www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ukitzen dira, umeak, eta morroi, ta neskameak laugarren agintearen kontra egin oi dituen bekatuak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko itzaldian asi nintzan Jaunaren legeko laugarren Agintearen gañean itzegiten, eta aditzera eman nizuen, nola ume, eta mirabeak onratu bear dituen beren gurasoak. Gaur ukituko ditut, Aginte onen kontra egin oi dituen, bekatuak. Enzun arretaz.

 

* * *

 

        1. Begira, begira biotzetik maite izan dituzun gurasoak, edo au egin bearrean opa izan diezun lenbait len mundu onetatik joatea, etxeko agintea, eta ondasunak artu naiez? Zenbat denboran eresi orrekin bizitu zeran?

        2. Begira poztu ote zeran gurasoaren gaitzaz, edo naigabetu osasunaz? Gurasoa dago eztulka ler egiteko zorian, eta diozu zeregan: ah zitala! etzera ez oraingo gaitzarekin ilko.

        3. Begira, lagundu diozun bere premietan? Gurasoak, ez eman dezuen guzia bertatik umeai, bestela erraz gertatu liteke zuekin, beste guraso bati gertatua. Eman zien zuana umeai, ongi ekusi naiez. Denbora piska batean txit ongi begiratu zioen, baña aztuaz joan ziran gurasoagandik artu zituen ontarteaz, eta atzenean ukatzen zien ongi igarotzeko bear zuan guzia. Oroitzen zan gizagajoa, umeak ongi ekusteagatik egin zuan zorakeriaz, eta ekusten zuan nola arkitzen zan, beretzat bear zuana gorde gabez. Estutasun onetan joan zan adiskide bategana, eta kendu zion diru puska bat. Bere gelan noizean beiñ otsa eragiten zien diruai, aditu zezeen soñua ala suiak, nola alabak. Oek diruaren soñuarekin esnatu ziran gurasoari ongi begiratzeko, eta gobernatzen zuen-elkarren leian. Orduan gurasoak biurtu zion bere adiskideari eman zion diru guzia. Egin zuan testamentua, baña itxia, eta etzuan garrote bat besterik utzi. Testamentuan esaten zuan, garrote au utzitzen zuala, zuan guzia umeai ematen zien, gurasoa zeatzeko. Il zan, joan ziran umeak kutxara, eta etzuen garrotea baizik arkitu.

        4. Begira, itzegin ote diozun Aitari, edo Amari onra galtzeko eran, egin dezagun kontu: ordia, lotsagarria, etxe ondatzallea. Au bekatu larria da berez. Jauna: egia esan diot. Atozea, eta zergatik egia dan, itzegin bear diozu gurasoari modu añ itsusian?

        5. Begira, lotsa andia emango dioen gauzarik eranzun diozun gurasoari? Zenbat bider, eta zenbat lagunen aurrean.

        6. Begira, biraurik bota diozun gurasoari berak aditzen duala? Zenbat bider, eta zenbat lagunen aurrean? Jauna, ez diot ordea biotzetik bota. Atozea, eztakizu orrelako itzegitearekin galtzen diozula zor zaion begiramentu, edo errespetoa? Bere Aitari, edo Amari birau egiten diona il bedi, dio Jaunak lege zarrean: Qui maledixerit Patri suo, vel matri, morte moriatur (Exodi 21).

        7. Begira, sarritan ipiñi diozun kopet illuna, edo itz garratzakin naigabe andirik eman diozun? Edo ekusi nai ezpazendu bezala begiratzen diozun? Bekatu larria da au berez. Lotsagarria, ta doakabea deitzen dio Espiritu Santuak onelako umeari. Qui affligit Patrem, et fugat matrem ignominiosus est, et infelix (Prov. 19). Illuntasun, eta errierta pixka bat ume, eta gurasoen artean gertatzea ez da berez bekatu larria, baña sarritan kopeta beltz ipintzea, eta itz samiñez erkiturik idukitzea nork ez dakus, zeñ gauz itsusia dan?

        8. Begira, isekaz egon zatzaizkan gurasoari, berak ekusten duala? Au ere berez bekatu larria da. Aitari iseka egiten, eta Ama ezertan ez daukanaren begia atera dezeela beleak, dio Espiritu Santuak: Oculum, qui subsannat Patrem et despicit partum matris suae, effodiant eum corvi (Prov. 3).

        9. Begira, izan ote dezun zure Aita edo Ama jotzeko ausardia. Izugarria da bekatu au, eta eriotzaren pena ipiñi zion Jaunak lege zarrean: Qui percuserit patrem suum, aut matrem suam, morte moriatur (Exodi 21). Iruñeko Apaiz nagusiaren mendeko lekuetan ez due bekatu onen barkazioa emateko eskurik berak, edo ark onetarako ipintzen dituan Konfesoreak baizik.

        10. Begira, eskua altxa diozun gurasoari jotzeko asmoarekin, edo asmo gabe; beti galtzen zaio alabaña zor zaion begiramentua.

        11. Begira, gurasoen aginduak egin dituzun ongi? edo au egin bearrean, ortzak agerturik erriertan jarri zatzaizten? Zenbat bider? Gauza txikietan zerbait egin bage utzitzea, eta anditxoetan ere zerbait zabarkeri gertatzea (kalte andiren baten perillik ez danean) ez oi da izan bekatu larria; baña begira, Kristaua, atelekatzen bazaitu gurasoak zabarkeriren bategatik, etzaitezela asi lotsagabekerietan, baizik zaude ixilik, eta aurrera egitzu aginduak arretarekin. Au da Jaunaren borondatea; eta agintzen dizu sari txit andia ala emen, nola Zeruan.

        12. Begira, bizitza ateratzeko modua ikasteko ongi saiatu zeran? Au egin gabez erriak alperrez betetzen, eta malla guziak itsusten dira. Ezpada gaztea saiatzen dagokan lankintza ikastera, zer on, eta zer protxu emango du azitzen danean.

        13. Begira, agindu dizunean gurasoak, etzaitezela joan arako etxe artara, zeren esanmesa giztoak zabaltzen dituzun: aldegin dezazula arako lagun gaizto aetatik, ordu onean etxera zaitezela, noizean beñ bederik konfesa zaitezela; begira, diot, egin dezun gurasoaren esana? Au egiten ezpadezu, nolakoa izango da zure aziera?

        14. Begira, gurasoen borondatearen kontra, edo oen baimena bage igaro zeran ezkontzeko itzak ematera. Erraztasun onetatik kalte andiak etorri izan dira. Lenengoa gurasoen nai bagea. Emen itzegiten det guraso zintzo, ta ardurarekin umeai begiratzen dienaz; badira alabaña batzuek, umeen eskuetan uzten duenak senarra edo emaztea billatzea. Bigarren kaltea, ezagueran ongi sartu baño len gazteak eren buruak katrabillatzea, eta gero damuturik ibiltzea gaizki dirudien erausietan. Irugarrena, ezkontzeko itzaren goixoarekin neskatxa prestu asko bear ez lirakean gauzetan erortzea, eta geratzea galduak; ezkutaria alabaña, gura zuana egin ezkero, ez da oroitzen ere eman zuan itzaz, eta iñoiz oroitzen bada, dio: Pu kiratsa dakar. Orregatik gure Jaun Errege Karlos irugarrenak agindu zuan lenengo lekuan, seme, eta alabak, ogei, ta bost urte izan artean, eskatu bear diezala gurasoai ezkontzeko itza emateko baimena. Bigarrena, semeak, edo alabak, ogei ta bost urte izan arren, ezkontzeko era agertzen bazan, eskatu bear ziezala gurasoai beren iritzi, eta konsejua, eta au egin gabe ezkontzen ziranak, galdu zitzeela beren etxeetako eskabide guziak. Irugarrena, aditzera eman zien Obispo Jaunai, nola nai zukean, ezkontzeko itzen gañeko auziai lekurik aek ez ematea, gurasoen baimena gabe eman baziran itzak. Ala, Erregeren aginte oek ezkero, etzaio auziri lekurik ematen, ezkontzeko itzak ezpadue gurasoen baimena. Etzan onenbesterekin kontentatu Karlos laugarrena, eta agindu zuan, ezkontzeko itzak eman zitezela Eskribau, eta testiguen aurrean, eta ezarri zitezela letraz, bestela etzekiela lekurik eman: baña aginte au ez da gorde izan. Aditzen dezue, gazteak, zenbat ardura eskatzen duan ezkontzeko itzak? Eta alaere itz onen goixoarekin egiten, eta eragiten dira ainbeste bekatu?

        Ea, Jaunak esaten digu: Onra ezazu zure Aita, eta Ama: egin dezagun au arretarekin, eta ixuriko ditu gure gañera bere ondasunak, eta atzenean betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa