www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN ERAKUSALDIA

 

1. Adirazten da, nolako iduripenak gogora ekartzen diozkan etsayak bekatariari, bear bezala aitortu ez ditzan bere bekatuak.

2. Nolako ondorenak emendik etorri oi zaizkan bekatariari.

 

        Azkeneko aldian ekusi genduan, nola askotan gertatzen dan, bekatariak lotsaz konfesatugabe utzitzea bekatuak: emendik Konfesio, eta Komunio gaiztoak: emendik betiko su, eta garren artean erortzeko zorian gau, ta egun arkitzea. Alaere alako iduripenak etsayak gogora ekartzen diozka bekatariari, non atrebitzen ez dan bere utsegiteak garbiro aitortzera. Orregatik iduripen oek izango dira gaurko Erakusaldiaren gaya. Aditzera emango det, lenengo lekuan, nolakoak izan oi diran iduripen oek. Urrena, nolako ondorenak emendik etorri oi zaizkan bekatariari. Enzun arretaz.

 

 

§ I.

 

        Lotsaz bekatuak konfesatugabe, bizi danean bekataria, etsayak beretua dauka, eta egiten du alegiña, iges egin ez degion Konfesio onaren bidez. Onetarako gogora ekartzen diozka asko iduripen, eta oetatik bat da oraiñ ukitzera noana.: Bekatu oek aitortzen badiozkat Konfesoreari, absoluziorik gabe bidalduko nau. Bitatik bat: edo ongi prestatua zaude, edo ez? Ongi prestatua bazaude, pozik emango dizu absoluzioa. Baña ongi prestatua ezpazaude, zerorrek ere ez dezu artu naiko, artarako prestatu, eta sasoi onean jarri zaitezen artean: eta prestaera au nola egin bear dezun, erakutsiko dizu Konfesoreak. Badira zenbait añ basatiak, non absoluzio, ta Komunioa bereala artu nai duen, artarako prestatuak ezpadaude ere. Ez da erraz sinistea, nolako gauzak gertu diran gai onetan, eta guzia dator, Sakramentuak eskatzen duen prestaeraren berri ez jakitetik, Jauna eta zer esango due, komulgatzen ezpanaiz? Ezer ez, zeren bakoitzak bere buruarekin zer egiñik asko badu, zuk egiten dezun begiratu gabe ere: eta oartuko balira ere, ez due ezer esango, zeren dakien, Konfesio, ta Komunio onaren prestaerak eskatzen duala denbora, eta sosegu pixka bat.

        Bigarren idurripena: Nork esango diozka Konfesoreari bekatu añ itsusi, eta nazkagarriak? Ez du bestek egin onelako bekaturik. Au da zorakeri andi bat. Atozea, Santo Kristoren bat, edo Aldareko Sakramentua oñpean erabilli dezu? Norbaiti berariaz puzoya janari, edo edarian eman diozu? Ez det uste, baña au guzia gertatu balitzatzu ere, jakizu, ori, ta geyago egin izan dala munduan. Ez det ezer esan nai seigarren Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean, zeren erraz zikindu litezkean aitatze utsarekin ere zuen gogo, eta biotzak. Utzi itzatzu bada, Kristaua, iduripen farragarri oriek.

        Irugarren iduripena: Zer esan, edo igaroko luke Konfesoreak beregan, esango baniozke bekatu oek? Bitatik bat: edo bizitza ontzeko asmoarekin zaude, edo ez? Asmo au gabe ekusten bazaitu, esango du beregan: bekatari onek aitortu ditu lotsaz konfesatu gabe zeuzkan bekatuak ere, eta au siñale ona da; baña ez du biotzak bekatua, eta bekatuaren bideak uzteko; alaitu bear da, erabaki dezan bekatutik aldegitea, eta bizitz onari jarraitzea, eta eman bear zayo zerbait denbora, presta dedin ongi. Baña ekusten badu, prest arkitzen zerala, bekatutik aldegiteko, eta umilki agertzen dituzula zure zauri, edo bekatuak, zer, uste dezu, beregan esango duala Konfesoreak? Esango du, gerrari, edo soldadu ona zerala, leneko pelean gaizki irten bazera ere. Demagun, gudari, edo soldadu bat, etsayakin pelean dabillela, geratzen dala zauriz betea. Deitzen dio sendatzalleari, eta esaten dio: ona beso au zinzilika, eta burua zuloz betea: ona izterra bala biz igaroa: egin beza sendatzeko alegiña, naiz erreaz, eta naiz ebakiaz, bestela ezin sendatu ditekeana. Atozea, zer esango du sendatzalleak beregan? Esango du, biotz andiko gerraria dala. Au bera esango du zuzaz Konfesoreak, ekusten duanean, umulki aitortzen dituzula zure bekatuak, eta prest arkitzen zerala sendagayak artzeko, eta etsayaren kontra peleatzeko.

        Laugarren iduripena, izutuko lizake Konfesorea, bekatu añ itsusiak nigandik adituko balitu. Izutuko lizake? Zergatik? Atozea, ez da bera ere bekataria? Ez ditu zuk bezala bere utsegiteak, edo Mandamentu orretan, edo besteren batean, eta bearbada zuk baño adiagoak? Ni ere bekataria naiz, zu bezala, zion S. Agustiñek: Peccator sum, sicut et tu. Isutuko lizake, diozu. Nola izutuko da, bekatu oriek baño andiagoak irakurtzen baditu Eskritura Santan? Nai dezu jakin, zerk izutu oi duan Konfesorea? Izutzen du ekusteak, biotzik ez duala bekatariak bekatuaren bideak uzteko, eta bere griña txarrak ukatzeko.

        Bostgarren iduripena: nik ez nukean nai alako gauzarik egitea; bortxaz izan zan. Au izan oi da geyenetan beintzat, bekatu garbiro ez aitortzea, baizik gañtxuritzea. Atozea, etziñan arekin egon oi pozik bakarrik, eta ergelkerian? Etzenduan igerritzen, gis orretan egotea zala zer, edo zer gertatzeko perilla? Atozea, eta egin zenduan deadar, edo iges egiteko alegiña? Beldur naiz, edergarri utsa dala zuk diozun guzia. Ipuyetako Gobernari bati joan zitzayon beñ emakume bat iskanbilla andian, esaten ziola: Jauna, erri onetara natorrela arkitu det gizon lotsagabe bat; asi zat gaizki diran moduetan, eta atzenean bortxatu nau. Non da gizon ori, esan zion Gobernariak? Jauna, eranzun zion. oraiñ sartzen da errian. Eramaten due Gobernariaren aurrera: aitortzen du bere bekatua, baña ez bortxa. Agindu zuan Gobernariak, eman zegiozkala emakumeari amar dukat, edo ez dakit geyago baziran ere. Artu zituan emakumeak diruak, eta joan zan andik. Gizona an zegoan negarrez, eta zin: aitortzen det nere bekatua, baña biok nai genduan. Orduan esan zion Gobernariak: oa atxituta, ken zayok ere dirua. Joan zan lasterka emakumearen ondoren: atxituta egin zuan alegiña dirua kentzeko, baña alperrik, zeren emakumeak ozka, eta atzaparka gorde zuan Gobernariak eman ziona. Berriro deadarka joan ziran Gobernariaren aurrera: Jauna, deadar egiten zuan emakumeak: leneko gaiztakeria gutxi baliz bezala, berriro ekin dit berorrek eman erazo dion dirua kendu nayez, orra.nolako gaiztagiña dan au. Atozea, esan zion Gobernariak, eta kendu dizu dirua? Ez Jauna, eranzun zion; kendu? Ona naiz ni, orrela nolanai dirua uzteko. Orduan Gobernadoreak agindu zion emakumeari, biur zegiola gizonari eman zion dirua, eta esan zion: Zer? Dirua gordetzeko gai zera, eta etziñan gai zere burua gordetzeko? Zoaz emendik ordu gaiztoan, gezurtia.

        Seigarren iduripena: Eztago neretzat Zerurik: ezdago barkaziorik. Zergatik ez? Eztago zuretzat barkaziorik, utzi nai ezpadituzu bekatua, eta bekatuaren bideak. Eztago barkaziorik, ezpadezu biotzik zure griña txarrak ezitzeko. Eztago barkaziorik, lagun urkoaganako gorrotoa, eta gorrotoaren siñaleak utzi nai ezpadituzu. Eztago atzenean barkaziorik, aitortu, edo konfesatu nai ezpadituzu zure bekatuak; baña baldin zuk au guzia egin nai badezu, jakizu guziz urrikaritsua dala gure Aita Zerukoa, eta besoak zabaldurik dagoala zuri guzia barkatzeko. Egin zuan bekatu S, Pedrok: egin zuan bekatu Santa Maria Magdalenak, eta eman zer esan bere janziera, eta ergelkeriakin. Alaere biurtu ziran Jaunagana, eta dira oraiñ guziok dakigun bezala, Santu andiak. Zergatik bada zu ere etzera biurtuko zere Aita onagana? Begira, guziz negargarriak dira iduripen oek bekatariari ekarri oi dikeen ondorenak. Goazen ezperen oei begiraldi bat ematera.

 

 

§ II.

 

        Lenengo ondorena izan oi da egunetik egunera azitzea, eta ugaritzea lotsa, eta gero konfesaldi bakoitzean geratzen da bekataria lotsa, edo beldurraren korapillo au ezin eten duala. Esan nai luke bere bekatua, eta bearbada asmo onekin dijoa konfesatzera, baña esateko denbora datorrenean, ez du biotzik. Gertatzen zayo onelako bekatariari, Isayas Profetak ama batzuez diona: etorri ziran, dio, semeak jayotzeko zorira, baña etziran jayo, zeren indarrik etzuan amak: Venerunt filij usque ad partum, el virtus non est pariendi (cap. 37).

        Bigarren ondorena: dabillen toki guzian, lotsaz konfesatugabe daukan bekatua bekatariari gogora etortzea, eta ar gogaikarri baten eran ozka aritzea. Badator Elizara, badijoa lagun artera, edo festara eta an izango du bere arra. Onela bizi da egun on bat ekusi gabe. Alperrik farra egingo du lagun artean: alperrik jolasak billatuko ditu errian, edo kanpoan, atsegin-kontentu guziak izango dira azalekoak, eta biotza beti egongo da illuntasun izugarri batean, konfesio on batekin bekatua ayenatu dezan artean. Esan diteke, asi dala onelako bekataria infernuko samintasunak bere barrunbean dastatzen, eta gustatzen.

        Irugarren ondorena: beti gerorako utzitzea konfesio ona, eta gero ura beñere ez etortzea. Ala gertatu zitzayon Españako erri batean dama bati. Geratu zan amagabe. Asi zitzayon ezkutari bat sarritan itzegiten, eta milla losentxa egiten. Denboren buruan kuturtu zuan Jaunak debekatzen duana egitera. Sarritan konfesatzen zan, baña etzan atrebitzen gertatu zitzayona esatera. Iru urte joan ziran gisa onetan. Gertatu zan denbora artan Misionari jakintsu bat erri artara joatea. Asi zan Jaunaren Itza adirazten txit ederki, eta bazijoan beti-betiro enzutera dama. Arpoi baten eran igarotzen zion Jaunaren ltzak biotza, eta etxera biurtzen zanean, ezin ase zan negarrez. Betiko zere burua galdu naiko dezu, zion beregan: etzenduan lotsarik bekatu egiteko, eta lotsa zera aitortzeko, edo konfesatzeko? Baldin lotsa bazera, bati zere bekatua esateko, zoaz beste bategana. Orra non dezun Misionaria: ordu erdi batean irten zaitezke neke oetatik. Egun batean ainbesteraño ukitu zion Jaunaren Itzak biotza, non osotoro erabaki zuan aitortzea bere bekatua, eta konfesio on bat egitea. Jarri zan gaixo bezala, eta deitu zion Misionariari. Aditu zion onek bere konfesioa, eta ekusirik, damu andiarekin esan zituala bere bekatuak, eman zion absoluzioa, eta biurtu zan bere etxera. Konfesioko denboran Misionariaren laguna urruti baña begira omen zegoan eriari: eta ekusi omen zuan, oyaren basterretik agertzen zala atzapar beltz itsusi bat, eta estutzen zuala eria eztarrian alako eran, non itoko zuala zirudian. Esan zion Misionariari, zer ekusi zuan. Biurtzen da au eriaren etxera, eta gauza negargarria! Iltzan eria Misionaria ara zaneko. Ez da gogora ekartzea besterik, nolako naigabearekin geratuko zan Konfesorea. Joan zan Sakramentuaren aurrera: asi zan Jaunari erregutzen bekatari aren animagatik. Aditzen ditu kateen otsak, eta adia izugarriak: andik laster agertzen zayo emakumea bera, sua, ta garra dariola. Ni naiz, osan zion, zurekin konfesatu naizan emakume ura. Atozea esan zion, Misionariak: etzera ongi konfesatu? Ez, eranzun zion: zeren osotoro esan ez ditudan nere bekatuak. Asi nintzan txikienetatik, uzten nituala andienak azkenerako, eta geroagota andiago zan nere lotsa. Etsayak gogora ekarri zidan, zuri nere bekatuak esatearekin geyago galduko nuala nere izen, edo faman, beste edozeñi esanda baño: orduan osasuna nuala, eta gero gaixotzen nintzanean, esango nituala egindako bekatu guziak. Onela utzi nuan nere bekatua aitortu, edo konfesatu gabe. Zu nere etxetik irten ziñan bezala, geratu nintzan itz gabe, eta andik laster illa. Atozea, esan zion Misionariak, eta zerk oraiñ naigaberik andiena ematen dizu? Eranzun zion emakume doakabeak: Nere naigaberik andiena da oroitzea, nola Jaunak bidaldu zinduan urrutietatik nere anima Zerurako bidean ipintzera, eta galdu dedala era añ ederra. Au esan ondoan, egin zuan adi, edo ay izugarri bat, eta ondatu zan betiko su, eta garren artean.

        Aditzen dezu, bekataria nolako ondorenak ekarri oi dituen etsayaren iduripenak? Eta alaere ez ote dezu, orain bederik, garaituko zure beldur, eta lotsa anima galgarri ori? Begira zure anima gaixoari, eta etzaitezela lotsatu egia esateko, dio Espiritu Santuak: Pro anima tua ne confundaris dicere verum (Ecclesiastici 4.º). Zoaz lenbait len nai dezun Konfesoreagana, eta esan zayozu: Jauna onenbeste denbora da gaizki bizi naizala, bekatuak lotsaz konfesatu gabez, batezere onelako Mandamenturen kontra egindakoak. Gertatu zitzatan onelako bekatu itsusi garbitasun, edo kastidadearen kontra, eta ez nintzan atrebitu orduan aitortzera, eta geroz ezin konta al bekatu egin ditut. Au esan ezkero, erraz egingo dezu gañerako guzia Konfesorearen lagunzarekin. Arrezazu bitartekotzat Birjiña txit Santa Doloreetakoa, zure Aingeru begirale, edo guardakoa, eta S. Franzisko Xabier. Onela irten zaitezke bekatuaren osin orretatik, eta iritsi dezakezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa