urkatzeko naikunde andiakin nago. Igerri zan asmo oekin zebillela: ipiñi zuen gela itxian, eta egiñ etzezan, aditzera eman zuan zorakeri izugarria, ipiñi ziozkeen zai, edo begiraleak; baña alperrik. Oek oarkabe zeudela, itxeki zan soka batetik, eta arkitu zuen zinzilika zegoala. Bereala ebaki zioen soka, eta artean bizi zan. Ogei, ta lau ordu bezala eman ziozkan Jaunak, biur zediñ beragana. Denbora onetan egiñ zuen alegin guzia Apaizak, eta Erlijioso jakintsuak doakabe ura Zerurako bidean ipintzeko, baña ill zan bere gogortasunean. Aditzera eman zitzaion apaiz nagusi, edo Obispo Jaunari, zer gertatu zan, eta onen agintez sartu zuen zingiradi batean. Askotan andik sortzen bide ziran turmoi, tximista, eta ekaitzak, eta atzenean erre omen zituen doakabe aren ezurrak, eta onela aitu ziran ekaitzak. Onela aditzera eman zuan Jaunak, zeiñ bekatu itsusia dan usura.

        Bigarren kastigua izugarriagoa da, eta kontatzen omen du Zesareok. Usurero bat gaixotu, eta iltzeko zegoala, deitu zioen Eskribauari. Etorri zan au: eta konfesari, ta etxekoak ere eriaren aldean zeudela, esan zion Eskribauak: ea esazu zer nai dezun. Eriak esan zion: Diot nik, eta ipintzu. «Lenengo lekuan, uzten diet nere anima Demonioai. Arri egiñak bezala geratu ziran an zeuden guziak. Jesus! Jesus, zioen: gaitzaren indarrarekin burutik jauzi da. Eriak dio: Ez nago, ez, burutik jauzia, badakit zer esaten dedan; ipintzu bada: Lenengo lekuan, uzten diet nere anima Demonioai; eraman dezeela infernuko penen artera, bada nere bekatuai begiraturik ez det gauz oberik uste. Emen ziran aditzen zeudenen negarrak, eta adiak: emen alegin guziak eriari adirazteko, zer ontasunarekin artzen dituan Jaunak beregana biurtzen diran bekatariak. Baña alperrik. Ea, esan zien, utzi dezagun ori, eta zoaz aurrera. Bigarren lekuan uzten diet Demonioai nere emaztearen anima; bada niri nere igoal gaiztoak eragozteko alegiña egiñ bearrean, poztutzen zan, bere arrotasun, eta zorakerietarako dirua izateagatik. Irugarren lekuan: agintzen det, nerekin batean jatxi ditezela infernura nere umeak, bada ondasun geiagorekin geratzeagatik lagundu didee nere tranpetan. Emen berriro negarrez, eta ai! izugarriakin deadar egiten zuen etxeko guziak, eta konfesoreari zitzaion, bere bekatuen damuz biur zedin Jaunagana. Eranzun zion eriak: Aita, itxedon beza piskabat. Ipintzu zuk Eskribaua, laugarren lekuan agintzen det, nere konfesorea ere jatxi dedilla nerekin, egon gaitezen biok mai batean; bada emengo erakgatik ixilik utzi dit usuren gañean, eta eman dit nere bekatuen barkazio, edo absoluzioa irabazi gaiztoak jabeai biurtu gabe. Ea, goazen guziok irabazi degun tokira. Itz oek esan zituan bezala, sartzen da etxe artan Demonioen talde bat: itsasten dieza eriari, emazteari, umeai, eta konfesoreari, eta berekin eraman zituen betiko. Gertakunza guziz izugarria! Nere Kristaua, baña sinisten det, eta sinistu dezake edozeñek, eziñ konta al anima irabazien bixkarekin amilduaz dijoazela betiko su, eta garren osiñean. Ai! eta ez ote dira emen bertan ere bat baño geiago igoal gaiztoak, eta usurak egiten dituenak? Ez ote dira gaizki eramana jabeari biurtzeko biotzik ez duenak? Ai! ta zeñ gauza negargarria, Zerurako Jaunak egindako anima ezerez bategatik betiko galtzea! Zentza gaitezen, nere Kristaua: biur gaitezen gure Aita onagana, onela iristeko, prestatu digun betiko bizitza. Amen».

 

aurrekoa hurrengoa