www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BOSTGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Ukitzen dira, Jaunaren legeko zortzigarren Agintearen kontra gertatu oi diran, bekatuetatik batzuek.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian itzegin nizuen Jaunaren legeko zortzigaren agintearen gañean: gaur ukitu bear ditugu, aginte beraren kontra gertatu oi diran, bekatuak. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        1. Begira lenengo lekuan, lagun urkoaren, batez ere etsaiaren kontra, duda, edo sospetxai borondatez leku eman diezun? Zenbat bider? Aditzen da bear adiña bidegabe, eta gauza gaizto larriren baten gañean. Gauza txit itsusia ezpada, ez da duda, eta sospetxa ere bekatu larria, gizon jakintsuak dioenez; alaere lagun urkoa biotzetik amatzen duanak, aienatu bear ditu alegiñean gogorazio oek.

        2. Begira izan ote dezun, zure lagun urkoaren kontra juizio gaiztoak egiteko oitura, astean, edo illean zenbat bider? Gauza gaiztoa, ta larria izan arren, ez da juizio gaiztoa, sinisteko bear adiña bide bada. Alaere oitu zaite, Kristaua, lagun urkoen utsegiteai urrikaltasunez begiratzera.

        3. Begira, izan ote dezun etsaiaren kontra edozeñ gauza sinisteko oitura, zañak ala esaten dizula aitzakiatzat arturik?

        4. Begira, zeregan sinistu ote dezun, arako atso-gaixo-arlote ura sorgiña dala, aurrak itotzen, idi, bei, ta ardiak iltzeko zorian ipiñi dituala? zenbat bider? Atozea, zergatik zar-arlotea dan sorgiña da? Eta gazte-eder, eta apaindua baliz ez da sorgiña? Jakizu bada, kalte geiago datorrela orrelako gazteetatik atso arloteetatik baño. Euskaldun-erri batean Franziako mugan, atso bat joan zan konfesatzera, eta esan zion Konfesariari: Aita, izan ote diteke neretzat barkaziorik? Konfesariak eranzun zion: Zergatik egiten didazu galde ori? Jauna, diot au, zerren sorgiña naizan. Sorgiña? Bai Jauna: alaere egin dituzun bekatu guziak barkatuko dizkitzu Jaunak, ongi damuturik beregana biurtzen bazera: ez du alabaña nai bekataria galtzea, baizik beragana biurtzea. Atozea, sorgiñ izna zeran bitartean, ito dezu aurrik? Ez Jauna. Egin dezu kalterik beietan eta ardietan? Ez, Jauna. Egin dituzu ukendu, edo gauz itsusiren batzuek Sakramentuakin? Egin dituzue bilduera, edo batzarre gaiztoak artarako etsai galgarriak siñalatu dizuen lekuan? Belaunikatu zerate beraren aurrean, eta onratu dezue Jainkotzat? Ez, Jauna. Atozea; nola diozu bada, sorgiña zerala? Jauna, egun batean aserratu ninzan nere suiarekin, eta esan zidan Sorgiña. Sorgiña? Bai, sorgiña; zerren irurogei urte ezkeroko atso guziak sorgiñ dira. Orra, nola naizan sorgiña, zerren irurogei urte baño geiago ditudan. Orra nolako sorgiñak izan oi diran gure errietan. Tiko Brahe gizon jakintsua zan: alaere aur denboran sogiñen gañean aditu zituan ipuiyakin geratu zan atsoak topatzeko beldur andi batekin. Goizean etxetik irtetean topatzen bazuan atsoren bat, lasterka biurtzen zan etxera, gauza gaiztoren bat gerta zekion beldurrez. Kristaua, emendik aurrera ez sinistu emengo atso gaixoak sorginza zale dirala: jakizu, naiago lukeela txokolate ona, edo bizkorgarri piskabat.

        5. Begira, egotzi ote diozun lagun urkoari ez duan tatxa, edo egin ez duan oker andiren bat, egin dezagun kontu, ezkontzeko itzarekin galdu zinduala, esku zikiñak dituala, ukalondoa jasotzean trebea dala? Au egin badezu, beartua zaude galdu diozun onra biurtzera.

        6. Begira ezkontzeko itza eman diozunarekin ez ezkontzeagatik egotzi ote diozkatzun, ez dituan tatxak, edo agertu ixilik egon bear lukeenak? Beartua zaude onra biurtzera; bestela ez dago barkaziorik. Batzuek eskola-maisu andiak dira, neskatx zoroak ezkontzeko itzaren goixoarekin engañatzeko: eta gero? zoaz aek arrapatzera. Pu, esango due: kiratza dakar.

        7. Begira izan ote dezun lagun urkoaren utsegite txikiak andi, eta andiak andiago egiteko oitura? Onelako bekatuetan erraz erortzen dira gorrotan bizi diranak.

        8. Begira, lagun urkoaren obra onak ezin ukatu ditzakezunean alde gaiztora bota dituzun? Egin dezagun kontu, urlia sarritan konfesatzen da, aldegiten du lagun gaiztoetatik: ezin ukatu dezakezu au, eta diozu: Bai, ori orrela da, baña zoaz jakitera, zer darabillen orrek: iduripen utsak dira oriek. Onelakoak obra onen biotz, edo animari utsiki egiten dioe, besterik ezin duenean.

        9. Begira, lagun urkoaren tatxa, eta utsegite isillik daudenak, bati bakarrik, eta isilik gordetzeko itzaren azpian, agertu diozkatzun? Era onetan isilik gordetzeko itzarekin zabaldu oi dira lagun urkoaren utegiteak: sukalde guzietan badakie, baña isilik idukitzeko itzarekin.

        10. Begira, lagun urkoaren okerrak barreatu ote dituzun, esaten dezula zeregan: ez dira nik egotzi, edo asmatu diozkadanak. Atozea, Kristaua, bestek gaizki egin badu, lagun urkoaren onra, eta izen ona beztutzen duala, zuk ori bera egin nai dezu? Zerren bestek makillaz lenengo kolpea eman dion, zuk bigarrena eman nai diozu? Eta au gerta diteke Jesusen Legean bizi diranen artean?

        11. Begira, lagun urkoaren tatxak, eta utsegiteak nolanai esan dituzun, barreatuak bezala, zerren bi edo iruren aurrean aditu dituzun? Demagun, barreatuak dirala: eta eztakizu, utsegite oriek lagun urkoari gertatzeaz atsegin artzen badezu, ori dala bekatu larria? Gañera, eztakizu, bi edo iruren aurrean gauza bat aditzea ez dala asko barreatutzat emateko?

        12. Begira, iñoiz asi zeran lagun urkoaren kontra erausian, eta utzi dezun bukaera onekin: baña nagoan isilik, arritu etzaiztezten. Besteak esango du: Nik agertuko banu dakidan guzia. Ah! mingaiñ madarikatua! Esazu dakizuna, eta ez dezu ainbeste kalte egingo, nola egiten dezun itzerdi oriekin.

        13. Begira urrikaltasunaren idurian agertu dezun lagun urkoaren utsegite andiren bat, diozula: naigabe andi batekin esango dizuet gauza bat. Zer gertatzen da bada, dioe besteak. Urlia gaixoa erori omen da trampan: neskatx on bat zan, baña... Orra atzenean zertan geratu dira aren ibillerak: urrikalgarria da. Atozea, zer urrikaltasun da ori, baldin gertatu zaiona agertu, eta bere onra beztutzen badiozu?

        14. Begira izan ote dezun Erlijioso, edo Apaizen kontra nolanai itzegiteko oitura itsusia? Begira emendik aurrera gai onetan edo itzegizu ongi, edo zaude isilik. Au ongi egiteko gogoan arritzatzu ukitzera noan gauz oek. Lenengoa: munduaren alde guzietan jenderik basatien, eta abereen anzekoen artean ere onratu dituela begiramentu andiarekin beren Apaizak: oek dira alabaña Jainkoari zor diozkagun doaiak eskeintzeko autu, ta ipiñiak, eta oek gabe ezin iraun dezakee erreñuak. Eta egia au ezagutu, eta aitortu bazuen fedegabeak berak, zer esango degu Jesu-Kristoren legeko Apaizaz? Oek eskeintzen dioe Jaunari doai guzien artean andiena, edo beraren seme bakar Jesus Jainko, ta gizon egiazkoa; oek due gure bekatuak barkatzeko esku miragarria, naiz izan onak, naiz ez. Etzien Jaunak eman Aingeruai, etzion eman bere Ama maitagarriari ere onenbeste esku. Eta eman zien Apaizai gure onari begiraturik. Bigarrena: ez da gizon birtutetsurik izan, Apaizak onratu ez dituanik. Aingeruak berak onratzen ditue, San Juani gertatu zitzaion bezala. Onra ezazu zure jaungoikoa zure anima guziaz, eta onraitzatzu Apaizak, esaten digu Jaunak. Honora Deum ex tota anima tua, et honorifica Sacerdotes (Eccle. 7). Irugarrena, beti izan dira, eta izango ere dira Apaizen artean ere eren honra, eta leku goiari begiratzen ez diezanak; baña nondik dator au? Dator au, zerren gerok alegin guzia egiten degun gure aide, edo adiskidea sartu dedin apaizen mallan, Elizak nai dituan doaiak izan ez arren. Zerren gañera munduko mintegia landare okerrez betea dagoan, eta killagai gutxi dan. Zerren atzenean, landare oek nolerebait moldatzeko, Elizak ipiñirik dauzkan modu ederrak egin nai ez diran. Eta au onela bada, dan bezala, zer aurpegirekin itzegin dezakegu gai onetan? Zer da zer miretsi, utsegiteren batzuek iñoiz geratzen badira? Eta zerren batzuek okerrak irteten badira (alakoa dago alabaña zuen mintegia) guzien kontra erausi bear da? Kristaua, ez ikasi munduan geiegi zabaldu dan, oitura itsusi au; jakizu, oitura oni ederetsi dioenak, izan oi dirala herejeak, Kristau gaiztoak, eta Eliz Ama Santaren onra oinpean darabiltenak: eta berengan ekusi oi ditue kastigu izugarriak.

        15. Begira, urliarekin egindako utsegiteak kontatu ote diozkatzun lagunen bati gauz andi bat egin bazendu bezala? Au da lagun urkoari kentzea bi bizitza, animarena bata, eta bestea bere onra, eta izen onarena. Noiz kalte oek desegingo ditu onelako bekatari nazkagarriak?

        16. Begira, ixilik gordetzeko itzaren azpian bestek esan dizkitzun gauza larri-onrakoak, agertu dituzun? Zer gauza, eta zenbat bider? Askorentzat, ixilik gauzaren bat gorde bear dala esatea, da zabal dezeela esatea bezala. Ozta esaten zate gauz ixilla, eztanda egingo ezpadue, kontatu bear dieza eren adiskideai. Ala gertatu izan da oraindaño, eta mundua ez dijoa obetuaz. Erroman izan zan anziñako denboran bilkui,edo batzarre bat Senadua izendatzen zana. An biltzen ziran gizon andi, ta jakintsuak gauz andien erabakitzeko. Papyrio Pretextato, artean gaztetxoa zala, bere aitarekin joan zan batzarre artara: eta etxera biurtu zan bezala, asi zitzaion ama galdeka. Atozea, ene seme. Zer gauzaren gañean itzegin da gaurko batzarrean? Dirudianez etzan gauz txikia izango, bada denbora luzea igaro dezue. Semeak baziakian zeñ gauz estua zan batzarre artan igarotzen zana ixilik gordetzea, eta etzan trebe ezer agertzeko amari. Orduan are geiago zaletu zan ama itzegin zana jakiteko. Ekin zion semeari ala losentxaz, nola erreguz; baña ixilik zegoan au. Atzenean ainbesteraño leiatu zitzaion ama, non esan zion: Ama, esango diot zer itzegin dan, baña ixilik gorde bear du. Bai, nere seme, bai: ixilik idukiko det esaten didazun guzia. Jakin beza bada, leia txit andia izan dala, on izango ote dan senar batek bi, edo iru emazte izatea, edo kontra emazte batek bi edo iru senar izatea? Gezurrra zan au baña baliatu zion semeari, amagandik zekusan gurutze gogaikarritik iges egiteko. Esan zion amak: eta zer erabaki da? Ez da, andrea, ezer erabaki baizik bigar erabakitzeko utzi due. Amak ixilik egon lekuan, bereala bidaldu zituan mandatariak Erroman ziran goi-mallako andre guzietara, esaten ziela (baña hura ez agertzeko itzaren azpian) zer erabaki bear zan bigaramonean Senadoren salan, eta ongi izango zala ara joatea andre andiki guziak. Bigaramonean bildu ziran Senadoreak, eta orra non agertzen dan andre-talde bat deadarrez esaten duela: Onena izango da, Jaunak, erabakitzea, emazte bakoitzak izan ditzala bi, edo iru senar. Arriturik geratu ziran salako Jaunak: elkarri begiratuta, esan zuen: erotu zate emakume oei, zer gertatzen da? Orduan esan zien Papiriok, zer igaro zitzaion amarekin, eta zer esan zion, ango gauzarik ez agertzeagatik: eta lotsaturik beren etxeetara, biurtu ziran andreak.

        Ez da gatz gutxiagoko ipuia Mydas Erregearen bizargillearekin gertatua. Mydasek omen zituan belarri txit andiak; baña txit poliki illearekin estaltzen bide zituan, eta gauz onen berririk etzuan iñork. Bizargilleak ekusi ziozkan bizarra kentzeko denboran. Oartu zan Errege, eta eriotzaren pena ipiñi zion, iñori esaten bazion belarrien kontua. Irten zan Barbero, edo bizargillea Erregeren etxetik. Gogoratzen zitzaion belarrien kontua, eta ler egiteko zorian zebillen esan naiez; baña eriotzaren penak izutzen zuan. Ainbesteraño atzenean estutu zuan esan nai onek, non ler egingo ezpazuan, irten zan erritik kanpora, eta soro batean egin zuan zulo andi bat; sartu zuan an burua, eta aspertu zan artean aritu zan esaten: Mydasek asta belarriak ditu: Mydasek asta belarriak ditu. Esatez aunatu zanean, estali zuan zuloa; baña zer gertatu zan? Jaio ziran, dionez kañaberak, eta aizeak batetik bestera zerabiltzanean, otsegiten zuen Barberoak lurpean estalirik utzi zuan berria: Midasek asta belarriak ditu: Mydasek asta belarriak ditu. Era onetan lurpean ezkutatu zan berria barreatu zan alde guzietan. Eta ona zer geratzen dan isilik idukitzeko itzaren azpian esan oi diran gauzakin.

        17. Begira, lagun urkoari, bere mallan zor zaion onra galdu ote diozun, esaten diozkatzula bere aurpegira itz desonragarriak, bakarrik, edo iñoren aurrean? Zenbat bider? Batzuek gala egiten due edozeñ gauza aurpegira esateaz, eta ez dira oroitzen, au dala bekatu itsusiagoa, bestela esatea baño.

        18. Begira, norbaiti bere aurpegira esan diozkatzun, lotsatan utziko duen gauzak, edo aurrekoenak, edo berena? Zer gauza, eta zenbat bider? iñoren aurrean, edo bakarrik? Au ere bekatu itsusia da, eta barkazioa eskatu bear du onelako mingaiñ gaiztoa duanak.

        19. Begira etxeko, eta auzoetako pakea galerazo dezun, zere erausiakin? Onelakoak Luziferren marka berekin darabill, eta Espiritu Santuak dio: madarikatua dala onelakoa, zerren pakean bizi ziran asko nastuko dituan: Multos enim turbabit pacem habentes.

        20. Begira, aditzen egon ote zeran gustoz lagun urkoaren onra, eta izen ona gutxitzen, illuntzen, edo beztutzen duen gauzak? Asko dira, etsaiaren kontra gaizki itzegiteko oña ematen, edo beste gisaren batean laguntzen duenak: atsegin artzen due, lagun urkoaren izenari utsiki egiteaz, eta norbaitek eragotzi nai badu gisa onetan itzegitea, jarriko dira gustoko ezurrari ozka dauskion zakurra bezala, edo orzak errakusten ditela. Eragozteko eskurik ez duenentzat onena da kopeta beltz ipintzea edo aldegitea. Aurpegi illunak atzeratzen ditu mingain gaiztoak, iparrak euria atzeratzen duan eran, dio Espiritu Santuak: Ventus aquilo disipat pluvias, et facies tristis linguam detrahentem (Prov. 25).

        21. Begira, zure ume, eta serbitzariai utzi diezun besteren utsegite, eta tatxak kontatzen? Zenbat bider? Beartua zaude emendik lagun urkoari etorri zaion kaltea, dala bere izen onean, dala beste gauzetan, desegitera.

        22. Begira, gezurra esateko oitura lotsagarria izan dezun? Badira zenbait ustekabean baizik egiarik esaten ez duenak; badira lagun urkoari bere zorakeri, eta ibillera gaiztoak laudatzen diozkeenak; Ederki egiten dezu: orain da zure denbora. Zer esango det lagun urkoa engañatzeko egiten diran laudario itsusiaz? Baña asko da.

 

* * *

 

        Orra nere Kristauak, Jaunaren legeko amar aginteak. Azaldu dira al dan eran, eta argiro aditzera eman dira aginte bakoitzean Jaunak debekatzen, eta agintzen dizkigun gauzak. Oek gorde bear ditugu guziok betiko bizitza iritsi nai badegu. Andiak, eta txikiak, aberatsak, eta beartsuak, ez due zori ona iristeko beste biderik. Ala esan zigun Eliz Ama Santak bataioko egunean: Si vis ad vitam ingredi serva mandala. Au onela izan, eta alaere Adanen umeak bizi dira ekutn dan eran? Begira ezperen adiñ eta malla guzietara, zer ekusiko dezu? Ai! ekusiko dezu, gutxi dirala Jesusen lege eder-garbiaz lotsatzen ez diranak. Aittu dira Kristauak, eta amar aginteen bidetik ibilli nai duenak. Batzuek atsegin lotsagarrien lokatzetatik irten nai ez due, eta besteak emengo izan, edo ondasunen ondoren erkiturik dabiltza, eta ez dira lotsatzen besterenari atzaparra egotzitzeaz. Batzuek erriz erri dabiltza gerrarien ondoren, esanmesa andiak ipintzen dirala, besteak... Baña utzi ditzakun gauz oek. Biur gaitezen, nere Kristauak, gure Aita onagana: besoak zabaldurik dago, seme ondatzallea artu zuan eran artzeko; Nigana biotz osoz biurtzen zeraten unean bertan aztuko naiz, dio, zuen eskergabekeri guziaz. Goazen bada beragana, gorde ditzakun beraren aginteak, eta emango digu, beti-beti iraungo duan bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa