www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA LAUGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Azaltzen da Jaunaren Legeko zozrtzigarren Agintea.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Leneko itzaldi batzuek izan dira Jaunaren Legeko zazpigarren, eta amargarren aginteen gañean. Igaro gaitezen oraiñ zortzigarren Agintera. Ez dago betiko bizitza iristeko biderik gure lagun urkoa amatzen ez degula. Orregatik agintzen digu Jaunak maite izan dezagula geren buruak bezala: Et proximum tuum sicut te ipsum. Era onetan bere lagun urkoa amatu nai duanak onratu bear ditu gurasoak, eta au agintzen digu laugarren aginteak. Ez dio kalterik egingo lagun urkoari bere bizitzan, eta bizitzari dagozkan gauzetan: eta au agintzen zaku bostgarren agintean. Lagun urkoak gorputzaren bizitzat gañera badu beste bat askoz balio andiagokoa, eta da animarena, eta debekatzen zaku bostgarren Agintean bizitz onetan kalterik txikiena ere egitea gure lagun urkoari. Era berean egiaz amatzen duanak lagun urkoa, ez dio garbitasunaren kontrako biderik prestatuko, eta ezkondua bada ez dio gerrarik emango. Eta au agintzen zaku seigarren ta bederatzigarren aginteetan. Emen bizitzeko gauz askoren bear gera; eta lagun urkoa amatzen duanak, opa bear dio on guzia, eta ez dio kalterik egingo bere izan, edo ondasunetan, eta au agintzen zaku zazpigarren, eta amargarren Aginteetan. Atzenean badu lagun urkoak beste ondasun bat prezio txit andikoa, et da onra, eta izen ona, eta ez diogu alde onetatik ere kalterik egin bear, amatu nai badegu. Orregatik zorzigarren Agintean debekatzen zaku lagun urkoari bere onra, eta izen onean kalte egitea. Zortzigarrena falso testimoniorik ez altxatzea, eta gezurrik ez esatea, dio dotrinako liburutxoak. Gaur aditzera eman nai dizuet, lenengo lekuan: zer debekatzen digun Aginte onek. Urrena, zer agintzen digun. Enzun arreta onarekin, nere Kristaua; enzun, aurrera lagun urkoaren onra, eta izen onari begiramentu andia gordetzeko asmoarekin.

 

* * *

 

        Zorzigarren Agintean esaten zaku: falso testimoniorik ez altxatzea, ta gezurrik ez esatea.

        Aginte onetan debekatzen zaku lenengo lekuan bide gabe duda gaiztoai leku ematea. Duda, edo enura da ez da sinistea osotoro gauza gaiztoa lagun urkoaren kontra, baizik zabuan bezala geratzea: ote da, ez ote da. Onetarako bide andia danean ez da bekatu. Ezpada bear adiña bide, orduan izan oi da bekatu beniala, gizon jakintsu askok, edo geienak erakusten diguenez. Baña duda, bidegabe, eta gauza txit itsusiaren gañean bada, orduan izango da bekatu larria, egin dezagun kontu; dudan jartzen bazera: urlia ote da Judua, edo herejea.

        Aginte onek debekatzen du bigarren lekuan bide gabe lagun urkoaren kontra sospetxa gaiztoak egitea. Sospetxa, gauza gaiztoaren gañean egiten ezpada, ez da bekatu: eta gauza gaiztoa izan arren, txikia bada, sospetxa ere izango da txikia. Baña zer aditzen da sospetxaren izenez? Ara zer. Demagun: gogoratzen zatzula, urliak, edo sandiak egin duala gauza gaizto larri bat: zure adimentua zabuan dabill: ala ote da? ez ote da? balanza batzuetan etziten da baietzera, besteetan ezetzera: atzenean geratzen da balanza makurtua baietzera, baña ez osotoro, baizik zerbait. Au da sospetxa. Bear adiña bide danean, ez da bekatu: gauza txikiaren gañean danean, bekatu beniala da; baña gauza larri txit itsusiaren gañean sospetxa bidegabe egitea izan oi da bekatu larria.

        Aginte onek debekatzen du irugarren lekuan, juizio gaiztoak egitea lagun urkoaren kontra. Zer aditzen ote da juizioaren izenez? juizioa ez da, lagun urkoaren kontra gauz itsusiren bat gogora etortea, edo gogotik ezin kendurik ibiltzea: egin dezagun kontu: urlia aurdun da, sandia lapurra da: gogorazio oek ez dira juizioak sinistea eman artean. Demagun, zure adimentua, gauz oek gogoratzean, balantzan bezala jartzen dala, eta atzenean baiezkora osotoro etziten dala, eta sinisten duala urlia aurdun, eta sandia lapurra dala. Au da juizioa. Juizioa ez da beti gaiztoa, gauza gaiztoaren gañean izan arren, baldin artarako bear adiña bide bada. Demagun, urliak ez duala artosororik, eta artoa izateko modurik ez diruz, ez bestela; ekusten dezu au, eta badakizu gañera, zerri galanta azitzen duala, eta diozu zeregan: etzaio asko kostatzen urteko urdaia. Ekusten dezu, sandia gau, ta egun dabillela mutillen billa, eta diozu: abill abill, ez aiz onean geratuko: juizio oek gauza gaiztoaren gañean dira, eta alaere ez dira gaiztoak, zerren artarako bide andia dan. Biderik gabe eta gauz andiaren gañean juizio gaiztoa egitea berez bekatu larria da; baña zerbait ezaguera gai onetan izan dezazun, aditu arretaz esatera noana.

        Batzuek juizio gaiztoetan dira txit errazak, eta lasaiak. Lasaiak benikbeñ izan oi dira gaizki bizi diranak, zerren uste duen, berak bezala besteak ere dabiltzala. Lasaiak izan oi dira urrena lagun urkoaren kontra gorrotoan daudenak. Asko da oenzat iduripen bat, osotoro sinisteko, etsaiak egin duala onelako, edo alako bekatu, edo gaiztakeria: ainbesteraño itsutzen ditu gorrotoaren lañoak, non juramentu egingo lukeen ala dala. Baña lagun urkoa biotzetik amatzen duanak nekez sinisten du, arentzat gauza gaiztoa; eta zerbait gertatuta ere alegiñean edertuko du. Lasaiak izan oi dira atzenean, azti-zaña, edo igerrimentuaren doaia duela uste duenak. Begira zañak niri eman ezkero, esan oi due.

        Beste batzuek beldurtiegiak izan oi dira gai onetan, eta uste due, bizitasunarekin lagun urkoaren kontra gogoratzen zaizten gauza gaizto guziak juizioak dirala, eta bekatu andietan erortzen dirala. Enzun bada itz bi gauz onen gañean. Lenengo lekuan: gauzarik gaiztoen, et itsusiena gogora etorri arren, ez da au juizioa, eta ez da bekatu, lekurik ematen ezpazaio. Bigarrena: askotan gertatzen da borondateak nai ez izatea alako gogoraziorik, eta alaere gogorazioak aldegin nai ez izatea, eta aldegin bearrean, setaz bezala barrunbean esatea: Ala da, bai ala da. Alaere gogorazio oek ez dira bekatu larriak bizitz onean diarduen animetan; zerren borondateak sinisterik eman nai ez dien. Irugarrena: juizio gaiztoa ez da bekatu larria, baldiñ alde guzietara begiraturik, gaia, edo sinisten dan gauza andia ezpada. Ala gerrari lasai bat neska-zurrian, eta bekatuaren bideetan dabillela sinistea, ez oi da izan juizio gaizto andia, zerren era onetako urliak desonratzat ez dauzkeen bekatu oek. Laugarrena: juizioa gaiztoa izan arren, ez da bekatu larria, ezagutzen ez dezunen baten kontra egin badezu. Ekusten dezu emakume bat illunzean kale ezkutu batean; ez dezu ezagutzen, eta ez dezu biderik gauza gaizto andirik sinisteko; alaere diozu: usakume onen bat izango da ori. Juizio au ez da bekatu larria, zerren emakume ura ezagutzen ez dezun, eta gauza jakiña da askoren artean asko dirala bide gaiztoetan dabiltzanak.

        Zortzigarren aginteak debekatzen digu laugarren lekuan lagun urkoari egotzitzea ez duan tatxa, edo egin ez duan gauza gaiztoren bat, dala Juezaren aurrean, dala bestela: eta oni esaten diogu testimonio falsoa altxatzea. Da bekatu larria badatorkio emendik lagun urkoari kalte andia bere onra, izen on, edo beste ondasunetan: eta kalte oek desegiteko alegiña egin gabe ez dago barkaziorik. Onela mingaiñ madarikatua infernua bera baño ere gaiztoagoa da, Eskritura Santak dion eran: Utilis potius infernus, quam illa (Eccle. 28 v. 25): infernuak alabaña ez dio kalterik egiten oben, edo kulparik ez duanari, baña mingaiñ gaiztoak norinai, kulparik ez duanari ere barkatu gabe, batez ere gorrotoaren suak ukitua badago. Onelako bat gaixotu zan: egin zan alegiña, Zerurako bidean jarri zedin; baña alperrik. atera zuan mingaña: bereala puztu zitzaion auan eziñ kabitu zitzaion eran, eta ala il zan.

        Zorzigarren aginteak debekatzen digu bostgarren lekuan lagun urkoaren tatxa egiazkoak ere baña ixilik daudenak, edo barreatu gabeak agertzea. Au ere bekatu larria da, lagun urkoari emendik badatorkio kalte andirik bere onra, izen on, edo beste ondasunetan. Baña nork aintzakotzat ezagutzen ditu bekatu oek? Jauna dio batek, esan det nik lagun urkoaren tatxa, edo utsegite andi bat baña bati bakarrik, eta ixilik idukitzeko itzarekin. Bati bakarrik. Eta eztakizu, lagun urkoaren izen, edo onra gutxitzen, eta beztutzen dezula era orretan? ixilik idukitzeko itzarekin? Atozea, eta zuk ixilik gorde ezin badezu, nai dezu beste ark iñori ez esatea? Era onetan aste batean sukaldez sukalde zabalduko da lagun urkoaren tatxa, ixilik gordetzeko itzaren azpian. Obe luke utsegiteren bat gertatu zaionak, baldin bestek badaki arzaiagana joanda esatea: Jauna au gertatu zat: eztaki batek baizik, baña onek norbaiti esan degion baño len, onena izango da, berorrek pulpitutik dana dan bezala esatea, eta erregutu dezeela nigatik. Era onetan batetan jakingo luke erri guziak, eta ez lirake egingo erausiakin egin oi diran bekatuak. Jauna, dio besteak: egia da, nik esan dedala urliaren tatxa, edo utsegite anditxo bat; baña ez da nik altxa, edo asmatua. Atozea, eta ez dezu ekusten, ori dala bestek lagun urkoari egin zion zauria berritzea, eta sendagaia ipiñi bearrean, gaiztoago ipintzea? Jauna, dio urliak: nik esana egia da. Atozea eta eztakizu, ez dala esan bear egia guzia? Zuk, eta nik egin ditugun oker guziak agertuko balira, nolakoak geratuko giñake? Jauna, nik gauz ura esan orduko, barreatua izango zan, aditu nuan alabaña bi edo iru lagunen aurrean. Atozea, eta zerren an arkitzen ziran bi, edo iru, orrenbesterekin barreatutzat eman nai dezu lagun urkoaren utsegitea? Gauza bat errian barreatua dala esateko, jakin bear due geienak, edo beintzat ainbestek, non uste izan ditekean, laster zabalduko dala errian.

        Zortzigarren aginteak debekatzen digu seigarren lekuan, lagun urkoaren utegite, eta tatxak borondatez aditzen egotea, esateko bidea ematea, eragotzi bear lukeenak ez eragoztea. Batzuek poz andiarekin egon oi dira lagun urkoaren oker, eta tatxak aditzen, zerren beren gogokoa ez duen urlia, edo zeren gorrotoan dagoan arekin. Ez da oentzat txerrebeta, eta soñu añ gozorik, nola dan lagun urkoaren kontrako gauzak aditzea. Beste batzuek ez daude gorrotoan, eta ez dira poztutzen aditzen dituen erausiakin. Zer egin bear due oek? Eragozteko eskurik ez duenak, aurpegi illuna ipintzea onena izan oi da. Aurpegi illlunak desegiten ditu mingaiñ gaiztoen erausiak, iparrak euria bezala, dio Espiritu Santuak: Ventus aquilo disipat pluvias, et facies tristis linguam detrahentem (Prov. 25). Baña ez da asko au guraso, ta eragozteko eskua duenentzat: oek eragotzi bear dieza beren mendekoai lagun urkoen onra, eta izen ona beztutzea; bestela, beartuak egongo dira kalteak desegitera. Nork esan, zenbat kalte alde onetatik datozen? Iru eriotza egiten ditu batean onela gaizki itzegiten duanak: iltzen du bere anima: iltzen du aditzen dagoanarena, eta iltzen lagun urkoaren izen ona; eta au bera egiten du eragotzi bear duanak eragozten ezpadu. Orregatik ez da erraz erabakitzea, zer dan gaiztoago, edo lagun urkoaren kontra gaizki itzegitea, edo aditzen egotea, esan zuan S. Bernardok: Non facile dixerim (lib. 2 de consid. ad Eug.).

        Zorzigarren Aginteak debekatzen digu zazpigarren lekuan agertzea, ixilik gordetzeko itzaren azpian, esan zakun gauza. Au da gauza bat jentillak ere ezagutu duena, oen artean Senekak. Erre, jo, edo ill nazazu, dio onek; baña ez det agertuko ixilik gorde bear dana: Ure, caede, occide: non prodam. Baña egungo egunean ez da onenbeste estutasunen bearrik gauzarik ixillen, eta larrienak ere esateko.

        Zorzigarren aginteak debekatzen digu gañera, lagun urkoari bere aurpegira esatea, dagokan begiramentu, edo onra kentzen, edo gutxitzen dioen gauzak; egin dezagun kontu gurasoari: alperra, buru gaiztokoa, etxe, eta umeen galgarria. Au geienetan izan oi da bekatu larria.

        Zortzigarren Aginteak debekatzen digu bederatzigarren lekuan, lagun urkoari aurpegira ematea bakarrik, edo iñoren aurrean lotsatzeko gauzaren bat edo berea, edo aurrekoena: eta askotan, edo geienetan izan oi da bekatu larria. Batzuetan gerta diteke onelako gauzak esatea, ez aurpegira, baña bai dagokanari esango zaion lekuan ,eta au da aurpegira esatea bezala. Badira gañera asko, edozeñ gauza esatera, eta aditzera oituak daudenak: oek elkarri eranzun oi diozkee, edozeñ gauza, berenez lotsagarriak; eta alaere ez oi ditue ezertan artu. Gizon jakintsuen iritzian gutxitan omen dira bekatu larriak oen arteko eranzukiak gorrotorik ezpada.

        Zorzigarren Aginteak debekatzen digu amargarren lekuan, lagun urkoen arteko pake, eta adiskidetasun ona galerazo dezakeen erausi, eta iskindeak erabiltzea. Au berez da bekatu txit larri, eta itsusia, eta Espiritu Santuak dio: madarikatua izango dala onelako mingaiñ gaiztoa, zeren pakean zeuden asko asaldatuko dituan: Susurro, et bilinguis maledictus erit, multos enim turbabit pacem habentes (Eccle. 28). Au erraz gerta diteke, etxeetan gertatzen diran gauzak mirabeak kontatzen baditue auzoetan: eta era berean leku ematen bazate etxez etxe, eta sukaldez sukalde ibilli oi diran zenbait atso ipui zaleri. Oek dira gorrotoaren, eta aserrearen sua erazekitzen duen aspoak. Onelako batez baliatu zan Demonioa, pakean bizi ziran, senar emazte batzuek gorrotoan ipintzeko. Etzuan logratu au berak, egiñ al guzia egin bazuan ere; baña atso madarikatuak laster egin zuan guzia. Artu bear zuan saria, eta zer sari eman ziola uste dezue? Artu zuan bizkarrean, eta gorputz, eta anima eraman zuan betiko su, ta garren artera.

        Atzenean zortzigarren Aginteak debekatzen du gezurra. Edozeñek daki, zeñ itsusi, eta lotsagarria dan gezurra esateko griña, eta lagun urkoaren kalte andia dakarrenean, bekatu larria dala. Alaere gauz egokia lizake emen azaltzea nola, eta zenbat gisatara maneatzen dan gezurra animen kalte andiarekin; baña geiegi luzatuko nintzake. Ukitu dezagun orain, zer agintzen digun zortzigarren Aginteak.

 

* * *

 

        Zer ote da au? Itz bitara biurtu nai det au. Lenengoa da amatzea gure lagun urkoa geren buruak bezala. Amatzen badegu lagun urkoa biotzetik, ez degu beraren onra, eta izen ona beztuko, eta ez gera ozka, eta aginka beraren kontra ariko; baña biotzetik amatzen ezpadegu, erraz autsiko degu zortzigarren Agintea. Lagun urkoa ziñez, edo benaz amatzen duanak, alegiñean edertzen, edo beintzat estaltzen ditu aren okerrak, eta egiten du Apeles pintore trebeak Errege Antigonorekin egin zuana. Errege onek agindu zion Apelesi, egin zezala beraren anz, edo pintura bat. Estutasun andian ekusi zan Apeles; zerren Errege begi batetik okerra zan. ezpazuan pintatzen zan eran, gaizki pintatuko zuan, eta pintatzen bazuan begi okerrarekin, aurpegira emango zitzaion bere tatxa. Zer egin zuan Apelesek, pintatu zuan ez aurkez aurke, baizik zear aldera begiratzen zuala. Onela begi okerra geratu zan ezkutuan, eta Erregeren iduria irten zan Txit ederra. Au egiten du askotan lagun urkoaganako onginai, eta amorio egiazkoa duanak. Ezkutatzen du, al badu, alde okerra, eta agertzen du denbora egokian, alde ederra. Bigarren lekuan Aginte onek agintzen diguna da gutxi itzegitea, premiaz kanpora; bestela irristatuko da mingaña lagun urkoen kontra berotzen danean. Itz asko duanak kalte egingo dio bere animari, dio Espiritu Santuak: Qui multis utitur verbism laedet animam suam (Eccle. 20). Era onetan bizi gaitezke Jaunaren lege Santak eskatzen digun eran, eta iritsi dezakegu betiko zori ona. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa