www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Azaltzen da Jaunaren Legeko lenengo Agintea.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Onetarako asi naiz Jaunaren legeko amar aginteak azaltzen, ispillu onetan ekusi ditzan bakoitzak bere utsegiteak. Gaurko itzaldia izango da Jaunaren legeko lenengo agintearen gañean. Enzun arretaz.

 

* * *

 

        Sinaiko mendiaren gañetik aditzera eman zuanean Jaunak amar aginteen legea, lenengoan esan zien Israeldarrai era onetan: Ni naiz zure Jaun Jaungoikoa: Ego Dominus Deus tuus (exodi 20): Ejiptoko lurretik eta katiberioko etxetik zu atera zaitudana. Nizaz landara, edo osteronzean ez dezu izan bear Jainkorik. Ez dezu egingo idolorik, edo Jainko gezurrezkoen anz, eta iduririk: ezeta Zeruan, lurrean, edo urtan lurraren azpian arkitzen diran gauzen anz, edo imajiñarik ere (aditzen da Jainkoa bezala onratzeko). Ez dituzu gauz oek adoratuko. Ni naiz, ni bakarrik zure Jaun Jaungoikoa. Orra zer esan zien Jaunak Israeldarrai lenengo agintean.

        Itz oetan ez da argiro esaten lenengo agintea dala Jaungoikoa gauza guzien gañean amatzea; baña ala aditzera eman zien Moysesek Israeldarrai, esan zienean: «Enzun ezazu Israel gure Jaun Jaungoikoa bat bakarra da: eta amatuko dezu zure biotz guziaz, zure anima, zure indar, eta alegin guziaz: eta gaur nik aditzera eman dizudan, Aginte onen itzak gordeko dituzu zure biotzean: kontatuko dieztezu zure umeai: gogoan erabilliko dituzu, etxean geldirik zaudenean, bidean zabiltzanean, lotara zoazenean, eta lotatik jeikitzean. Ipiñiko dituzu eskuan, siñaletzat loturik: erabilliko dituzu begi bien erdian, eta letraz ezarriko dituzu zure etxeko atalburuan, eta ateetan» (Deuter 6). Orra zer gisatan itzegin zien Moysesek Israeldarrai Jaunari zor diogun onginai, ta amorioaren gañean: eta Jesu-Kristok deitzen dio Aginte oni guzien artean andiena ta lenena (Math. 22). Orregatik ederki esaten da dotrinan, Jaunaren legeko lenengo Agintea dala: Jaungoikoa gauza guzien gañean amatzea.

        Lenengo Aginte oni guk ongi eranzuteko gauza bearra da lenengo lekuan fedeko Misterio, eta guri dagozkigun gauzak jakitea eta sinistea, ezin alabaña amatu dezakegu Jauna biotz osoz, beraren Ontasun baztergabea agertzen diguen Misterioak jakin, eta sinistu gabe. Orregatik alde onetatik utsegiten du lenengo lekuan dotrina jakiteko saiatzen ez danak. Bigarrena, fedeko Misterioak sinisteko neke pixka artu nai ez duanak, edo Akto fedekoak, egin bear diran denboran, egiten ez dituanak. Irugarrena fedeko gauzaren bat ukatzen duanak. Onelako asko izango dira gaurko egunean erri andietan; badira alabaña txoraska asko, gure auzoko gudarietatik fedearen kontrako gauzak ikasi dituenak, eta inkisizioaren beldurra kendu dan ezkero, nolanai itzegiten duenak. Begira, Kristaua, zaude sendoro Eliz ama Santa Erromakoak erakusten dizunaren sinistean. Ama au da egiaren irozgarri, eta Koloma, eta ezin utsegin dezakezu onek erakusten dizuna sinistean. Laugarrena, utsegin diteke lenengo aginte onen kontra fedeko gauzaren bat, oartua zaudela, dudan ipintzen badezu.

        Lenengo aginte oni guk ongi eranzuteko gauza bearra da bigarren lekuan Jaunagan uste, edo esperanza izatea, Jesusen eriotza bitarteko dala, eta beraren lagunzarekin alegiña egiten degula bear dan damua sortzeko, eta konfesatzeko, barkatuko dizkigula gure bekatuak, eta emango digula agindurik daukan betiko bizitza: gañera emango digula Zerurako bidean bear degun guzia. Uste edo esperanza au da Kristauaren gurutze, eta neke guzien gozagarria. Onek Martiriak alaitzen zituan oñaze izugarrien artean, eta onek ainbeste gazte prestu ezkutarazi ditu bakardadeetan eta paret-artean. Au da munduko itsaso onetan animaren onzia gordetzen duan aingura. Gai onetan utsegin diteke lenengo lekuan. Akto esperanzakoak egin bear diranean, egin gabez: eta gizon jakintsuen iritzia da sarritan egin bear dirala. Bigarrena, Jaunaren urrikaltasun, edo Miserikordiaz etsitzen bada, Kainen, eta Judasen eran. Irugarren lekuan ,esperanzaren kontrako bekatua da Zeruaren ustea, bakoitzak bere aldetik bizitz onari jarraitzen ez diola: au da herejia bat, Luterok erakutsi zuana. Laugarrena, uste izatea, nolanai, eta Jaunaren lagunza gabe irten ditekeala bekatutik: au ere herejia da. Bostgarrena, bekatuan irautea, eriotzako orduan bizitza ontzeko ustearekin. Seigarrena, bere naiez bekatuaren perill urkoetan sartzea, esaten duala batek beregan: joango naiz, baña uste det gordeko nauala Jaunak, edo Ama Birjiñak bekatutik.Au da zentzugabeko ustea; Jaunak alabaña laguntzen digu bekatuaren bideetatik aldegiteko; baña geren naiez aratzen bagera, ez digu bere laguntzarik emango, ez erortzeko, eta perillean era onetan sartzea bera bekatu da.

        Lenengo aginte oni eranzuteko gauza bearra da irugarren lekuan Jauna biotz osoz amatzea gauza guzien gañetik, ez nolanai, baizik beraren ontasun baztergabeari fedearen argiarekin begiraturik. Ezin guk ezagutu dezakegu ontasun au beregan dan eran; baña nolerebait ezagutzen degu, egin dituan, obra miragarrietatik. Obra oek batzuek dira gerenez degun argitasunarekin ezagutzen ditugunak. Ekusten dituzu Zeru eder oriek gau argi batean. Ekusten dezu, nola distiatzen duen izarrak. Ekusten dituzu lurreko loreak, arbolak, arri ederrak, urre, eta zillarrak eta diozu zeregan: gauz oek añ onak, eta ederrak badira, zer izango da oen Egillea? Zeñ on, eta maitagarria! Orra, nola zerez dezun argitasunarekin igerritzen dezun Jauna dala guziz on, eder, eta maitagarria, baña ezaguera onekin Jaun bera amatzea ez da asko lenengo Mandamentuari eranzuteko. Beste obra batzuek dira fedeak bakarrik erakusten dizkigunak, eta oen bidez ezagutzen, eta amatzen degula Jaunaren ontasun neurririk, eta mugarik ez duana, egingo degu lenengo Mandamentuak eskatzen duana. Atozea, kristaua, nondik dakizu, Zerurako egin zinduala Jaunak? Nondik Adanek galdu zuala eskubide, edo deretxa au guzia bere bekatuarekin beretzat, eta guretzat? Nondik dakizu, oker au zuzentzeko gizon egin zala Trinidadeko bigarren Persona Birjiña txit Santaren Sabelean Espiritu Santuaren obraz, gurutzean eman zuala bere bizitza: irugarren egunean piztu, ta berrogeigarrenean Zerura igo zala, eta etorriko dala biziak, eta illak juzgatzera? Nondik dakizu, ipiñi zituala Jesus maitagarriak zazpi iturri, edo Sakramentu graziaren ur gozoa beti ematen ari, eta beñere agortzen ez diranak oen artean Konfesioko Sakramentua bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzeko, eta Komuniokoa gure animen janari, eta edari izateko? Gauzoen berririk ez degu fedearen argiagandik baizik: eta oen ezaguerarekin igerritzen degu, au guzia guri ongi naiez egin duan Jauna nai, ta nai ez (esan oi dan bezala) beregan dala ontasun neurri, ta mugarik ez duana: eta era onetan amatzea da lenengo aginteak eskatzen digun eran amatzea, eta au sarritan egin bear degu, onetarako ipiñi da Akto fedekoak, esperanza, eta karidadezkoak egiteko usanz ederra. Jauna, ezin nere buruan sartu dira Akto fedekoak Elizan esaten diran eran. Atozea eztakizu dotrina? Eztakizu Kredoa? Sarritan esazu bada, eta onela egingo dituzu Akto fedekoak. Eztakizu Aita gurea? Esazu sarritan, eta egingo dituzu Akto esperanzakoak. Eztakizu Akto Kontriziozkoa? Esazu maiz biotzetik, eta onela egingo dituzu akto karidadezko, eta kontriziozkoa.

        Atzenean lenengo aginte oni ongi eranzuteko, gauza bearra da Jauna onratzea, eta adoratzea gauza guzien asiera, eta iturburua bezala: eta era askotara au egiten degu, batzuetan itzez, beraren alabanzak kantatzen, eta adirazten ditugula, besteetan geren buruak, eta ondasunak eskeintzen diozkagula; baña gauza guzien artean onragarriena da Meza Santa, eskeintzen zaio alabaña bere Seme bakarra, guzian berarekin berdiña.

        Jaunak nai du, bera ezezik, Birjiña txit Santa, Aingeru onak, eta Santuak ere onratzea, ez ordea Jainkoaren eran, baizik gure bitartekoak, eta Jainkoaren adiskideak bezala. Nai du gañera Jesusen, Birjiña txit Santaren, eta Santuen anz, edo imajiña ere onratzea, ez zeren gai onekin, edo arekin egiñak diran, baizik zeren Zeruan dagoana aditzera ematen diguen.

        Mandamentu onen kontra alde onetatik utsgiten da era askotara. Lenengo lekuan, baldin Meza eskeintzen bazaio gurutzeari, imajiñaren bati; Meza alabaña Jainkoari bakarrik eskeintzen zaio; eta imajiñaren baten aurrean Meza esaten danean ere, Jainkoari bakarrik au eskeintzen zaio, ez imajinari berari: era berean uste, edo esperanza ez da ipintzen imajiñan, baizik Jaungoikoagan. Bigarren lekuan gurutze, eta imajiñak onratzen badira duen gaiagatik, au da gauza debekatua. Irugarren lekuan, Mandamentu onen kontra utsegiten da, baldin Demonioaren lagunzaz baliatzen bagera bide onez ezin jakin ditzakegun gauzak jakiteko, edo gaitzen bat sendatzeko. Laugarren lekuan Mandamentu onen kontra bekatu egingo dezu Jaunaren etxe, ta itzari, gurutzeari, eta imajiñai galtzen badiezu dagoten begiramentu, edo errespetoa. Asko degu gaurko.

 

* * *

 

        Orra, Kristaua, Jaunak bere lenengo Mandamentuan agintzen diguna. Amatu bear degu gure Jaun Jaungoikoa, fedearen argiarekin beraren Ontasun baztergabeari begiratzen diogula. Amatu bear degu sarritan, eta amatu bear degu gauza guzien gañetik, esan nai det, añ biotz prestuarekin, non prest egon bear degun edozeñ neke, eta kalte irozotzeko, Jaunaren onrak ala eskatzen badu. Oitu gaitezen onetarako fede, esperanza, ta karidadezko afektoak egitera: aldegin dezagun bekatuaren bideetatik, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa