www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

1. Ematen dira Konfesio ona egiteko bear dan laugarren gauzaren, edo bekatuak aitortu bearraren berriak.

2. Adirazten da, nolako modua gorde bear lizakean Konfesioaren aurretik, eta konfesioko denboran.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan irugarren gauza da bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Asmo onen gañean naroro, edo ugari itzegin det. Laugarrena da Konfesioa, au da bekatuak aitortzea, edo esatea barkatzeko eskua duan Apaizari, eta onen gañean izango da gaurko Erakusaldia. Lenengo lekuan aditzera emango ditut, Konfesioaren, edo bekatuak aitortzeko degun, eginbidearen berriak. Aditzera emango det urrena, nolako modua gorde bear lizakean konfesioaren aurretik, eta konfesioko denboran. Enzun arretaz, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Fedeko gauza da, gure Salbatzalle Jesus maitagarriak utzi ziola bere Elizari beste Sakramentuen artean Konfesioa, edo Penitenzia deritzana, batayoa ezkero egindako bekatuak barkatzeko. Zerura igo zan baño lentxeago sartu zan Jesus Apostoluak zeuden tokira, eta esan zien: Arrezazue Espiritu Santua: Accipite Spiritum Sanctum: zuek barkatzen dieztezuenen bekatuak barkatuak izango dira, eta oraiñ bertatik barkatzen zaizte: Quorum remisseritis peccaa, remiltuntur eis: eta zuek barkatugabe uzten dieztezuenenak, barkatugabe geratuko dira: Et quorum retinueritis retenta sunt (Joan 20). ltz oetan eman zien Apostoluai, Obispo Jaunai, eta oen ondorengo Apaizai bekatuak barkatzeko eskua. Au sinisten ez duana ez da Katolikoa, baizik herejea, eta bere gañean du Elizaren eskomikua: Anathema sit (Trident. ses. 14, cap. 1.º et can. 1.º et 3.° de Paenit). Emanik era onetan Apostoluai, eta ondorengo Apaizai bekatuak barkatzeko eskua, agirian dago, bekatariak agertu, eta aitortu bear diozkala sendatzeko eskua duanari bere zauri, edo bekatuak. Emendik Eliz Ama Santak erakusten du, eta Katoliko guziok sinisten degu, bekatuak aitortzea, edo konfesatzea gauza bearra dala, barkazioa iristeko, eta besterik esaten duana eskomikatua arkitzen da: Anathema sit (Trident. cit. ses. can. 6 et 7º).

        Esan det, gauza bearra dala bekatuak aitortzea, edo konfesatzea, oen barkazioa iristeko: baña au aditu bear dezue bekatu larri, edo mortalentzat, zerren benialak aitortzea, ona bada ere, ez da premiazko gauza, Trentoko Konzilioak esaten digun bezala. Eta mortalak izan arren, barkatuko ditu Jaunak onezko damu, edo kontrizio osoarekin, eta konfesatzeko asmoarekin. Esan det gañera, aitortu, edo konfesatu bear zaizkala bekatuak barkatzeko eskua duan Apaizari. Anziñako denboran eriotzako perillean, eta Apaiz gabe arkitzen zanak norinai esaten ziozkan bere bekatuak, Españako legeak aditzera ematen diguenez, eta au bera egin oi zuen itsasoan zebiltzanak, perill andiren batean ekusten ziranean: baña konfesio au etzan Sakramentu, eta egiten zan Sakramentuaren naia erakusteko, eta Jaunagandik iristeko onezko damu, edo kontrizio osoa. Orduan usanza au zan: baña oraiñ ez lizake ongi Apaiz ez danari bekatuak aitortzea, edo konfesatzea, estutasunik andienean ere, zeren Luterok beste herejia askoren artean erakutsi zuan bat gai oni dagokana, esaten zuala, edozeñek, naiz gizonak, naiz emakumeak, duala konfesioak aditzeko eskua: eta estutasunean Apaiz ez danari bekatuak konfesatzen badiozka batek, nolerebait adirazten du, Luteroren eskolakoa dala, Aita Santu Benedikto amalaugarrenak dion bezala. Luteroren herejia baño lenago etzan ezeren perillik estutasunean norinai bekatuak esatean, baña geroztik bai: orregatik eriotzako perillean Apaizgabe dagoanak egin beza alegiña, sortzeko onezko damu, edo kontrizio osoa Apaizari bere bekatuak aitortzeko nayarekin, eta ez degiozkala konfesatu Apaiz ez danari. Bi gisatara egin izan da konfesioa Elizaren asieratik. Egin izan da benikbeñ oraiñ bezala, bakoitzak isilik belarrira esaten diozkala Apaizari bere bekatuak, eta au da modurik egokiena, edozeñek ezagutu dezakean eran. Egiñ izan zan gañera konfesioa Elizan zeuden Apaiz, Diakono, eta Kristau guzien aurrean, eta guziak aditzen zuela: baña lenago isilik esaten zitzaizkan Obispo Jaunak ipiñirik zeukan, Konfesoreari bekatu guziak, eta onek batzuetan agintzen zion bekatariari, beste penitenziaz gañera, egin zezala bere bekatuen aitormen, edo konfesioa Eliza guziaren aurrean. Baña gertatu zan Konstantinoplan, Nektario ango Obispo zegoan denboran, emakume batek guzien aurrean esatea bekatu itsusi bat, agertzen zuala, bekatuan lagun izan zuana. Emendik etorri ziran esanmesa andiak, eta utzi zan gutxika konfesio agiri au: baña naiz bata, naiz bestea, naiz biak ziran onak.

        Elizaren lenengo denboretan ez degu arkitzen Eliza beraren aginterik konfesioaren gañean. Zergatik au? Zeren denbora aetako Kristauak etzuen aginte-bearrik Sakramentuak sarritan artzeko. Añ jayera andia zuen Sakramentuetara, non Meza enzuten zuenean, guziak komulgatzen ziran; eta ekusia dago, ezin au egin zezakeela konfesio gabe bekatu larri, edo mortalen bat zuanak, S. Pablok dionez: Probet autem se ipsum homo (Trident ses. 13 cap. 7 de Euchar). Onela joan ziran zazpieun, eta geyago urte. Asi ziran Kristauak anziñako jayera ederra utzitzen, eta agindu zuan Elizak, urtean iru aldiz bederik artu zezeela Komunioko Sakramentua, au da Pazkoa loratuan, Mayatzekoan, eta eguerriz: eta Aginte bera aditu zan konfesiorako ere. Alaere etziran Kristaurik geyenak zentzatu, eta agindu zuan berriz Elizak, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartutako Kristau guziak aitortu degiozkeela beren bekatu guziak urtean beñ bederik barkatzeko eskua duan Apaizari.

        Gaitzarekin onaren ezaguera ez dator guzietan berdiñ: baña geyenak asi oi dira ona, eta gaitza ezagutzen zazpi urteetatik aurrera. Orregatik aurrak bidaldu bear dira konfesatzera zazpi urte baditue, eta gutxixeago izan arren, oitura ona da bidaltzea, S. Karlos Borromeok dion bezala. Konfesioa egin bear zayo, ez norinai, baizik barkatzeko eskua duan Apaizari. Len egin bear zitzayon Arzayari, edo onek siñalatzen zuanari: baña gero Elizak eman zion bakoitzari eskua, urte oro konfesio au egiteko Obispo Jaunak konfesioak aditzeko ipintzen duan, edozeñ Apaizekin: baña kanpoan konfesatzen diranak ekarri bear due agiria. Elizak siñalatu zuan urte oroko Komunioaren denbora, baña ez konfesioarena. Orregatik asko gizon jakintsuk dioe, konfesiorako urtea aditzen dala urte berritik urte berriraño; baña Iruñeko Apaiz nagusiaren mendeko Elizetan garizuman egin bear da konfesio au. Elizak konfesatzeko, eta komulgatzeko ipiñirik daukan Aginte oni erantzuten ez dion Kristauari, debekatu bear zayo Elizan sartzea, eta iltzen danean etzayo eman bear Eliz-lurrik: eta emen badu eskomikuaren pena ere. Pazkoatik illa beteren barrunbean konfesatzen, eta komulgatzen ezpada.

        Elizaren aginteaz gañera bada beste bat, Jesu-Kristorena; Jesu-Kristok alabaña utzi zuan Konfesioko Sakramentua bekatuaren eriotzatik animak pistutzeko, eta bekatuen zauriak sendatzeko: eta nai du artzea premia degunean bederik. Orregatik urtean beingo konfesioaz gañera, Kristaua beartua dago konfesatzera eriotzako perillean; Komunioko Sakramentua artu nai, edo bear duanean, baldin bekatuan badago; eta atzenean griña txarren bat ezin garaitu badu Konfesioko Sakramentuaren lagunzagabe. Ala gertatzen da askorekin: garizuman konfesatzen dira, eta urte guzian, edo denbora luzean Sakramentuak artzeko arretarik ez due ipintzen, eta frenurik gabe dabiltzan zaldiñoak bezala eyaka dijoaz bekatuaren bideetan.

        Orra, Kristaua, gure bekatuak aitortzeko, edo konfesatzeko, Kristau guziok degun egin-bidearen berriak. Dakuskun oraiñ, nolako modua gorde bear lizakean konfesioaren aurretik, eta konfesioko denboran.

 

 

§ II.

 

        Konfesatzera joan nai dezu? etzoazela konfesioaren idurian munduko gauzen billa. Batzuek joan oi omen dira bizilagunaren kontrako espadasunak agertzera, jakin dezan konfesareak nolako gizon, edo emaztearekin bizi diran. Kristaua, ez oitu era onetan konfesatzera: esaitzu zure bekatuak, eta ez nastu besterenak. Beste batzuek joaten dira Konfesioaren aitzakian limosnaren bat ateratzera. Oekgatik esan diteke Dabidek beste gauzatarako ziona: Konfesatuko zatzu, ontarte, eta mesedeak egiten diozkatzun bitartean: Confitebitur tibi, dum benefeceris ei. S. Felipe Neriri joan omen zitzayon beñ emakume bat konfesatzeko idurian, Santuaren bitartekotasunez iristeko S. Jeronimoren ordenako Erlijiosoak egun oro Erroman eman oi zuen ogia. Santuak Zeruko argiarekin ezagutu zuan, zertara zijoan emakumea, eta bidaldu zuan, konfesatzeko lekurik emangabe, esaten ziola: ez dago emen ogirik zuretzat. Omen dira gañera konfesatzera joaten diranak, Konfesorea bitarteko dala iristeko suerte ona. Konjuratzallea dagoan toki, edo errira bilduko dira gaizkinakin egiaz, edo gezurrez daudenak: eta au bera gertatuko da, jakiten bada, Erretore, edo Konfesoreren bat dala ezkonzagillea. Jauna, iñoiz joan naiz konfesatzera, Jaunarekin pakeak eginda, iristeko premia dedan, edo on nukean gauzaren bat: gaizki egiña ote da au ere? Ez; Konfesio, ta Komunio onak alabaña asko laguntzen due bear deguna Jaunagandik iristeko; baña gaizki egingo zenduke, Konfesioa aitzakiatzat artzea.

        Konfesatzera zoazenean jarri zaite belauniko. Gizonak ez due jarri bear ezpatarekin, ezeta emakumeak ere soñeko arro, eta geyegiakin. Ez dirudi ongi atskeriak, ezeta arrotasunak ere, eta are gutxiago goyak estaligabe konfesiora joateak. Orregatik Inozenzio, eta Klemente amaikagarrenak agindu zuen, ez dakiela Konfesio, ta Komuniorako lekurik eman bularrak, eta sorbalda estaligabe dijoazenai, eta estalkiak izan ditezela tapituak. Doña Santxa Karrillo joan zan konfesatzera Juan de Abila beneragarriarekin, baña alako janzierarekin, non esan zion Konfesoreak: infernu usaya dakar berorrek. Itz oek arpoi baten gisa igaro zuen Doña Santxaren biotza; biurtu zan etxera, utzi zituan soñeko arroen erakeriak, eta izan zan modestia, onestidade, eta birtutearen ispillua. Ez da ibilli bear besteri txanda kendu nayez; baña zarrai, eta eri daudenai leku egitea ongi dirudian gauza da. Ez dezu jarri bear besteren bekatuak aditzeko moduan, bestela erraz gerta liteke salokeri au bekatu andia izatea. Ustekabean aditzen badezu konfesatzen dagoanaren bekatua, ixilik gorde bear dezu bekatu larriaren azpian, Konfesore baten eran. Konfesioa asitzeko aurrean batzuek esaten due Akto Kontriziozkoa, eta ongi egiten due; besteak esaten due Ni bekataria guzia, ta ondo egiten due oek ere, zeren au izan dan Españako usanza; besteak Ni bekataria esaten due erdiraño asieran, eta beste erdia absoluzioko denboran: au ere ongi egiten da, eta au da S. Karlos Borromeok erakusten duan modua; baña zuentzat errazago izango da esatea Akto Kontriziozkoa, edo Ni bekataria osotoro. Batzuek Konfesioa asi baño len ematen omen ditue egun onak, eta, galdetzen bide due: Zer dio? Ongitxo dago? Gaizki egiña da au; zeren konfesioari dagokana baizik ukitu bear ez dan orduan. Besteak, konfesatzeko jartzen diranean, esaten omen due Abe Maria Purissima; gauz ona da au; baña era berean ona izango lizake esatea Letania. Onena da Elizak erakutsia daukan moduari ez erantsitzea ezer; bestela batak esango du: Abe Maria, besteak bizi bedi Jesus, besteak beste gauzarik.

        Konfesioko denboran utzi bear dira itz, eta ipui alperrak: itz loi edo desonestoak, eta besteren izen ona, edo fama galtzen duenak. Itz alperrak dira esatea: Akusatzen naiz, nere Jaungoikoa ez dedala amatu. Alperra da au, dio S. Franzisko Salesek, ez da alabaña aditzera ematen bekaturk batere, eta era berean alperra da esatea: Akusatzen naiz eriotzako orduan Deabruak akusatuko nauan guziaz. Urrena utzi bear dira itz loi, edo aragizkoak. Badira batzuek añ landugabe, eta basatiak, añ aberekiak, non eztakien seigarrengo bekatuak konfesatzen, aragien izen lotsagarriak aitatugabe. Atzenean utzi bear dira besteren izen ona, edo fama gutxitzen duen itzak. Batzuek agertzen ditue bekatuan lagun izan dituenak, besteak esaten ditue senarraren, edo emaztearen utsegiteak premiarik gabe, eta au guzia gaizki egiña da. Asko degu gaurko.

        Balia gaitezen, nere Kristaua, Jesus onak gure animak sendatzeko utzi digun Sakramentu onezaz. Oitu gaitezen, modu eder batean eta sarritan artzera. Onela garaituko ditugu gure griña txarrak, eta iritsi dezakegu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa