www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO SEIGARREN,
ETA BEDERATZIGARREN AGINTEAI DAGOTENA

 

Adirazten da lenengo lekuan,
zer debekatzen duen Aginte oek.
Bigarrena, zer agintzen duen.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Onetarako itzegin dizuet len Jaunaren legeko lenengo bost aginteen gañean. Igaro gaitezen oraiñ seigarren, eta bederatzigarren aginteai begiraldi bat ematera. Ekusi bear degu lenengo lekuan, zer debekatzen: urrena zer agintzen diguen. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        Adan eta Eba gure lenbiziko gurasoak, egiñ zituan Jaunak Zerurako. Au da gure siniste onak erakusten diguna, eta abere biurtu ez diranak aitortzen duena. Apaindu zituan Jaunak doai andiakin, eta oen artean bat zan Zuzentasuna, edo justizia orijinala deritzana. Doai bat gizonaren gura, eta griña guziak ezaguera zuzenaren, eta borondatearen mendean zeduzkana, eta borondatea Jaunaren naiarekin bat egitea. Etziran orduan lotsagabetzen gizonaren, eta emakumearen gura eta griñak: etziran asaldatzen borondatearen kontra, eta prest zeuden onen aginduak egiteko. Gizonak oraiñ bezala, bazuan jateko gura; baña etzan asaldatuko, eta salokerian ibilliko, baizik ezaguera onak erakusten zion noiz jan bear zan. Au bera gertatzen zan beste gura guziakin. Zeñ gozo, eta doatsua gizonaren orduko bizitza! Baña zer gertatu zan? Ai! gauza negargarria! Etsai galgarriaren losentxakin jan zuan Ebak, Jaunak debekatu zien sagar baten fruta. Gaitz erdi izango zan berak bakarrik jatea, baña janerazo zion Adani ere, eta autsi zuan Jaunaren Agintea. Era onetan galdu zuen Jaunaren adiskidetasuna: eta len eritasun, gaitz, eta eriotzarik ekusi gabe bizi zitekeana, geratu zan gaitz guzien azpian. Galdu zuan Zuzentasun, edo justizia originala, eta bereala gizonaren gura, eta griñak asi ziran gerra ematen, bata alde batetik, bestea bestetik. Geroztik ez da pakerik munduan.

        Beste gura eta griñen artean bat da txit zatar, eta lotsagarria, au da aragizko atsegiñen gura loia. Adan bekatuan erori artean, gura au-ere etzan lotsagabetzen, baña erori zan bezala, igerri zuan beregan len igerri etzuana. Lotsatu zan, eta al zuan eran estali zan piko, edo beste arbolaren baten ostoakin; eta au bera egin zuan Ebak ere. Orregatik dio Eskritura Santak: onraz betea egon zan bitartean, etzuala ezagutu gizonak bere ona, eta biurtu zala abere edo astoen anzeko: Comparatus est jumentis, et similis factus est illis. Eta esan diteke, abere, eta zentzugabeko animalia guziak baño zentzugabeago egiñ zala gizona gai onetan. Gura nazkagarri au geroztik gerora geiago zabalduaz joan zan munduan: Noeren denborarako osotoro zikindu eta usteldu ziran Adanen umeak, eta dirudianez, etzitzaten barkatzen abereai ere. Damutu zitzaion Jaunari gizona egiñ izanaz. Aditzera eman zion Noeri, zer gertatuko zan, ezpazan mundua zentzatzen; eta onetarako eman zion eun, eta ogei urteren epea. Etzuen gaiztoak sinistu nai Noeren esanik, eta oi dan bezala, iseka egiten zioen Patriarkari. Asi zan au, Jaunak esan zion eran, ujaldeak zetozeneko onzi, edo arka egiten, eta alaere etzan mundua zuzentzen. Bete ziran epeak; asi ziran euri jasa izugarriak: Noe sartu zan prestaturik zeukan arkan, eta kanpotik itxi zuan Jaunak au. Igoaz zijoazen urak, eta iges egiñ naiko zuen bekatari doakabeak mendien erpiñetara, baña alperrik; zerren altxatuaz zijoan uura, eta etzan nora iges egiñ. Estutasun onetan biurtu ote ziran bekatariak Jaunagana? Ezetz dioe, baña sinits diteke batzuek, edo batzuek Jaunaren lagunzarekin sortuko zuela onezko damu, edo kontrizioa. Igo ziran urak mendi guziak baño amabost besoz gorago. Onela bukatu zan mundu zikiña bere urdakeriakin: zarrak, eta gazteak, gizon, eta emakumeak, guziak ito ziran: eta bakarrik Noe bere emaztearekin, iru seme, eta iru errañarekin geratu zan bizirik. Oetatik bete zan berriz mundua gizon, eta emakumez. Obeak izan ote ziran oek? Geienak aztu ziran Jainko egiazkoaz, Abrahan, eta bere ume, eta aideak ez besteak; eta oetatik ere, aragizko atsegin zikiñetan ainbesteraño usteldu ziran, erri asko, non eziñ guzia emendik esan ditekean. Sodoman, Gomorran, eta beste erri batzuetan añ nazkagarriak ziran gai oentan, non gizonak emakumeakin beren buruak zikintzez nagaturik, elkarrekin egiten zituen ezin aitatu ditezkean urdakeriak. Eta au bera gertatzen zan S. Pablok dionez emakumeakin ere. Aserratu zitzaion Jaunari bekatari lotsagarri oen kontra, eta auts biurtu zituan oek, eta erriak sufre erazekizko euri jasakin, Lot, bere emaztea, eta bi alaba ez beste guziak.

        Abrahanen odoletik jaiotzekoa zan munduaren Salbatzallea, eta aren etxean iraun zuan Jainko egiazkoaren ezaguerak, eta etzan onelako urdakerien usanza itsusirik aditu; baña denbora luzean bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean: Ejipton etzuen Jainko egiazkoaren ezaguerarik, eta ekusia dago nola bizi zitezkean orain ukitzen degun gaiean: eta Israeltarrak ere nai, ta naiez ikasiko zituen zenbait usanza gaizto. Andik atera zituan Jaunak, gauz arrigarri asko egiten zituala, eta Sinaiko menditik eman zien bere amar Aginteen legea, len esan genduan eran. Seigarren agintean esan zien: Non maecharebis: ez dezu aragizko bekaturik egingo.

        Zer ote da itz oetan Jaunak debekatzen diguna? Lenengo lekuan ezkonduakin bekatu egitea, eta au Juduak, eta herejeak berak ere aitortzen due.

        Debekatzen digu bigarren lekuan ezkongaiakin ere au bera. Izan dira herejeak egia au ukatu duenak, baña S. Anbrosiok, eta S. Agustiñek dioe, aitatu diran legeko itzetan debekatzen dirala ezkonzaz kanpora, edo landara artzen diran atsegin loi guziak. Au ezaguera zuzenak berak erakusten duan gauza da, eta aintzakotzat ezagutua izan da munduaren asieratik, eta iñoiz eriotzaren pena ipiñi zitzaion onelako bekatariari. S. Pablok dio, ez duela Zeruko Erreñua izango, aragizko atsegiñ zikiñetan dabiltzanak Neque fornicarii regnum Dei posidebunt.

        Debekatzen du irugarren lekuan atsegiñ lotsagarriak artzea gizonak gizonakin, emakumeak emakumeakin, abereakin, edo bakoitzak bere buruarekin, len esan ditugun, kastiguak aditzera ematen duen bezala. Ala erakusten digu gure sinisteak, eta S. Pablok ere bai: Neque adulteri, neque molles, neque masculorum concubitores, Regnum Dei posidebunt.

        Debekatzen du laugarren lekuan atsegiñ loiaren perilla dakarten itzak esatea, keñada, eta ukitze lotsagarriak egitea: itz batean debekatzen dira ekustea, aditzea, jolastea ta bekatuaren perilla dakarren modu guzia.

        Onenbesterekin, eta gutxiagorekin ere edozeñek igerri dezake gogo utsez egiten diran bekatuak ere debekatzen dirala seigarren aginte onetan; nola alabaña ez da debekatua izango gauza baten gura, edo egiñ-naia, egitea gaiztoa bada? Baña gizona añ itsua da emengo izan, edo ondasun, eta korputzari dagozkan atsegiñ lizunen gaiean non erraz uste izan lezakean, biotzetik kanpora agertzen ez diran naikundeak ez dirala bekatu. Orregatik ipiñi zituan Jaunak bederatzigarren, eta amargarren Aginteak. Bederatzigarrenean debekatzen du argiro lagun urkoaen bizilaguna kutiziatzea: Non concupisces domum proximi tui, nec desiderabis uxorem eius. Baña era berean debekatzen ditu Jaunak seigarren Agintearen kontrako naikunde guziak. Au onela izan eta alaere izan dira Juduak, eta izan dira herejeak barrenen igarotzen diran nai, edo deseorik gaiztoenak ere ezertan ez zeuzkeenak. Orregatik esan zien Jesu-Kristok: aditu dezue, zarrai esan zitzatela: ez dezu aragizko bekaturik egingo; baña nik esaten dizuet: emakumeari naikunde lizunez begiratzen dionak bekatu egiten du bere biotzean (Math. 5). Orra, nere Kristaua, zer debekatzen digun Jaunak seigarren, eta bederatzigarren aginteetan.

 

* * *

 

        Eta zer ote da agintzen diguna? Garbitasun, edo kastidadea bakoitzak bere bizimodu, edo estaduan gordetzea arreta andiarekin. Iru gisatan da garbitasun au: ezkonduena, alargunena, eta donzellena. Ezkonduena da bizi lagunaz osteronzean besterekin, ez gogoz, ez itzez, ez bestela atsegiñ loiai leku ematea; eta bere bizi lagunarekin ere Jaunak nai duan eran. Onela bizitu izan dira Santu asko. Alargunen garbitasun, edo kastidadea da aragiaren atsegiñ guziak, ala debekatuak, nola debekatu gabeak utzirik garbiro bizitzea. Ala bizitu dira asko Santu, eta Santa. Donzellena da aragiaren atsegiñik dastatu, edo progatu gabe, eta progatzeko asmorik gabe bizitzea. Donzellen bizimodua berez garaiena da, fedeak erakusten digun bezala; baña ezta guzientzat egokia. Orregatik bizimodu, edo estaduaren aukera ez da egiñ bear nolanai, baizik Jaunari eskatu bear zaio bear dan argitasuna onetarako.

        Garbitasun edo kastidadea da birtute bat jaunaren txit gogokoa. Au gordetzeko asko gizon, eta emakumek igaro ditue neke, eta gurutze izugarriak. Jose anziñakoa, Jakob Patriarkaren semea, bere anaiak saldu zuen Ejiptora. Zan guziz eder, eta galaia. Era askotara bekatura kuturtu nai izan zuan bere etxeko andreak, baña garaitu zituan andre gaiztoaren losentxak, eta atzenean kapa beraren atzaparretan utzirik, iges egiñ zuan etxetik. Zer egiñ zuan emakume lotsagabe ark? Barreatu zuan, bortxatu nai izan zuala Josek, eta sartu zuen preso: baña denboraz atera zuen andik, eta izan zan Ejiptoko Erregeren lenengo gizona. Susana andre prestuak, Jaunaren lege garbia ez autsitzeagatik, autu zuan bere bizitza ematea. Eziñ konta al donzellak au bera egiñ due. Garbitasuna beste birtuteen artean da lili, edo lirio zuri ederraren anzekoa. Onek gizona egiten du Aingeruen anzeko: eta S. Juan Krisostomok dio, ipintzen duala Aingeruen gañetik. Aingeruak ez dira ezkontzen, egia da: Aiñgeruak ez dira loitzen aragiaren atsegin lotsagarriakin: baña ez da au miretsitzeko gauza; Aingeruak alabaña ez due gorputzik; ez ditu asaldatzen apainduren, eta aurpegien edertasunak, ez itzegite, eta kanta gozoak; baña, gizona eta emakumea gorputz ustelkor, eta gura gaiztoz beteakin bat egiñak arkitzen dira: edozeñ gauzak gaitzerako esnatzen ditu. Orregatik gizonak garbitasuna gordetzea askoz miragarriagoa da Aingeruak gordetzea baño.

        Birtute au txit minberaa da, eta erraz galtzen zaio bere distiadura ederra. Kristalik ederrena illuntzen da asnas utsarekin, eta Amerikan bada belar bat lotsatia deritzana, ederra da, baña asko da eskuarekin, edo beste edozeñ gauzarekin ukitzea, duan edertasuna galtzeko, eta malaskaturik geratzeko. Nai dezu zuk, Kristaua, garbitasunaren birtute ederra iritsi? Aldegizu bada beraren kontrako perilletatik. Baldin utzi nai ezpadituzu lagun gaiztoak, neskatxen, eta mutillen batzarreak, jolas, ibillera, eta itzegite lotsagarriak, nola gordeko dezu garbitasuna? Gorde itzatzu begiak, belarri, ta eskuak garbitasuna galerazo dezakeen gauzetatik. Izan zaiozu Birjiña txit Santari jaiera andi bat, eta sarritan, ta prestaera onarekin arritzatzu Sakramentuak. Onela iritsi dezakezu garbitasuna, eta gero betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa