www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Agertzen da Komunio gaiztoaren itsustasuna.

 

        Azkeneko Erakusaldian aditu zenduan, Kristaua, Jesusen guganako onginai, eta amorioak zer asmatu zuan gurekin, eta gure artean bizitzeko, eta guri emateko bere ondasun guziak, eta bera dan guzia. Au izan zan, Zeruko bere jarlekua utzi gabe, denbora berean jartzea, eta egotea Aldareko Sakramentuan. Aditu zenduan gañera, gauza zeñ miragarriak egiten dituan onetarako, eta zer gertatu, eta gertatzen zayon gurekin. Ay! Kristaurik geyenak berandutik berandura baizik ez dira Jesusen mayera joaten, eta orduan ere gogoaren kontra, eta bekatuaren bideak uzteko biotzik gabe. Oek egiten due Komunio gaiztoaren bekatu itsusia. Beste asko omen dira Pazkoako denboran ere Konfesio, eta Komunioaren Agintea ezertan ez daukeenak, eta herejeen sospetxa ematen due. Oekin ez det orain itzegin nai, baizik oitu ditezen gazteak Jaun Andia prestaera onarekin artzera, aditzera eman nai diet alik ongiena Komunio gaiztoaren itsustasuna. Enzun, Kristaua, arreta andiarekin.

 

 

§ I.

 

        Edozeñ bekatu larri, edo mortal da eskergabekeri txit itsusia; bekataria alabaña altxatzen da Jaunaren kontra, eta itzez ezpada, obraz beintzat dio: ez det Jaun au serbituko. Espa au agertzen digu Jaunak Jeremiasen autik: Dixisti: Non serviam. Alaere bekatu larri, edo mortal guziak ez dira berdinak, baizik batzuek besteak baño itsusiagoak dira. Eta nolakoa izango ote da Komunio gaiztoa? Au nolerebait igerritzeko, begiraldi bat eman bear diogu Judasen bekatuari.

        Judas zan gizon bat Jesus onak auts-artetik onra andietara altxa zuana. Artu.zuan bere ikasleen artean: bere mayean iduki zuan denbora luzean, eta atzenean egin zuan bere Apostolu, eta Elizako kar-gudun andi. Nola erantzun ote zien Judasek onra, eta mesede oei guziai? Txit gaizki; bada saldu zuan bere Maisu, ta ongille Andia ogei, ta amar dirutan, eta ipiñi zuan Judu gogorren atzaparretan. Judasen bekatu au arteraño gertatu ziran bekatu guzien artean itsusiena zan dirudianez, eta lenengo lekua dagoka gaiztakerien artean, dio S. Leonek: Obtinet in facinore principatum (Serm. de Passione Chti). Añ itsusia iritzi zion Judas berak ere, non urkatu zuan bere burua. Ipintzu orain, Kristaua; ipintzu Judasen bekatu onen aldean Komunio gaiztoen bekatua, Zeñ ote da itsusiagoa? Askoz, eta askoz itsusiagoa da Komunio gaiztoa; Judasek alabaña beiñ bakarrik saldu zuan Jesus, baña, zuk bekataria, saldu dezu sarritan, edo Komunio gaiztoa egin dezun aldi guzietan. Judasek saldu zuan Jesus ogei, ta amar dirutan; baña zuk saldu dezu atsegin lotsagarri bategatik, edo obeto esateko ezerezean. Judasek saldu zuan Jesus, argatik bizitza eman etzuan denboran; baña zuk saldu dezu, zugatik gurutzean bizitza eman ezkero. Judasek etziakian, Jesus zala Jaungoiko, ta gizon egiazkoa; baña zuk aurtasunetik dakizu, eta sinisten dezu, Jesus dala Aita Betikoaren Seme bakarra, Trinidadeko bigarren Persona, eta Jaungoiko egiazkoa. Alaere izan dezu ausardia, bekatuz loitua zaudela beraren mayean jartzeko, eta zure barrunbe zikiñean sartzeko. Nork eztakuz, Judasen bekatua baño askoz itsusiagoa izan dala zurea? baña guazen aurreraxeago, eta begira degiogun Juduak Jesus illeraztean egin zuen bekatuari.

        Juduak beren odolekoa zuen Jesus, eta ainbeste mirari, eta ontarte egin baziezten ere, etzuen ezagutu nai izan beren Salbatzalletzat, eta aintzakotzat ezagutu bearrean illerazo zuen gurutzean. Izugarria zan Juduen eskergabekeria au; baña ongi begiratzen badezu, Kristaua, izugarriagoa da zure Komunio gaiztoen eskergabekeria. Juduak lotu zuen Jesus Getsemaniko baratzan: eraman zuen Jerusalena, eta erabilli zuen kalez kale, ela etxez etxe, txarkeri, eta bidegabe andiak egiten ziozkeela. Atozea, eta zuk ez dezu zere ortzen artean artu Jesus bera, eta loturik sartu infernuko dragoyaren lizean, edo bekatuz zikindua zendukan barrunbe orretan? Loturik diot, zeren ipiñi dezun, egiñ nai zizkitzun, ontarte, eta mesedeak eziñ egiñ ditzakean eran.

        Juduak azotez urratu, eta aranzaz koroatu zuen Jesus, eta ez diozu zuk ere au bera egiñ Komunio gaizto bakoitzarekin? Agertu zitzayon beiñ Jesus D.ª Santxa Karrillori zauriz betea, eta odola zeriola, eta esan zion: Orra zertako diran Komunio gaiztoak. Juduak nayago izan zuen Jesus baño Barrabas, eta deadar egiten zuen: ill bedi Jesus; eta zuk nayago izan dezu, zure biotzean bizitzea Satanas, ezen ez Jesus. Juduak beren gañean artu zuen Jesusen odola, eta eriotza: eta arreizkero badarraite Jaunaren madarikazioa. Eta zuk zere barrunbean sartu dezu odol ura bera, dakizula, zeñ izugarriak diran Komunio gaiztoak berekin dakartzian madarikazioak. Juduak illerazo zuen Jesus, baña etziakien ongi, Jesus zala Aita betikoaren Semea, eta agindurik zegoan Salbatzallea. Au aditzera eman zuan Jesusek berak, gurutzetik esan zionean Aitari: Aita, barkagiezu, ez dakie alabaña, zer egiten duen (Luc. 23). Eta S. Paulok dio, etzuela Juduak gurutzean illeraziko Jesus, nor zan ezagutu balue; Si enim cognovissent, nunquam Dominum crucifixissent (1.ª ad Corint. 11). Baña zuk, Kristaua, guziaren berri dakizula, komunio gaiztoak egin dituzu, eta bakoitzean zugan danez illerazi dezu, S. Paulok dionez. Beraz Juduen bekatua baño askoz itsusiagoa da Komunio gaiztoaren bekatua. Orregatik esan zuan S. Agustiñek, biguñagoak izan zirala Juduak: Milius peccaverunt Judaei.

        Komunio gaiztoaren itsustasunaren gañean esan dan piska au ez da gutxi, nere Kristaua, aditzera eman dan gauza bakoitzari ongi begiratzen bazayo; baña alaere ez da iristen S. Paulok gai onetan dionera. Apostolu Santu onen iritzian, batayoa ezkero bekatu egiten duanak, beregan danez berriro gurutzean ipintzen du Jesus, eta kentzen dio bizia. Diot beregan danez; zeren piztu zan Jesus beiñere ez iltzeko, eta eziñ berriz il diteke. Alaere batayoaz geroz bekatu egiten duanak, il nai du bere alegiñean eziñ il ditekeana. Rursum crucifigentes sibimetipssis filium Dei. Eta edozeñ bekatu larri, edo mortalegatik au badio Apostolu Santuak, zer esango ez du Komunio gaiztoaz? Dio benikbeñ, Jesusen gorputza, eta odola gaizki artzen dituanak, bizitza kentzeko alegiña egiteaz gañera, ekiten diela beraren gorputz, eta odolari, eta oben, edo kulpadun egiten dala oen kontrako bidegabe izugarri batekiñ. Quicumque manducaverit panem hunc, vel biberit calicem Domini indigne, reus erit corporis, et sanguinis Domini (1.ª ad Corint. 11). Itz oek aditzera ematen digue Komunio gaiztoaren itsustasuna alako eran, non bekataririk andiena ere arriturik gera ditekean.

        Demagun, Aita batek bere semeari dion amorioagatik, igarotzen dituala neke txit andiak, eta atzenean semeak egiñ dituan gaiztakeri batzuen barkazioa iristeko, ematen duala urkamendian bere bizitza. Aditzen du semeak au guzia, eta bere gaiztakerien damuz bere burua desegin bearrean, alako amorruan jartzen da bere Aitaren kontra, non illa ezpalego berak illko lukean. Laster egiten du hura dagoan obira; ateratzen du: erabiltzen du ostikopean: askatzen du ganibetaz gorputza, eta jaten diozka errayak. Esan zadazu, Kristaua: asma diteke eskergabekeri, ta gogortasun andiagorik? Jakizu bada, komunio gaiztoa egiñ dezun bakoitzean beste onenbeste egiñ dezula zure Aita on Jesus maitagarriarekiñ. Guri ongi nayez, eta gure bekatuen barkazioa iristeko, eman zuan gurutzean bere bizitza, S. Pablok dion bezala: Propter nimiam charitatem. Aditu dezu au, eta sinistu: eta zere bekatuen gañean negar egiñ bearrean, berriro gurutzean ipiñi nai izan dezu, eta zere alegiñean ipiñi ere dezu, dio S. Paulok. Baña ekusirik, beñ il zala, eta eziñ berriz il ditekeala, alako amorrua artu dezu beraren kontra, non ozka ekiñ diezun beraren gorputz, eta odolari, eta sartu dituzu zere barrunbe zikiñean. Arritu zaitezte Zeruak, eta desegiñ Zeruko ateak, ekusirik eskergabekeri, eta bidegabe añ itsusia, esan dezakegu Jeremiasekin: Obstupiscite Caeli, et portae ejus desolamini. Ez da onetan geratzen San Pablo, baizik dio gañera, komunio Santua gaizki artzen duanak, jaten, eta edaten duala bere betiko galera: Qui enim manducat, et bibit indigne, judicium sibi manducat, et bibit. (1.ª ad Corint. 11). Ala gertatu zan Judasekin eta ala gertatzen da egun oro beste askorekiñ. Sinisturik nago, erri bakoitzean noizean beiñ gertatzen dirala kastigu izugarriak Komunio gaiztoakgatik. Oetatik bat izan oi da Jaunak bere eskutik utzitzea bekatari eskergabea. Beste zenbait aldiz, Ostia Santua ezkutatu izan zayo Komunioko denboran bekatariari. Ala gertatzen zitzayola, esan zidan neroni onelako bekatari batek.

        Orra, Kristaua, zeñ bekatu itsusia dan Komunio gaiztoa. Emendik atera ezazu, gaztea, nolako ardura, eta arretarekin ikasi, eta egiñ bear degun Jesus maitagarria gure biotzetan ongi artzeko prestaera. Saya zaite, gaztea, neke piska onetara iritsi dezazun Jesus onak zuretzat prestaturik daukan, betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa