www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIURREN ONEN
BOSTGARREN EGUNERAKO
ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Scrutemur vias nostras &.

 

Birjiña txit Santa &. Lendabiziko Platikan bezala.

 

        Konfesio onaren prestaera da Bederatziurren onetako gure lana. Bi gauza eskatzen ditu prestaera onek: bata da gure bekatuen examina, edo gogora ekartzea, eta au egin diteke, edo azkeneko konfesiotik, edo konfesio gaiztoak asi ziran denboratik. Konfesio gaiztoak egin dituanak berritu bear ditu oek, gogora ekartzen duala urtean zenbat bider gutxi gora bera konfesatu, eta komulgatu dan denbora orretan, eta nola, ta zenbat bider utsegin duan Mandamentu bakoitzean. Konfesio onaren prestaerak eskatzen duan bigarren gauza da, gure bekatuakin galdu degun Jauna billatzea, eta beragana gure biotzak biurtzea egindako bekatuen damuarekin, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoarekin; baña ez dira gure biotzak Jaunagana bear dan eran biurtzen, fedearen argiarekin gogora ekartzen ezpadira damubide egokiren batzuek. Bi gauz oek itz gutxian adirazi zituan Jeremiasek, esan zuanean: begira degiegun gure bide, eta ibillerai: Scrutemur vias nostras: eta billa dezagun gure Jauna, eta biur gaitezen beragana: Et quaeramus, et revertamur ad Dominum. Onetarako azkeneko aldian examina egin genduan Jaunaren legeko laugarren Aginte, edo Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean, eta ondoren begiratu genduan, zeñ gauz itsusia dan guk gure Jaun, eta Jaungoikoaren kontra bekatu egitea. Gaurko examina izango da Jaunaren Legeko bostgarren Agintearen kontrako bekatuen gañean, gorputzaren bizitzari dagozkan aldetik. Urrena zerbait itz egingo det eriotzaren gañean. Enzun arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Begira degiegun gure bide, eta ibillerai, esaten digu Jeremiasek. Scrutemur vias nostras: au da examina egitea. Eskatu degiogun onetarako Espiritu Santuari bere laguntza, esaten diogula: Atoz, o Espiritu Santua, atoz beartsuen gurasoa, atoz doayen emaillea: argi ezazu nere adimentua, nik nere utsegiteak ezagutzeko: mugi ezazu nere biotza, oen gañean damutzeko, eta aurrera bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta konfesatzeko. Zoaz oraiñ, Kristaua, bostgarren Mandamentura.

        1. Mandamentu onetan Jaunak esaten digu: ez dezu iñor ilko: Non occides, eta dotrinan esaten digu: Bostgarrena ez iñor iltzea. Mandamentu onetan ez digu debekatzen Jaunak idiak, beyak, eta gizonaz kanpora diran, beste gauzak iltzea; baña idi, bei, eta abereakin ere gogortasun geyegi erakustea ez da ongi dirudian gauza, eta bekatu benialtzat eman oi da. Ez digu gañera Jaunak debekatzen gizona iltzea ere, artarako eskua, eta bidea danean. Ala iltzen dira etsayak gerra zuzen, edo bidezkoan, guzien onari begiraturik. Era berean illerazten dira gaiztagiñak bekaturik gabe. Aditzen da au gorputzaren bizitzari bakarrik begiratzen diogula. Gizonak ditu bi bizitza, gorputzarena bata, animarena bestea, eta gaur gogora ekarri bear dira gorputzaren bizitzaren kontra gertatu oi diran bekatuak.

        2. Begira bada lenengo lekuan: benaz, eta biotzetik amatu dituzun lagun urko guziak? Au egiten ez duana illa datza animaren aldetik, dio S. Juanek: Qui non diligit, manet in morte (c. 5).

        3. Begira, sarritan egin dituzun lagun urkoetarako ongi nai, eta amoriozko afektoak.Onetara oitutzen ezpada Kristaua, erraz itzaliko zayo lagun urkoetarako ongi naya, eta biderik txikienarekin ere eroriko da gorrotoan. Bizitz onean diardun Kristauak oarkabean ere sarritan amatzen ditu lagun urkoak, dala Aita gurea edo Santa Maria esatean, dala beste erreguetan; baña gaizki bizi dana erraz zabartzen da gauz oetan. Orregatik goiz-arratsetako jayeran erakusten zate gazteai gai onetan egin bear deguna.

        4. Begira, opa izan ote diezun zure etsayai ere Zerua, eta arako bidean on izango duen guzia?

        5. Begira, prest egon ot dan zure biotza, etsayai ere on egiteko, zure bear danean, eta kalte andigabe dezakezunean. Maite izan iztzazue zuen etsayak, eta on egin giezue gorrotatu zaituenai ere, esaten digu Jesu-Kristok (Math. 5). Orregatik goiz-arratsetako jayeran erakusten zate gazteai etsayak amatzeko -modua.

        6. Begira, zure biotza prest egon ote dan etsayari barkatzeko egin dizkitzun txarkeri, ta bidegabeak, eta barkatu diozkatzun biotzetik? Au erakutsi zigun Jesus onak Aita gurearen erregu ederrean; eta esaten digu: Barkatzen espadiezue zuek lagun urkoai, ez dizkitzue zuei ere barkatuko zeren bekatuak Aita Zerukoak (Mat. 6).

        7. Begira, bizitu ote zeran zure alde edo auzoari apendu nayez, zeren txarkeri andi bat egin zizula, uste dezun? Zenbat denboran orrela bizitu zera?

        8. Begira, etsayaren kontra gorrotorik ez daukazula esan arren, prest egon ote dan zure biotza, era datorrenean al duen txarkeria egitea. Onelakoak dira otsoa ardiarentzat, eta azeria olloentzat dana. Egizu alegiña oei galerazteko ardi, eta olloetarako griña: ez diezu galeraziko osotoro, eta era danean, lasterka joango dira, bata ardien, eta bestea olloen ondoren. Bi nekazari bizitu ziran elkarganako onginai, eta amorio gabe, eta beti auzitan. Ill ziran, eta biak ipiñi zituen obi batean. An ere etzuen, elkar ongi artzen, eta bien buru-ezurrak borroka zebiltzan, alako eran, non Elizan aditzen ziran elkarri ematen ziozkeen golpeak.

        9. Begira, zure etsayari gaitzik opa izan diozun, esaten dezula: Niri eman dizkidan egunak etorriko al zaizka berari ere. Amen. Au bekatu larria da, ark zuri emandako naigabeak andiak diranean. Jauna, baliaki, nolako nekeak eman dizkidan urliak: diranak dirala neke oek, nere Kristaua, ezin zuk beste ainbeste opa izan degiokezu. Atozea, eztakizu, Jesu-Kristok Aita gurean erakusten dizuna? eztakizu, on egin, eta opa bear diegula gorrotatu gaituenai ere? Eta au egiten ez duana gaizki konfesatzen dala?

        10. Begira, lagun urkoaren gaitzaz poztu ote zeran, esaten dezula: Jainkoak barka degidala, ondo egin zayo? Au bekatu larria da, baldin gaitz andiaz poztu bazera. Bekatu au ura bezala edan oi due gorrotoan bizi diranak: ez da onelakoarentzat soñu añ gozorik, nola dan etsaiaren tatxak, kalteak, eta okerrak aditzea. Jauna: gauz aek barreatuak, edo beintzat gure artean jakiñak ziran. Ongi, eta eztakizu, lagun urkoaren tatxa, kalte, eta okerraz eziñ poztu zaitezkeala, barreatuak izan arren?

        11. Begira, zure etsaiaren onaz naigabetu ote zeran, eta zenbat bider? Norinai gogora etorri dagikeo zerbait, etsaiaren onaren berriak aditzean, baña biotza jasotzen badu Jaunagana, esaten dio!a: Jauna, urlia oni opa diot Zerua, eta arako bidean on izango duan guzia, orduan ez dago bekaturik.

        12. Begira, izan ote dezun lagun urkoari birauak botatzeko oiturarik? zenbat denboran? astean, edo illean zenbat bider? biotzetik, edo bestela?

        13. Begira, len diosala egiten zenien etsaiai ukatu diezun aserratu ziñan ezkero? edo oek diosala eginda, eranzun gabe utzi dituzun? edo muzinka egin diezun? Modu oek adirazten due zure barrunbean daukazun erra, edo otin gaiztoa.

        14. Begira, zere buruari opa izan diozun eriotza, zeren naigabe, edo gurutzeren batzuek ekusi bear izan dituzun? Zeruko bizitza doatsuaren egarriarekin, lenbait len ara nai izatea ez da bekatu. Nai nuke lurrezko nere etxe au desegiña ekustea, eta Jesusekin egotea zion S. Pablok: Cupio disolvi, et esse cum Chto. Baña gutxik due onelako gose, ta egarria Jesusekin Zeruan bizitzeko; eta gertatu oi dana da, emengo nekeakin estutzea barrunbea, eta opa izatea batek bere buruari eriotza: eta au da gauza debekatua. Orregatik prest egon bear degu, emengo nekeak Jaunaren izenean, berak nai duan bitartean, ontzat artzeko.

        15. Begira, ibilli ote zeran borroka, edo makilka, zere buruari, edo besteri kalte andia egiteko eran?

        16. Begira, jan, edo edan dezun kalte andia zere buruari egiteko, edo ezaguera galtzeko perillarekin? Asko da au gazteentzat. Zarrak egon bitez konfesorearekin, eta erakutsiko die onek bear dan guzia. Goazen oraiñ eriotzaren gañean zerbait esatera.

 

 

§ II.

 

        Oroi zaite zure azkenkiaz, edo geroeneko ekuskizunaz, eta ez dezu beñere bekaturik egingo, esaten digu Espiritu Santuak: demorare novissima tua, et in aeternum non peccabis. Geroeneko ekuskizun oen artean Ienengoa da eriotza, eta oni dagozkan egia zenbait enzun, Kristaua.

        Bagabiltza, nere Kristaua, munduko deserri onetan gerokoaz aztuak: baña fedeko gauza da il bearrak gerala. Erabakia dago gizonarentzat beñ iltzea, dio S. Pablok: Statutum est hominibus semel mori (Ad Heb. 9). Bizi zitekean gizona, bera nor izatera, eritasun, eta eriotzaren kezka, eta beldur bage: ipiñi zuan alahaña Jaunak Paradisuan bizitzaren arbola, eta onen fruta jaten zuala, etzan beñere gaixotuko, ez ilko. Baña Adan, eta Ebak autsi zuen Jaunaren Agintea: bota zituan bereala Jaunak Paradisutik, eta berak, eta beren ume guziak geratu ziran ezin konta al gaitzen, eta eriotzaren azpian. Autsa zera, eta auts biurtuko zera, esan zion Jaunak Adani (Genes. 3). Orregatik deitzen dio S. Pablok eriotzari bekatuaren saria (Ad Rom. 6). Beraz, nere Kristaua, gure siniste, edo fedeak erakusten digunez il bearra zera zu, eta il bearrak guziok, eta utzi bear ditugu laster emengo aurkeriak. Eta gure sinisteak erakutsiko ezpaligu ere egia au, aditu eta ekusi degunak berak aditzera ematen digun gauza da au. Non dira Adan, eta Eba gure lenbiziko gurasoak? Il ziran. Non dira ondorengo Patriarkak? Il ziran. Non dira munduaren asieratik oraiñ eun urteraño izan diran Errege, gizon andi, ta jakintsuak? Il ziran. Non dira lege zarreko Apaiz nagusiak? Non S. Pedrogandik oraindañoko Aita Santuak, Obispo, eta Apaizak? Oraiñ bizi diranaz osteronzeko guziak il ziran: Non dira munduaren asieratik oraiñ berreun urteraño izan diran gizon, eta emakumeak? Izan ziran, eta ez dira: il ziran guziak. Beraz il bearrak gera guziok, ala zarrak, nola gazteak, aberatsak, eta beartsuak. Eta alaere bizi gera egia au guri dagokiguna ezpaliz bezala?

        Il bearra zera, Kristaua, baña noiz? Ez dakizu. Asko iltzen dira aur-denboran: asko gaste dirala, eta adiñik onenean, eta beste asko zartu ezkero. Guk dakiguna da, ipiñi diozkala Jaunak bakoitzaren bizitzari bere mugak, eta ezin oetatik igaro gaitezkeala. Jauna; laburrak dira gizonaren egunak ipiñi... diozkatzu ezin igaroko diran mugak, dio Job Santuak (c. 14). Guk dakiguna da, eriotzak atxitu oi duala gizona usterik gutxienarekin dagoanean, eta askotan denbora gaiztoan, au da prestaera gabe dagoanean. Ala aditzera ematen digu Espiritu Santuak (Ecclesiastes cap. 9). Ala gertatu zitzayon Ebanjelioko aberatsari, eta egun oro gertatzen zate beste askori.

        Il bearra zera, baña non? Ori eztakizu. Batzuek iltzen dira beren etxe, eta oyan, besteak itsasoan; batzuek errian, besteak erbestean: batzuek gerran, besteak pakezko denboran. Baña non ilko geran ez jakitea da gutxiena esan nai duan gauza. Non nai il gaitezela, zori onekoak izango gera prestaera onarekin arkitzen bagera.

        Il bearrak gera, baña nola ilko ote gera? Eztakigu ori ere. Batzuek iltzen dira, arturik Sakramentuak, besteak Sakramentu gabe: batzuek Jaunaren grazian; geyenak bekatuan. Judas Patriarkaren bi seme il ziran eren buruakin atsegin lizunean ari zirala. Sararen zazpi senar Demonioak urkatu zituan aren gelara sartzeko denboran, zeren asmo garbiarekin ezkondu etziran. Ez da denbora asko, Florenzian gizon, eta emakume bat bekatu egiten zeuden denboran illotzak utzi dituela. Bederatzi urteko mutiltxo bat il zan erri batean, eta jatxi zan betiko su, eta garren artera, zeren ukiera itsusi bat egin zuan bere arrebatxo batekin, eta il zan. Au onela izan, eta gabiltza añ ardura gutxirekin!

        Il bearrak gera beraz, nere Kristaua, eta eztakigu, noiz, non, eta nola ilko geran, baña badakizkigu bi gauza guretzat izugarriak. Oek dira, beñ bakarrik il bearra, eta txit garratz eta samiña izatea eriotza bekatariarentzat. Il bearrak, eta bein bakarrik? au da gauza bat gau, ta egun kezkaz beterik iduki bear gidukeana: ongi, edo gaizki iltzean dago alabaña gure betiko edo zori ona, edo zori gaiztoa. Zori onekoa izango da Jaunaren grazian iltzen dana, zeren betiraunde guzian biziko dan betiko bizitza doatsuan, baña zori gaiztokoa gaizki iltzen dana, zeren betikotasun guzian egongo dan Zerutik erbestetua, eta infernuko su, eta garren artean. Beraz gure betiko zori ona, edo gaiztoa eriotzako une, edo pauso ura ongi, edo gaizki ematean dago, eta au beñ bakarrik egin bear dan gauza da. Bitan, edo irutan egin bear baliz, lenengoan pausoa utsegin arren, bigarren, edo irugarren aldian zuzendu liteke lenengo utsegite, eta okerra: baña beñ bakarrik emango da pauso ura, eta beñ onetan utsegiten bada betiko utsegingo da. Eta alaere emengo arazo, eta ezerezean biotza ipiñirik bizi gera kezkarik bage? Eta Kristaurik geyenak beren urteak igarotzen ditue bekatuan? Nola ongi emango due oek azkeneko pauso ura, sayatu ezpadira beñere orduan egin beardana ikastera? Eun millatik ozta bat ongi iltzen da bizitza gaiztoan dirau-enetatik, esan zuan S. Jeronimok. Gertatzen da bekatariakin gai onetan bidez zijoan batekin gertatu omen zana. Bazijoan au bere bidean, eta aditu zuan atzetik lasterka zetorrenen baten oñotsa. Begiratzen du, zer ote dan, eta ekusten du, nola darkion aberetzar izugarri bat adar bakoitza. Bereala asi zan lasterka alegin guziaz, baña adar bakoitza zerraikion, inguru guziak orroaz izutzen zituala. Arkitzen du lize-zulo bat, eta saltatzen da ara. Lizearen sayets batetik zabaldurik zeuzkan adarrak lertxun batek: eldu, edo itsatsi zien oei, eta geratu zan zinzilika. Onela zegoala, begiratzen du goronz, eta ekusten du adar bakoitza, lizearen goiko erzean berari itxedoten. Begiratzen du beronz, eta ekusten du dragoitzar bat, begietatik sua dariola, eta autzarra zabaldurik irintsitzeko zinzilika zegoana. Begiratzen dio lertxunari, eta ekusten du, sustrayak ebakitzen ari zaizkala kirra, kirra bi sagu, bata zuria, eta bestea belza. Perill andian zegoan zinzilika zegoana. Alaere añ txoroa, eta ezereza izan zan, non ardurarik gabe zegoan, lertxunaren orrietatik erortzen ziran, tanta, edo txirrista goixo batzuek auaz artzen zituala. Asma diteke zenzugabekeri andiagorik? Eta nor ote da bidez zijoan gizon txoraiska au? Nor gu baizik? Jayo giñanetik bidez goaz betiraunde, edo eternidadera. Zer aditzera ematen du adarbakoitzak? Eriotza, iltzea alabaña beñ bakarrik egiten dan gauza da, eta orregatik adarbakoitzaren izenez aditzen da eriotza, Zer aditzera ematen du aua zabaldurik zegoan dragoitzarrak? Betikotasuna, edo eternidadea; onek irintsitzen ditu iltzen diran guziak, eta ez du onera bidaltzen iñor ere. Zer lizeak adirazten digu? mundu au, eta lizearen sayetseko lertxunak aditzera ematen du gure emengo bizitza, zenbait aldiz berekin izan oi dituan, atsegin-apurrakin. Zer bi saguak? Eguna, eta gaua, eta oek beti ari dira kirra, kirra gure bizitzaren sustraya ebakitzen. Alaere llilluraturik gaude emengo atsegin-apurrakin, eriotzaz aztuak. Gizonen umeak, deadar egiten digu Dabidek: Filij hominum: zergatik maite dezue utsa, eta billatzen dituzue iduripen besterik ez diran gauzak? Ut quid diligitis vanitatem, et quaerilis rnendacium? (Psal. 4.)

        Eriotzaren gañean dakigun beste egia izugarria da, txit garratz, eta samina dala bekatariarentzat. Ozta igerritzen du bekatariak iltzera dijoala, bereala asaldatzen due bere bekatuak, eta esan dezake Dabidek ziona: ezin konta al bekatuk inguratu naue: atxitu naue nere gaiztakeriak: (Psalm. 39). Ekusiko du, asko bekatu egin, eta eragin dituela, eta asko anima galdu dituala, bearbada betiko. Ekusiko du Jaunaren Itzagandik, eta Sakramentuetatik igesi ibilli dala, edo gaizki artzen zituala. Begiratuko dio gerokoari, eta ekusiko du, laster joan bear duala Jaunari bizitza guziko kontuak ematera. Eta bere bizitza gaiztoak esaten dio, nola irten ditekean. Zer egingo du bekatariak estutasun onetan? Damuz, eta negarrez biurtu liteke bere Jaunagana; baña añ izutua, añ motela, eta ezer ez biurtua utzi du bereala ill bearrak, non ezertako ez dagoan. Orregatik esaten digu Espiritu Santuak: O eriotza! zeñ samiña dan zure oroipena emengo gauzetan biotza daukanarentzat: O mors! quam amara est memoria tua homini pacem habenti in substantijs suis (Eccli. 41). Estutasun onetan bere barrunbeak esango dio Moisesek Israeltarrai esan ziena: Non dira zuen Jaungoikoak, edo Jaungoikoaren lekuan amatu dituzuenak? Ubi sunt Dij eorum? Non dira etxeak, lurrak, basoak? Non dira adiskideak? Betoz, eta atera zaitzeela estura orretatik: Surgant, et opitulentur vobis, et in necesitate vos protegant (Deutero. 32). Orra, zeñ garratz, eta samiña dan bekatariarentzat eriotza.

        Zer ote da oraiñ, nere Kristaua, guk egin bear deguna? Zer, ezpada Jaunak ematen digun denboraz baliatzea, gure bizitza zuzentzeko, eta aurrera Jauna benaz serbitzeko? Au guk egiten badegu, berak lagunduko digu azkeneko gure orduan. Justua noiz nai, eta nolanai datorrela eriotza, joango da betiko atsegin, eta kontentuen artera, esaten digu Espiritu Santuak: justus si morte praeoccupatus fuerit, in refrigerio erit (Sapien. 4). Ala gerta dedilla zuekin, eta nerekin. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa