www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

1 Adirazten da, lenengo lekuan, zer asmatu zuan Jesusen guganako onginai, eta amorioak, gurekin bizitzeko, eta bere ondasun guziak guri emateko?

2. Adirazten da bigarren lekuan, zeñ gauza miragarriak egiten dituan onetarako.

3. Atzenean, zer gertatu, eta gertatzen zayon gurekin. Emendik aterako degu, zeñ gauza bearra dan, gazteai erakustea, gure bekatuak kentzen dituan, Bildots Jesus maitagarria ongi artzeko prestaera.

 

        Zer da, nere Kristauak, gaurko egunean alde guzietatik datorkigun berri negargarri au, esaten diguna: Aituaz dijoaz Kristauak: aldegin due alde aldean guziak beren Salbatzaileagandik, eta galdu dira. Omnes declinaverunt, simul inutiles facti sunt. Batzuek adoratzen due emengo izan, edo ondasunen idoloa, eta oitu dira al duena ostutzera erriai, auzoai, eta norinai: Besteak ederretsi dieza atsegin lotsagarriai ainbesteraño, non bekatuaren izurria alde guzietan zabaltzen duen. Besteak ezertan ez omen dauzkee Eliz Ama Santaren Aginteak, oen artzan Pazkoetan bederik gure Jaun andia artzea agintzen diguna. Esan zadazue, nere Kristaubak, ez dituzue askotan aditzen onelako berriak? Ezin sinistu det nik, onenbesteraño galdu dirala Euskaldunak, eta are gutxiago erri onetakoak, zeren ekusten dedan, asko dirala Jaunaren Itza enzutera datozenak, eta ez gutxi Sakramentuak sarritan artzen dituenak, batez ere emakumeak, eta errietako karguetan nastutzen ez diranak. Alaere, gauza bearra da alegiña egitea, aurrak, gazteak, eta Kristau onak bekatuaren ujoletatik gordetzeko. Orregatik, len esan nuan eran, nere asmoa da aurten gazteakin jardutea. Lenengo Erakusaldietan zerbai itzegingo det Aldareko Sakramentu guziz miragarriaren gañean. Gero, Konfesioko Sakramentua izango da denbora luzean itzegiteko gaya, eta ondoren zerbait ukituko det, Komunio-aurreko unean gorde bear dan, modu ederraren gañean. Ona Abenduraño nere egitekoa. Garizuma sartu baño len asiko da, Birjiña txit Santa, gure bekatuakgatik naigabez betearen onran Bederatziurren bat, ez nolanai, baizik ongi konfesatzeko bear dan prestaera guzia egiten dala. Gaur aditzera eman nai dizuet, lenengo lekuan: zer asmatu zuan Jesusen guganako onginai, eta amorioak gurekin bizitzeko, eta bere ondasun guziak guri emateko. Urrena zeñ gauza miragarriak egiten dituan onetarako. Atzenean, zer gertatu, ta gertatzen zayon gurekin. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gure Salbatzalle Jesus maitagarria, etsayaren mendetik gu ateratzeko, eta Zerurako bidean ipintzeko, jatxi zan Zerutik lurrera, eta egin zan gizon Birjiña txit Santaren Sabelean. Bizitu zan gizonen artean ogei ta amairu urteren denboran, erakusten zuala itzez eta obraz Zerurako bidea. Etzion iñori ere ontarte, eta mesedea baizik egin. Sendatu zituan eriak, argitu itsuak, eta piztu illak.

        Alaere Juduak etzuen ezagutu nai izan beren Salbatzalletzat, eta bizia kentzeko eraren billa zebiltzan. Beste aldetik bere gañean artua zedukan, gizonak bere bekatuarekin Jaunari egin zion, bidegabekeriari eranzutea bere eriotzarekin, eta gizona Zerurako bidean ipintzea.

        Alderatu zan gugatik bere bizitza emateko denbora. Ekusten zuan, utzirik mundu au joan bear zuala bere Aitagana. Ekusten zuan, nola bere adiskide, eta serbitzariak geratuko ziran ume zurtzen eran, eta etsai izugarrien artean, eta etzuan nai au gertatzea. Gañez egin zion guganako onginai eta amorio geyegiak, eta erabaki zuan, bere Aitagana joatea, eta denbora berean gurekin bizitzea, ipintzen zuala Aldareko Sakramentu guziz miragarria. Berak esan zuan lenengo Meza, eta eman zien Apostoluai, eta oen ondorengo Apaizai, au bera egiteko, eskua. Eta gisa onetan Zeruan duan bere jarlekua utzigabe, geratu zan Aldareko Sakramentuan, eta mundua mundu dan artean gure artean egongo da. Orra, esan zien Apostoluai: zuekin nago, eta zuekin egongo ere naiz munduaren bukaeraraño: Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consummationem saeculi (Math. 28).

        Zertako era onetan geratu nai izan zuan gure Jesus onak Aldareko Sakramentuan? Gurekin bizitzeko, eta Zerurako bidean guri laguntzeko. Au da beraren atsegin andia: bere adiskide, eta anima onakin egotea: Deliciae meae esse cum filijs hominum (Prov. 8).

        Zertako geyago? Anima onai eman al guzia emateko, esan nai det, emateko bere gorputza, bere odola, bere anima, eta itz batean guzia esateko, bera dan guzia, Jaungoiko eta gizon egiazkoa. Arritzen da S. Agustin, Jesusen guganako onginai geyegi oni begiraturik, eta dio: «Izanik gure Jaungoikoa Guzialdun, edo Omnipotentea, ezin geyago eman zezakean: izanik guziz jakintsua, etzuan jakin zer geyago eman: eta izanik guziz aberatsa, etzuan izan zer guyago eman».

        Nere Kristaua: au onela izan, eta guk utzi degu Jesus, eta esan degu obraz. Ez det Jaun au serbituko? Dixisti non serviam? Baña goazen aurrera, eta dakuskun, zeñ gauza miragarriak egiten dituan gurekin bizitzeko, eta guri bere ondasunak emateko.

 

 

§ II.

 

        Gauza miragarri oen artean lenengoa da, Apaizak konsagrazioko itzak esaten dituan unean bertan jartzea Sakramentuan Jesus Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, naiz izan Apaiza ona, naiz gaiztoa, naiz Katolikoa, naiz herejea. Au da nere gorputza, esan zuan Jesusek ogiaren gañean, eta esan zuan bezala len ogi zana biurtu zan beraren gorputz. Nik orain egin dedana, egizue zuek ere, nizaz oroitzen zeratela, esan zien gero Apostoluai, eta oetan ondorengo Apaiz guziai. Jesusek emandako esku onekin Apaizak esaten ditu Jesus beraren itzak, eta bereala jartzen da Sakramentuan. Gauz arrigarria! Mezemallea izan diteke ona, eta izan diteke gaistoa, Judasen eran. Eta alaere gizon gaisto baten otsera jartzen da Jesus Sakramentuan? eta jartzen da onelako gizonak nai duan denboran, nai duan lekuan, eta zenbat bider nai duan ainbeste aldiz? Arritu zaitezte Zeruak, arritu Zeruko Aingeruak, eta lurreko anima onak! Josue pelean ari zan beñ Amorreoen kontra. Izutu ziran Amorreoak, eta asi ziran igesi. Beldurtu zan Josue, illundu zekion etsaya osotoro desegin baño len. Altxa zuan biotza Jaunagana, eta agindu zion eguzkiari, zegoala geldirik: Sol contra Gabaon ne movearis (Josue c.10). Eguzkia Josueren otsera geratu zan, eta izan zuan denbora bere etsayak urratzeko. Baña zer da au Aldareko Sakramentuan gertatzen danaren aldean? Ezer ez bezala da au; Josueren otsera alabaña beiñ bakarrik geratu zan eguzkia; baña Apaizaren otsera jatxitzen da Jesus Eguzkiaren egillea egun oro, eta egunean asko aldiz. Josue zan Jaunaren adiskide andia, baña beiñ baño geyagotan gerta diteke, Apaiza Jaunaren adiskidea ez izatea. Eta alaere jartzen da Jesus Sakramentuan onelako gizonaren otsera?

        Aldareko Sakramentuan gertatzen dan bigarren gauza miragarria da ezin konta al Elizetan egun oro jartzea, eta egotea Jesus Zeruko bere jarlekua utzi gabe. Igo zan Jesus Zerura, eta an dago eserita bere Aitaren eskuyean: eta ango bere eser-lekua utzi gabe, jartzen da Sakramentuan ezin konta al lekutan. Nola au gertatzen dan, ez da erraz itzez adiraztea, baña fedearen argiarekin iristen degu, au, ta geyago egin dezakeala Jaunak, eta osotoro sinistu bear degu, dio Trentoko Konzilioak (Ses. 13 c. 1º). Ostegun santu arratsean jarri zan Jesus Sakramentuan, mayean zuan lekua utzi gabe, eta oraiñ ere jartzen da Konsagrazioko itzak esaten diranean, ala ostian, nola kalizan, baña Zeruko bere jarlekua ez du utzitzen.

        Sakramentu orretan gertatzen dan, irugarren gauza miragarria da, Konsagrazioko itzak esaten diranean, len ogi zana biurtzea Jesu-Kristoren gorputz, eta len ardo zana odol. Deitu zuen beiñ Jesus Kana zeritzan Galileako erri batean eztayetara. Aitu zan ardoa bazkaria bukatu baño len. Aditzera eman zion Amak, zer gertatzen zan, eta ura biurtu zuan ardo. Eta orduan au egin bazuan, zer da zer miretsi ogia bere gorputz, eta ardoa odol biurtzeaz?

        Aldareko Sakramentuan gertatzen dan laugarren gauza miragarria da, konsagrazioko itzak esan ezkero, ez geratzea Sakramentuan ogi, eta ardorik, baña bai ogi-ardoen anz, eta iduriak, nola diran. usaya, kolorea, gusto, eta indarra. Demagun Eliz onen pareteak erortzen dirala lurrera, eta alaere airean daudela tellatuak. Zer esango genduke? Zer, ezpada mirari, edo milagro andi bat gertatu dala? Tellatuak alabaña ezin dautezke airean irozgarri gabe, mirari andi bat Jaunak egiten ez duala. Ez da gutxiago gertatzen Sakramentuan ogi-ardoen anz, edo Accidenteaquin. Oen irozgarri, edo pareteak bezala dira ogiaren, eta ardoren izate, eta mamia: eta ez dago Sakramentuan ogi, ta ardorik. Alaere geratzen dira ogiaren, eta ardoaren usaya, kolorea, gustoa, biribiltasuna, eta indarra. Sakramentua agirian dagoanean, ogia ekusten dala dirudi; baña fedeak erakusten digu, ekusten dana ez dala ogia, baizik ogiaren anza, eta anz onekin ezkutatua dagoala Jesus.

        Aldareko Sakramentuan gertatzen dan bostgarren gauza miragarria da, ogiaren, eta ardoaren anz, eta iduriak ainbeste indar izatea, nola izango lukeen ogi-ardoak egiaz an arkitzen balira. Demagun, kaliz andi batean konsagratzen dirala Malagako ardotik pitxer bi: Konsagrazioko itzen ondoren ez da an egongo ardorik, baña bai ardoaren anz, eta iduria, eta iduri oek izango lukee ardoak adiña indar.

        Aldareko Sakramentuan gertatzen dan seigarren gauza miragarria da, ostia batek duan bezeñ toki txikian jartzea, eta egotea Jesus Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, eta zenbat diran ostiak, beste ainbestetan au bera gertatzea. Ez du iristen gizonaren adimentuak, nola gertazen dan au, baña fedeak erakusten digu, ala gertatzen dala, eta asko da au guk sinisteko itsu-itsuan. Ezpagendu sinistu bear gure adimentuak iristen duana baizik, txit gauza gutxi sinistuko ginduke.

        Aldareko Sakramentuan gertatzen dan zazpigarren gauza miragarria da, ostia erdiratzen, eta puskatzen danean, ez puskatzea Jesu-Kristoren gorputza, eta puskatu ordean osorik arkitzea puskarik txikienean ere.

        Atzenean Jesus ona bizirik, eta Zeruan dituan doai, eta edertasun guziarekin jartzen da Sakramentuan, eta alaere illaren eran arkitzen da, bere edertasuna, eta doayak ezkutatzen dituala ogiaren, eta ardoaren iduriakin, odei batekin bezala. S. Juan Ebanjelistak Profetaren begiakin begiratu zion Jesusi Sakramentuan, eta dio, ekusi zuala bildots illaren eran: Vidi agnum stantem tanquam occissum (Apoc. 5.º). Zergatik ezkutatzen ote ditu Jesusek era onetan bere edertasuna, eta doayak? Dijoazkion anima onak beren biotzetan artzera; bestela alabaña ikaratuko lirake, eta ez lizake iñor trebe izango beraren mayean jartzeko. Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauza miragarriak egin, eta egiten dituan Jesus onak gurekin bizitzeagatik, eta guri bere ondasun guziak, eta bera dan guzia eman nayez? Nai onekin esan zuan beiñ: ezpadezue gizonaren semearen gorputza jaten, eta odola edaten, ez dezue iritsiko betiko bizitza doatsua: Nisi manducaveritis carnem filij hominis, et biberitis ejus sanguinem, non habebitis vitam in vobis (Joan. 6). Alaere zer gertatu eta zer gertatzen zayo gure Jesus maitagarriari gurekin? Au da oraiñ ukitu bear deguna.

 

 

§ III.

 

        Elizaren lenengo denboretan etzan aginte bearrik izan, Kristauak sarritan, eta jayera andiarekin Jesus maitagarria artzeko. Baziakien, zer esan zuan Jesusek: baziakien, Jesus zala bizitzaren arbola, Paradisukoa baño, askoz miragarriagoa, eta arbola onetatik janaz, graziaren bizitza ugarituko zala, eta bizi zitezkeala animaren aldetik ill gabe. Nere gorputza egiaz da janaria, eta nere odola edaria, dio Jesusek berak: Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est polus: ogi au jaten duana biziko da beti: vivet in aeternum (Joan. 6). Baziakien, Aldareko Sakramentuan jartzen zala Jesus, guri betiko bizitza, eta bera dan guzia emateko. Eta asko zan au maiz, eta gose andiarekin Zeruko janari au artzeko. Egun oro, edo Meza enzuten zuen aldi guzietan artzen zuen Kristauak Sakramentu au, S. Lukasek aditzera ematen digunez (Acta Apost. c. 2).

        Baña jayera, eta debozio au oztutzen asi zan, eta zabartuaz zijoazen Kristauak Komunioko Sakramentua artzean. Orregatik agindu zuan Elizak, komulga zitezela Kristau guziak urtean iru bider bederik, au da Pazkoa Ioratuan, Mayatzekoan, eta eguerriz.

        Aginte onekin ere etziran anziñako jayerara biurtu Kristauak, geyenak beintzat, eta biurtu bearrean, aurrera zijoazen beren zabarkerian, eta bekatuaren bideetan, eta agindu bear izan zuan Elizak, komulga zitezela Kristau guziak, gutxienez urtean beñ, Pazkoa Ioratuan, eta aginte oni erantzuten ez dioenai debekatu dakiela Elizan sartzea, eta iltzen diranean, ukatu dakiela Eliz-lurra. Agindu zuan gañera, iduki zitezela herejiaren suspitxemalletzat: De haeresi suspecti. Leku batzuetan Pazkoako komunioa egiñ ez duenai siñalatzen die Obispo Jaunak denbora, presta ditezen ongi, eta artu dezeen Jesus ona biotz garbiarekin: eta Iruñeko Obispo Jaunaren mendeko Elizetan agindua dago, lenengo lekuan, Pazkoako amabost egunak igarotzean, aditzera eman dedilla Elizatik, nor diran komulgatu gabeak. Bigarrena, Pazkoa denboratik urrengo amabost egunetan ere, Elizak agindua egiñ ez duenak geratzen dirala exkomikatuak, eta eskomiku au ezin kendu dezakeala Obispo Jaunak baizik. Irugarrena, Korpus egunerako animen kargudunak bidal ditzeela Elizarekikoa egiñ duenen agiriak.

        Eta Eliz Ama Santaren alegiñ oekin guziakin zentzatu ote gera? Izanda denbora bat, zeñean Kristauak, elkarren leyan bazala, Jesus maitagarria artu nai zuen: denbora bat, zeñean Jaunaren itza entzuteko, eta Sakramentuak artzeko egarri andia erakusten zuen. Baña igaro ziran zori oneko denbora aek, eta aditzen degunez, geyenak aztu dira beren Aita onaz. Batzuek urte guzian ez due Sakramenturik artzen, eta orduan munduaren beldurrez. Zer prestaerarekin jarriko dira oek Jaunaren mayan? Besteak noizean beñ Sakramentuak artu arren, ez due biotzik bekatua, eta bekatuaren bideak osotoro utzitzeko, eta emendik dator Kristaurik geyenak Konfesio, ta Komunio gaiztoak egitea. Badira beste Batzuek Pazkoetako Konfesio, eta Komuniotik igesi dabiltzanak, exkomikuen beldurrik ez dan denbora oetan. Ez da iñor bortxatu bear, Sakramentuak gogoaren kontra artzera, esango due onelako Kristau doakabeak. Beraz ez da iñor beartu bear jai egunetan Meza, eta Jaunaren itza entzutera. Beraz guraso batek ez ditu estutu bear lagun gaiztoetatik aldegiteko, eta ordu onean etxeratzeko, eta bakoitzari utzi bear zayo bere erara, nai duana egiten; eta, zer izango lizake orduan gaztediaz? Guraso on batek estutzen du semea, joan dedin eskolara, eta ikasi dezan Kristauak jakin bear duana Zerurako: agintzen dio, aldegin dezala lagun gaistoetatik, eta aginduak egiñ nai ezpaditu, ematen dio dagokan kastigua. Jaungoikoak berak agintzen digu beardan denboran konfesatu, eta komulgatu gaitezela, eta beraren agindua egiñ nai ez duana bidaltzen du betiko su, eta garren artera. Era berean Eliz Ama Santak estutzen ditu bere umeak Jaunaren mayera joateko prestaera ederrarekin, eta gogotik: ematen die denbora presta ditezen, eta alaere egiten ezpadue agindua, exkomikatzen ditu. Orregatik, len esan degun eran itzegiten duenak, dira zentzugabeak, Jainkoaren, eta Elizaren beldurgabe bizi nai lukeenak.

        Orra, Kristaua, zer gertatzen zayon gurekin gure Jesus onari. Jesus da Aita betikoaren Seme bakarra, eta Jaungoiko egiazkoa. Jesus da, gu Zerurako bidean ipintzeko, Zerutik lurrera jatxi, gizon egiñ, eta gurutzean bizitza eman zuana. Jesus da, gu ume zurtzen eran ez uzteagatik asmatu zuana Aldareko Sakramentuan geratzea, gurekin bizitzeko, guri emateko bere ondasun guziak, eta bera dan guzia eta gau, ta egun guri itxedoten dago. Zenbat gauza miragarri egiten ditu guri ongi nayez? Eta alaere gurekiñ gertatzen zayo oraiñ aditu deguna? O gure eskergabekeriaren izugarria!

        Zer ote da gaistakerien ujolak desegiteko, edo beintzat gutxitzeko egin bear dana? Arreta andiarekin gazteai erakustea, gure bekatuak kentzen dituan, Bildots Jesus maitagarria ongi, eta sarritan artzeko prestaera. Ea, gazte maiteak, zuen onagatik egingo det nik alegiña lan oni jarraitzeko; eta zuek zeren aldetik etzaiteztela zabartu zuen Jesus ona ongi artzeko, prestaera ikastean: zoazte maiz Sakramentu miragarri au artzera, eta zuek beraren lagunzarekin garaituko dituzue etsai guziak, eta emango dizue betiko bizitza, eta beñere aituko ez dan pakea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa