www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Nola askotan gertatzen dan lotsaz konfesatu gabe bekatuak utzitzea.

 

        Konfesio ona egiteko bear da laugarren gauza da konfesioa, au da bekatuak aitortzea, edo esatea barkatzeko eskua duan Apaizari. Konfesio onak eskatzen dituan doai edo kondizioak biur ditezke irutara, eta oek dira: umilla, egiazkoa, eta osoa izatea. Oen gañean izan zan azkeneko Erakusaldia. Askotan gertatzen da, konfesioak doai oek ez izatea, eta bekataria gaizki konfesatzea: baña geyenetan. au gertatzen da, lotsaz konfesatu gabe uzten dirala bekatuak. Orregatik gaur ekusi bear degu., nola gertatu oi dan au. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        1. Zuk gaztea, aur denboran artu zenduan Deabrua, Demonioa, arrayoa esateko oitura: uste zenduan, bekatu larri, edo mortala zala izen oek esatea, eta lotsaz konfesatu gabe utzi dezu gai onetan gertatu zatzuna. Egin dituzu konfesio gaiztoak. Askotan esan det leku onetatik, ez dala bekatu larri edo mortala Deabrua, Demonioa, arrayoa esate utsa, baña zenbait ez datoz Jaunaren Itza enzutera, edo datozenean ere ez due arretaz enzuten. Emendik uste due batzuek, bekatu mortala dala Deabrua, Demonioa, arrayoa esatea, eta berez ala ez izan arren, egiten due bekatu mortala, zeren aintzakotzat daukeen gauza esaten duen. Beste batzuek uste due Deabrua esatea ez dala bekatu mortala, baña bai Demonioa ta arrayoa esatea. Uste onetan daudela esaten due Demonioa, edo arrayoa: eta egiten due bekatu larri edo mortala, zeren aintzakotzat daukan gauza dan. Orra zer datorren erakusten dana ongi ez enzutetik. Enzun ezazu, Kristaua, gaur bederik ongi esatera noana. Lenengoa: Deabruari eta Demonioari otsegitea, gauz itsusia da Kristauaren auan; uzten du alabaña Jesusen, eta Birjiña txit Santaren izen Santua, eta auan darabill Jesusen, eta gure animen etsaya: orregatik ayenatu bear da oitura au Kristauen artetik. Bigarrena: Deabrua, Demonioa, Satanas esatea guzia bat da, eta iru izen oekin aditzen da etsai galgarria: eta iñoiz gertatzen bazatzu, Kristaua, ustekabean, edo bestela Deabrua, edo Demonioa esatea, ez dezazula bekatu mortaltzat artu, baña aurrerakoan utzi ezazu usanza txar au. Irugarrena: Arrayoa esatea berez ez da tximista esatea baño geyago, eta geyen geyenez izango da bekatu beniala itz alperra bezala. Besterik izango lizake arrayoaren izenaz gañera biraura igaroko baziña, esaten dezula: arrayoak zaramazkiala: orduan bekatu mortala izango lizake, ez arrayoaren izen utsagatik, baizik zeren lagun urkoari opa diozun gaitz andia.

        2. Zuk askotan esan diezu lagunai ay arranoa! Uste zenduan, zala bekatu txit andia, eta lotsaz ez dezu konfesatu: konfesio gaiztoak egin dituzu, zeren bekatu anditzat zendukan gauza utzi dezun konfesatu gabe. Arranoa, saizuria, eta sapelaitza dira sarraiski billa mendietan, eta aitzetan;ibilli oi diran egaztitzar batzuek, eta oek izendatzea ez da bekatu. Atozea, txepetxa, zozoa, birigarroa, onza esatea bekatu da? Ez, Jauna, esango dezu. Era berean bada ez da bekatu esatea: Arranoa, saizuria, sapelaitza; baña zuk zere txorakeriaz bekatu anditzat iduki, eta egin dezu. Utzi bear dituzu bada onelako uste farragarriak.

        3. Zuk, gaztetxoa ziñala, esaten zenien lagunai ay apoa! eta uste zenduan, egiten zenduala bekatu txit itsusia, eta oraindaño lotsaz utzi dezu konfesatu gabe. Bekatu mortalak egin dituzu apoa esatearekin, zeren aintzakotzat zendukan, eta zure konfesioak gaiztoak izan dira, zeren lotsaz konfesatu gabe utzi izan dezun bekatu anditzat zendukan gauza. Orra zer kalteak datozen, edo Jaunaren Itza ongi aditugabez, edo Konfesoreari galdetu gabez onelako gauzak bekatu diran, edo ez. Apoa edo zapoa esatea ezer ez da. Suangilla, sugea, muskerra, sagua, arratoia esatea ezer ez dan bezala; baña ezer ezarekin eragiten diezte batzuetan etsaiak gaztetxoai bekatu andiak.

        4. Zuk, adiñean sartuaz zinjoazen bezala, igerri zenduan, esnatzen zirala zugan gaitzerako asko gura, eta idurimendu, edo imajinazioa betetzen zala gogorazio itsusiz. Etziran gauz oek bekatu, zeregandik ayenatzeko alegiña egiten bazenduan; baña zuk etziñakian gauz oen berririk: uste zenduan bekatu txit andiak zirala, eta etziñan atrebitzen konfesatzera. Onela egin dituzu konfesio gaiztoak, zeren bekatu anditzat zenduzkan gauzak aitortu, edo konfesatu ez dituzun. Etzitzatzun orrelako gauzarik gertatuko, galdetu baziñuka Konfesoreari, gauz oriek bekatu ziran edo ez. Beste onenbeste, edo geyago gertatzen da beñ baño geyagotan ezkonduakin, galdetu gabez zenbait gauza konfesoreai.

        5. Zuk aur denboran zere kideako batekin egin zinduan eskuz, edo bestela gaiztakeri batzuek, Askotan gogora zatzu, esango ote ditut? baña lotsaz utzi dituzu konfesatu gabe, esaten dezula zeregan: Txikia nintzan orduan. Atozea, eta zenbat urte izango zinduan, gauz oriek egin zinduanean? Jauna izango nituan zazpi, zortzi, edo geyago. Atozea, eta etzinaten ezkutatzen? Bai, Jauna. Beldur naiz bada, gaiztoak izan ote diran zure konfesioak:

        6. Zuk zortzi, amar, edo amabi urte zinduan denboran egin zinduan gaiztakeri batzuek zere bu ruarekin, edo lagunen batekin. Konfesoreak galderen batekin ukitu zaitu zaurian, eta aitortu diozkatzu orduko gaiztakeriak, baña zere burua edertu nayez esan dezu: bost, edo sei urte baizik etzenduala orduan. Au da bekatua osotoro ukatzea bezala; konfesoreak alabaña usteko du, gaiztakeri aek gertatu zirala, gaitzaren, eta onaren ezaguerarik etzenduan denboran.

        7. Zuk egin zinduan ukiera lotsagarriak, batzuetan zere buruarekin, besteetan zure lagunen batekin: alaere etzinduan aitortu, Konfesoreak bere galdearekin esnatu zinduan artean, eta orduan esan zenduan: Ez niakian, Jauna, gauz oek bekatu zirala: baniakian gizonak emakumearekin, eta emakumeak alako ibillerak egitea bekatu zala, baña bakoitzak bere buruarekin, mutillak mutillarekin, eta neskatxak neskatxarekin egitea ez neukan bekatutzat. Atozea, ez ote zizun zure barrunbeak esaten: ez da gauz ona izango onela ibilizea? Ez ote zinduan izaten zere kezkak modu itsusi oriek gogoratzean, batezere konfesioko egunetan? Beldur naiz bayetz, eta lotsa ziñala, Konfesoreari garbiro esateko. Aurrerako enzun esatera noana. Gizonak gizonarekin eta emakumeak emakumearekin atsegin lotsagarriak artzea bekatu itsusiagoa da gizonak emakumearekin atsegin bera artzea baño. Sodomatarrak ainbesteraño itsutu ziran atsegin zikiñen gurarekin, non etzeukeen ezertan emakumeakikoa, eta oitu ziran gizonak gizonakin ezin esan ditezkean gauza nazkagarriak egitera eta dirudianez au bera gertatu zan emakumeakin ere. Aserratu zitzayon Jaunari: bidaldu zuan sufre erazekizko euri izugarri bat, eta auts biurtu zituan ala gizonak, nola emakumeak. Bizirik geratu ziran Lot, bere emaztea, eta bi alaba, zeren Aingeruak erri artatik atera zituan, su, eta garren jasak asi ziran baño lentxeago. (Genes. 19). Emendik ateraezazu, Kristaua, zeñ gauza gaizto, eta nazkagarria dan Jaunaren begietan gizonezkoak gizonezkoakin, eta emakumeak emakumeakin modu itsusietan ibiltzea.

        8. Zuk, Kristaua, egin zenduan bekatu itsusi bat urliarekin: etorri ziñan konfesatzera, eta esan zenduan bekatua gogoz, edo pensamentu utsez egindakoa bezala. Au da bekatua edertzea, eta ez aitortzea zere biotzean arkitzen dezun eran.

        9. Zuk, gaztea, askotan utzi dituzu bekatuak konfesatu gabe, zeren konfesoreak bere galdeakin asmatu ez dizkitzun. Au da zorakeri bat, dotrina dakienen artean ezin gerta ditekeana: guziok dakigu alabaña, beartuak gaudela gure bekatuak aitortzera examinan arkitu ditugun bezala, naiz konfesoreak galdetu, naiz ez. Mutill batek ostu omen zuan anzume bat: konfesoreak galdetu zion, arkumerik ostu zuan? Eranzun zuan, ez Jauna, eta etzuan ezer esan anzumearen gañean. Gero omen zion: arkumearen lekuan anzumea esan balit, galdua ninduan. Batzuek aitortuko due egin duen bekatua, baña ez bekatuaren nabardura, edo mantxak, galdetzen ezpaditu konfesoreak: nabardura, edo mantxa oek dira: ezkonduarekin, aidearekin, edo beste estadutakoarekin bekatu egitea.

        10. Zu ezkondu ziñan, eta suerteak eman zizun abererik zikiñena baño zikiñagoa dan bizilagun bat. Beldur, eta kezka andian bizi zera, onelako, edo alako modu itsusi bekatu ote diran, baña lotsa zera Konfesoreari galdetzeko, eta aurrera zoaz zere modu itsusietan, zeregan diozula: ezkonduen artean ez dago bekaturik: gizonarena da emaztea, eta emaztearena gizona. Au da zure barrengo kezka, eta beldurra nolerebait arindu nai izatea. Gizonarena da emaztea, diozu, ala da; ez ordea Jaunak debekatzen dituan modu itsusiak egiteko. Zurea da, kutxan daukazun, bizkorgarria, baña ez orditzeko, bazik premia dezunean, eta polikitxo edateko. Ezkonduen artean ez dago bekaturik diozu. Engañatzen zera. Sararen lenbiziko zazpi gizonak ezkonduak ziran: alaere Sararen gelara sartzean, zazpiak urkatu zituan Demonioak, zeren asmo garbiarekin ezkondu etziran. Judas Patriarkak ezkondu zuan bere seme nagusi Her zeritzana Tamarrekin: eta seme oni Jaunak kendu zion bizia, zeren gaiztoa zan beraren begietan. Ez digu Eskriturak esaten, zer gaiztakeria zan Herrek egiten zuana, baño gizon jakintsu askoren iritzia da egiten zituala modu itsusiak aurdun geratu etzedin emaztea. Orregatik urkatu zuan Demonioak. Patriarkak ezkondu zuan bere bigarren seme, Onan zeritzana, Tamarrekin berarekin; eta au ere urkatu zuan Demonioak anayaren eran, zeren onek ere egiten zituan gauz itsusiak (Vide-Menochium). Ekusten dezu, nola ezkonduen artean ere bekatu dirala zenbait gauza?

        11. Zu, gaztea, ekusirik elkarganatuak abereak, askotan egon zera begira, gogorazio loyetan atsegin artzen zenduala; eta bearbada egin ere dituzu modu itsusiak; baña lotsatu zera gauz oek aitortzeko, edo konfesatzeko. Oraindañoko utsegiteak zuzendu itzatzu konfesio on batekin: eta emendik aurrera ken begiak bekaturako bidea dakarten gauzetatik. Eta zuek gurasoak, ez bidaldu gazteak onelako perilletara.

        12. Zu, gaztea Tolosara, Donostiara, edo beste lekuetara sarritan joan zera, eta jayera geyegi artu diozu edari goixo, edo bizkor ari: batzuetan jarri zatzu begietan lausoa, eta ondoren geratu zera arko mau egiten duan gauzatxo arekin; baña lotsatu zera konfesatzeko, eta egin dituzu konfesio gaiztoak.

 

 

§ II.

 

        Orra zenbat gisatara gertatzen dan konfesio gaiztoak egitea lotsaz. Begira, Kristaua, zure anima gaixoari, eta zuzendu itzazu oraindañoko okerrak konfesio on batekin. Aurrera bizi zaite Jaunaren beldur Santuan, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa