www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Konfesio onan eskatzen dituan doayak.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan laugarren gauza da Konfesioa, au da bekatuak esatea, edo aitortzea barkatzeko eskua duan Apaizari. Azkeneko aldian aditzera eman nuan, bekatuak aitortzeko, edo konfesatzeko Kristau guziok degun egin-bide, edo obligazioa. Aditzera eman nuan urrena, nolako modua gorde bear lizakean Konfesioaren aurretik, eta konfesioko denboran. Gaur ukituko ditut konfesio onak eskatzen dituan doai, edo kondiziak. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Konfesio onak, eskatzen dituan doai, edo kondizioak asko dira, baña guziak biurtzen dira irutara. Oek dira umilla, egiazkoa, eta osoa izatea.

        Konfesio umilla, au da umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea. Umiltasun, eta lotsa au jayotzen da ezagutzetik, zer, eta noren kontra egin degun. Gisa onetan Ebanjelioko Seme ondatzalleak aitortu zion bere Aita Zerukoari bere gaizki egiña: Aita, esan zion, egin det bakatu zure kontra, ez naiz ni zure Seme izendatzeko diña: baña amazazu zure serbitzarien artean bederik. Au bera aditzera eman zigun Jesu-Kristok Fariseo, eta bekatari publikanoaren ipui, edo parabolan. (Publikanoaren izena ematen zitzayon Juduen artean guzien auan, eta iritzian bekataritzat ezagutua zegoan, edozeñi). Sartu ziran Elizan Fariseoa, eta publikanoa. Fariseoa arrotasun andiarekin joan zan Elizan gora, eta asi zan Jaunari eskerrak ematen, esaten ziola: eskerrak, Jauna: zeren egin ez nazun besteen, eta arako publikano aren anzekoa: astean bi egunetan barautzen naiz, eta ditudan gauza guzien amarrena ematen det. Ekusten dezu, nolako arrotasunarekin agertu zan Fariseoa Jaunaren aurrean? Etzan ara joan bere bekatuak aitortzera, baizik obra onak esatera. Gisa onetan dijoaz batzuek konfesatzera, ez bekatuak, baizik obra onak. Publikanoa geratu zan bean, eta begiraturik bere bekatuai, etzan atrebitzen altxatzera begiak lurretik. Bularrari kolpe andiak emanaz, esaten zion Jaunari: Nere Jaungoikoa, urrikaldu zaite bekatari onezaz. Ona, nolako umiltasunarekin eskatzen zion publikanoak Jaunari bere bekatuen barkazioa. Orregatik dio Jesu-Kristok, oni barkatu ziozkala Jaunak bere bekatuak, baña Fariseoari ez (Luc. 18).Esan det, konfesio umilla dala umiltasun, eta lotsa eder batekin bekatuak aitortzea. Bada lotsa bat, dio Espiritu Santuak, gaiztoa, eta berekin bekatua dakarrena. Lotsa onek eragozten du bekatua aitortzea aitortu bear danean, eta billatzen ditu bekatuaren edergarriak. Bada beste lotsa bat onra, eta edertasuna berekin dakarrena: Konfusio adduzens gloriam, et gratiam. Lotsa onek ez du eragozten bekatua aitortzea, aitortu bear danean, baizik esan erazten dio, begira ezperen Magdalenari Jesusen oñetan. Ekusi zuan, zeñ eskergabea izan zan bere Jaunarentzat: lotsatu zan, bere bekatuai begiraturik, eta lotsa onek, etzion pakerik eman Jesusen oñetan jarri zan artean.

        Konfesio onaren bigarren doai, edo kondizioa da egiazkoa izatea. Zer ote da konfesioa egiazkoa izatea? Da examina ongi eginda, arkitzen ditugun bekatu larri, edo mortalak, arkitzen ditugun eran, eta adiña aitortzea. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak (Ses. 14 cap. 5 de Paeniten.) Onetarako ez dituzu esan bear zeregan ezagutzen dituzun baño gutxiago, edo geyago. Batzuek, eziñ oroitu badira, zenbat bekatu egin dituen, dioe berengan: ez det bada dan baño gutxiago esan bear, izan bitez zortzi geyago. Oek pisagarritzat bezala. Onzako urrea baliz bakoitza, ez lirake añ erraz pisagarritzat botako. Konfesioa egiazkoa izateko, ez dezu edertu bear zure bekatua, besteri oben, edo kulpa egozten diozula. Badira bekatari batzuek beren utsegite, eta bekatuen kulpa besteri egozten dioenak. Birauak egin ditue? esango due, emazteak, edo senarrak, edo auzoak artara beartu dituala. Au bera gertatzen da zenbait aldiz seigarrengo utsegiteetan. Ez da au ongi egiña: bakoitzak aitortu beza bekatua besteri oben, edo kulpa egotzi gabe. Atzenean ez ditugu esan bear premia gabe besteren bekatuak. Zertako esan bear ditu gizonak emaztearenak eta emazteak gizonarenak? Zertako gurasoak umearenak, eta umeak gurasoarenak? Esan bitza bakoitzak bereak. Baña Adan, eta Ebaren umeak izan gu! Adanek bere bekatua egotzi zion Ebari, eta Ebak sugeari, edo Deabruari.

        Konfesio onaren irugarren doaia da osoa izatea. Ez da asko Mandamentu batean egindako utsegiteak esatea baizik esan bear dira mandamentu guzien kontra egin diranak. Ez da asko gogoz, edo pensamentuzkoak aitortzea, baizik aitortu bear dituzu itzez, eta obraz egin dituzunak ere. Era berean aitortu bear dituzu zure bizimodu, estadu eta karguaren egin-bide, edo obligazioen kontra egin dituzunak, dala zabarkeriz, dala bestela. Karlos bostgarrena, edo Carlos quinto, eizera irten zan aldiren batean sartu zan Eliza batean. Prestatu zan konfesatzeko. Deitu zion Eliz artako arzayari, eta konfesatu zan: baña etzitzayon gogora ezer esatea Errege zan aldetik izan zitzakean utsegiteen gañean. Konfesoreak esan zion: Esan dituzu Karlosen bekatuak: esaitzu orain Erregerenak. Añ ongi erori zitzayon Erregeri Konfesorearen esan au, non gero onra andietara altxa izan zuan.

        Batzuetan gertatzen da lagun urkoari bekaturako bidea ematea, orduan esan bear da, zenbat laguni, eta zenbat bider. Baldin gurasoak umeari, edo umeak gurasoari birauak botatzeko, edo beste bekaturen baterako bidea eman badio, esan bear da, zenbat bider au gertatu dan. Baldin seigarren Mandamentuan utsegiteren bat gertatu bada, orduan begiratu bear da, zer estadutakoarekin gertatu dan: aidea bada, zer aidetasun duan. Bekaturen bat geratu bazatzu konfesatu gabe, zeren examinako denboran gogora etzatzun, edo zeren konfesioan aztu zatzun, ez da orregatik gaiztoa izango konfesioa, baldin arretarekin egin badezu examina; baña beartua zaude konfesatzera gero aztutako bekatu ura. Lotsaz, edo gaiztakeriaz konfesatu gabe uzten bada bekatu larri, edo mortalen bat, edo aintzakotzat bekatariak zedukana, orduan gaiztoa izango da konfesioa, eta berritu bear dira onela egindako konfesio guziak, garbiro esaten dala, nola lotsaz konfesatu gabe utzi zuan onelako bekatu, eta arreizkero zenbat bider konfesatu, eta komulgatu dan, eta zer bekatu Mandamentu bakoitzean gertatu zaizkan.

        Orra, Kristaua, konfesio onak eskatzen dituan doai edo kondizioak. Baldin guk bear dan eran aitortzen baditugu gure bekatuak, leyala, eta zuzena da gure Aita ona, barkatzeko gure utsegiteak, eta garbitzeko gure animak bekatuen loyetatik, dio San Juanek: Si confiteamur peccata nostra, fidelis est, et justus, ut remittat nobis peccata (1.ª Joan 1.º). Bizi gaitezen aurrera zintzoro, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa