www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Azaltzen da Jaunaren Legeko laugarren Agintea.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Onetarako asi ninzan Jaunaren legeko aginteak azaltzen. Oetatik lenengo irurak Jaunaren onrari dagozkanak dira, eta Jaun berak aditzera eman, eta letraz ezarri zituan arrizko ol batean. Oen gañean itzegin degu zerbait. Iru oez gañera arrizko beste ol batean letraz ezarri zituan zazpi Aginte, lagun urkoaren onari begiratzen dioenak, eta oek ere aditzera eman zituan Sinaiko menditik. Otsegin zien Israeltarrai: onra ezazu zure Aita, eta zure Ama, luzaro bizi zaitezen, zure Jaun Jaungoikoak emango dizun, lurraren gañean: Honora Patrem tuum, et matrem tuam, ut sis langaevus super terram, quam Dominus Deus tuus dabit tibi (Exodi 20). Itz oekin aditzen ditugu lenengo lekuan gure sortzea zor diegun gurasoak; baña oez gañera aditu bear dira, adiñean, diñade, ta gobernuan nagusiago diranak, eta beragatik guziak onratu bear ditugu. Onratu bear ditugu fededun guzien burua, edo Aita Santua, Obispo Jaunak, eta Apaizak. Onratu bear ditugu Erregeak, ta gure Agintariak. Onratu bear ditugu gure Erakusleak, eta zarrak, bakoitzaren mallari dagokan eran. Gai au añ ugaria da, non bera utsik asko izan litekean urte guziko itzaldietarako; baña ez da gutxi izango gauzarik bearrenak ongi azaltzen baditut. Gaur azalduko det ume, eta mirabeak beren gurasoai zor diezan onra. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        Onra ezazu zure Aita eta Ama, esaten digu Jaunak. Beraz amatu bear dituzu, Kristaua onginai, eta amorio egiazko batekin, eta onginai au agertu bear da ala itzetan, nola obretan; onginai au da alabaña gurasoa egiaz onratzeko lenengo malla bezala: au bage zer onra emango diezu gurasoai? Onginai au zor dieza, ez umeak bakarrik baita morroi, eta neskameak ere nork ematen die alabaña jana, edana, bizilekua, soldata? Baña ez ditue amatu bear orregatik bakarrik, baita askoz geiago, zeren au dan Jaunaren agintea. Egin-bide onen kontra utsegiten due ume, eta mirabeak, lenengo lekuan, ezpaditue biotzetik amatzen. Bigarrena, poztutzen badira gurasoaren gaitzaz, edo naigabetzen onaz. Irugarrena, laguntzen ezpadioe bere premietan. Morroi eta neskameak ere utsegiten due, nagusi, ta etxeko andreak amatzen ezpaditue, laugarren Aginte onek eskatzen duan eran.

        Onra ezazu zure Aita eta Ama. Honora Patrem tuum, et matrem tuam. Mandamentu onek agintzen diguna egiteko, ez da asko gurasoak amatzea, bear da bigarren lekuan gurasoari begiramentu, edo errespeto andi bat gordetzea itzegitean, begiratzean, eta modu guzietan. Alde onetatik utsegiten due ume, eta mirabeak, lenengo lekuan, zure guraso, eta burutzat ezagutzen ezpadituzu zere obretan. Bigarrena, beren aurpegira erantzuten badieztezu desonragarriak diran itzak, nola diran: ordia, etxeondatzallea, alperra. Jauna, egia garbia da au guzia. Izan bedi ala; zuk alaere ezin bere aurpegira eranzun degiokezu gurasoari orrelako gauzarik. Irugarrena, lotsatzeko eran itzegiten badiezu: eta au erraz izan diteke bekatu larria, batez ere guraso, eta ume onraonean bizi diranen artean. Laugarrena, botatzen badieztezu birauak, naiz biotzetik bota ditzatzula, naiz ez; zeren beti galtzen diezun zor zaten begiramentu, edo errespetoa. Eriotzaren pena ipiñi zion Jaunak lege zarrean bekatu oni: Qui matledicerit Patri suo, vel matri, morte moriatur (Exodi 21). Bostgarrena, sarritan ipintzen badiezu bekosko, edo kopeta illuna, edo itz garratzakin naigabetzen badituzu. Illuntasun, eta errierta pixka bat ume, mirabe, eta gurasoen artean gertatzea ez oi da izan bekatu larria, baña sarritan kopeta beltz ipintzea, eta itz samiñ, eta garratzakin erkiturik idukitzea gurasoa, nork ez dakus dala gauza txit itsusia? Lotsagarria, da doakabea deitzen dio Espiritu Santuak onelako umeari: Qui affligit Patrem, et fugat matrem, ignominiosus est, et infelix (Prov. 19). Seigarrena, siñuz, edo bestela isekak egiten badieztezu, berak igerritzen duela, eta naigabetzeko eran. Au ere bekatu larria izan oi da. Aitari iseka egiten, eta Ama ezertan ez daukanaren begia atera dezeela beleak, dio Espiritu Santuak: Oculum, qui subsannat Patrem, et despicit partum matris suae, effodiant eum corvi (Prov. 3). Zazpigarrena, jotzen badituzu zure gurasoak, naiz kolpea izan andia, naiz txikia. Bekatu au beti izan oi da larria, eta Jaunak eriotzaren pena ipiñi zion lege zarrean: Qui percusserit Patrem suum, aut matrem suam morte moriatur (Exodi 21). Iruñeko Apaiz nagusiaren mendeko Elizetan, Apaiz nagusiak berak, edo onek eskua ematen dionak bakarrik barkatzen du bekatu itsusi au. Zorzigarrena, jotzeko eskua altxatze utsa ere izan oi da bekatu larria ezagueran sartutako umeetan: eta esan diran gauz oetatik ezagutu dezakee morroi, ta neskameak ere noiz utsegiten duen nagusi eta etxeko-andreai zor diezan begiramentu, edo errespetoaren kontra.

        Onra ezazu zure Aita, eta Ama: Honora Patrem tuum, et matrem tuam. Onetarako bear dan irugarren gauza da gurasoen aginduak egitea, animaren onari, etxeko gobernuari, eta aziera onari dagozten gauzetan. Egizue gurasoen agindua gauza guzietan; au da alabaña Jaunak nai duana, esaten digu S. Paulok Obedite Parentibus per omnia; hoc enim placitum est in Domino (Ad Colosen. C. 3). Gauza guzietan, dio S. Paulok; baña au aditu bear da ongi. Ez dago beartua umea, ez eta morroi, ta neskamea ere gurasoen aginduak egitera, agintzen bazate jaunaren legeak debekatzen duan gauza; lenago da alabaña Jaunaren esana egitea, ezen ez gizonarena. Ez dago gañera beartua umea gurasoen esana egitera estadua, edo bizimodua aututzean, zeren Jaungoikoak prestatzen dion bakoitzari bere estadua, batari ezkontza, besteari beste modu bat. Gai onetan umeari dagokana da garai onean gurasoari adiraztea, zer estadu artu nai duan; eta estadu au ezkonduena bada, ez du ezkontzeko itzik eman bear gurasoen baimena gabe. Atzenean morroi, ta neskameak ere ez daude beartuak berai dagozten gauzak egitera baizik.

 

* * *

 

        Orra, Kristaua, zer agintzen dien laugarren mandamentuak ume, ta mirabeai; eta gai onetan gertatzen diran bekatuak ukituko dira urrengo itzaldian. Ea gaztea, onra itzatzu zure gurasoak, dio Jaunak; onra itzatzu, luzaro bizi zaitezen zure Jaun Jaungoikoak emango dizun lurrean, eta gero betiko bizitza doatsuan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa