www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

BAÑA SEIGARREN ETA BEDERATZIGARREN
AGINTEEN GAÑEAN BIGARRENA

 

Ukitzen dira, bi Aginte oen kontra gertatu oi diran bekatuak,
ez andienak, baizik munduak ezertan artzen ez dituanak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian aditzera eman nuan, seigarren, eta bederatzeigarren Aginteak zer debekatzen agintzen diguen. Gaur ukituko ditut, bi Aginte oen kontra gertatu oi diran bekatuak. S. Paulok etzuan nai aragizko lizunkeriak izendatzerik, eta Santo Thomas Billanuebak ez omen zuan ukitzen bere sermoietan bekatu mota au; guziz itsaskorra da alabaña, eta erraz zikindu litzake aditze utsak ere enzuleen gogo eta biotzak. Orregatik ez ditut nik ukituko itsusienak, baizik munduak ezertan artzen ez dituanak. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        1. Begira, Kristaua, lenengo lekuan izan ote dezun gogorazio gaiztoai leku emateko oitura? Noizdanik, eta egunean, edo astean zenbat bider egon oi ziñan atsegiñ artzen? Gai onetan batzuek dira jakinezak, eta beldurtiegiak, eta uste due, garbitasun, edo kastidadearen kontra datozkien gogorazio guziak bekatu dirala, eta ekusirik eren buruak alde guzietatik gogorazio itsusien artean burutik jauzteko zorian ibilli oi dira. Naiz bakarrik daudela, naiz norbaitekin itzegiten jarri ditezela, naiz zerbiat artu, edo ukitu dezeela, iduritzen zate gauza debekaturen bat egiten ari dirala; eta beldur onek beronek geiago, eta geiago asaldatzen ditu. Beste batzuek dira lasaiegiak edo obrazko bekatuak baizik ezertan artzen ez dituenak. Enzun ezazu, Kristaua, esatera noana, etsaiak engañatu etzaitzan gai onetan. Lenengoa gogora etorri dedilla asma al ditekean gauzarik itsusiena, naiz ezkonduarekin, naiz ezkongaiarekin, naiz Santo Kristoarekin, edo Ama Birjiñarekin berarekin, ez da au bekatu, ez da bekatu, oartuta borondateak leku eman degion artean. Bigarrena: oartzen zera, zure gogoan dabillela gauz itsusiren bat, eta bearbada asi dala etxeari su ematen: onela oarturik diozu: ola, gauza gaiztoa da au: Birjiña txit Santa, zure sortze garbiaren izenean gorde nazazu bekatutik. Era berean estutasunean bereala esaten dezu zeregan: Jesus Maria Jose: eta egiten dezu alegiñ aldatzeko pensamentua beste gauzetara, edo ekiten diozu lanari gogotik; orduan ez dezu bekaturik batere gogorazio orietan, eta bekatuaren lekuan neke ori izan liteke Zerurako irabazi; baña begira, gauz oek egin bear dira muziñik gabe, zeren beldur geiegiz asitzen bazera muzinka, eta esan oi dan bezala itsusiak egiten; askoz geiago nekatuko zaitu etsaiak, eta ipiñiko zaitu zorotzeko zorian. Irugarrena, gogora etortzen zaizkitzu gogorazio gaiztoak, batzuetan onelako denboran artu zinduan atsegiñak, eta oartua zaudela poztutzen zera: besteetan gogoratzen zatzu, izango dezula, edo izan zentzakeala era atsegin debekatuetarako, eta deseatzen dezu denbora, eta era ura lenbait len etortzea: beste batzuetan gogoratzen zaizkitzu garbitasunaren kontrako gauzak, eta ez dezu deseatzen gauza gaiztorik, baña zaude goisatzen llilluraturik. Era onetan egiten dira bekatu larriak, zeren oartuta ere saiatu etzeran gogorazio oriek aienatzeko.

        2. Begira, gaizki bizitu ziñan urte aetan sarritan joaten ote ziñan festetara, eztaietara, edo neskatxa mutillen batzarreetara, eta azal-printz oneko guziakin atsegin artu naia izan oi zenduan? Gertatzen da onelakoakin denda eder bat ekusten dabillenarekin gertatu oi dana, edo ekusten duan gauz eder guziaren zalea etortzea.

        3. Begira, urliarekin, edo sandiarekin egon ote zeran gogorazio gaiztoai leku ematen diezula, edo beintzat perill andian. Au erraz gertatzen da ezkontz-itzetan sartuak daudenakiñ, gazte elkarganako itsuturik bizi diranakiñ, eta era berean neskatx txoraska eta mutill arroak bakarrik erausian luzaro badaude. Askok ez ditue ezertan artzen bekatu oek, eta kezkarik bage konfesioan utziko ditue aitortu gabe, eta biurtuko dira leneko egoeretara. Juduak, eta hereje batzuek etzituen bekatutzat artzen biotzean igarotzen diran gura lizun, eta atsegiñ gaiztoak, baña Jesu-Kristok argiro debekatu zituan, esaten zuala: Nik diot, atsegiñaren naikundez emakumeari begiratzen dionak, bekatu egiten du, eta egin du bere biotzean: jam maechatus est in corde suo (Math. 5).

        4. Begira, zure begiak erabilli ote dituzun zuretzat bekaturako bidea dakarten gauzak ekusten, dala bakarrik zaudenean, dala senide, edo auzokoakin jolasean zabiltzanean? zenbat bider mutillakin? eta zenbat bider neskatxakin? Espiritu Santuak esaten digu, gure leioetatik igotzen dala animaren eriotza: Ascendit mors per fenestras (Jerem. 9). Ala gertatu da oraindaño, eta ala gertatuko da aurrera ere.

        5. Begira, berariaz, eta luzaro egon ote zeran emakume apainduai begira llilluraturik, batez ere goiak salgai ipintzen baditue? Era onetan dagoana, biotzaren aldetik eroria dago, zerren bere naiez atsegin txarrai leku emateko perill andian dagoan. Dabidek bere jauregiko gañean zebillela, ekusi zuan Uriasen emaztea: zabartu zan begiak kentzean, eta erori zan. Orregatik esaten digu Espiritu Santuak: Emakume apainduagandik ken begiak: apartazeko. Averte faciem tuam a muliere compta (Eccle. 9). Atozea, eper-zakurra eperrari begira egon oi dan eran bazaude, emakume apainduai begiratzen, zer nai dezu gerta dakizun? Era berean, zer gertatuko zaio emakumeari, gizonezkoai txoraturik begira dagoala?

        6. Begira ibilli ote zeran zelatan bekaturako bidea ekarriko dizuen gauzak ekusi naiez? Zenbat bider? Badira zenbait, ala gizon, nola emakume, guzia jakin, eta ekusi nai duenak eta zer etorri alditeke emendik? atsegin gaiztoen gogoa esnatzea, eta poztutzea ekuste lotsagarriakin. Au gerta diteke era askotara, eta ez da guzia esan bearrik.

        7. Begira, abereak elkarganatuak dabiltzanean, egon ote zeran premia gabe begira, gogorazio gaiztoai leku emateko perillean? Gurasoak, ez bidaldu gazteak onelako perilletara: oen irudimendua, edo imajinazioa beraa dago, argizagiaren eran, eta ekusten dituen gauz itsusien irudi, anz edo imajiñak an ezarriak geratzen zaizte. Emendik bizi diran denboran sarritan animaren begien aurrean jartzea gaztetxoak zirala ekusitako gauz itsusiak.

        8. Begira, izan ote dezun itz loi desonestoak aditzen egoteko oitura, zeregan poztutzen, eta goixatzen zerala, edo beintzat artarako perill andian? Badira zenbait zar gai onetan eskolamaisu andiak, Demonioak bere ordeko lurrean ipiñiak: oek gazteen aurrean kontatzen ditue ipui itsusiak, alako gatz, eta piperrarekin, non gazteak egon oi diran aua zabaldurik zar madarikatuaren erakutsaldiak entzuten. Zer etorri al diteke emendik? Gazteen animak zikintzea, eta jakiñ bear ez lirakean gauzak ikastea, eta bear bada egitea. Gazte doai onetako batek erabaki zuan, mundu galdu au utzirik Erlijioko bizimoduari jarraitzea. Artara irteteko zegoan bezperan bildu zan lagun batzuekin, eta oi dana, aetako batzuek aritu ziran izketa ez garbiak esaten. Biurtu zan gure gaztea etxera. Arratsean lotan asaldatu zuan, aditu zituan gauzen oroipenak: esnatzen da, eta leku ematen dio atsegin gaiztoari, eta bereala artzen du loak. Lotan zegoala eman zion eztulak añ gogorki, non eten zitzaion bularreko zañ bat, eta geratu zan illa. Agertu zitzaion Konfesariari suz inguratua, eta bi Demonio ari zitzaizkan tronpeta gorituakin belarrietan soñua jotzen, zerren egon zan itz loiak aditzen. Aditzen dezu, gaztea, nola galtzen diran animak itz desonestoak aditzen egotearekin? Eta zu alaere pozik zaude onelako itzak enzuten? Jauna, eta zer nai du egitea, ustekabean arkitzen banaiz, onelako gauzak itzegiten dituenen artean? Aldegiñ, aldegiñ, aldegiñ. Eziñ aldegiñ badezu, ipintzu kopeta beltz, ezagutu dedin etzatzula agradatzen onelako itzegite zikiñik.

        9. Begira, izan ote dezun ipui zikiñ, eta itz desonestoak esateko oitura, begiratu gabe gazteen, edo zarren, ezkonduen, edo ezkongaien, mutillen, edo neskatxen aurrean esaten dituzun? Onelako oitura duenak dira zapo puzoitsuen anzekoak. Oek dabiltzan lekuan uzten due lerde zikiñ puzoiez bete bat; eta era berean itz desonestoak esateko oitura duenak. Artu bedi etxe batean onelako morroi, edo neskame bat: laster etxeko gazteak zikinduko dira: ekarri bitez au urdea duen langilleak, eta eziñ bidalduko det emakume, ezeta mutill gazterik ere lanera, anima galtzeko perill andian ipiñi nai ezpadira. Eta gai onetan beti izan bada zerbait munduan, zer etzan gertatuko gerra onetan? Gerrariak etziakien itzegiten aragien izenaren gatzagabe, ainbesteraño, non oetako batek esan zidan: Jauna, miretsitzen da gure itzegiteaz? jakin beza bada, onelako erreñu, edo Probinzian, emakumeak ere gure eran aitatzen dituela aragiaren izenak. Nork esan, zer kalte emendik etorriko diran animetara? Españako legeak agintzen du, ez dezala iñork ere esan, ez kantatu itz desonestorik, ez gauaz, ez egunaz kaleetan, plazetan, eta bideetan, eun azote, eta urte betean deserriturik bizitzeko penaren azpian (leg. 5 título 10 lib. 8 Novae Recop.). Lege onek diona egingo baliz, gutxituko lirake mingañ zikiñak; baña au egingo ezpada ere zergatik onelakoentzat egingo ezta erri bakoitzean zerritegi andi bat? Zergatik an idukiko ez dira otea, eta ura ere jogabea bakarrik ematen zatela? Gurasoak, ez etxean artu mirabe, eta langille mingañ zikiña duanik.

        10. Begira, izan dezun urliari, sandiari, eta berendiari losentxak esateko oitura, atsegin txarretarako sasoian jarri ditezen?

        11. Begira, urliari, edo sandiari gaitzerako deia daramaten itz labañak esan diozkatzun, zertan dagoan jakin naiez? Jauna, ez nuan ni gauza gaiztorik egiteko asmorik. Demagun, ala dala: eta lagun urkoari bekatuaren puzoia prestatzea, ez da bekatu izugarria? Ai dio Jesu-Kristok, au egiten duanaren zori gaiztokoa?

        12. Begira, urliari, edo sandiari bekaturako bidea eman diozun, ez itz lotsagarriakin, baizik gañtxurituakin, aditzera ematen diozula zure gogo gaiztoa? Onelako itzak perill andiagoa ekarri oi due aziera onekoen artean, beste itz lotsagarriak baño.

        13. Begira, laudatu ote dezun zere burua, zure anzeko lagunen artean, gauz anditzat esaten dituzula onekiñ, edo arekiñ egindako bekatuak. Onela itzegiten duanak egiten ditu iru bekatu: bat, zerren poztutzen dan gauza gaiztoan: bestea, zerren enzuten daudeani erakusten dien bekaturako bidea: eta irugarrena, zeren galtzen dion lagun urkoari bere izen ona, nor dan esaten badu.

        14. Begira, laudatu ote dezun arako gazte zoro ura, zerren, esan oi dan bezala unore onean bizi dan, batarekin, eta bestearekin jolasten, eta bekatu askotan erortzen dala. Onelako laudatzalleak etsaiaren ordekoak dira, eta gazteetan kalte andiak egingo ditue.

        15. Begira, izan ote dezun batarekin, eta bestearekin musuka, eta laztanka ibiltzeko erraztasuna, batzuetan ezkonduakin, besteetan ezkongaiakin? Zenbat denboran? illean zenbat bider? Askok ezditue ezertan artzen gauz oek, eta konfesatzen dira bizitza ontzeko asmo oso gabe. Jauna, ez nituan bekatutzat artzen gauz oek. Ala diozu, baña esan zadazu, etzizun zere barrenak esaten: etzala ongi era orretan Kristaua ibiltzea? Bai, ala esango zizun, eta lotsatuko ziñan, agertu baliz an zure gurasoa.

        16. Begira, gisa orretan ibilli ote zeran zu mutilla mutillakin, edo zu neskatxa neskatxakin? Jauna, eta ori ere bekatu da? Askotan andiagoa, zeren lotsa gutxiagorekin egiten, eta esaten diran, egin, eta esan bear ez lirakean gauzak. Onelako gauzak erraz gerta ditezke gazteen bilduerak diran etxeetan, festetan, eta eztaietan, begira ezpadago lotsa, eta beldur ona eman dezakeanen bat.

        17. Begira, izan ote dezun, arkizen dituzun emakumeai keñada lotsagarriak egiteko oitura? Zenbat urtean iraun dizu oitura orrek? Astean, edo illean zenbat bider gertatuko ziran modu itsusi oriek? Badira batzuek añ griña txarrekoak gai onetan, non oña ezin jaso duenean ere agertuko duen eren gura gaiztoa. Esana dago: Anz azturak obiraño.

        18. Begira, egiñ ote dezun ukiera lotsagarririk, dala mutillakin, dala neskatxakin, dala zere buruarekin? Zenbat bider?

        19. Begira, oian zurekin etziten dan aurraz baliatu ote zeran gauza debekatuetarako?

        20. Begira, abere, edo animaliakin izan ote dan eskuz, edo bestela modu itsusiren bat? Uzten ditut, zingiradi onetan arkitu oi diran, gañerako bekatu nazkagarriak.

        Ekusten dezu, Kristaua, zenbat gisatara utsegiten dan garbitasunaren kontra, munduak ezertan artzen ez dituan bekatuakin? Ea bada birtute eder au iristeko bizi zaite ernai, aldegizu lagun gaiztoetatik, sarritan arritzatzu Sakramentuak, ea Birjiña txit Santari izan giozu jaiera andi bat. Onela gorde dezakezu kastidadearen edertasuna, eta Jaunaren lege Santa, eta iritsiko dezu, berak agintzen dizun, betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa