www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

LAUGARREN AGINTEARI DAGOKANA

 

Ukitzen dira, guraso, eta etxeetako buruak laugarren Agintenaren kontra egin oi dituen, asko bekatu.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Aznekeno itzaldian aditzera eman nituan, guraso, eta etxeetako buruak ume, eta mirabeai begiratzeko, dituen egin-bideak. Orain ukitu bear ditugu gai onetan egiten diran bekatuak. Enzun arretarekin, gurasoak.

 

* * *

 

        1. Begira gurasoa, aurdun ez geratzeko saiatu ote zeran, dala edariz, dala beste modu itsusiakin? Nola ta zenbat bider? Bekatu itsusia da au, eta emen Iruñeko Apaiz nagusiari dagoka au barkatzeko eskua buldarik ezpadu bekatariak.

        2. Begira, berariaz aurra galtzeko alegiña egin dezun, egin dezagun kontu karga andiak jasoaz, geiegi nekatuaz, edo edari bizietara oituaz? Bekatu au barkatzeko eskua Iruñeko Apaiz nagusiarena da emen. Egia da, beste konfesoreak ere esku bera duela buldaren bidez.

        3. Begira, berariaz ez, baña bai ezaguerarekin jarri ote zeran aurra galtzeko perill andian.

        4. Begira zerekin, edo iñudearekin eratzo ote dezun aur jaioperria, edo beratxoa, itotzeko perill andian? Au da aurrak itotzeko perilla duan modu gaiztoa, eta aienatu bear da etxeetatik. Ala aditzera ematen digu Elizak, eta agintzen du, esan dakiela gurasoai, ez dezeela eratzo onelako aurra berekin, ez iñudeakin. Jauna, eta nai du bada aur gaixoa neguko otz gogorrakin seaskan idukitzea? Ala idukitzen ditue, emen baño otz andiagoak diran lekuetan, eta ez dira orregatik otzez iltzen aurrak. Jauna, oraindaño nerekin eratzo ditut aurrak, baña etzat ito orregatik batere. Eta nondik dakizu, aurrera ere etzatzula gertatuko? Eztakizu, amets batean erraz azpian artu, eta itto ditekeala aurra? Ez dezu aditu, zer nai duan Elizak? Jauna, nere gelan ez det leku egokirik, seaska ipintzeko, baña alako eran nere oian idukitzen det aurra, non perillik ez dan kalterik berari egiteko, bien bitartean alabaña ipintzen det burkotxo bat. Balizake, zuk diozuna egia izatea, baña neke da perilla osotoro kentzea, eta onena da Elizak esaten diguna egitea. Zure zabarkeriaz aurra itotzen bada, bekatu txit andia da au, eta Iruñeko Apaiz nagusiak bakarrik du onen barkatzioa emateko eskua, buldarik ezpada.

        5. Begira zure bekatua estali naiez, aurra utzi, edo boterazo dezun, iñork arkitu baño lenago, iltzeko perill andian?

        6. Begira, ongi saiatu ote zeran nekeari jarraitzeko, zure umeak izan dezeen bear duen jana, edana, eta janzia? Badira guraso batzuek alper uts-utsak, eta ezergatik, nekeari jarraitzeko, esnatuko ez diranak. Negar egin dezake emazteak, beretzat, eta umeentzat bear duana ezin bilduz; badabiltzateke umeak arlote, eta erkituak; baña guraso alperra ez da azkartuko nekeari ekiteko. Onelako gurasoaren gaitza ez oi da sendatu, eta zuzen dijoa betiko su, eta garren artera. Beste batzuek nekatzen dira, baña berentzat, ez umeentzat; eta arzak, otsoak, eta piztiarik gogorrenak ere obeto begiratzen dieza eren umetxoai.

        7. Begira, adiñ egokira etorri diranean, eman ote diezun zure umeai bizitza ateratzeko moduren bat, beren mallari dagokan eran. Onetarako mutillai eman bear zate, albada, eskola ona. Au egin gabez zenbat mutil, etxearen, eta erriaren onragarri izango ziranak, galtzen, edo ezerezean geratzen dira? Neskatsentzat ere txit gauza ona da eskola, era bada, ikasi dezeen dotrina, goiz-arratsetako jaiera, Sakramentuak ongi artzeko prestaera, Elizan modestiarekin egotea, eta Meza entzuteko modua. Asko da au neskatxentzat, bada eskribitzen jakitea, batzuentzat ona izan arren, geienentzat kaltetsu izan liteke. Eskola onaren ondoren, ipiñi bear dira mutillak lankintzaren batean, eta oi dan baño zerbait denbora geiago igaroko badue ere, ikasi dezeela ongi. Onela erri bakoitzean izango dira lankintza guzietan maisu, ta langille onak.

        8. Begira, estadua artzeko adiñ onera etorri diranean, alegiñean lagundu diezun, edo au egin bearrean, sor, eta gor zere burua egin dezun? Zergatik au? Zeren saiatu etzeran umeentzako ezer biltzera, eta oraiñ uzten diezu, al duen eran, ibiltzen, zureak ezpalira bezala.

        9. Begira, iduki ote dezun aurra, bataio gabe iltzeko perillean?

        10. Begira erakutsi diezun dotrina, eta Zerurako bidea? edo zerez, edo bidaltzen dituzula eskolara? Badira guraso batzuek añ landugabeak, eta aberekiak, non gai onetan ardura bage bizi diran. Berak eztakie dotrina ongi, beintzat umeai erakusteko eran; beste aldetik arretarik ez due umeak eskolara bidaltzeko, nork onelako gurasoak zuzendu, eta Zerurako bidean ipiñiko ditu?

        11. Begira, zure bizitza onarekin erakutsi ote diezun Zerurako bidea? Baña nola erakutsiko diezu Zerurako bidea, baldin bizi bazera Jaungoikorik, zerurik, eta infernurik ezpaliz bezala? Nola erakutsiko diezu Zerurako bidea, baldin zure autik aditzen ezpadue biraua, juramentua, eta itz loia baizik? Baldin igesi bizitu bazera Jaunaren itzagandik, eta Sakramentuetatik?

        12. Begira, eragotzi ote diezun bekaturako bide, ta lagun gaiztoetara joatea? Erri bakoitzean izan oi dira etxe batzuek, non biltzen diran neskatxak, eta mutillak. Oen artean izango dira batzuek ergelak, besteak modu ez garbietara oituak, eta guziak ekusten, eta ikasten ditue ibillera gaiztoak: eta bekatu oek erortzen dira gurasoen, eta alako etxeetako buruen gañean. Jauna: nai du bada umeak kutxan gorderik idukitzea? Ez, baña bai, neskatxak, eta mutillak elkarrekin batzarreak etxeetan ez egitea, zeren bestela bekatu asko emendik etorriko diran, dala gogoz, dala itzez, dala keñadaz. Neskatxak bildu ditezke neskatxakin, eta alaere bear due berekin andre zintzoren bat.

        13. Begira, senar-emazteak etziten zeraten oian eratzotzen dituzun umeak, ikasi bear ez litukeen gauzak ikasteko perill andian?

        14. Begira, guraso, eta umeak gela batean etziten zeraten, zerriak beren oian bezala?

        15. Begira, neskatx, ta mutill gogortuak elkarrekin eratzotzen dituzun?

Onelako gurasoak zinzerri andiarekin mendira bota bear lirake abereen artean bizi ditezen, eta etxeak zerritegi biurtu ez ditzeen.

        16. Begira, zure alaba orri utzi ote diozkatzun onestidadeaz kanpora diran apaindurak, ezkutariakin egoteak, suerte on bat izan dezan? Atozea, gurasoa, eta uste dezu, gis orretan suerte onen bat agertuko zaiola zure alabari? Engañatzen zera. Ezkutariak, berak gaiztoak diranean ere, ez due betiko laguntzat artu nai neskatxa txoraska, eta onestidadean bizi ez danik.

        17. Begira begi onen batek ekusi ditzan, bidaldu ote dituzun alabak, batzuetan Tolosara, besteetan Aranzazura, edo Lezora, besteetan inguruko festetara, esaten diezula: Zer egiten dezue, etxean zauetela beti? Saia zaitezte, suerte ona nai badezue: alaere ez du nai duan guziak arkitzen. Ah! guraso madarikatuak! Bekaturako bideetara joatea eragotzi bearrean, zerorrek bidaltzen dituzu umeak perillen artera? Atozea, eta uste dezu, ori dala suerte ona arkitzeko bidea? Engañatzen zera: bide au alabaña, da onestidadea, modestia, bizitza ateratzeko modu ona: doai oek dituanari Jaunak emango dio dagokan suertea, edo ezkonzaz, edo bestela; beste modu limuri ori da mendiko beokentzat. Atozea, gis-orretan zai gabe utziko zinduke zure txal, txita, edo ollandak? Ez noaski. Nola bada uzten dituzu alabak era orretan, nai duen eran eta nai duen tokian ibiltzeko eskuarekin? Gertatzen da onelako neskatxakin, atez ate salgai dabiltzan, janziera, edo soñekoakin gertatzen dana. Etxean balio zuenetik galtzen due asko: batak eskeintzen die irutatik bat, besteak erdia; eta besteak ez dire eskeñirik egiten, eta dioe: nortaki norenak, eta nola ibilliak diran. Onenbesterekin aditu diteke, zer gertatzen dan, edo gerta ditekean erriz erri, edo zokoz zoko dabiltzan neskatx ergelakin.

        18. Begira, ezkontzeko itzak emanik, edo ustean dagoan alaba orri utzi diozun bere ezkutariarekin egoten nai duan eran, zeregan esaten dezula: zaute; bada gero ere elkarrekin bizi bear dezue. Ah guraso zori gaiztokoa! zure gañean izango dira zure alabaren bekatuak. Toki batzuetan usantza omen da, lenengo deia egiten danean, ezkutaria ardo onez betetako zatoarekin neskatxa ekustera joatea: usanza txarra da au, eta dan lekutik aienatu bear da. Ezkontzeko itzak emanik daudenak elkarrekin itzegiten egotea Baionako Apaiz Pikoaren mendeko Elizetan Apaiz Pikoak bakarrik barkatzen duan bekatua da. Emen ez da onenbesteraño estutu gauza, baña guziak aitortzen due, perill andia dagoala onelako egoeran, eta beragatik gurasoak ez dio alabari utzi bear bakarrik itzegiten bere urliarekin.

        19. Begira, morroi, edo neskame oitura gaiztoak dituanik etxean daukazun, zure umeak, bear ez diran gauz asko ikasteko, perill andian ipintzen dituzula. Badira mutil, eta neskatx asko itzegite, eta beste moduetan zikiñak, eta oek etxean artzen badira, laster etxeko gazteak ikasiko due animak galtzeko bidea. Onelako mirabeak atelekatu bear ditu nagusiak, itzegite, keñada, edo beste modu gaiztoren bat igerritzen zatenean, eta ateleka asko ezpada, bota bear dira etxetik. Ala erakusten du S. Karlos Borromeok. Jauna, ordea mirabe au txit beargillea da, eta kalte andia da neretzat bereala botatzea. Atozea, gurasoa, eta aitzaki orrekin galdu nai dituzu zere umeak? Aiena ezazu lenbait len etxetik, bestela zu, ta ori eramango zaitue etsaiak.

        20. Begira, gaiztakeriaren bat egin duenean, atelekatu dituzun. Gaztetxoak diranean atelekaren lekuan onena izango da belarriak luzatzea, eta au asko ezpada, soñua jo bear da ezurrik ez dan lekuan. Umeak, aziak diranean, atelekatu bear dira modu onarekin: au asko ezpada, batzuetan zigorra erabilli diteke, Espiritu Santuak esaten digun bezala (Prov. 13). Eta begira, guraso batak atelekatzen, edo kastigatzen duanean umea, ez dedilla irten bestea umearen alde: eta zerbait esan bear bada, ez umearen aurrean, baizik bakarrik.

        Ea gurasoa, aditu dituzu zere ume, eta mirabeai begiratzeko, dituzun egin bideak, eta oen kontra gertatzen diran utsegiteak. Oraindañokoaz Jaunari eskatu degiogun umilki barkazioa, eta aurrera bizi gaitezen beraren lege Santak erakusten digun bezala, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa