www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

Elizak anziñako denboran bekatariai ipiñi oi ziezten, penitenzien gañean.

 

        Ekusi genduan azkeneko aldian, zeñ gauza bearra dan Zerurako gure bekatuai dagoten penitenzia egitea, edo ber-bera dana satisfakzioa. Ekusi genduan gañera, nola au egin dezakegun erraz. Alaere nagiak gera, Zerurako egin bear ditugun gauzetan, eta txit minberaak penitenziaren izena duen nekeetarako. Emendik dator bekatariak erraz bekatura biurtzea, eta amiltzea betiko su, eta garren artean. Ez ote gera noizbait esnatuko, animako gure egiteko andiari benaz jarraitzeko? Onetarako gaur itzegin nai dizut, Kristaua, Elizak anziñako denboran bekatariai ipiñi oi ziezten, penitenzien gañean. Emendik aterako degu, zeñ gauza lotsagarria dan gai onetan guk degun zabarkeria. Euzun kontuz, edo arretaz.

 

 

§ I.

 

        Elizaren lenengo denboretan oraiñ bezala gutxi gora bera bekatariai ipiñi oi zitzaizten penitenziak. Bekatu isillai ipintzen zitzaizten penitenzia isillak; baña zenbait bekatu barreaturi penitenzia agiriak, eta au bera egin bear da, eta egiten da oraiñ ere, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala (Sesione 24 cap. 8 de Reform). Altxa zan Elizaren kontra ekaitz izugarri bat: eta asko Kristau eriotzaren beldurrez erori ziran idolatrian. Baziran hereje batzuek, onelako bekatariai barkaziorik ematen etzietzanak, damuz, eta negarrez eskatzen bazuen ere. Baña Eliz Ama Santak etzuan beñere ontzat eman gogortasun au, Ama urrikaritsuak bezala, etzien ukatu nai, bekataririk andienai ere, barkazioaren uste, edo esperanza, baña denbora berean etzuan nai barkazioaren erraztasunak geitu, edo ugaritu zitzan bekatuak. Orregatik ipiñi zuan bekatariai penitenzia eragiteko, eta atzenean barkazioa emateko modua. Siñalatu zituan penitenziarako denbora, eta mallak: siñalatu zituen Obispo Jaunak bekatu-mota bakoitzarentzat penitenziak, edo egin bear zituen gauzak. Lau malla ziran bekatariak igaro bear zituanak. Lenengoa Negartiena. Malla onetatik asitzen ziran bekatariak Obispo Jaunaren baimenarekin penitenzia egiten. Jartzen ziran Elizako ateetan kanpoko aldetik, zaku bat janzirik, buru motzean, gizonezkoak baziran. Negarrez erregutzen ziezan Elizan sartzen ziranai, urrikaldu zitezela aezaz, baña berak ezin sar zitezkean Elizan. Onela egon bear zuen denbora siñalatua bete artean. Bigarren malla zan Enzunleena, Elizako ateaz barrendik. Oek enzuten zuen Jaunaren itza, eta botatzen zituen Elizatik, sermoya bukatzen zanean. Gisa onetan zeuden, denbora erabakia igaro zedin artean. Irugarren malla zan auspez zeudenena. Malla onetako bekatariak egon oi ziran auspez: askotan etortzen zitzaiten Apaizak, buru gañean eskuak ipintzera, eta otoiz, edo orazioren batzuek esatera: agintzen zitzaizten barauak, eta beste obra onak, eta botatzen zituen Elizatik ofrendarako. Laugarren malla zan Meza enzuten zuenena. Lenengo iru malletan denbora siñalatua ongi betetzen zuenai utzitzen zitzaten Meza enzuten, baña ez Janaren mayean jartzen, ez eta ofrendarik egiten ere, penitenziako urteak bete artean, eriotzako perill andirik ezpazan. Debekatzen zitzaten ezkonza, zaldiz ibiltzea, eta festetara joatea. Bukaturik ongi agindurik zeuden gauzak, ematen zitzaten barkazioa, eta Komunio Santua; eta gero leneko bekatuetara biurtzen baziran, etzitzaten Sakramenturik geyago ematen eriotzako orduaz kanpora, Aita Santu Inozenzio lenengoak esaten digun bezala. Orra, zer mallak igaro bear zituen bekatariak, barkazioa iristeko. Eta nolakoak ote ziran ipiñi oi zitzaizten penitenziak? Au ongiena ezagutuko degu, Mandamentu bakoitzaren kontrako bekatuai ipintzen zitzaiztenai begiraturik.

        Lenengo Mandamentua da Jaungoikoa gauza guzien gaiñean amatzea, eta debekatzen du, eskuz egindako idolo, edo Jaungoiko gezurrezkoak. Eriotzaren pena ipiñi zuan Jaunak bere Lege zarrean bekatu onentzat (Exodi 21): eta Elizak onenbestrañoko penarik ipiñi ezpadu ere, eman izan diezte onelako bekatariai penitenzia luze, eta samiñak. San Basiliok agindu zuan, onelako bekatariak zeudela Elizako ateetan negartien mallan beren bizitza guzian, eta eriotzako perillaz kanpora etzekiela eman Sakramenturik (can. 73). Ez da oraiñ leku ozian idolorik; baña idoloen ordean adoratzen dira emengo izanak, eta aragizko anz, eta iduriak. Nolako penitenzia ipiñi bear lizake bekatu onegatik?

        Bigarren Aginte, edo Mandamentua da aren izen Santuaz juramentu alperrik ez egitea. Juramenta gezurraren gañean egitea gauz itsusia da Jaunaren begietan, zeren gezurraren estalki bezala ipintzen dan Jauna eta S. Basiliok siñalatu zion amaika urteko penitenzia (can. 64). Gezurrezko juramentu bati amaika urteko penitenzia bazegokan, zenbat urtetakoa ipiñiko zitzayon sarritan juramentuak nolanai egiten dituanari? Eta alaere penitenzia garratza dala uste dezu, illean beñ konfesatzea, eta goiz oro mihia denbora puska batean lurrean arrastatzea?

        Irugarren Mandamentua da festak, edo jai egunak santifikatzea. Lege zarrean Jaunaren egun, edo jai andia zan larunbata, eta autsitzen zuanari Jaunak ipiñi zion eriotzaren pena: Morte moriatur (Numer. 15). Arkitu zuen gizon bat larunbatean egurra egiten: eraman zuen Moysesegana, eta illerazo zuan arrika. Jesusen legea ez da añ gogorra: alaere jayak autsitzen zituanari ipiñi oi zitzaizkan penitenzia samiñak. Ara oetatik batzuek. Iru igandetan Elizaratzen etzanari, erritik kanpoan ezpazan, debekatzen zion Españako Konzilio batek Elizan sartzea, eta Sakramentuak artzea (Concil. Illiberitanum c. 21, et Sardic. c. 14). Onela eskomikatua geratzen zan, Obispoak Elizan sartzeko, eta Sakramentuak artzeko baimena eman zegion artean. Bigarrena: Elizako ateetan, edo aurrean triskan ibilli zanari iru urteko penitenzia (S. Carol ex Paenitentiali Rom.) Irugarrena: Meza, edo bezperak esaten ziran denboran premia gabe Elizan itzegiten zuanari amar egunetan ur, eta ogi barautzea (S. Carolus ex Buchardo). Laugarrena: igandean lan debekaturen bat egiten zuanari iru egunetan ur, eta ogi barautzea (S. Carol).

        Laugarren Mandamentua da Aita eta Ama onratzea. Lege zarrean gurasoa jotzen duanari ipintzen zaio eriotzaren pena: morte moriatur (Exodi 21): baña lege berrian Elizak eman oi zien onelako seme gaiztoai zazpi urteko penitenzia (S. Carol). Bidegaberen bat gurasoari egiten zionari ipiñi oi zitzayon iru urteko penitenzia (S. Carolus). Gurasoaren kontra birau egiten duanari Lege zarrak ipintzen dio eriotzaren pena (Exodi 21); baña pena au ez da ipiñi Lege berrian: alaere eman oi zitzayon onelako bekatariari berrogei egunez ur, eta ogi barautzeko penitenzia. (S. Carolus).

        Bostgarren Mandamentua da ez iñor illzea. Eriotza egiten zuanari Lege zarrak ipiñi zion eriotzaren pena (Deuter 19); baña Elizak ez du onelako penarik beñere ipintzen. Alaere S. Gregorio Nysakoak ipiñi zion ogei, ta zazpi urteko penitenzia (Can 10): beste batzuek nai zuen, onelako bekatariak bere bizitza guzia Elizako ateetan igarotzea (S. Carolus). Aurdun ez geratzeko, edariak ematen dituanari ipintzen zitzayon, eriotza egiten zuanari ipintzen zitzayon penitenzia bera. Lagun urkoarekin gorrotoan zegoanari agintzen zitzayon ur, eta ogi barautzea, pakeak etsayarekin osotoro egiñ artean (S. Carolus). Goazen seigarren mandamentura.

        Mandamentu au da aragizko bekaturik ez egitea.

        Era askotara utsegiten da mandamentu onen kontra, eta orregatik asko dira, Obispo Jaunak gai onetan ipiñi izan dituen penitenziak. Ara oetatik zenbait.

        1. Donzellaren bateganako gura gaiztoari leku eman diona, bego urte betean penitenzia egiten (S. Carol).

        2. Bekaturako asmo gabe itz desonestoak esaten, edo begiratze lotsagarriak egiten dituanak, igaro bitza ogei egun penitenzia egiten (S. Carol). Felipe bigarrenak penitenzia gogorragoa ipiñi zuan onelakoentzat, bada agindu zuan, itz desonestoak esaten, edo kanta zikiñak kantatzen dituenai eman dakiztela eun azote eta bota ditezela erritik (Novissima Recop. leg. 5 lib. 8 tit. 10). Penitenzia gogorra da au, batezere denbora oetarako, baña edozeñek sinistu dezake, mingañ zikin gutxiago izango lizakeala errietan, lege onek diona egingo balitz.

        3. Irugarrena: gizonezkoai agradatzeagatik ukenduz bere burua edertzen duana, iduki bedi penitenzia egiten iru urtez (S. Carolus).

        4. Eskuz bere burua zikintzen duanak igaro bitza penitenzia egiten, lenengoan amar egun, urrengoan ogei, gero ogei ta amar, eta atzenean eun egun (S. Carolus).

        5. Ezkongaya ezkongayarekin obrazko bekatuan erori bada, igaro bitza zazpi urte penitenzia egiten. Ala dio S. Basiliok (Can. 59).

        6. Seigarren mandamentua autsitzeko estalkiñari ematen zitzayon bizitza guziko penitenzia, eta eriotzako orduaz kanpora ukatzen zitzaizkan Sakramentuak (Concil. Illiberitan. cap 12). Españan onelako estalkiñak erabiltzen dira asto gañean kalez kale, borreroak azotatzen dituala, eta eraman oi due siñaletzat tontor farragarri bat.

        7. Zazpigarrena: aideak elkarrekin erortzen baziran, eriotzaren pena zuen lege zarrean: baña lege berrian ez du Elizak onelako penitenziarik ipiñi: alaere leku batzuetan igaro bear zituen amabost urte penitenziako malletan (S. Carolus).

        8. Zortzigarrena: ezkonduak autsitzen bazuen elkarri zor dioen leyaltasuna, lege zarrean arrika iltzen zituen: lege berrian Elizak ez du onenbesteko penarik ematen, baña S. Basiliok siñalatu ziezten amabost urte penitenziarako.

        9. Bederatzigarrena: gizonezkoak gizonezkoakin zenbait bekatu nazkagarri egitea emakumeakin erortzea baño itsusiagoa da Jaunaren begietan, eta era berean emakumeak emakumeakin egitea itsusiago da gizonezkoakikoa baño. Onelako bekatuakgatik auts biurtu zituan Jaunak Sodoma, Gomorra, eta beste erri batzuek, eta Lot, bere emaztea, eta bi alaba ez, beste gizon, eta emakume guziak bukatu ziran su, eta garren artean. Españako Konzilio batek agindu zuan, onelako bekatari zikiñak zeudela bizitza guzian penitenzia egiten, eta etzekiela eman komuniorik eriotzako orduan ere (Concilium Illiberitanum c. 21). Españako legeak erretzen, eta auts biurtzen ditue onelako gizon, eta emakume nazkagarriak (Vide Antonium Gomez).

        10. Amargarren penitenzia: gizonak bere emaztea bortxatzen badu asko bekatu itsusi egiteko, Elizak ipiñiak dauzka penitenzia luze, eta samiñak, baña Españako legeak samiñagoa, bada ematen dio eriotzaren pena. Ala ekusi zuala, dio Antonio Gomezek Españako erri batean (Vide eumdem ad legem 80 Tauri).

        11. Amaikagarren penitenzia: abereakin zikintzen bada norbait, amabost urte igaro bear ditu, S. Basiliok dionez, penitenziako malletan, baña gogorragoa da onelako bekatarientzat Jaunak lege zarrean dakarren pena, au da eriotzarena. Españan bizia kentzeaz gañera erretzen dira abereakin batean. Ote da emen gis onetako bekatari nazkagarririk?

        Zazpigarren aginte, edo mandamentua da ez ostutzea. Ara bekatu onetan erortzen ziranai ipiñi oi zitzaizten penitenzia batzuek. Lenengoa: litxarreriak egiten dituana iduki bedi urte betean penitenzia egiten. Bigarrena: usurak egiten dituana, edo epetan gauza emateagatik eman baño geyago daramana, egon bedi iru urtez penitenziako malletan, eta lenengo urtea ur, eta ogi barautzen dala. lrugarren penitenzia: besteren gauza bide gaiztoz nai duana, edo ondasunen kutiziarekin itsutua dagoana, igaro bitza iru urte penitenzia egiten. Laugarrena: Elizako ofrendak ezkutatzen, edo sisatzen dituanak atera bitza berrogei barau ur, eta ogi. Bostgarrena: amarrenak sisatzen, edo egiten ez dituanak eman beza lau bider geyago, eta atera bitza gañera ogei barau ur, eta ogi. Seigarrena: pisu, edo neurrian ostutzen duanak, atera bitza ogei barau ur, eta ogi.

        Zortzigarren Mandamentua da: testimonio falsorik ez altxatzea, eta gezurrik ez esatea. Mandamentu onen kontrako bekatuentzat ipiñi oi ziran penitenzia batzuek ukituko ditut. Lenengoa: lagun urkoari egotzi badiozu tatxaren bat ez duana, edo gezur au egia dala esan badezu, amabost urteko penitenzia dezu. Bigarrena: lagun urkoaren kontra itzegiteko griña txarra duanak, gezurra esaten badu, atera bitza zazpi barau ur, eta ogi. Uzten ditut beste penitenzia asko, geyegi luzatu ez nadin.

        Aditzen dezu, Kristaua, nolako penitenziak eman oi ziran denbora batean? Zer dira oraiñ ematen diranak anziñakoen aldean? Ezer ez. Eta alaere gogo gaiztoarekin artuko ditugu ematen zaizkigun penitenziak, izanik oek añ arinak? Ea, egin ditzakun oek gogoz, eta leyalkiro; eta oez gañera geren neke, eta obra onakin saya gaitezen gure bekatuen zorrak ateratzera, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa