www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da Konfesio ona egiteko bear dan irugarren gauza, eta zer doai, edo kondizioak onek eskatzen dituan

 

        Konfesio on bat egiteko bear dan bigarren gauza, edo egindako utsegite, ta bekatuen damua izan da azkeneko iru Erakusaldien gaya. Oraiñ alik ongiena itzegin bear degu, Konfesio ona egiteko bear dan, irugarren gauzaren gañean, eta au da bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Gaur aditzera emango det, benik beñ: zeñ gauza bearra dan asmo au konfesio ona egiteko. Urrena, nolako doayak eskatzen dituan. Enzun, Kristaua, arreta onarekin.

 

 

§ I.

 

        Konfesio ona egiteko ez da asko nola nai bekatuen gañean negar egitea, eta damutzea; baizik gauza bearra da bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Au aditzera ematen digu Jaunak Isayas, eta Ezekiel Profetaren autik. Garbi zaitezte bekatuen loyetatik, eta ez galdu garbitasun au bekatu berriakin, esaten digu Isayas Profetak: Lavamini, mundi estote: ayena itzatzue zuen gogorazio gaistoak, utzi itzatzue gaiztakeriak, eta ikasi ezazue obra onak egiten. Era onetan elurra bezala zurituak geratuko dira zuen bekatuak, grana bezeñ gorriak balira ere: Quasi nix dealbabuntur (Isaiae 1.º).

        Orra nola itzegiten digun Isayasek. Gaiztoari damutzen bazayo egindako bekatu guziaz, eta gordetzen baditu osotoro nere aginteak, aztuko naiz egiñ dizkidan eskergabekeri guziaz, dio Jaunak Ezekielen autik: Omnium iniquitatum ejus non recordabor (c. 18). Itz oetan argiro Jaunak esaten digu ikasi dezagula obra onak egiten, eta osotoro gordetzen baditugu beraren aginteak, aztuko dala gure eskergabekeri guziaz, eta aditzera ematen digu, bekatuen barkaziorako gutxienez ber dala, bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Orregatik Florenziako, eta Trentoko Konzilioak erakusten digue, Konfesio ona egiteko, gauza bearra dala egindako utsegiteen damua, aurrera bekaturik ez egiteko asmoarekin: Cum proposito non peccandi de caetero (Concil. Florentin. in instructione Armenorum, et Trident. Ses. 14 cap. 4). Ekusi dezagun oraiñ, nolako doai, edo kondizioak eskatzen dituan asmo onek.

 

 

§ II.

 

        Lenengo doai, edo kondizioa da asmo osoa, edo biotz guzitik jayoa izatea. Au aditzera ematen digu Jaunak, esaten digunean, biur gaitezela beragana biotz osoz: In toto korde (Joel 2º) Orregatik ez da asko asmo erdi, edo laurdena; ez da asko esatea: nai nuke: al banu: utziko balit pakean, ez nioke nik biderik emango. Era onetan itzegiten duanak ez du bekatua uzteko asmo osorik, baizik nainukezko utsa. Asmo osoa duanak beregan osotoro erabakitzen du betiko utzitzea bekatua, edo ezergatik bekatuari lekurik ez ematea, ez eta bizitza, eta eriotzagatik ere. Asmo au ederki agertu zuan S. Paulok, galdetzen ziola bere buruari: Nork, edo zerk galeraziko digu Jesus maitagarria amatzea, eta serbitzea? Quis nos separabit a charitate Chti? Galeraziko ote dit barrengo kezka, edo estutasunen batek? An angustia? Galeraziko ote dit goseak, eta gauza guzien gabeak? An fumes, an nuditas? Galeraziko ote dit perril andiren batean nere burua ekusteak? An periculum? Galeraziko ote dit Demonioak, eta munduak prestatu ditzakeen gurutze, eta naigabeak? An persecutio? Galeraziko ote dit nere lepoan ezpata ekusteak? An gladius? Zer diola, uste dezu, S. Pablok? Ez dio nai nuke: ez dio al banu, edo utziko balit pakean; baizik biotz alai, eta prestu batekin dio: certus sum: erabaki det, ez eriotzagatik, ez bizitzagatik utzitzea nere Jesus maitagarria. Neque mors, neque vita. Ona zeñ ederki agertzen duan S. Pablok konfesio onak eskatzen duan asmo osoa. Esan gidazu oraiñ, Kristaua, onelako asmo osoarekin ote gatoz Konfesioko Sakramentura? Beldur naiz, geyenai biotzak esango diela, ezetz. Batzuek alabaña auzoaren, aide, edo adiskidearen beldurrez, besteak zerbaiten uste, edo esperanzan, edo urliarekikoa ez galtzeagatik kuturtzen dira Jaunaren lege Santa autsitzera erraz.

        Konfesio ona egiteko bear dan asmoaren bigarren doaya da bekatu guzietara, larri, edo mortaletara beintzat zabaltzen dana izatea. Florenziako, eta Trentoko Konzilioak esaten digue, konfesio ona egiteko bear dala egindako bekatuen damua aurrera bekaturik ez egiteko asmoarekin: eta eziñ dateke au, asmoa zabaltzen ezpada bekatu guzietara, larrietara bederik. Eta emen dago bekatari askorentzat aldapa gogorra, batezere oitura gaiztoren batekin arkitzen badira, edo guraren batean itsutuak badaude. Urlia da gurasoa, eta beartua dago umeai Zerurako bidea erakustera, ala itzez, nola bizitza onarekin: baña oitua dago berandu etxeratzera, Sakramentuetatik iges egitera: ezagutzen du zer egiñ bear lukean bere egin-bideari erantzuteko, baña ez du biotzik onetarako: au bera gertatzen zayo, alperkeriari ederretsita emaztea, eta umeak ezergabe dauzkanari. Ezagutzen du, lanari ongi jarraitu ezkero, etxea bere mallan ongi igaroko lizakeala; baña ez du biotzik lanari jarraitzeko. Sandiak anziñatik du oitura gaiztoa edanean igarotzeko, itz loi desonestoak esateko, keñada lotsagarriak egiteko: badaki oitura oek utzi bear dirala, konfesio ona egiteko, baña aldapa andia da au, eta ez da trebe oni ekiteko. Berendia bizitu da lagun urkoaganako gorrotoan: utzi bear da au, eta Kristauari dagokan eran prest egon bear du lagun urkoari on egiteko, eta ez dio gorrotoaren siñalerik erakutsi bear: baña arkitzen du beregan atzerapen andi bat, etsayari on egiteko, eta diosala modu onean egiteko. Urliak ekiñ diozka erriari, edo beste lagun urkoari kalteak: Sandiak an, ta emen egiñ ditu zorrak, eta bakoitzak nai du berea: baña ez du arretarik, ez kalteak desegiteko, ez zorrai erantzuteko. Esangidazu, Kristaua: onelako bekatariak sortuko ote du, aurrera gai oetan bekaturik ez egiteko asmo osoa? Ez dezazula esan, nik gogorkiro itzegiten dedala: baizik esazu zere biotzean deritzazuna. Au bera diot, gazte ergel lagun gaiztoakin ibiltzera oitu diranaz: eta au bera ezkon-gurari leku geyegi emanik, jolas, eta ibillera ez garbietara oitu diranaz.

        Konfesio ona egiteko bear dan asmoaren irugarren doaia da eragillea izatea. Doai au da beste bien agiria bezala. Esan dezake bekatariak, artu duala asmo osoa, bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoa: esan dezake, osotoro erabaki duala, beti-betiko utzitzea bekatua: baña asmo au, ezpada eragillea, ez da izango iduripen utsa baizik. Eta zer ote da asmo eragille au? Asmo bat, bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko, neurri egokiak artzera. Alperrik bekatariak negar andiakin esango du, artzen duala asmo osoa, aurrera bekaturik beñere ez egiteko, ez du asmoaren irudi utsa baizik izango, baldiñ esnatzen ezpada, onetarako neurri egokiak artzeko. Demagun, zure etxeak dituala soro onak, eta iñaurkiñak ere ugari, baña urrutitxo. Zuk ala nai izatera, izango zenduke artoa, eta garia, etxerako ezezik, saltzeko ere; baña ederretsi zeñion edanari, ibilliari, alperkeriari, eta galdu dira lurrak. Ez dezu, urterako bear dezun artoaren laurdenik izaten, eta ibilli oi zera auzoetan arto billa; baña ez dizue eman nai, zeren pagatzen ez dakizun. Jartzen zera lurrai begira: ekusten dezu, nola dauden larrez, aranzaz eta belar gaiztoz estaliak, eta negarrez diozu: ah soroak, soroak, nere zabarkeriaz galdu zerate; baña laster ekusiko zaituetza beste gisatan emen igarotzen diranak, eta laster emango dituzue artoa, eta garia ugari. Baldiñ au guzia esan ondoan, ezpazera esnatzen lanari gogotik ekiteko, iñaurkiñak ekartzeko, eta lurrak ongi maneatzeko, zer esango da zure asmo, eta negarraz? Esango da, asmo, eta negar anzuak zirala, edo irudipen utsak, zeren azkartu etzeran artoa, eta garia izateko neurri egokiak artzera. Au bera esango da bada bekatariaz, baldiñ bere asmo, eta negar guzien ondoren artzen ezpaditu, aurrera bekaturik ez egiteko, neurri egokiak. Gerta diteke, asmo oso, eta eragilleak artuta ere, bekataria bekaturen batean irristatzea, ez asmo oso, eta eragillearen gabez, baizik askotan izan oi diran ustekabeko perill andiak, eta tentazio estuak. Ala gertatu zitzayon S. Pedrori.

        Jauna, esango didazu: eta zer nurri dira, asmo oso, eta eragilleak eskatzen dituanak? Neurri oen artean bearrenak dira oek: lenengoa da bekaturako bide, eta perill urkoak beti-betiko utzitzea. Bigarrena, utzitzea era berean besteri bekaturako bidea ematen dioen, izketa, eta modu gaizto guziak. Irugarrena, lagun urkoari bere onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegitea, eta gauza bere jabeari biurtzea lenbait len. Laugarrena, bekaturen batean erortzeko oitura izan bada, au eskuratzeko, eta ezitzeko benaz sayatzea, eta argaltasunez irristatzea gertatzen bada, lenbait len altxatzeko alegiña egitea, Sakramentuen sendagayak artuaz, edo bestela. Bostgarrena, bakoitzaren estadu, bizimodu, eta karguari dagozkan, egin-bideai arretaz eranzutea. Seigarrena, ezagutzea ez gerala gauza, edo gai, Jaunaren grazia, edo lagunzagabe neurri oek artzeko, ez eta Jesus bat esateko ere, eta grazi au kontuz billatzea, dala Jaun berari umilki eskatuaz, eta sarritan Sakramentuak artuaz, dala Birjiña txit Santa bekatarien Ama gozoa, bitarteko ipiñiaz. Orra, Kristaua, aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, eta eragilleak eskatzen dituan neurriak.

        Begira oraiñ, konfesatzera datozenen artean asko ote diran, neurri oek artzen dituenak; eta artzen ezpaditue, zer asmorekin konfesatuko dira? Ez due izango asmo oso, eta eragillerik; eta guzia izango da iduripen utsa. Ez gaitezen izan añ arduragabeak animako gauzetan: oraiñdañoko utsegiteen damuarekin artu ditzakun, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak, eta onela iritsi dezakegu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa