www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ematen dira Jaunaren legeko amar Aginteen berriak.

 

ALABATUA

izan dedilla Aldareko Sakramentu guziz Santua, eta Birjiña txit Santaren sortze garbia, zeña bekatu jatorrizkoaren mantxarik gabe sortu izan zan.

Gurutze Santuaren etc.

 

Clama, ne cesses, quasi tuba exalta vocem tuam,
et annuntia populo meo scelera eorum. Isaiae 58.

Otsegizu, ez ixildu: tronpeta baten eran egizu deadar,
eta aditzera eman giozkatzu nere erriari bere bekatuak,
dio Jaunak Isaiasen autik.

 

        Azkeneko bi Erakusaldietan itzegin da Jesus onaren piztueraren gañean. Ekusi degu, Kristaua, piztu zala Jesus egiaz, eta berriz ez iltzeko. Ekusi degu, piztuera onek aditzera ematen digula gure animen piztuera, bekatuaren eriotzatik graziaren bizitzara. Il zan Jesus guri ongi naiez, eta piztu zan, piztu gindezen gu betiko, edo bekatura beñere ez biurtzeko. Uste det, igaro dan garizuman asko bekatari piztu dirala, aditu dituen egia izugarriakin batezere gazteen artean; baña beldur naiz, zarren artean ez dirala gutxi geratu diranak bekatuan gogortuak, sorrak, eta gorrak. Oek bizi dira eren bizitza gaiztoan oatuak bezala, eta beren barrunbeak esaten die, nora dijoazen, baña ez due biotzik bekatuaren bideak uzteko. Bekatari urrikalgarri oek ere Zerurako egin zituan Jaunak, eta oraindañoko utsegite guziak barkatu nai diezte, baldin bekatuaren lo astunetik esnatuta biurtzen badira beragana. Ugaria, eta samurra da barkatzeko gure Jauna dio Isaiasek: Quoniam multus est ad ignoscendum: eta Profeta berak esaten digu; Otsegizu, ez ixildu: tronpeta baten eran egizu deadar, eta aditzera eman giozkatzu nere erriari bere bekatuak. Profet onek diona egiteko, aditzera emango dira aurten Jaunaren lege eder garbia, eta beraren kontra egiten ditugun utsegiteak: eta garizuma alderatzen danean Birjiña txit Santa Doloreetakoaren onran egingo da bederatziurrena beste urteetan bezala. Gaur emango dizkitzuet Jaunaren legeko amar aginteen berriak. Enzun arretaz.

 

* * *

 

        Munduaren asieratik denbora luzean bizitu ziran gizonak letraz ezarritako lege bage. Ezaguera zuzenak, eta Adanek eta Patriarka Santuak erakusten ziezan, bear adiña, Zerurako bidean ongi ibiltzeko. Baña denboren buruan geienak aztu ziran jainko egiazkoaz, eta asi ziran Jainkoaren lekuan onratzen edozeñ gauza: batzuek eguzkia, besteak illargia; batzuek izarrak, besteak sugeak, dragoiak, porruak, tipulak: eta oen anz, edo iduriak egiten zituen arriz, zillarrez, edo zurez. Iduri oek dira idoloak. Miretsitzen gera onenbesteraño gizona itsutzeaz, baña miretsitzeko bide geiago degu, gure egunetan, eta gure auzoan gertatu dana gertatzeaz. Ukatu zuen Jainko egiazkoa: eta Jainkotzat autu zuen arrazoia. Au adoratzeko, edo Jainkotzat onratzeko bear zuen anz, iduri, edo idoloren bat: artzen due andetan, nor uste dezue? Emakume limuri zikin bat, aintzakotzat Parisen ezagutua zegoana. Gizon jakintsu askoren iritzia da, euskaldunen artean etzuala idolatriak lekurik izan jende arrotzak Españan sartu ziran artean, eta ez dala arkitzen gure lekuetan idoloen arrasto, edo aztarnarik.

        Idolatriaren denbora aetan ere Jakoben umeak, eta ondorengoak etzuen galdu Jainko egiazkoaren ezaguera, eta sinistea; baña nola denbora luzean bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean, eta Jainko gezurrezkoak baizik ezagutzen etzan tokian, perill andian zeuden ikasi bear etzituen gauzak ikasteko. Urrikaldu zan Jauna aezaz: atera zituan andik, asko mirari, eta arritzeko gauza egiten zituala. Alderatu ziran Sinaiko mendiaren inguruetara: kontatu zituen Moyses, eta Aaronek, eta ogei urtetik aurrerako gizon, gerrarako gai ziranak, iritsi ziran sei eun milla, ta geiagoraño. Etziran kontatu Lebiren umeak, zeren Elizarako autuak zeuden, eta etzuan nai Jaunak gerrariakin nastutzea. Igo zan Moyses Sinaiko mendira: itzegin zion Jaunak, eta gogora ekarri ziozkan Israeltarren alde, batezere Ejiptotik ateratzeko, egin zituan gauza miragarriak. Agindu zion, esan zegiela, prest arkitzen zala Israeldarrak bere jendetzat berezkiro artzeko, oek beren aldetik gorde nai bazuen egun gutxiren barrunbean emango zien legea. Jatxi zan Moyses menditik, eta aditzera eman zien Israeldarrai Jaunak esan ziona. Oek agindu zuen, gordeko zituela Jaunaren aginteak. Biurtu zan Moyses mendira, eta esan zion Jaunari Israeldarrakin egin zuana. Orduan esan zion Jaunak: oraindaño itzegin det zurekin bakarrik, eta iñork aditzen ez gaituala: laster jatxiko naiz mendi onetara odei artean, eta itzegingo det zurekin oriek aditzen duela; era onetan ez due, zure esanak ez sinisteko, aitzakiarik izango. Biur zaite beretara: esan giezu, garbi ditzeela beren soñekoak, eta egun bi oetan ezkonduak ere gorde dezeela garbitasuna, artzeko irugarren egunean emango diedan legea: mendiaren inguruan siñalatu gieztetzu muga batzuek, eta ez dira oetatik igaroko. Ala egin zuan Moysesek. Etorri zan irugarren eguna: mendiaren gaña estali zuan odei batek: asi ziran turmoiak, tximistak, eta tronpeten otsa bezala. Alderatu zan Moises mendiaren mugetara, eta Jaunak deiturik, igo zan goora. Asi zan tronpetaren otsa, eta unetik unera aziaz zijoan: aditu zan inguru guzian Jaunaren itza, eta aditzera eman zituan bere amar aginteak añ indar andiarekin, non beldurtu ziran Israeldarrak bertan illik gera zitezen: eta erregutu zioen Moysesi, itzegin zezala berak, eta ez jaunak. Orra zer gisatan aditzera eman zuan Jaunak bere amar aginteen legea. Gañera ipiñi ziezten beste aginte asko, baña oek geienak beintzat, Israeldarren lege zarrari zegozkanak ziran, eta bukatu ziran Jesusen legea etorri zanean; ez ordea amar aginteak, zeren oek agintzen duena, ezaguera zuzenak len, eta beti erakusten duana dan.

        Amar Aginte, edo Mandamentuak letraz ezarri zituan Jaunak arrizko bi oletan: lenengoan zeuden Jaunaren onrari dagozkan iru aginteak, eta bigarrenean lagun urkoaren onari begiratzen diezanak, Moysesek igaro zuan Jaunarekin itzegiten mendi-gañean denbora luzetxoa: aspertu zan itxedotez jendea, eta bortxaz eragin zioen Aaroni urrezko idolo bat, idisko, edo txekorraren anza zuana; onelakoak onratzen, eta adoratzen ziran alabaña ijitoen artean. Ekusi zuanean, zer egin zuen Israeltarrak, aserratu zitzaion Moysesi: puskatu zituan Jaunaren legeko bi olak, eta illerazo zituan gutxienez iru milla, eta askok dionez ogei, eta iru milla. Alaere erregutu zion Jaunari Israeltarren alde, eta iritsi zuan oen bekatuaren barkazioa, eta artu zituan amar Aginteen ol berriak.

        Il zan baño lentxeago itzegin zien: begien aurrean ipiñi zien artu zuen legea, eta Jaunarekin egin zuen igoala. Aditzera eman ziezten Jaunak agintzen ziezten ondasun eta bendizioak; baña izugarriak dira Jaunaren legea gordetzen ez duenentzat ipiñi zituan madarikazioak. Ara oetatik batzuek. Madarikatua izango zera errian, eta madarikatua kanpoan. Madarikatua zure aletegia, edo graneroa. Madarikatua sartzen, eta irteten zeran toki guzian. Madarikatuak zure lurrak dakarzian frutuak, baita idi, bei, ta ardi-taldeak ere, eta bidal dezala Jaunak zure gañera izurria, erkiturik buka zaitezen artean: bete zaitezela ezkabiz, eta atzez: jauzi zaitezela burutik, eta egunaren erdian zabiltzala itsuen eran bidebilla. Ezkonzen bazera, lo egin dezala bestek zure emaztearekin. Gauaz, eta egunaz beldur izango zera, zer ekusi bear ote dezun: goizean esango dezu: nork eman legikedan arratsaldea? eta arratsaldean esango dezu: nork eman legikedan goiza iristea? (Vide Deutoren. 28)

 

* * *

 

        Ekusten dezu, Kristaua, nola Jaunak eman zigun bere amar Aginteen Legea? Ekusten dezu, zer madarikazioak aditzera lenagotik eman ziezten Moysesek Israeldarrai? Eta eztakizu amar Aginte aek berak gorde bear ditugula guk ere? Eztakizu, au ez egitera, gure gañera etorriko dirala Jaunaren aserre, ta madarikazio guziak? eta utsa da emango neke guzia gerokoaren aldean. Askotan gertatzen da, Jaunak emen bekatariari ez bidaltzea bere bizitza gaiztoarekin irabazi dituan nekeak; baña laster bukatzen dira emengo aurkeriak, eta amiltzen da bekataria beti-beti iraungo duen nekeetan. Oroi gaitezen, nere Kristaua, amar Aginte oek gordetzeko itza eman genduala bataioko egunean. Oroi gaitezen, Eliz Ama Santak esan zigula: Betiko bizitza doatsua nai badezu, gorde itzatzu Mandamentuak: Si vis ad vitam ingredi serva mandata. Egin dezagun au benaz, eta gogotik, eta emango digu Jaunak guretzat prestaturik daukan betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa