www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGAREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO
BOSTGARREN AGINTEARI DAGOKANA

 

Azaltzen da bostgarren Agintea, eta adirazten da au ez autsitzeko egin bear deguna.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko itzaldietan aditzera eman ditut Jaunaren legeko laugarren Agintearen kontra egin oi diran bekatuak. Igaro gaitezen orain bostgarren Agintera. Au argiro zuen begien aurrean ipintzeko, azalduko ditut Agintearen itzak, eta urrena aditzera emango det, zer egin bear degun Aginte bera gordetzeko. Enzun Kristaua, arretarekin.

        Gizonak ditu iru bizitza-mota, gorputzarena bata, animarena bestea, eta irugarrena da onra, eta izen onarekin ezagutzen duen lekuetan bizitzea; gizonen artean alabaña onra, eta izen ona galtzea eriotzaren pare da, baña onen gañean ez degu emen itzegingo. Lenengo bizitza da, esan dan eran, gorputzarena, eta au bide gabe kentzea, ta kentzeko bideak ipintzea da bekatu txit itsusia. Orregatik, amar Aginteen legea eman zan baño lenago, esan zion Jaunak Noeri: gizonaren odola ixurtzen duan edozeñen odola ixuriko da: Quicumque effuderit humanum sanguinem, fundetur sanguis illius (Genes. 9). Geroago eman zuan amar Aginteen legea Synaiko mendian, eta esan zien Israeldarrai: Non occides, esan nai du: Ez dezu iñor ilko. Au da bostgarren Agintea. Itz oetan etzaku debekatzen idi, bei, ardi, eta gizonaz osterontzeko gauzak iltzea, eta debekatu lekuan, Jaunak berak eman digu gauz oek jateko eskua, eta bidenabar iltzeko ere bai. Beraz itz oek: Ez dezu iñor ilko debekatzen due gizona bide gabe iltzea, eta iltzeko bidea prestatzen duen gauzak egitea ere bai, nola diran jotzea, eritzea, puzoia ematea. Esan det Aginte onetan ez dala debekatzen idi, bei, ardi, eta gizona ez, beste gauzak iltzea. Ala erakusten digu S. Agustiñek, eta sinisten degu guziok. Alaere ez da ongi bizitza duen beste gauzakin ere gogortasun andia agertzea, eta gizon jakintsu askoren iritzian da bekatu beniala. Ez da gañera debekatzen gerra zuzen, eta bidezkoan etsaiak iltzea, eta au bera aditzen da gaiztagiñaz, baldin artarako eskua duenak ematen badieza eriotzaren pena.

        Gizonaren bigarren bizitza da animari dagokana. Bizitz au da animako graziaren doai miragarria. Espiritu Santuak animan ixurtzen du doai au bataioan, eta Konfesioko Sakramentua ongi artzen degunean. Doai au animan geratzen da, eta ez du andik aldegiten bekatu larriren batean erortzen ezpada. Ala erakusten digu gure fede santak. Doai onek piztutzen du bekatuan illa arkitzen dan anima, eta aienatzen ditu onen bekatu larri guziak. Elurra bezala txurituak geratuko dira zuen bekatuak, grana bezeñ gorriak balira ere, esaten digu Isaias Profetak: Si fuerint peccata vestra ut coccinum, quasi nix dealbabuntur (Isai. 1) Doai onek anima edertzen; eta apaintzen du era miragarrian, eta deitzen dio Jesusek eztaietako janziera: Vestem nuptialem (Math. 22). Doai onek egiten du gizona Jainkoaren. Seme, eta Zeruaren jabegai, eta onekin iltzen danari emango dio Jaunak betiko bizitza doatsua. Aditzen dezu, Kristaua, zer dan animaren bizitza? Bizitz au galeraztea lagun urkoari sarritan, eta era askotara gertatzen da, batzuetan bidaltzen dirala aur gixoak beste mundura bataio bage, besteetan ematen zaiola lagun urkoari bekaturako bidea. Onelakoak iltzen ditue, Jesusek bere bizitzaren kostuz erosi zituan animak, eta autsitzen due Jaunaren legeko bostgarren Agintea. Era onetan animak iltzea bekatu txit itsusia da, eta gorputzaren bizitza kentzea baño andiagoa. Ez du munduak gaurko egunean ezertan artzen bekatu au, eta izurriaren eran zabaldu da toki guzietan; esan diteke gaitz au egin dala itsaskor, eta nekez sendatu ditekean bezalakoa. Dakuskun oraiñ, zer egin bear degun bostgarren agintea gordetzeko.

 

* * *

 

        Zer ote da aginte au gordetzeko guk egin bear deguna? Lenengo gauza da gure gogo, eta biotzetan sendoro ezartzea bi aginte oek: Amatuko dezu zure Jaun Jaungoikoa zure biotz guziaz, zure anima, zure indar, eta alegin guziaz. Au da aginte guzien artean andiena, eta lenena, dio Jesu-Kristok, eta onetara biurtzen dira gañerako guziak; zerren gisa onetan Jauna maite duenak leialkiro egingo ditu beraren agindu guziak; orregatik esan zuan S. Pablok onginai, ta amorio au dala Aginte guzien betetasuna (Ad Rom. 13). Bigarren Agintea da: Amatuko dezu zure lagun urkoa zere burua bezala. Aginte onetara biurtzen dira lagun urkoaren onari dagozkan zazpi aginteak. Era onetan maite duanak bere lagun urkoa, onratuko ditu bere gurasoak: ez dio gaitzik egingo lagun urkoari: ez dio bekaturako biderik emango, eta ematen badio, ez dio onginai, baizik gorroto. Era berean, ez dio kalterik egingo beste ondasunetan, ez eta bere onra, eta izen onean ere. Orra nola lagun urkoaren onari dagozkan Aginte guziak biurtzen diran bat bakarrera, eta au da: amatzea lagun urkoa geren buruak bezala. San Juan Ebanjelista bere azkeneko urteetan Efeson bizi zan: adiñ andia zuan, eta bere ikasleak Kataberan eramaten zuen Elizara. Bere itzaldi, edo Platika guzietan etzien itz oek baizik esaten: Nere semetxoak, maite izan ezazue elkar: Filioli, diligite alterutrum. Aspertu ziran ikasleak, beti gauza bat adituaz, eta esan zioen: Maisua, zergatik beti gauz au esaten digu? Eranzun zien: zerren Jaunaren Agintea dan, eta au ongi egiten bada, bera bakarrik asko dan. Era onetan aditzera eman zien S. Joanek, elkar biotzetik amatzen badegu, gordeko ditugula gañerako Aginte guziak.

        Bostgarren Agintea gordetzeko guk egin bear degun, bigarren gauza da biotzetik amatzea gure etsaiak ere, bestela erraz autsiko degu bostgarren Agintea, gogoaz bederik. Eskriba, eta Fariseoak erakusten zuen lagun urkoaren izenez etzirala aditzen etsaiak, eta beragatik gorrotatu bear ditugula oek, eta au ontzat eman ezkero, ezerezera biurtzen zan bostgarren agintea. Baña Jesus onak itzaldi luze batean esan zien Juduai: Enzun dezue zuek, erausi izan dala; amatuko dezu zure lagun urkoa, eta gorrotatuko dezu zure etsaia: Audistis, quia dictum est: diliges proximum tuum, et odio habebis inimicum tuum, baña nik esaten dizuet: maite izan itzatzue zuen etsaiak: Ego autem dico vobis: diligite inimicos vestros (Math. 5). Emendik atera ezazu, Kristaua, aginte oni eranzuteko, ez dala asko gorrotorik ez idukitzea, eta onginaiaren irudipenak egitea, baizik egiaz, eta biotzetik amatu bear ditugula gure etsaiak, alako eran, non ala bear izatera, gure etsaiakgatik emango gendukean bizitza ere. Ala erakutsi zigun Jesus onak, guri onginaiez bizitza emateko zegoan denboran. Aginte berri bat uzten dizuet, esan zien elkar amatu dezazuela, nik amatu zaituztedan eran. Esaten bazien bezala: Nik amatu zaituet, artean nere etsaiak ziñatenean: amatu zaituet, ez nere onagatik, baizik zuei betiko bizitza eman naiez: amatu zaituet alako onginai, eta amorioarekin, non prestaturik nagoan dedan odol guzia zuekgatik, eta etsai guziakgatik ixurtzeko, eta gurutzean nere bizitza emateko. Esan bezala, egin zuan Jesus onak au guzia (Joan. 13).

        Bostgarren agintea gordetzeko guk egin bear degun irugarren gauza da, gure etsaiai ere aldan ongia egitea, eta aekgatik erregutzea. Ala erakusten digu Jesusek (Math. 5). Au egiten ezpadegu, ez degu gordeko bostgarren Agintea, eta ez gera Aita Zerukoaren ume egiazkoak izango. Aita barkagiezu, ez dakie alabaña zer egiten duen, esan zion Jesusek gurutzean zegoala.

        Laugarren lekuan egin bear deguna da gure etsaiari barkatzea, egin dizkigun, txarkeri, ta bidegabeak, ez nolanai, baizik biotz osoz; eta au agertu bear degu obretan. Au erakutsi zigun gure Erakusle on Jesus maitagarriak, ala Aitagurean, nola gurutzean. Au ez egitera, aditzera ematen degu, aspertuak gaudela Jesusen legearekin.

        Atzenean lagun urkoaren onaz ez degu illundurik, eta naigabez jarri bear, eta nekeren bat datorkionean ez degu atsegiñik artu bear: au guzia da alabaña enbidia esaten zaion griña zitalaren umea, eta onegandik etorri zan Kainek bere anaia Abeli bizia kentzea. Abel, Adanen bigarren semea, zan arzaia; Jaunari eskeñi ziozkan bere doaiak biotz prestu, ta garbiarekin, eta bereala aditzera eman zuan Jaunak, agradatu zitzaizkala. Kain Adanen seme nagusia, zan nekazaria: eskeñi ziozkan Jaunari bere doaiak; baña dirudianez biotz zimurrarekin, eta txarrenetik, eta etziran izan Jaunaren gogokoak. Enbidiaren suarekin erretzen jarri zan Kain eta kendu zion bizia bere senide onari. Asko degu gaurko.

        Aditu dezu, Kristaua, zer agintzen zakun Jaunaren legeko bostgarren Mandamentuan. Aditu dezu gañera, aginte au gordetzeko, zer egin bear degun. Esan dedana Jesusek berak erakutsi digu itzez, eta obraz. Egin dezagun bada gure Erakusle maitagarri onek añ ederki erakutsia, eta emango digu agintzen digun betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa