www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Konfesioak berritzearen gañean.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan, lenengo gauza da examiña: au da egindako utsegite, edo bekatuak gogora ekartzea. Batzuetan examiña egiten da azkeneko konfesiotik oraindaño, eta onen gañean izan zan azkeneko Erakusaldia. Beste batzuetan egiten da aurtasunetik, eta besteetan geroagotik, konfesioak berritzeko. Examiña au egiteko inodua erakusten du lenbiziko Komunioaren liburuak, eta emen ikasten due aurrak.Orregatik ez naiz geratuko modu onen gañean itz egiten. Gaurko Erakusaldia izango da Konfesioak berritzearen gañean. Au izan diteke batzuentzat kaltetsua, besteentzat txit ona, eta askorentzat txit premiazkoa, Zerurako bidean jartzeko: eta ona gaur nik aditzera eman nai dizuedan guzia. Enzun, Kristaua, arreta andiarekin.

 

 

§ I.

 

        Konfesioak berritzea, edo ber-bera dana konfesio jenerala egitea izan diteke, eta izan oi da batzuentzat kaltetsua. Nor ote dira oek? Oek dira, len prestaera onarekiñ konfesioak berriturik, bizitza onari jarraitu dioenak, batezere berenez beldurtiak badira. Onelakoak garizuma, eta Misio bakoitzean, leku ematen bazate, berotu, ta nastuko ditue beren, eta konfesarien buruak, eta jarriko dira zentzua galtzeko perill andian. Jauna, esango due, eztakit, konfesio jeneralean nere bekatuak ongi esan, edo ongi aditzera eman nituan, edo ez: eztakit, onelako, edo alako bekatu esan nuan edo ez. Atozea etziñan prestatu alegiñean konfesio ona egiteko? Etzinduan esan zeregan arkitu zinduan bekatuak? Etziñan poz andi batekiñ geratu? Bai, Jauna. Zer zabiltza bada zere barren guzia erretzen, eta quixkaltzen? Jauna, eta ezpanituan ongi esan nere bekatuak, zertan nago ni? Demagun, utsegiñ zenduala, zerbait esatean: alaere zure bekatuak barkatuak geratu ziran, zeren zeregan ezagutzen zinduan eran esan zinduan. Oraiñ eztakizu utsegin zenduan, edo ez, eta ez dezu zer ibilli gauza zarrak irabiatzen. Zuk egiñ bear dezuna da itsu itsuan Konfesorearen esanera jartzea: eta au egiñ nai ezpadezu, zere kalte andian izango dezu seta ori. Ill bat agertu omen zitzayon bere adiskide bati. Adiskidea zan txit beldurtia animako gauzetan, eta bide andi gabe ibilli oi zan kezkaz betea. Bereala asi zitzayon illari bere beldur, eta kezkak esaten, baña etzion itz oek besterik eranzun: Galde zayezu jakintsuai, eta egizu aen esana. Itz batean: Utzi seta, eta umilki egiñ Konfesoriaren esana.

 

 

§ II.

 

        Konfesioak berritzea beste askorentzat da gauza txit ona. Lenengo lekuan, bizimodu, edo kargu peril andikoren bat artu bear duanarentzat, dala Apaizen, dala ezkonduen bizimodua. Bigarrena, bizitza berri on bat jayera andiarekin artu nai duanarentzat, batezere len askotan bekatu larrietan erori bada. Ala erakusten du S. Franzisko Salesek. Irugarrena, errietako karguetan jardun duanarentzat, batezere erriaren ondasunak eskutartean erabilli badira. Obe litzake ikazkintzan bizitza igarotzea, ezen ez erri batzuetan kargudun izatea, esaten diran gauzak egiak badira. Laugarrena, aserreturik, edo auzitan bizitu diranentzat. Bostgarrena, onginai, eta amorio gutxi elkarri izan dioen ezkonduak. Onelakoak bekatu askotan erortzeko perill andia due, onginai, ta amorioaren gozagarria aitutzen bada, eta gozagarri au ugaritzeko ona da konfesioak berritzea. Seigarrena, ona da konfesio jenerala len beñere egiñ ez duanarentzat, bere ustean zintzoro bizitu baliz ere. Dakuskun oraiñ norentzat dan premiazko gauza konfesioak berritzea.

 

 

§ III.

 

        Konfesioak berritzea da premiazko gauza bekatu larri, edo mortalen bat lotsaz konfesatu gabe utzi duanarentzat. Oen anzekoak dira, gauz itsusiren batzuek egiten dituenak, bekatu eriozko, edo mortalak izango dirala, edo izango ote diran barrenak esaten diela.

        Konfesioak berritzea premiazko gauza da bigarren lekuan, baldiñ sayaiu ezpada bat, Kristauari dagozkan gauzak jakiteko. Au bera aditu bear da, ezpadu batek arretarik bere karguaren egin-bideak ezagutzeko. Onelako asko arkituko da guraso, eta errietako kargudunen artean.

        Konfesioak berritzea premiazkoa da irugarren lekuan, baldiñ bekaturako bide, eta perill urkoan bizitu bada bat, eta utzi zezakeala, uzteko biotzik izan ezpadu. Gazteak, Zerurako bidea utzirik, gaitzeranz kolokatzen asitzen diranean, eotzen ditue bekatuaren sareak berentzat, eta beste askorentzat: eta oek uzteko biotzik ez dan bitartean, egiñ oi dira konfesio gaiztoak: eta noizbait zentzatzen badina, berritu bear ditue konfesioak bizitza gaiztoan asi ziranetik.

        Konfesioak berritzea premiazko gauza da laugarren lekuan, baldiñ batek bekatuan erortzeko oitura izan badu, eta konfesatu ondoan, ura garaitzeko neurri egokiak artu nai izan ezpaditu. Onelakoak izan oi dira biraugilleak, juramentuak nolanai, naiz egiaren, naiz gezurraren gañean egiten dituenak: gurasoai edozeñ lotsagabekeria erantzuten diezanak: edanean maiz igarotzen diranak: edari bizietara itsuturik, artoa, oieo zapiak, soñekorik onenak, gorputza, eta anima saltzen dituenak: itz loi desonestoak esateko, keñada lotsagarriak, ukiera zikiñak egiteko oituran bizi diranak. Oek egiñ oi ditue konfesio gaiztoak, zeren oitura oek uzteko biotzik ez duen. Orregatik esan zuan Jeremiasek: Oitutzen bazerate gaiztakerietara, onduko zerate Etiopiako beltzak bere larrua aldatzen, eta katamotzak bere nabardurak, edo mantxak uzten dituanean: esan nai du Profetak andia dala oitura gaiztoaren indarra, eta nekez utzitzen dala: Si Aethiops mutare potest pellem suam, aut pardus varietates suas, et vos poteritis bene facere, dum didiceritis malum (Jerem. 13). Garaitu diteke oitura gaiztoa, Jaunaren laguntzarekiñ neurri egokiak artzen dirala, baña ez oi da garaitu, zeren biotzik ez dan neurri oek artzeko, eta bakoitza bere oitura gaiztoakiñ dijoa obira, eta betiko su, ta garren artera. Esana dago: anz, azturak obiraño. Jauna, esango dezu: Ni denbora batean bizitu nintzan gaizki: bekaturako bide, eta oitura gaiztoetan igaro nituan onenbeste denbora. Ezagutu nuan nere anima galtzeko perill andian arkitzen nintzala: erabaki nuan bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegitea: egiñ nuan Konfesio jenerala, eta denbora puska batean iraun nuan bizitza onean baña gero lagun gaiztoen losentxakiñ, eta nere griña txarren leyarekiñ biurtu nintzan leneko gaiztakerietara, eta bizitu naiz len baño ere gaizkiago; baña konfesio on batekiñ jarri nai nuke Zerurako bidean. Onetarako jakiñ nai nuke, noizdanik berritu bear ditudan konfesioak, edo aurtasunetik, edo len egiñ nuan konfesio jeneraletik? Gai onetan gizon jakintsuen iritzia da, etzaudela beartua konfesioak berritzera aurtasunetik, eta asko izango dala len egiñ zenduan konfesio jeneraletik oraindañokoak berritzea, zeren konfesio jeneral ark onaren markak dituan. Besterik esan bearko lizake, konfesio jeneralaren ondoren sayatu ezpaziña bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta oitura gaiztoak uzteko.

        Konfesioak berritzea premiazko gauza da bostgarren lekuan, baldiñ denbora luzean bizitu bada bat lagun urkoaren kontra gorrotoan, edo gorrotoaren siñaleak agertzen diozkala; gaiztoak izan dira alabaña denbora orretako konfesioak. Ez nik gorrotorik esango du, baña beti egonda prest, etsayari txarkeria egiteko era datorrenean, azeria olloa atxitzeko prest egon dan bezala. Onelako gauzak beiñ baño geyagotan ekusten dira alde, auzo, eta errenteroen artean, noizbait txarkeriaren bat egiñ badie aideak, edo auzoak. Etxe batzuetan aurrekoetatik ondorengoetara igaro oi da gorrotoa, bekatu jatorrizko, edo orijinalaren eran. Ez nik gorrotorik, baña opa izan dio len, eta opa dio oraiñ, eman degiola Jaunak ordaña, esaten duala beregan: Niri eman dizkidan egunak eman degiozkala Jaunak berari ere: ez geyago, ta ez gutxiago, Amen, Amen. Ez nik gorrotorik, baña postutzen da etsayaren kaltea aditzean, eta illuntasunez betetzen da, arentzako berri onak aditzen baditu. Ez nik gorrotorik; baña etsayari, edo ukatzen, edo muzinka egiten diozu diosala, kopetarekiñ, sudurren: eta mokoaren erabiltzearekiñ adirazten dezula barrengo erra gaiztoa.

        Konfesioak berritzea premiazko gauza da seigarren lekuan, baldiñ besteren gauza jabeari biurtzeko, zorrai erantzuteko, eta erriari, edo lagun urkoai egiñdako kalteak desegiteko arretarik gabe bizitu bada bat; besteren gauzak alabaña, eta era berean artzekoak eta egiñ zaizkan kalteak deadar egiten due Jaunaren aurrean. Batzuek esaten due: testamentuan aginduko det bear dana. Atozea, zuk egiñ zentzakeala, ez dituzu oker oriek zuzendu, eta uste dezu, zure ondorengoak obeto zuzenduko dituala? Engañatzen zera, eta gai onetan esan nitzake neronek dakizkidan zenbait gauza; eta jakizu infernura zoazela testamentuarekiñ, edo testamentu gabe. Gañera beartua zaude, lenbaitlen gauz oriek zuzentzera utzigabe gerorako.

        Atzenean Konfesioak berritzea premiazko gauza da, baldiñ bizitu bada bat, bere estadu, edo karguaren egin-bideai erantzuteko zabarkeri andian: dala Erretorea, dala Alkatea, dala Errejidorea, Bolsero, Diputadu, edo beste Erriko batzarreelan sartzen dana.

        Orra, Kristaua, norentzat dan kaltetsua, norentzat txit ona, eta norentzat premiazko gauza Konfesioak berritzea. Jaunaren aurrean ongi begira degiogun gure bizitzari, zuzendu ditzakun egin ditugun okerrak, eta bizi gaitean Jaunaren beldur santuan, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa